Udalak lizentziak izapidetzeko berariazko zerbitzu teknikoa sortu du Hirigintza indartu eta berrantolatzeko

2021eko apirilaren 30ean

Alkateak iragarri du, gainera, 318 jarduerak erantzukizunpeko adierazpenera jo ahalko dutela.

Alkateak iragarri du, gainera, 318 jarduerak (orain baino 200 gehiagok) erantzukizunpeko adierazpenera jo ahalko dutela, lizentzia tradizionala baino bide azkarragoa

Neurri horiek zerbitzua hobetzeko legegintzaldi honetan abiarazitako estrategiaren parte dira eta Udalarekin egin beharreko izapideak hobetzeko aho batez onetsitako mozioari erantzuten diote

Gorka Urtaran alkateak gaur goizean iragarri duenez, Lizentzien Zerbitzu Teknikoa sortuko du laster, partikularrek, lanbide-elkargoek eta kontratistek Udalarekin egin behar dituzten izapideak hobetzeko berariazko tresna.

Bestalde, Alkateak izapide horiek errazteko eta azkartzeko beste urrats bat iragarri du: 318 jarduerak erantzukizunpeko adierazpenari heldu ahalko diote. Bide hori lizentzia tradizionalarena baino azkarragoa da, eta orain arte araudiak jasotzen dituen 118 epigraferentzako zen soilik; orain 200 jarduera gehiago sartuko dira, Ana Oregik zuzentzen duen sailak azken hilabeteetan egindako berrikusketa lanari esker. Jarduera horiek (saltokiak, profesionalen bulegoak, artisau-lantegiak…) ez dituzte derrigorrezko proiektua eta obra-lizentzia aurkeztu beharko jarduera burutu ahal izateko; orain arte, aldiz, ohiko lizentzia izapidetu behar zuten.

Neurri horiek legegintzaldi honetan hasitako hobetze estrategiaren parte dira. Estrategia horren barruan, besteak beste, barne-prozedurak berrikusi dira eta LEP baten bidez baliabideak berrantolatu eta indartu dira. Gainera, mozio batean jasotako eta osoko bilkuran aho batez onetsitako konpromisoetako batzuei erantzuten die. Era berean, Alkateak nabarmendu duenez “denok partekatzen dugun diagnostiko batetik abiatzen gara: arazoa ez da berria eta ez da soilik administrazio honena. Talde guztien arteko akordio hori oso garrantzitsua da, dagoeneko hasi dugun baina denbora eta baliabideak beharko dituen lan garrantzitsu bati babesa eta laguntza ematen diolako. Bi neurri garrantzitsu iragarri ditugu gaur, bai hobekuntza gehiago egongo dira”.

 Alkateak gogorarazi du taldeen akordio horrek plan bat garatzea aurreikusten duela, helburu hauek lortze aldera: udal araudia sinplifikatzea, izapideak eta epeak laburtzea, burokrazia murriztea, eta amaitu gabe dauden dosierrak bideratzea, hirian inplikatutako sektoreen laguntzaz. Gorka Urtaranek jakinarazi du Osoko bilkurak babestutako konpromisoetako batean lanean ari direla dagoeneko: baliabide telematikoen planaren hobekuntza, nahi gabeko burokrazia ezabatzea eta dosierren jarraipena denbora errealean egitea ahalbidetuko duten tresna digitalak ezartzeko, ebazpenaren izapideak arindu aldera.

García Fresca, zerbitzu berriaren buru

Zerbitzu berriaren buruzagi izateko, Udal gobernuak ezaugarri hauek dituen profil batean pentsatu du: lizentzien arloan esperientzia frogatua edukitzea, udal administrazioa ondo ezagutzea, sektoreko araudiei buruzko ezagutza eguneratuak izatea, eta gaiaren zailtasun teknikoetan aditua izatea. Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko egungo zuzendari Miguel Ángel García Frescak zuzenduko du sortu berri den arlo hori.

Alkateak oso positibotzat jo du García Fresca hautatu izana; izan ere, arkitekto horrek “25 urte baino gehiagoko berariazko esperientzia du hirigintza lizentziak izapidetzen eta saileko zuzendaria izan den urteetan sobera erakutsi du balio duela, eta Udala eta Gasteiz ondo ezagutzen dituela eta haiekiko konpromisoa duela.

Almudena Sánchez García, saileko zuzendari berria

Almudena Sánchez Garcíak bere gain hartuko ditu datozen egunetan García Frescaren ardurak, Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren Saileko zuzendari berria izango baita.

Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna —Ekonomia espezialitatea, 1989-1994—, eta Sarrikoko fakultateko Finantza arloko Unibertsitate Espezialista graduondoarekin (EHU-UPV), 2001etik Zadure S.A. enpresako kudeatzailea izan da.  Enpresa horretan zeregin hauek zituen, besteak beste: kalifikazioak, lizentziak eta beste hirigintza-izapide batzuk kudeatzea; eraikuntza-proiektuak kudeatzea; eta higiezinen promozioen jarraipen osoa egitea, hasieratik eta elementu bukatuak saldu ondoko fasera arte.

Erantzukizunpeko adierazpenera jo ahalko duten jarduera berriak

(Ez dute proiekturik eta obra-lizentziarik beharko)

Beste manufaktura-industria batzuk Salmenta-gunea duten artisau lantegiak. Kanpoko puntu-jantziak, larrukiak eta bidaiatzeko produktuak fabrikatzea.

Merkataritza

Finantza erakundeak, aseguru etxeak, enpresei eskainitako zerbitzuak, eta alokairuak.

Garbiketa-zerbitzuak, filmen banaketa eta salmenta

Jarduera profesionalak (profesionalen bulegoak)

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.