Hondakinen birziklapenari buruzko ohiko galderak

Nora bota daitezke pilak birziklatzeko?
Leku hauetan biltzen dira orain pilak: opilak saltzen dituzten dendetan, puntu berde mugikorretan, garbiguneetan, udal zentro ofizialetan, eta gizarte etxeetan.
Zergatik kendu dituzte beira biltzeko ontzietan zeuden pila-ontziak?
Pilak eta metagailuak deuseztatzeko 2006/66/CE europar zuzentarauak —2008ko abuztuan sartu zen indarrean— ezartzen duenaren arabera, gai horiek saltzen dituztenek arduratu behar dute horiek biltzeaz ere, erabiltzailearentzat inolako kostu ekonomikorik gabe.
Non daude jantziak biltzeko edukiontziak? Zertarako erabiltzen dira jantziak?
Udalak oihal hondakinak, oinetakoak eta tresna elektriko eta elektroniko txikiak biltzen ditu, hiriko hainbat lekutan banatutako 20 edukiontzitan. Hartara, oihal hondakinak uzteko aukera gehiago egongo da, puntu berde mugikorraz eta garbiguneez zein laguntzen duten parrokiez gain.

Zergatik ezin dut ez etxetresna elektrikorik ez tresna elektronikorik bota zaborretara?
Hondakin horiek ez direlako hiri hondakintzat jotzen, barruan ingurumena kutsatzen duten osagaiak baitituzte. Horregatik gaika bildu behar dira, gero kudeatzaile baimendunak deskutsa ditzan.
Obretako hondakinak zaborrontzira bota ditzaket?
Ez. Gardelegiko eraikitze hondakinak tratatzeko lantegira eraman behar dira. Partikularrek udal garbiguneetan utz ditzakete etxeko eraikuntza eraikinak, birzikla ditzaten.
Zergatik ezin da beirarik bota bilketa pneumatikorako ontzietara?
Material horrek asko higatzen dituelako hondakinak garraiatzen dituzten lurpeko hodiak. Higadura hori dela eta, hodien bizitza erabilgarria laburtu eta horiek ordezteko lanak egin beharko lirateke.
Edonor joan daiteke garbiguneetara?
Ez. Garbiguneak birziklatzeko udal zerbitzuak dira, partikularrentzako.
Nahitaez gaueko bederatzietatik aurrera utzi behar al da zarama?
Bai. Edukiontzi grisak egun osoan kalean egon arren, ordenantzak ordutegi hau betetzeko agintzen du:
  • Neguan, gaueko bederatzietatik aurrera.
  • Udan, gaueko hamarretatik aurrera.
Gaikako bilketarako edukiontziak eguneko edozein ordutan erabil daitezke.
Zergatik daude hondakinak biltzeko bi edukiontzi mota, bata pedalduna eta bestea pedalik gabea?
Edukiontzietako hondakinak biltzen dituzten kamioiak desberdinak dira, kaleen zabalerara egokitzeko. Horrek baldintzatu egiten du edukiontziaren tamaina, bai eta irekitzeko sistema. Pedala duten edukiontziak handiagoak dira, baita biltzen dituzten kamioiak ere. Pedalik gabeko edukiontziak txikiagoak dira, eta ibilgailu txikiagoek biltzen dituzte.
Bada zarama bilketa pneumatikorako ontzien kanpoaldean uzterik?
Ez. Hondakinak ontzietatik kanpo uztea ordenantzaren arau-haustea da, eta zigorra ekar dezake. Ontziak beteta edo buxatuta egonez gero, ontzi hurbilenera joan behar da hondakinak uztera.
Birziklagarriak al dira CDak, DVDak, VHS zintak eta abar?
Bai, enpresa espezializatuek materialak bereizi eta ondoren birrindu eta birziklatu egiten dituzte.
Zer onartzen da gaika biltzeko edukiontzi horietan?
Hori koloreko gaikako edukiontzietan etxeko ontzi deritzenak onartzen dira: janari eta edarien metalezko latak (aluminio edo burdinazkoak), edari eta garbiketa produktuen plastikozko botilak, brikak, jogurt ontziak eta abar. Aitzitik, ez dira onartzen jostailuak eta plastikozko beste objektu batzuk, ez eta janari bilgarriak, beira eta zura ere.
"Orain badago, orain ez dago" sistemarekin (jarri eta kentzeko edukiontziak) zein egunetan birzikla daiteke erdigunean?
"Orain badago, orain ez dago" sistemak Zabalguneko oinezkoen kaleetan hondakinak gaika biltzeko aukera ematen du: igande, astearte eta ostegunetan papera eta kartoia biltzeko edukiontzi urdinak jartzen dira; astelehen, asteazken eta ostiraletan, berriz, etxeko ontziak biltzeko edukiontzi horiak.
Zein maiztasunez biltzen dira paper eta ontzietarako gaikako edukiontziak?
Papera eta kartoia biltzeko edukiontziak gutxienez astean lautan husten dira. Etxeko ontziak biltzekoak, berriz, astean hirutan.
Nolako hondakinak bota daitezke bilketa pneumatikorako ontzi marroietara?
Marroi koloreko ontziak materia organikoa botatzeko dira, zeina ondoren konpost bihurtzen baita. Hauek dira etxeetan sortu ohi diren hondakin organikoak, ontzi hauetara bota behar direnak: janari hondarrak, landare hondarrak (landareak, loreak, kimatze hondakinak...), lurra, kafe hondarrak...
Nolako hondakinak bota daitezke bilketa pneumatikorako ontzi grisetara?
Gris koloreko ontziak gainerako hondakin deritzenak biltzeko dira, hau da, baliatu (birziklatu edo konpost bihurtu) ezin den guztia biltzeko: birziklatzeko ez diren zelulosak (pixoihalak, konpresak, paper zikina...). zeramika, toska, trapuak, oinetakoak, plastikozko eta metalezko ontzi txikiak eta abar.
Nolako hondakinak bota daitezke bilketa pneumatikorako ontzi horietara?
Alde Zaharrean, ontzi horien bidezko bilketa pneumatikoak papera eta kartoia eta etxeko ontziak biltzea ahalbidetzen du. Biltzen den materiala sailkatze lantegi batean sailkatu eta bereizten da, ondoren birziklatzeko.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.