Etxeak eta jauregiak - Turismoa Vitoria-Gasteizen
Gasteizen, errenazimenduko jauregi-arkitekturaren adibide ugari daude; gaur egun, museo edo kultura-zentro bihurtu dira horietako eraikin batzuk. Halaber, Erdi Aroko zenbait dorretxe, eraikin neoklasikoak eta XX. mendearen hasierako luxuzko etxe dotoreak nabarmentzen dira.
Erdi Aroko hirigunea
Goiuri jauregia
1538an hasi ziren eraikitzen. Barrualdeko murru batzuk hiriko antzinako goi-harresiaren zati izan ziren. Era berean, fatxada nagusia, bertako balkoi-galeria edo Salinastarren heraldika duen iparraldeko fatxada nabarmentzen dira. Gaur egun, biltzar-egoitza da.
Goiuri jauregiari buruzko informazio gehiago
Montehermoso jauregia - Kulturgunea
1524koa da; apezpiku-egoitza izan zen, eta, gaur egun, kultura-zentroa da. Eraikin horri atxikita, antzinako ur-biltegia dago, erakusketa- eta ekitaldi-areto gisa erabiltzen den toki berezia.
Montehermoso jauregiari buruzko informazio gehiago
Eskoriatza-Eskibel jauregia
XVI. mendean eraiki zuten, Fernan Lopez Eskoriatzakoaren aginduz, zeina Henrike VIII.a Ingalaterrakoaren eta, ondoren, Karlos V.aren medikua izan zen. Hirian, hauxe da hobekien kontserbatu den Errenazimentuko jauregia.
Eskoriatza-Eskibel jauregiari buruzko informazio gehiago
Bendaña jauregia - BIBAT Arkeologia eta Fournier Karta Museoa
1525eko jauretxea da, aurretiko dorretxe batetik abiatuta eraiki zena. Fatxada nagusia eta bere dorre zilindrikoa eta hiru solairuko barne-patioa (arku-multzoa) nabarmentzen dira. Bertan, BIBAT Arkeologia eta Fournier Karta Museoa dago.
Bendaña jauregiari buruzko informazio gehiago
Kordoi Etxea
XV. mendearen amaierako jauregi honek sarrerako arkuetako baten kordoi frantziskotarrari zor dio izena. Barrualdean, hainbat eraldaketa izan arren XIII. mendetik XIV. mendera bitarteko egiturazko elementuak kontserbatzen dituen dorrea dago.
Kordoi Etxeari buruzko informazio gehiago
Maturana-Verástegui Jauregia
XIII-XV. mendeetan, Erdi Aroko arma-sutegi garrantzitsu bat zegoen kokaleku honetan, eta sute batek suntsitu zuen. Jauregia XVI. mendekoa da. Errege Katolikoek bultzatutako bakegintza-testuinguruan eraiki zen, garai hartako bando-gerrari amaiera emateko.
Maturana-Verástegui jauregiari buruzko informazio gehiago
Araba-Eskibel jauregia
1488ko jauregia da. Bertan, besteak beste, Frantzisko I.a Frantziakoak eta Wellingtongo Dukeak egin zuten lo. Elementu neogotikoak kontserbatzen ditu, eta bi fatxada dauzka: bata Errementari kalera begira dago, eta Zapatari kalera begira dago bestea (azken hori da zaharrena).
Araba-Eskibel jauregiari buruzko informazio gehiago
Alamedako Markesaren etxea
1731ren eta 1735aren artean eraiki zen, eta, bereziki, Urbinatarren ezkutu handia gailentzen da, fatxada nagusiaren izkina batean. Goiko solairuetan, motibo arkitektonikoak imitatzen dituen dekorazio piktorikoa dago.
Alamedako Markesaren etxeari buruzko informazio gehiago
Otxanda Andrearen dorrea - Arabako Natura Zientzien Museoa
Jatorrian, mendebaldeko harresia defendatzen zuen etxe gotortua zen (XV. mendea). Azken zaharberritze-lanetan, dorrea igo zen, eta, orain, almena-koroa batekin dago errematatuta. Arabako Natura Zientzien Museoa dago bertan.
Otxanda Andrearen dorreari buruzko informazio gehiago
Portalon
XV. mendearen amaierakoa da, eta Hedegile kalearen 151. zenbakian dago (Buruileria plaza). Merkatarien ostatua izan zen, eta sekulako atea dauka sarreran, gurdiak sartzeko. 1957an zaharberritu zuten eraikina, eta, gaur egun, jatetxe bat da.
Hiriko beste toki batzuk
Probintzia jauregia
Arabako Foru Aldundiaren gaur egungo egoitza da. Fatxada nagusiak neoklasizismo berantiar gasteiztarrari egiten dio erreferentzia. Jauregiaren plazan, Mateo Benigno Moraza foruen defendatzailearen monumentua dago.
Probintzia jauregiari buruzko informazio gehiago
Zulueta jauregia
1902aren eta 1903aren artean eraiki zuen Fausto Iñiguez de Betolaza arkitektoak. Hotel-etxe bat da, eta lorategi publikoa dauka. Senda ibilbidean dago.
Augustin-Zulueta jauregia - Arabako Arte Ederren Museoa
1912aren eta 1916aren artean eraiki zuten, erabilera partikularrerako. Julian Apraiz eta Javier de Luqueren lana izan zen; Maria Sortzez Garbiaren katedralaren (Katedral Berriaren) arkitektoena, hain zuzen ere. Arabako Arte Ederren Museoa dago bertan.
Augustin-Zulueta jauregiari buruzko informazio gehiago
Zure iritziak axola digu
Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu. Nahitaezkoa da identifikatzea.