Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian hil edo errepresaliatu zituzten gasteiztar ororen memoria berreskuratu du Udalak liburu batean

2020ko urriaren 9an

'Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria' lanak azken urteetan biktimak aitortzeko burutu diren ekintzak dokumentatu eta ilustratzen ditu.

“Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria” liburuan, Gerra Zibilean eta diktadura frankistaren garaian hil edo errepresaliatu zituzten Gasteizko biktima ororen aitorpena jaso du Udalak. Gorka Urtaran alkateak eta liburuaren egile Virginia López de Maturana historialariak aurkeztu dute liburuaren paperezko edizioa, zeinak azken urteetako ekintzak dokumentatu eta ilustratzen baititu, eta mapa batean kokatzen hiriko memoriaguneak.

Lau hizkuntzatan, memoriaguneei buruzko datuak biltzen ditu argitalpenak, antzinako eta oraingo irudiak eta errepresaliatutako edo hildako pertsonen datuak.  Testuak idazteko, zenbait artxibotan gordetako dokumentazioa baliatu da, baita bibliografia espezializatua ere, eta azken hori liburuan erantsi da.

Besteak beste, Santa Isabel hilerriaren kanpoaldean, Carmelitas-Sagrado Corazón ikastetxean, Bake kalean, Karmeldarren komentuan eta Olarizuko gurutzean memoriaguneak jartzeko arrazoiak azaltzen dira, eta “Red Álava” izeneko sareari zein Memoria Historikoari (martxoaren 31n) egindako omenaldiak. Dagoeneko banatu da lurraldeko liburutegi eta artxiboetan, memoria berreskuratzeko elkarteen eta biktimen senideen artean, eta 90 ikastetxetan.

 “Gure hiriak grina biziz sustatu izan ditu berdintasuna eta askatasuna, elkartasuna eta tolerantzia eta pertsona guztientzako giza eskubideak. Giza-harreman ororen gidari behar ditugu printzipio, balio eta eskubide horiek. Funtsezkoa da herri erakundeetatik giza eskubideen urraketa larriak pairatu izan dituzten pertsona guztiak aintzatetsi eta artatzea. Gure maitasuna, babesa eta ulermena merezi dute biktima horiek. Gasteiz biktima guztiekin dago, salbuespenik gabe, baita frankismoaren biktimekin ere. Denek merezi dute egia, justizia eta ordaina“, nabarmendu du alkateak liburuaren aurkezpenean. “Orrialde hauetan, Udalaren Bizikidetza eta Aniztasun Zerbitzuak frankismoaren biktima guztien oroimena berreskuratu eta duintasuna goratzeko burutu diren egintzen berri biltzen da, demokrazia babesteko bizitza eman baitzuten. Gure hiriak betiereko esker ona adierazten die guztiei, askatasunaren alde egin zuten sakrifizioagatik“, azpimarratu du Gorka Urtaranek.

Memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzeko Udalak bere gain hartutako konpromisoetako bat da “Vitoria Gasteiz, memoria duen hiria” argitaratzea. Konpromisoa betetzeko, memoria berreskuratu eta gordetzeko politika lantzen ari da, Gerra Zibilean zein diktadura frankistan bidegabekeriak eta irainak jasan zituzten pertsonei aitorpena adieraziz eta haien izen ona berreskuratzeko behar diren erakunde-ekimenak abian jarriz. Ekimen horiek giza eskubideen gaineko nazioarteko legedian oinarritzen dira, eta egia, justizia, erreparazio eta errepikapenik ez izateko bermeen printzipioetan.

2017ko urtarrilean, Memoria Historikoari buruzko mozio bat onetsi zuen Gasteizko Udalak, hirian dauden sinbolo frankistetan esku hartzeko, abenduaren 26ko Memoria Historikoaren Legearen 15. artikuluan gomendatutakoari jarraituz. Geroago, 2018ko urtarrilaren 12an, memoria historikoarekin lotuta egin beharrekoei buruzko Alkate Dekretua onetsi zen.

Paperezko argitalpenaz gain, udalaren web-orrian eskura daiteke liburua, bertsio digitalean.

Informazio gehiago: Bizikidetza Zerbitzua. Memoria Historikoa

 

Lotutako informazioa

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.