VGH173 - Erraldoi eta buruhandien txokoa

Argitalpen data: 2025/03/03 11:16

Proposamenaren xehetasunak

Pertsona batek, bere izenean, Vitoria-Gasteiz Hobetuz programaren laugarren edizioan (2024-2025) aurkeztutako proposamena.

Zertan datza?

Gasteizko jaietako elementu nagusien erakusketa-gunea sortzea. Horrela, erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa, Zeledon, Edurne eta Zeledon Txiki, zezensuzkoak, Olentzero eta Mari Domingi, Gasteizko margolariak, dagoeneko alde batera utzita dauden elementu zaharrak… gune bakar batean bilduko lirateke, eta urte osoan zehar bisitatu ahal izango lirateke, merezi duten garrantzia emanez eta gure hiriko kultura-ondare immaterialaren balioa nabarmenduz.

Erakusketa-gunea hainbat eremutan banatuko litzateke, gaiaren arabera eta Gasteizko ospakizunak kontuan hartuta, betiere erraldoien konpartsaren beraren jatorria eta historia nabarmenduz, eta dagoeneko alde batera utzita dauden elementu zaharrak ikusgai eginez.

Horrez gain, hari erantsita beste gune bat gaituko litzateke erraldoiekin entseguak egiteko, kanpotik erraz sartzeko modukoa. Hori guztia haurrek eta zaharrek Gasteizen gune kultural berri bat izan dezaten, erakargarria, gertukoa eta tradizioarekin sustraitua.

Non egingo litzateke?

“Erraldoi eta buruhandien txokoa” hartzen duen esparrua erdigunean kokatzea planteatzen da, herritar guztiek ikusteko moduan, hiria bisitatzen duten pertsonen ibilbide turistikoetan erraz integratzeko moduan, eta garraio publikoaren saretik hurbil, hiriko ikastetxeetako ikasle taldeek bisitak egin ahal izateko. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa gune horretatik abiatuko litzateke festa-ibilbideetan (Andre Maria Zuriaren jaietan, San Anton jaietan…).

Hori dela eta, ez dugu leku zehatzik proposatzen, baina hona hemen ideia batzuk: - Maturana-Berastegi Jauregia (beiraz hornitutako pergola barruko patioan) - Eskoriatza Eskibel Jauregia - Goya gasolindegia - Iradier Arenan etorkizunean berrituko den tokiren bat - Eta abar.

Zer ekarpen egiten du?

Jaietako pertsonaiak Gasteizko Udalaren jabetzakoak dira, baina gaur egun hiriko hainbat gune eta biltegitan banatuta daude. Proposamen honekin, gune berean bilduko lirateke guztiak (Erraldoien konpartsa, Zeledon, Zeledon Txiki eta Edurne, Olentzero…). Horrela, urte osoan zehar egongo lirateke ikusgai, eta balioa emango litzaioke gure ondare immaterialari eta gure tradizioen historiari. Leku egokia izango litzateke bisita gidatuak, eskola-jarduerak… egiteko.

Bestalde, Erraldoien Konpartsak leku ezin hobea izango luke dantzen entseguak egiteko eta egiturak, aldagelak, konponketa txikiak… egiteko. Horrelako lekuak oso ohikoak dira Estatuko beste toki batzuetan, hala nola Tarragonan, Lleidan eta Alacanten, baina ez oraindik Euskadin.

Proposamenaren bideoa

Bideragarritasun teknikoaren balorazioa

Proiektua oso egokitzat jotzen da hiriko jaietako tradizioa eta ondarea osatzen duten jaietako pertsonaien kontserbazioa eta ezagutza hobetzeko.

Proiektua gauzatzeko arazo nagusia da aurrera eramateko espazio bat argi eta garbi zehaztuta ez izatea. Hala ere, proiektua bozketan hautatuta ateratzen bada, eremu egingarriren bat dagoela uste dugu, eta hori defini liteke orduan. 

Zure iritziak axola digu

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.

Gai mota *
Aldartea *
Hautatu gaiaren hizkuntza.
Harremanetarako beste kontaktu bat: