Gasteizko Basque Circular HUB zentro berriak ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuak eskainiko ditu

2022ko ekainaren 13an argitaratua

Ekimen honek Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (IGI) bultzada du, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintza sailarekin eta Ekonomia Sustapena eta Enplegua sailaren elkarlanean. IGI da, hain zuzen, duela urtebetetik Ekonomia Zirkularreko eta Estrategiako 2030eko Plana koordinatzen ari dena.

Basque Circular Hub logoa

Gasteizko Udaleko tokiko gobernu-batzordeak Basque Circular HUB(Beste leiho batean irekiko da) zentro berria sortzea onartu du. Udazken honetan funtzionamenduan egotea aurrez ikusi dute. Ezaugarri horiek dituen bigarren zentroa da eta ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuak eskainiko dizkie enpresei eta gazteei. Era horretako beste zentro bat dago abian iazko martxotik Bilbon.

Arabako hiriburua bihurtuko da Ihobe sozietate publikoak kudeatuko duen eta erakunde hauen arteko lankidetza publiko-pribatuari esker sortu den zentro aditu berri honen egoitza: Eusko Jaurlaritza, Gasteizko Udala, Deustuko Unibertsitatea, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Euskadi-Tknika Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroa eta Novia Salcedo Fundazioa.

Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak, Amaia Barredok, honako hau nabarmendu nahi izan du Eusko Jaurlaritzaren izenean: “Euskadi oso ezaguna da bertako erakundeek denen mesedetan lan egiteko eta akordioak adosteko duten gaitasuna dela eta; eta horixe bera ari gara egiten Euskadiko ekonomia zirkularreko zerbitzu aurreratuen bigarren zentro hau abian jarrita”. Barredoren arabera, “suspertze ekonomikoa eta enplegua sortzea erraztuko duten tresnak eskaintzeko eta, aldi berean, Euskadiko enpresa-egitura lehiakorrago egiteko eta modernizatzeko konpromiso irmoa dugu”. Basque Circular HUB da konpromiso horren erakusgarria eta, azarotik aurrera, enpresek zentro berria izango dute erabilgarri. Zentroak zerbitzuen zorro zabala bilduko du bere produkzio-sistemetan prozesu zirkularrak barneratuta lehiakortasuna hobetzeko.

Sailburuordeak nabarmendu duenez, “Basque Circular Hub ekonomia zirkularraren inguruan Euskadin 20 urtez baino gehiagoz egindako lanaren emaitza da. Horri guztiari esker, esparru horretan erreferente bihurtu gara eta, bereziki, arlo industrialean”. Hona hemen hori erakusten duten zifra batzuk: Euskadiko 240 enpresa industrial dagoeneko eredu edo jardunbide zirkularrak aplikatzen ari dira eta haietako 177 ETEak dira. Gaur egun, Euskadiko ekonomia zirkularrak Barne Produktu Gordin osoaren % 1,12 biltzen du eta urteko diru-sarrera gordinak 764 milioi eurokoak dira. Enpleguari dagokionez, ekonomia zirkularrarekin lotutako 18.463 enplegu daude; hau da, EAEko enplegu osoaren % 2,08. Tasa horrek, gainera, Europako herrialde aurreratuenetako batzuk gainditzen ditu.

Gasteizko Udalaren barruan, Ekimenak Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren (IGI) eta, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintza sailarekin batera udalerriko gizarte- eta enpresa-egiturarekin aliantzan ekonomia zirkularraren inguruko ekintzak garatzen ari den Ekonomia Sustapena eta Enplegua sailaren bultzada jaso du. Lehen zentro hori da duela urtebetetik Ekonomia Zirkularreko eta Estrategiako 2030eko Plana koordinatzen ari dena.

IGIren presidenteak, Ana Oregik, etorkizuneko hub horren moduko ekimenekin, “Europak eskatzen digun ibilbidean aurrera egiteko, erakundeen, prestakuntza-zentroen eta ikerketa-zentroen arteko estrategia partekatuak eta bultzada koordinatuak duen garrantzia nabarmendu nahi izan du. Gasteiz oraindik ere erreferentea da hirigintzarekin, ekonomiarekin eta ingurumenarekin lotutako jarduerei dagokienez. Bere helburua jasangarritasuna da eta erreferentea izan nahi du zirkulartasunaren esparruan, Europako politikekin bat etorriko litzatekeen estrategia propioarekin eta zehatzarekin. Zirkulartasuneko Estrategia hau da ICLEIren munduko kongresuan egunotan aurkeztu dugunetako bat eta Gasteizi 100 Hiri Adimendun eta Klima-neutroen Europako misioan sartzea ahalbidetu dioten aldeko puntuetako bat”.

Alkateordeak, Maider Etxebarriak, honako hau adierazi du: “ekonomia zirkularreko HUBak jasangarritasun arloan aurrerapauso berriak ematen lagunduko digu produkzio-ereduari ikuspegi green-a gehitzeko. Gure helburuak dira Gasteizko produkzio-egituran ekonomia zirkularreko kultura sortzea eta klima-inpaktu txikienaren aldeko apustua egingo duen eredu-aldaketa sustatzea. Hitz gutxitan esanda, enpresei lagundu egin nahi diegu trantsizio ekologikoko prozesuan, eta haien ahalegina aitortu nahi dugu”. Ekonomiaren Sustapeneko zinegotziak gogorarazi duenez, Udalaren 2020-2025 Ekonomia Zirkularreko Planaren helburua da gure jarduera ekonomikoaren inpaktu klimatikoa pixkanaka gutxitzea “eta gure potentzial industriala baliabideen kudeaketa eragingarriarekin uztartzeko gai izan behar dugu”. Zinegotziak gogorarazi duen moduan, Udalak lehen ere lan egin izan du antzeko ekimenetan eta honako hauek aipatu ditu: Itun Berdearen Komunitatea, Ekojundiz Proiektua edo BirGURPIL proiektua, besteak beste.

Basque Circular HUB zentroak Estatuan eta Europako hegoaldean erreferentziazko zentroak dira eta ez dute parekorik eskaintzen dituzten zerbitzuei dagokienez. Hau da, merkatu-prospektiba, prestakuntza aurreratua, joeren azterketa eta ezagutza adituaren sorkuntza bateratzen dituzte ekonomia zirkularraren inguruan.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.