Vitoria-Gasteiz. Hiria

Andre Zuriearen plaza

Historia aldetik duen aberastasunagatik nabarmentzen da Gasteiz, ia mila urteko hiria baita. Erdi Aroko almendra-formako trazaduraren parterik handiena du oraindik, bai eta harresiaren zati batzuk ere. Gauza asko egin ditzake Gasteiza bisitaria datorrenak: zentro kultural bihurtutako zenbait jauregi errenazentista ikusi gremioka antolatutako kaleetan, antzinako harresian paseatu, edo Santa Mariaren katedrala(Beste leiho batean irekiko da) bisitatu, Ken Folleten Un mundo sin fin eleberriaren inspirazio-iturri izan zen eliza alegia.

Salburua

Gasteizen "naturaltasunak" ere harritu ohi du bisitaria. Izan ere, ia 50 kilometroko ibilbideak ditu EAEko hiriburuak paseatzeko, bizikletan ibiltzeko, hegaztiei eta oreinei behatzeko, zaldiz ibiltzeko... Munduan egin diren ehun hoberenen artean sailkatu zuen NBEk Gasteizko "eraztun berdea", hau da, hiria inguratzen duen parke eta naturguneen uztaia. 2012an, berriz, European Green Capital saria eman zioten Gasteizi, zeina, bestalde, Espainiako estatuan GEP ziurtagiria (Green Enterprise Parks) jaso duen lehenbiziko hiria ere baita.

Halaber, ezaugarri ditu EAEko hiriburuak bere gastronomiaren fintasuna eta eskaintza enogastronomikoaren ugaritasuna: 2014an, Espainiako Gastronomiaren Hiriburu izendatu zuten.

Gastronomia

Honenbestez, leku ezin hobea da Gasteiz edonolako biltzarrak eta topaketak antolatzeko, eremu bereziak eta baliabide tekniko hoberenez hornituak baitaude horretarako. Gainera, norberaren premien araberako egokitzapenak egin daitezke eremu horietan, antolatutako ekitaldiaren arrakasta bermatzeko.

Goi-mailako prestakuntza du hiriko Biltzar eta Turismo Saileko lantalde teknikoak, eta arreta pertsonalizatua eskaintzen du. Bestalde, biltzarrak, topaketak eta edonolako gizarte-programak antolatzen eskarmentu handia duen enpresa-sektore oso eraginkorra du hiriak.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.