Aho batez onetsi da bizikleta-aparkaleku seguruen erabilera arautzeko ordenantza

2021eko otsailaren 22an

Ordenantza VGbiziz zerbitzuko bizikleta-aparkaleku publiko estali eta seguruko instalazio guztietan aplikatuko da.

VGbiziz aparkalekua

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren eta IGIren (Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) bitartez, Gasteizko Udala lanean ari da bizikletentzako aparkaleku seguruen VGbiziz sarea handitu eta hobetzearen alde. Funtsezko zerbitzua da mugikortasun-eredu berri bat sustatzeko, eredu bat non joan-etorri aktibo eta kolektiboak lehenetsiko diren banakako eta motorizatuen aurrean. Gaur egun era horretako instalazioak daude autobus-geltokian, Postetxean, Mendizorrotzean, Arabako Campusean, Santiago ospitalean, Arana, Adurtza eta Ariznabarra auzoetan eta Santa Barbara plazako aparkalekuan. Dena dela, Udalak aparkaleku gehiago egiteko asmoa du. Gaur egun 500 leku baino gehiago eskaintzen dira.

Izan ere, bizikleta elementu garrantzitsua da Gasteizko Mugikortasun Planean, bizi-kalitatearen, segurtasunaren, efizientziaren eta iraunkortasunaren alde jokatzen duen garraiobidea den aldetik. Bestalde, bide publikoan bizikletentzako aparkalekuen eskaerak gora egiten duen neurrian, espazio publikoaren okupazioarekin eta bizikidetzarekin lotutako arazoak ere handitu dira. Gainera, kalean errazago lapurtzen dira bizikletak, eta arinago hondatzen.

Udalbatzak aho batez onetsi zuen otsailaren 19an VGbiziz bizikleta-aparkaleku seguruan sartzeko eta aparkalekua erabiltzeko baldintzak arautzeko ordenantzaren proiektua. Besteak beste, lekuak alokatzea ahalbidetuko du araudi horrek, txandakako erabilerarako edo egoiliarrentzat. Alegia, herritarrek lekuak aldi jakin batez erabili ahalko dituzte aparkatzeko, edo leku bat esklusibotasunez esleituta izan dezakete. Orobat, Udalari bide emango dio VGbiziz sistema erabiltzen duten bizikletak erregistratuta egon daitezen galdatu ahal izateko etorkizunean.

Ordenantza VGbiziz zerbitzuko bizikleta-aparkaleku publiko estali eta seguruko instalazio guztietan aplikatuko da, eta alderdi hauek arautzen ditu, besteak beste: zerbitzua erabiltzeko baldintzak, abonamendu modalitateak, ordainketa, zerbitzuan alta eta baja ematea, bizikletak aparkatzeko eta hartzeko prozedura, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak, eta zigortzeko erregimena. Bestetik, ahalegin berezia egin da ordenantzak zerbitzu inklusiboa bermatu dezan. Oraingoz, moduluak egun bateko, hiruko edo sei eguneko abonamenduen bidez balia daitezke. Ordainketa PVERDE aplikazioaren eta www.parkingverde.com(Beste leiho batean irekiko da) webgunearen bitartez kudeatzen da. Esteka honetan aurkituko duzu zerbitzuari buruzko informazio guztia: www.vitoria-gasteiz.org/VGbiziz.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: