IOTGZ-araudia, Gasteizko Udalaren Informazio eta Oinarrizko Tramitaziorako Gaitasun Ziurtagiria (2.0 bertsioa) (2015eko urtarrila)

Sarrera

IOTGZ gaitasunen ziurtagiria da, lanpostu jakin batzuetan herritarrei arreta eta informazioa emateko zereginetan ari diren pertsonei zuzendua, zehazki, oinarrizko administrazio-tramite orokorrak egitea eskatzen dutenetan.

Jendaurreko arreta egokia emateko behar diren gaitasun profesionalak egiaztatzen ditu, bai eta Gasteizko Udalaren oinarrizko administrazio-prozeduren tramitazio elektronikoaren beharrezko ezagutza ere.

Gasteizko Udalak beharrezkotzat jo du ziurtagiri hori sortzea, herritarrentzako arreta hobetu eta zabaltzeko, hartara zeregin horretaz arduratzen diren langileek behar den kualifikazioa dutela bermatuko baita.

Izapideen ezagutza mailari dagokionez, e-administrazioaren bidez izapideak bere kabuz egiterakoan pertsona bati laguntzeko gai den langileak izan beharko lukeenaren baliokidea da.

Gasteizko Udalaren ziurtagiri propioa da, Funtzio Publikoaren Sailak kudeatua, Informazioaren Teknologien Sailaren eta Herritarrentzako Zerbitzuen eta Kirolen Sailaren laguntzarekin. Gasteizko Udalaren barruan baino ez da balioduna izango.

Gasteizko Udalean informazio eta kontrol agenteen lanpostuetan lan egiten duten pertsonentzat da, baldin eta haien zeregin nagusiak herritarrei arreta ematea eta izapide orokorrak egitea badira. Horietaz gain, Funtzio Publikoaren Sailak beste talde batzuetara zabal dezake.

Funtzio Publikoaren zinegotziaren ebazpen baten bidez ezarri beharko da zeregin horietan diharduten edo gerora jardungo duten pertsonek ziurtagiri hori nahitaez eduki behar duten, dagokien sailek proposatuta.

Funtzionamendua

IOTGZ lortzeko ikastaro teoriko-praktiko bat gainditu behar da (gai/ez gai).

Ziurtagiria edukitzeak aukera hauek emango ditu:

1.- Zerbitzu aktiboan dauden langileei, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan jendeari arreta emateko eta oinarrizko izapideak egiteko zereginetara iristea, eta zeregin horiekin zehazten diren lanpostu jakinetara.

2.- Zerrendetako langileei, jendeari arreta emateko eta oinarrizko izapideak egiteko zereginak barne hartzen dituzten lanpostuetara iristea.

IOTGZ edukitzeak berez ez dakar inolako zenbatekorik ordaintzerik. Funtzio Publikoaren Sailak ziurtagiri hori eska dezake lanpostu jakin batzuetan sartzeko edo funtzio eta/edo zeregin jakin batzuetan aritzeko. Hala badagokio, oinarrizko informazio eta tramitazio zereginetan aritzeagatik zenbateko bat ordaintzea erabaki ahalko du.

IOTGZrako prestakuntza jasotzeko betekizunak

  • Karrerako funtzionarioak. Barne sustapenaren, hornikuntzaren edo sailaren barruko mugimenduen ondorioz IOTGZ edukitzea eskatzen duen destinoa lortu izana. Kasu horietan, hautatze prozesua bukatzen denetik lanpostuan lanean hasi arteko epean egin beharko da prestakuntza.
  • Bitarteko funtzionarioak. IOTGZ egiaztatuta ez badute, eta zeregin horietara sailaren barruko mugimenduen ondorioz iritsi badira, lan horietan hasi aurretik egin beharko dute prestakuntza.
  • Aldi baterako kontratazioetarako zerrendetako kideak. Kategoria horietako kontratazio zerrendetan "laneratzeko gertu" egoeran agertzea, eta "IT02" multzoko ziurtagiriak edukitzea (IT Txartelak: Windows XP, Internet oinarrizkoa eta Word oinarrizkoa edo hortik gorakoak). Lehentasuna izango dute baldintza hauek betetzen dituztenek: zerrendan goragoko lekuan egotea, 2. HE edukitzea -prestakuntza prozesu bakoitzean sartzen diren pertsonen erdiak gutxienez 2. HE eduki beharko du- eta gertutasun handiagoa izatea.

Eskabideak

Ikastaroa egin ahal izateko, izena eman eta betekizunak bete beharra dago. Izena emateko, mezu elektronikoa bidali beharko da, seleccpersonal02@vitoria-gasteiz.org helbidera, gaian hau jarrita: "IOTGZ eskabidea"; mezuaren barruan, izen-abizenak, NAN zenbakia eta harremanetarako telefonoa zehaztuko dira. (2016 prestakuntza eta ziurtatzeko prozedura ikustea)

Ikastaroan sartzea

  • Udala harremanetan jarriko da interesdunarekin, prestakuntza eta praktika egutegia zehazte aldera.
  • Kontratazio zerrendetako langileei dagokienez, ikastaroa Enplegu Sailaren mendeko Prestakuntza Zerbitzuaren programazioaren barruan sartzen da; horrenbestez, prestakuntza jasotzen duten pertsonak zerbitzu horretako ikasle gisa arituko dira.

Egiaztapena

  • Prestakuntza eta praktika prozesua burutu ondoren, Herritarrei Laguntzeko Atalak ebaluazio txostena egingo du, eta hau proposatuko:
    1. IOTGZ agiria ematea.
    2. Praktika aldia luzatzea.
    3. "Ez gaitzat" jotzea.
  • IOTGZ agiria lortuz gero, norberaren dosierrean jasoko da, karrerako funtzionarioa zein bitartekoa izan. Bitartekoen kasuan, informazio hori zerrendak kudeatzeko sistemari (ITAB) gehituko zaio.

IOTGZren ezaugarriak

  • IOTGZ lortzeko prestakuntza Gasteizko Udaleko zerbitzu hauek batera bideratutako jarduera da: Prestakuntza Zerbitzua, Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua, Gizarte Etxeen Zerbitzua, eta Hautaketa eta Garapen Zerbitzua.
  • IOTGZ lortzeko programak bi helburu ditu. Lehena, ikastaroa egiten duten pertsonei arreta, informazio eta oinarrizko tramiteekin lotuta gutxienezko gaitasunak eta trebetasunak lortzeko bide ematea, herritarrei laguntzaz ematean udalean ezarritako estandarrak betetzeko moduan. Bigarrena, kualifikazio hori egiaztatzea, zeregin horietan aritu ahal izateko.
  • Prestakuntzarako hiru bitarteko erabiliko dira: on line prestakuntza, aurrez aurrekoa, eta trebakuntza praktikoa.
  • Ikasleei aukera emango zaie aplikatiboetan trebatzeko programak on line eskuratzeko. Trebatzeko on line programarik ez duten aplikatiboetan, aurrez aurreko eskolak eskainiko dira (10 ordu gehienez).
  • Praktikak gizarte etxeetan egingo dira, eta guztira 25 ordu iraungo dute -epea luzatu daiteke, ebaluazioaren arabera-.
  • Praktika egutegia banan-banan diseinatuko da, eskatzailearen beharrizan eta interesak zein herritarrei laguntzeko zerbitzuek dituzten aukerak kontuan hartuz. Gehienez ere 3 ordu izango dira egunean.
  • IOTGZren egiaztapena mugarik gabekoa da herritarrei laguntzeko lanpostu baterako hautatua izateko.
  • Zerrendan egonik herritarrei laguntzeko zerbitzuetan 12 hilabete baino gehiago lan egin gabe igaro duten pertsonek indartzeko modulu egitea eska dezakete -gehienez 10 orduko praktika aldia-.

Neurri iragankorrak

IOTGZren oraingo bertsioa duten pertsonek bertsio berria egiaztatu dezaten, neurri iragankor hauek ezartzen dira:

  • Tramitazio aplikatiboei buruzko trebakuntza lantegietan 20 ordu eginak dituztenek zuzenean lortuko dute IOTGZren bertsio berria.
  • Informazio eta kontrol agente gisa lan egin eta IOTGZ ez dutenek lehentasuna izango dute prestakuntzarako, baldin eta sail barruko mugimenduen ondorioz zeregin horietan hasten badira. Prestakuntza, ahal dela, zeregin horietan hasi aurretik egingo dute.
  • Sustapen edo hornidura prozesuen bidez zeregin horietan sartzen direnek lehentasuna izango dute prestakuntza jasotzeko. Prestakuntza, ahal dela, zeregin horietan hasi aurretik egingo dute.
  • 2015eko abenduaren 31ra bitartean prestakuntza lortu ez dutenek lehentasuna izango dute hori lortzeko jardueretan parte hartzeko. Epea igaro eta bertsioa berria lortu ez badute, orain duten IOTGZ iraungi egingo da.

Ziurtagiria lortzeko lehentasunak

  1. Barne sustapena, hornikuntza edo sailaren barruko mugimenduak egiteko deialdirik izanez gero, horiek eragindako langileen prestakuntzak lehentasuna izango du kontratazio zerrendetako langileen eskabideen aurretik.
  2. Kontratazio zerrendetan "laneratzeko gertu" egoeran dauden pertsonak, IOTGZren lehen bertsioa dutenak eta prestakuntza berezirik gabeak.
  3. Kontratazio zerrendetan "laneratzeko gertu" egoeran dauden pertsonak, IOTGZrik gabeak, eta ziurtagiria lortzeko eskabidea agiri hau plazaratu aurretik egina dutenak.
  4. IOTGZ lortzeko eskabide berriak.

Indarrean jartzea

IOTGZri buruzko araudi hau onetsi den egunaren biharamunean jarriko da indarrean, eta 2012ko azaroaren 27koa ordeztuko du.

Vitoria-Gasteizen, 2015eko urtarrilaren 15ean.

Manuel Uriarte Azcarraga

Funtzio Publikoaren zinegotzia

(2016 prestakuntza eta ziurtatzeko prozedura ikustea)

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.