Ensanche 21 Zabalgunea - Azterketa- eta berrikuntza-ildoak

Hona hemen nazioarteko hainbat proiektuei buruzko informazioa, non 21 Zabalguneak parte-hartzen duen, Gasteizko Udalaren elkarte instrumentala gisa.

NEXT GENERATION EU susperketarako europako programa

Gasteizko Udalak, Ensanche 21 Zabalgunea S.A. sozietateak proiektu proposamen bat aurkeztu du NEXT GENERATION EU Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Europako Funtserako.

"EKOAURZOAK. Gasteizko auzo zaurgarriak zaharberritzea, eko-birgaitzea eta biziberritzea" izeneko proiektuaren helburua da Gasteizko gune zaharrenetan (Erdi Aroko hirigunea eta Abetxuko, Adurtza-San Kristobal, Arana, Ariznabarra, Koroatzea, El Anglo, Judimendi eta Zaramaga auzoak) eraikitako parkea deskarbonizatzea, energia-eraginkortasuna eta ekoizpen termikoko ekipoak nabarmen hobetuz, eguzki- energia txertatuz autokontsumorako, eremu horietan mugikortasun aktibo eta jasangarria sustatuz eta eraikinak irisgarri eginez.

Proiektu honetan 113,96 M € balio duten esku-hartzeak aurreikusi dira. Ordaintzeko, Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Funtsari 42,49 M € eskatu dizkiogu. Gainera, proiektua garatzean, 39 M €ko ituzlkina izatea espero da, hirigintzako kudeaketaren eta zaharberritutako higiezinen balioa handitzearen ondorioz (egungo egoeran duten balioa ehuneko 15 eta 25 artean handitzea espero da).

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak EUSKADI NEXT 2021-2026 proiektuaren baitan aurkeztu zuen "Egoera zaurgarrian dauden EAEko eremuetako hiri-berroneratze integrala" ekimenaren barruan kokatzen da. Proiektu honek duen garrantzia kontuan izanda, GJHekin (garapen jasangarriaren helburuak) eta nazioarteko, estatu mailako naiz Euskadiko Jasangarritasun Agenda eta Estrategiekin lerrokatuta dago.

AGREE Proiektua

Gasteizko Adurtza eta San Kristobal auzoetako, Donostiako Intxaurrondo auzoko eta Basauriko Federico Mayo multzoko ehun bat eraikin zahar hautatu dira Europako AGREE proiekturako (Aggregation and improved Governance for untapping Residential Energy Efficiency potential in the Basque Country). Proiektuaren helburuak dira eraikin horien fatxaden birgaikuntza energetikoa sustatzea eta irisgarritasun-arazoak konpontzea (igogailurik ez egotea, esate baterako). Proiektuaren buruzagitzan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila ari da. Beraren iritziz, 2022ra arte 8,5 milioi euro erabiliko dira 40 urtetik gorako etxebizitza-eraikin pribatuen birgaikuntza energetikoan.

Proiektu horretan birgaikuntza integralerako hainbat proiektu proposatuko dira; denetan ere irisgarritasuna eta energia-efizientzia izango dira nagusi. Esku-hartze horietarako berariaz sortutako finantzaketa-sistema berriak erabili ahal izango dira, eta etxebizitzetako biztanleei prozesuan parte hartzeko aukera emango zaie.

Eraikinetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetzeaz gainera, AGREE proiektuaren bidez birgaikuntzaren merkatua bultzatu nahi da, eraikinen energia-efizientzia hobetu nahi da, eta ingurumen-arloan onura handiak lortu nahi dira, esaterako urtean 250 tona CO2 baliok murriztea 2022. urterako.

Gasteizen, Udalaren Ensanche 21 Zabalgunea, S.A. hirigintzako sozietateak Adurtza eta San Kristobal auzoak hautatu ditu proiektu honetarako. Arabako hiriburuan, esku-hartzeak 15-20 eraikinetako 170 etxebizitzari eragingo die. Adurtza auzoan 40 - 70 urte bitarteko eraikin asko daude; ez dute igogailurik, ez eta isolamendu termikorik ere, eta bertako biztanleak zaharrak dira: auzotarren % 18 65 urtetik gorakoak dira eta % 8 79 urtetik gorakoak. San Kristobal auzoan ia 6.000 pertsona bizi dira, eta % 33k 65 urte baino gehiago dauzkate.

Europako AGREE proiektuan parte hartzen ari diren erakundeek auzoak hautatu ondoren, hurrengo urratsa izango da arduradunak harremanetan jartzea jabeen erkidegoekin eta azaltzea nolako onurak ekarriko dizkien eraikinen birgaikuntzak: etxebizitzak erosoagoak izango dira eta biztanleen bizi-kalitatea hobetuko da, diru gutxiago gastatu beharko dute berokuntzan, eta hobekuntza orokorra gertatuko da auzoan.

Gainera, esku-hartze horietarako berariaz prestatu den finantza-tresnaren onuren berri emango zaie; tresna hori Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak onartu du oraintsu, finantza-entitate batzuekin lankidetzarako hitzarmena sinatu ondoren. Eusko Jaurlaritzaren laguntzez gainera, udalek ere beren laguntzak emango dituzte.

AGREE Proiektuari buruzko informazioa

ANNEX 75 proiektua

2018 urtetik, Ensanche 21 Zabalgunea, S.A. sozietatea elkarlanean ari da Euskal Herriko Unibertsitatearekin IEA EBC-ren "ANNEX 75 - Cost-effective Building Renovation at District Level Combining Energy Efficiency & Renewables" proiektuan.

Proiektua etxebizitza parkearen berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratuta dago eta hirietako eraikinetan emisioak eta energia-kontsumoa murrizteko kostu-eraginkortasun estrategia onenak aztertzen ditu barruti mailan, energia-eraginkortasuneko eta energia berriztagarriak ezartzeko neurriak konbinatuz.

Zentzu honetan, irtenbide tekniko onenak identifikatzeaz gain, Gasteizko eraikinak berritzen lagun dezaketen auzo-mailako zaharberritze estrategien hobekuntza ere identifikatzen da. Lege tresna berriak eta kudeaketa aurreratuko modeloak ezartzeak etorkizunean barruti mailako zaharberritzeak lortzea ahalbidetuko dute.

Proiektuaren helburuak:

  • Estrategia errentagarrietarako dauden eta sortzen ari diren aukera teknologikoen ikuspegi orokorra ematea..
  • Hiri-barrutietan aplikatuko den metodologia garatzea, estrategia errentagarriak identifikatzeko.
  • Ebaluazio-tresnak garatzea/egokitzea, metodologia aplikatzen laguntzeko.
  • Ereduzko kasuen azterlanak biltzea eta jardunbide egokienen adibideak biltzea.
  • Gomendioak ematea arduradun politikoei eta energiarekin zerikusia duten enpresei eta eraikinen jabe/inbertitzaileei, berrikuntza-estrategia errentagarriak hartzean nola eragin dezaketen azaltzeko

ENERPAT-SUDOE proiektua

Gasteiz aukeratu dute hirigune historikoetako energia-eraginkortasuneko politikak hobetzeko proiektu bateratu batean parte hartzeko, Cahors eta Portorekin batera. Udalak 21 Zabalgunea sozietatearen bidez hartzen du parte ENERPAT-SUDOE proiektuan, Interreg SUDOE programaren lehen deialdiaren barruan -ENERPAT izena "ENERgía en PATrimonio" hitzetatik hartu dute-. Hitzarmena joan den astean sinatu zen, Santanderren, eta atzo eman zuen horren berri 21 Zabalgunea sozietatearen kontseiluak.

Enerpat proiekturako programazio batzordeak 1.415.814,93 euroko finantzaketa onartu du, eta Gasteizen garatzekoak diren jarduerei 310.411 euro dagozkie. Horrenbestez, 21 Zabalguneak proiekturako aurkeztu duen inbertsio-aurrekontu osotik -414.748 €-, Gasteizek % 74,84ko diru-laguntza jasoko du Europar Batasunetik. Proiektuak 3 urte iraungo du.

Proiektuan sei bazkide onuradunek hartzen dute parte: aipatutako hiru hiriak, Tecnalia Research & Innovation fundazioa, Tolosako Zientzia Aplikatuen Institutu Nazionala eta Frantziako Hiri Historikoen Elkarte Nazionala. Gasteizek, bestetik, bazkide nagusi hauek ditu: Euskal Herriko Unibertsitateko ENEDI (Energetika Eraikuntzan) taldea, Santa Maria Katedrala Fundazioa eta ERAIKUNE (Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra).

ENERPAT-SUDOE proiektuari buruzko informazioa

SmartEnCity proiektua (Koroatze plana)

Vitoria-Gasteiz da SmartEnCity europar proiektuan parte hartzen duten hiru hirietako bat (Estoniako Tarturekin eta Danimarkako Sondeborgekin batera). Honako hau da asmoa: CO2 gabeko hiri adimentsuak sortzeko europar estrategia garatzea. Vitoria-Gasteizen kasuan, Koroatze auzoaren birgaitze energetikoaren bidez hezurmamituko da proiektua.

Proiektu hori erreferentziako jarduketa bihurtzeko asmoarekin jaio da, Vitoria-Gasteiz hiri berdeagoa, karbonoan neutroa eta tokiko baliabideak eta ekonomia bultzatuko dituena izan dadin. Proiektua 2016an jarri da abian eta 2021eko erdialdera arte iraungo du. Koroatze auzoko biztanleen bizitza-kalitatea hobetzeko aukera paregabea da; izan ere, 1.313 etxebizitzaren birgaitze energetikoaz gain -erosoagoak izateko -, kaleak eta plazak zaharberrituko dira, eta, horrenbestez, auzoa erakargarriagoa izango da.

Vitoria-Gasteizko Udala eta Eusko Jaurlaritza dira proiektuaren sustatzaileak (azken horrek Visesa sozietate publikoaren bidez). Proiektua bideratzeko, Koroatze auzoa aukeratu zuten, Vitoria-Gasteizko auzorik premiatsuena (lehentasun handiena zuena) zela ikusi baitzen. Izan ere, gizarte-ikuspuntutik nahiz bizigarritasunean, irisgarritasunean eta energia-eraginkortasunean, auzorik ahulenen zerrendan kokatu zen.

SmartEnCity proiektuari buruzko informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.