Basaldea - Proiektuaren helburuak

Helburu orokorrak

Basaldea proiektuaren helburu orokorra da epe ertainean enplegua eta negozioak sortzea Arabako nekazaritza produktu ekologikoak ekoitzi eta banatzearen alorrean, esku hartzeko ildo hauei jarraituz:

  • Probintzian ekintzaile berriek zuzendutako nekazaritza ustiapenak sustatzea, alorrean dagoen eskaera Arabako produktu ekologikoen bitartez asebeteko dutenak.
  • Produktu ekologikoak banatu eta merkaturatzeko kanal bat abian jartzea, produktu horiek sendotzeko zentro bat sortuz eta bezeroentzako hornikuntza eta banaketa ibilbideak eta zerbitzuak osatuz.
  • Bertako paisaia -Gasteizko nekazaritza paisaia eta dibertsitate biologikoa- mantentzea, guztion ondarea baita.

Berariazko helburuak

Proiektuaren helburu orokorrak kontuan hartuz, eta aipatutako hiru ildoekin lotuta, esku hartzeko laugarren ildo bat sortzen da, zeharkakoa: tokiko produktu ekologikoen kontsumo kultura sortzea, hau da, informazioa, komunikazioa, herritarrei gertuko produktua, tokiko produktua edo zirkuitu laburra zer diren jakinarazteko balioko duten bideak sortzea...

Lau ildo horiek ardaztuko dituzte berariazko helburuak:

  • Nekazaritza munduak erakartzen dituen gazte langabeak prestatzea, gorantz doan sektorea baita, garapen ekonomikorako aukera argiak dituena.
  • Lur mintegi bat sortzea, produktu ekologikoa lantzeko asmoa duten enpresa berriak hartzeko.
  • Banatzeko kanal labur bat osatzea, Arabako nekazaritza ekologikoaren sektore guztiari balio erantsia emango liokeena.
  • Gizartetik baztertuta geratzeko arriskua duten pertsonentzako enplegua sor dadin sustatzea, gizarteratze enpresekiko lankidetzan.
  • Azoka plazan logistika eta banaketa gune bat sortzea.
  • Balio katearen agente ezberdinen artean sinergiak eragitea (nekazariak eta abeltzainak, prestakuntza eta ikerketa guneak, bertako saltokiak eta ostalaritza, administrazioa eta abar).
  • Herritarrak sentsibilizatzea zenbait kontzepturen inguruan: Slow food, Mood food, produktuen urtarokotasuna, gertukotasuna, eta abar; gizarteak tokiko produktuez duen iritzia hobetzea, kalitate eta berezitasun irudia indartzea...
  • Nekazaritza tradizionaletik ekologikora igarotzeak dakartzan aldaketez informatu eta sentsibilizatzea, eta nekazaritza tradizionaleko ustiapenak nekazaritza ekologikora aldatzera animatzea.
  • Hirian produktua iradokitzeko ahalmena dutenek (ostalari, sukaldari, ikastetxe, ospitale...) bertako produktu ekologikoak kontsumi ditzaten sustatzea.
  • Bertako produktu ekologikoak erosteko erreferentziazko gune bat (Azoka Plaza) sendotzea.
  • Bertako produktu ekologikoen kontsumoa ezagutarazi eta sustatzea herritarren artean, informazio eta sentsibilizazio kanpainak antolatuz, gidak argitaratuz, web-gunea bat garatuz...
  1. Udalerriko karbono aztarna eta CO2 emisioak gutxitzea, jaki freskoen garraio eta manipulazioa gutxituta.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.