Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 55 jarduera aurkeztu ditu 2025eko negurako
2024ko abenduaren 16an argitaratua
Izen-emateak abenduaren 26tik, ostegunetik, aurrera egin ahal izango dira Atarian, gizarte-etxeetan, 010 telefono-zenbakian eta Udalaren webgunean.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) 2025eko negurako jardueren agenda aurkeztu du. Guztira, urtarriletik martxora bitarte Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroan, Atarian, eta Olarizuko Lorategi Botanikoan egingo diren 55 proposamen biltzen ditu. Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak, ibilbide naturalistikoak, familiarentzako jarduerak eta abarrak izango ditu.
“Gasteiztarrak animatu nahi ditugu datorren negurako Ingurumen Gaietarako Ikastegiak antolatutako programazioan parte hartzera. Gustu eta adin guztietarako jarduerak daude eta guztiek ezaugarri komuna dute: gure inguruko aberastasun naturala”, adierazi du Ingurumeneko zinegotziak, Borja Rodríguezek.
Aurtengo neguan, berritasun gisa, Atariak jasangarritasunari eta desazkundeari buruzko bi tailer eskainiko ditu. Lehenengo tailer horretan, kontsumismo neurrigabearen aurrean, ongizateari eta bizi-kalitateari lehentasuna emango dioten alternatiba jasangarriak aztertuko dira. Bigarrenean, bizi-estilo jasangarriagoak izateko eta ingurumena zaintzen laguntzeko tresna praktikoak emango dira.
Kutsadura luminikoa ere gai garrantzitsua izango da eta Zerynthia Elkarteak horri buruzko hitzaldia eskainiko du: argiztapen artifizialak gaueko ekosistemetan dituen inpaktuak eta irtenbide posibleak. Gainera, ‘Globe at Night’ mintegian, gaueko zeruaren kalitatea neurtzen eta datu horiek gaueko argiztapena hobetzeko erabiltzen ikasiko dute bertaratzen direnek.
Konferentziek, bestalde, era askotako gaiak jorratuko dituzte: azukre gehiegi kontsumitzeak osasunean eta ongizatean dituen inpaktu negatiboak, adibidez. Gainera, Arabako lur azpiko egiturei eta kobazuloei buruzko ikuspegia eskainiko dute. ‘Los Secretos del Duende Alado’ dokumentala ikusteko aukera ere egongo da eta, jarraian, basoen kontserbazioari eta dibulgazio zientifikoari buruzko mahai-ingurua egingo da.
Hezeguneen Mundu Eguna ospatzeko, ‘Salburua Hezeguneen Mundu Egunean’ ibilbide gidatua egingo da ekosistema horien bioaniztasuna eta balio ekologikoa ezagutarazteko asmoz. Horrekin lotuta, horiek kontserbatzeak eta babesteak duen garrantzia azpimarratuko da.
Familientzako jardueren artean, honako hauek aipa ditzakegu: ‘Gure emozioak arnastuz’, haurrentzat diseinatutako tailer praktiko eta dibertigarria, norbere buruarekin eta gainerakoekin harreman hobea sustatuz, egunerokotasunean emozioak ulertzen eta orekatzen ikasteko; ‘Makilekin jolastu’, txikiek munduko lehen jostailuak, makilak, eskaintzen dituen aukera mugagabeak arakatzeko aukera izan dezaten; eta ‘Intsektu Hotela’, material birziklatuak erabiliz, intsektuentzako hotelak sortu ahal izateko.
Martxoaren 22an, Alboanek eta Medicusmundi Arabak Uraren Nazioarteko Eguna ospatuko dute Atarian eta gasteiztar guztientzako jarduerak egongo dira. Horietako batzuk izango dira emanaldi artistikoak, ‘Tantaz Tanta’ literatura-lehiaketako sari-banaketa eta ‘Somos Amazonía’ erakusketa. Jarduera horren helburua da urak bizitzarako baliabide gisa duen balioaren inguruan kontzientziatzea eta kontserbazioa sustatzea.
Olarizuko Lorategi Botanikoa
Bestalde, Olarizuko Lorategi Botanikoak tailerren inguruko ohiko eskaintzarekin aurrera egingo du hiri inguruko landare-espezieak, haien propietateak, erabilerak eta lotutako kultura ezagutarazteko. Oraingo honetan, hagina eta gorostia, Arabako basoetako bi espezie enblematiko, eta altzifrea, Mediterraneo ekialdeko espezie natiboa den arren, Gasteizen oso presente dagoena, ezagutzeko tailerrak egingo dira. Gainera, lurringintza naturalari buruzko mintegi bat ere antolatuko da.
Ibilbide naturalistikoei dagokienez, ‘Ecos del bosque’ liburuaren aurkezpen ibiltaria egingo da. Zuhaitz ezberdinen azpian, egileak haritz, gaztainondo, gorosti, hagin eta abarrekin lotutako erabilerak, tradizioak eta sinbolismoa azalduko ditu. Aipatzekoa da, halaber, Patxi Heras eta Marta Infante biologo gasteiztarrek Armentiako basora egingo duten bisita. Bertan, Eraztun Berdeko parke honetako goroldio eta hepatikoen espezie esanguratsuenak erakutsiko dituzte.
Hegaztiekiko interesa duten pertsonek Lorategi Botanikoko espezie negutarrak ezagutzeko aukera izango dute. Gainera, Herritarren Zientzia programarekin bat egiteko aukera ere egongo da, hiriko hegaztiei buruzko ikastaro batean.
Era berean, Olarizuko Lorategi Botanikoak doako bisita gidatuen eskaintzarekin jarraituko du, landare bizien bilduma botanikoak ezagutarazteko. Neguan, baso mediterraneoa izango da landuko den gai nagusia. Hala, Europako hegoaldeko baso berezienetan zehar bidaia egingo dute bertaratzen direnek, eta horren guztiaren ezaugarri nagusia hosto iraunkorreko zuhaitz eta zuhaixken ugaritasuna izango da.
Familiei zuzendutako bi jarduera ere izango dira eta, horietan, haurrek baso borealetan ezkutatutako altxorra ezagutzeko eta ezinezko zuhaitzak irudikatzeko misioa izango dute.
Bestalde, Euskadiko Hazien Sareak ate irekien ohiko jardunaldiak egingo ditu Etxaldean, hilabete bakoitzeko lehen ostiralean. Landatutako bioaniztasuna kontserbatzearen alde lan egiten duen elkarte honen zeregina ezagutzeko aukera paregabea izango da.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatutako jardueretan abenduaren 26tik, ostegunetik, aurrera eman ahal izango da izena Atarian, gizarte-etxeetan, 010 telefono-zenbakian eta Udalaren webgunean.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.