Osasun zentroaren inaugurazioa Bembou Silatyn, Haaly Pular elkartearen bitartez, Gasteizko Udalaren diru-laguntza batekin

2020ko urriaren 20an

2020ko abuztuaren 4an osasun-zentroa inauguratu zen Bembou Silatyn, Ginea Konakryn, eta barruti horretako 2.540 pertsonari emango zaie arreta; horietatik % 58 emakumeak dira.

Zentro hori 2020ko urtarriletik apirilera bitartean eraiki da, Gasteizko Udalaren diru-laguntzari esker, Bembou Silatyko biztanleek osasun-arreta jasotzeko aukera hobetzeko proiektuaren esparruan, Gasteizko Haaly Pular elkartearen ekimenez. Elkarte hori Gineako pertsonek osatzen dute, eta gure hirira migratu zuten.

Osasun zentrorik ez zegoenez, pertsonek, batez ere emakumeek, 12 km baino gehiagoko distantziara joan behar zuten, normalean oinez, osasun arloko lehen mailako arreta lortzeko, eta 23 km Sangarédjiko ospitalera iristeko.

Osasun-zentro horren eraikuntzari eta ekipamenduari esker, barrutiko biztanleek osasun-arloko lehen mailako arretako zerbitzuetara jo ahal izango dute, eta horrek gaixotasunak prebenitzea ekarriko du, oro har, eta emakumeen ugalketa- eta sexu-osasuna hobetzea, bereziki: arriskuko haurdunaldien prebentzioa; familia-plangintza; jaiotza inguruko arreta; txertaketa; erditzeetan laguntzea; ahotik hartzeko terapiak; pediatriako arreta, etab.

Bideo honetan osasun-zentroa ikus daiteke eraikuntzako azken etapan:

https://youtu.be/u47gHqi7qvg(Beste leiho batean irekiko da)

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.