Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egin nahi den egiturazko aldaketa bati buruzko aurretiko kontsulta publikoa, 4. Plan Bereziaren barruan -aurretik 11. BBPB zena- UE-4 gauzatze-unitatea -"Jose Mardones" izeneko eremuan kokatua- garatzeko

Noiz: 2019ko urtarrilaren 29tik otsailaren 14ra arte.

Nola: Posta elektronikoaren bitartez: gestionadm2.0201@vitoria-gasteiz.org

2019ko urtarrilaren 22ko erabakiak hasiera eman zion aldaketa tramitatzeari eta herritarrek parte-hartzeko programan pdf aurreikusten denaren arabera, kontsulta publikoa irekitzen da hala nahi duten herritarrek, antolakundeek eta elkarteek iritziak eta ekarpenak egiterik izan dezaten ondoren azaltzen diren alderdiei buruz.

a) Planaren aldakuntzaren aurrekariak

"Jose Mardones" izeneko eremuan kokatutako UE-4 gauzatze-unitatea da antolatu eta garatu daitekeen espazio bakarra ia guztiz sendotuta dagoen eremu batean. 5.434,12 m2ko azalera du, eta Gasteizko Udaleko Plangintza eta Hirigintza Kudeaketaren Zerbitzuak 1998an idatzitako 4. Plan Bereziaren barruan dago (aurretik 11. BBPB zena). Indarrean den BBPB aldatzeko zenbait saiakerak huts egin ondoren, ordea, ezinezkoa gertatu da denbora honetan guztian unitate hori gauzatzea, eta hiri-bilbearen barruan inolako erabilerarik ez duen orubea bihurtu da, etengabe hondatzen ari dena.

HAPOaren aldakuntza idazteko ekimena garai bateko BBPB (4. BBPB gisa berrizendatua) garatzeko eratu zen konpentsazio batzarrari dagokio, orduko hartan zegoeneko sartuta baitzegoen aipatutako gauzatze-unitatea; konpentsazio batzarrak eremua guztiz garatzeko prozesua behin betiko amaitzeko erabakia hartu du.

Hasieratik argitu beharra dago hizpide dugun aldakuntza beharrezkoa dela indarrean dagoen planeamenduak esleitutako eraikigarritasun haztatua bere horretan uzteko, proposatutako -eta alde guztiek onartutako- antolamenduaren barruan, jabe ororen eskubideak eta betebeharrak ukitu gabe.

Aurretik zeuden eraikigarritasunak homogeneizatzearen ondorioz hirigintza-eraikigarritasunean gertatutako aldaketa txikiak (+162,03m2e) ekarri du aldakuntza egin beharra, eraikigarritasun haztatua bere horretan uzteko, eremurako proposatutako eredu berria zentzuz lortzearren. Lurzoruaren jabe diren partikular guztiak biltzen dituen batzarrak "Jose Mardones" 4. Plan Berezia aldatzeko egin dituen proposamenetan eraikigarritasun haztatua bere horretan geratzen dela egiaztatu arren, eraikigarritasun globalaren datuaren aldaketa funtsezkoa da, txikia bada ere, eta planeamendu orokorraren xedapen-aldaketa egitea eskatzen du, egiturazko antolamenduari eragiten diola ulertu baitaiteke (2/2006 Legearen 53.2c artikulua).

4. Plan Bereziaren eta UE-4 gauzatze unitatearen informazio planoak pdf

b) Planaren aldaketarekin konpondu nahi diren arazoak

Gauzatze-unitatea bizitegi tipologia ezberdinetarako lurzoruen artean kokatuta dago: familia bakarreko etxe atxikiak, 1920ko hamarkadakoak; etxebizitza kolektiborako blokeak, 1940 eta 1950eko urteetakoak, eta dotaziozko eraikin bat, Judimendiko gizarte etxea. Aldakuntza proposamenaren bidez arazo hauek konpondu nahi dira:

- Dagokion eremu-fitxan islatutako eraikigarritasunak gauzatu ahal izatea, indarreko HAPOan zehaztutako baldintzak betez eta aurreikusitako eraikin mota bakoitzaren berezko baldintzak ukitu gabe.

- Gaur egun dagoen hutsuneak dakarren hesi efektua desagerraraztea, hiriko zati horiek oinezkoentzat zein ibilgailuentzat lotu ahal izateko.

- Eraikin tipologia ezberdinak elkarren artean erlazionatu eta lotzea, eremuaren barruan zein ingurunearekin bateratuz, bolumetria mailakatua ezarriz, inguruko egoera ezberdinak errespetatzen dituena eta haiekiko koherentea dena.

- Aranburutarren kalearen ekialdea oro har antolatzea, bertan eraikiko baitira aurreikusitako bizitegi tipologia ezberdinak; horiek jarraitutasuna emango diote Jose Mardones kaleari Aranburutarren kaletik, pantaila osatuz eta Judimendiko parkera ematen duen multzoaren atzealdea estaliz. Izan ere, elkarren artean bat ez datozen eraikuntza bolumetrien atzealdeak ikusten dira orain, soberako espazioak, tratamendurik ez duten mehelinak, hiri jarraitutasunik ezak, etab.

- Kalitatea eta interesa duten irtenbide arkitektonikoak planteatzea, gauzatze-unitaterako aurreikusitako eraikin ezberdinen multzoari batasuna emanez.

- Jabari publikorako azalera (bideak eta espazio libreak) eta irabazizko sabai-eraikigarritasuna berdin-berdin uztea, erregularizazio homogeneizatua eta bizitoki unitateen malgutasuna ahalbidetuz.

- Blokeetako eraikuntza trinkoen eta familia bakarreko eraikinen arteko bateragarritasun funtzionala, era independentean gauzatzea ahalbidetuz, altuerak eta lerrokadurak konbinatzeko parametro batzuk ezarrita.

- Judimendiko parkera fatxada nagusia duen multzoaren atzealdera ibilgailuentzako sarbidea izateko aukera uztea, gauzatze-unitatearen erdialdetik, eraikinen proiekzioari kalterik egin gabe; aurrealdea Judimendiko parkera duten etxebizitza-bloke guztientzako zortasuna izango luke, eta epe luzera lurpeko garajea izan lezakete.

- Bestetik, behar diren ibilgailu-pasabideen kopurua minimizatuko litzateke, udaleko Bide Publikoaren Zerbitzuaren nahiak eta gomendioak betez.

Agiriaren funtsa ere justifikatzen dute arrazoi horiek, zeinak jarduketa zuzeneko hiri-lurzoruari eragiten baitio osorik, eta UE-4 gauzatze-unitatearen barruan sartu eta proposatutako eraikinei, zehazki. Hori betetzeko, eremuaren antolamenduari ikuspegi berria eman behar zaiola uste da.

c) Hori onesteko premia eta egokitasuna

Plan Orokorraren egiturazko aldakuntza egin beharra dago, hirigintza-eraikigarritasunak behar duen hazkunde txikirako (162,03m2e), horrek ahalbidetuko baitu eremurako aurreikusitako eta zenbait forotan aurkeztutako hiri eredua gauzatzea.

Aldaketa hori munta txikikoa denez, egokitzat jotzen da lehenbailehen ekitea, Plan Orokorra osorik berrikusteko lanak bukatu arte itxaron gabe, orain aurrerapenaren fasean baita.

d) Arauaren helburuak

UE-4 unitatearen barruan alderdi hauek kontuan hartzen dituen antolamendua ahalbidetzea:

-Ilaran jarritako familia bakarreko etxebizitzen antolamendu nasaiagoa lortzea, familia bakarreko etxebizitza atxiki gutxiago eginez -lehengo hamalau etxebizitzen ordez-, egitura honekin: beheko solairuan, garajeen segida, kalearen paralelo, elkarren artean bide-zorra dutelarik, eta atariaren gainean bi solairu dituzten etxebizitza independenteak. Atzealdeko etxebizitzetara ibilgailuak sartzeko bi pasabideak ere barne sartzen dira -multzoaren iparraldean eta hegoaldean daudenak- .

-Familia bakarreko etxebizitzen iparraldean, orain dagoen dotaziozko eraikinaren jarraian, bolumen kolektibo bat (RC-1) osatzea, nahitaezko lerrokadurarekin, aurreikusitako aprobetxamendua (hala bizilekuak egiteko nola gizarte etxea handitzeko) barne hartu ahal izateko.

-Familia bakarreko etxebizitzen hegoaldean errematatzeko beste bloke kolektibo bat (RC-2) osatzea, dauden bolumetria ezberdinak homogeneizatzeko; lau solairu izan ahalko ditu, gehi atikoa (atzera emanda ala ez, lerrokaduraren eta gainerako eraikinen hurbiltasunaren arabera).

Laburbilduz, gauzatzeko diren eraikin guztien aurrealdeari tratamendu bateratua eman nahi zaio (bizitegi blokea-familia bakarrekoak-bizitegi blokea), azaldutako gabeziak gainditu beharko dituena, eta itxura global homogeneoa eta orekatua eduki, jarduera adostu baten bidez; emaitzak hiriko alderdi horrek berez ezkutatzen duen hirigintza ordena jarriko du agerian. Azken batean, eremua behin betiko garatu nahi da, indarrean dagoen HAPOren babesean.

e) Posible diren bestelako konponbideak

4. BBPBak izan dituen aldakuntzak eta aldatzeko proposamenak izan daitezke irtenbide alternatiboak, planean jasotako xehetasunak gauzatu ahal izateko:

- 2006ko abenduaren 27ko ALHAOn argitaratutako 4. BBPBaren aldakuntza.

RU-1en garajeen araudia aldatzeko xedea zuen. Salbuespenez, HAPOan eskatutako gutxienekoa baino txikiagoak ziren neurriak baimentzen ziren, familia bakarreko bizitokien blokeak hondo nahikorik ez zuenez bestela ezinezkoa baitzen aparkalekuak jartzea.

- 2009ko martxoaren 27ko ALHAOn argitaratutako 4. BBPBaren aldakuntza.

RC-1 eta RC-2 lursailen antolamendua aldatzen zuen, horiei atxikitako eraikigarritasun guztia gauzatu ahal izateko. Hasieran zuten trazatuarekin, eta zituzten antolamendu-baldintza partikularrekin, ezinezkoa zen atxikitako sabai-azalera sartzea; bestetik, RU-1erako lehiaketa-enkantea egina zen.

- 2017ko ekainaren 12ko ALHAOn argitaratutako 4. BBPBaren aldakuntza.

Eremuaren hegoaldean V -3 espazio librearen eta ondoan dauden egoitzetarako RU-3 eta RC-5 lursailen mugak errealitate fisikora egokitzeko xedez idatzi zen. Gainera, lursailen eta eraikuntza-azaleren erpinen koordenatuak DATUM ETRS 89 sistemara (1989ko lurreko sistema europarra) eguneratzeko baliatu zen.

Aldakuntza horiek ez ziren nahikoa izan UE-4 gauzatze-unitatea behin betiko garatzeko; horren ondorioz, goragoko mailako planeamendu-aldakuntza honetara iritsi da, zeinaren xedea baita eremu horren planeamendu partikularraren laugarren (eta behin betiko) aldakuntza babestea.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.