Ohiko galderak: nola jokatu arratoirik ikusiz gero

Zer egin behar dut bide publikoan arratoiak daudela antzemanez gero?
Bide publikoan arratoiak izatearekin lotutako kontsultak eta erreklamazioak telefonoz egin daitezke,010 edo 945 16 11 00 zenbakietan, baita Herritarrentzako Postontziaren bitartez ere.
Nola jokatzen du Udalak abisua jaso ondoren?
Udalak enpresa pribatuekin du kontratatuta arratoiak desagerrarazteko zerbitzua. Abisua jasotzen duenetik 24 eta 48 ordu arteko epean, zerbitzuaren esleipena duen enpresak salaketa eragin duen lekua ikuskatzen du eta, beharrezkoa bada, esku hartzen du. Oinarrizko esku-hartzea rodentizida baliatzea da, salaketa eragin duen arazoa kontrolatzeko. Kontrolpean eta karraskariak dauden tokietan botako da hori, eta beharrezko diren prebentzio-neurriak hartuko dira, pertsonek, animaliek zein ingurumenak kalterik izan ez dezaten.
Lana egin ondoren teknikariek egiturarekin zerikusia duten gabeziak antzematen badituzte, Osasun Publikoaren Zerbitzuari jakinaraziko dizkiote, bertatik horien berri eman diezaioten dagokion sailari. Karraskariak daudelako aurkezten den salaketa gune pribatu batekin lotutakoa bada, teknikariek arazoa kontrolatzeko hartu behar dituzten neurriez aholkatuko dituzte auzokideak.
Arratoiak antzematen diren guztietan esku hartzen du Udalak?
Oro har, Udalak bide publikoan jarduten du, baina ez jabego pribatuetan eta etxejabeen erkidegoetan. Horrelakoetan, arratoiak agertu diren lekuko komunitateari berari dagokio arazoa konpontzea, edo aretoaren zein etxebizitzaren jabeei.
Zer egin daiteke arratoiak jabego partikular batean badaude?
Badira modu profesionalen horretan diharduten hainbat enpresa —"desinfektatzea, eta intsektuak eta arratoiak hiltzea" epigrafean sartuta daude—, eta horiek behar diren neurri fisikoak hartzen dituzte arratoiak desagerrarazteko.
Zein prebentzio-neurri har daiteke bide publikoan arratoiak ugaldu ez daitezen?
Funtsezko neurrietako bat Garbiketari eta hondakinen bilketa eta garraioari buruzko udal ordenantza betetzea da, edukiontziak egoki erabiltzeari dagokionez (behar den edukiontzia, ordutegiak...). Jakina, komeni da hondakinik (batez ere organikorik) ez uztea edukiontzien edo bilketa pneumatikorako buzoien kanpoan; ordenantzaren arau-hauste horrek osasungarritasun arazoak sor ditzake, eta zigorra ekar dezake.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.