Ingurumen jarduerako arloak - Klimaren aldeko ekintza

Hiriaren ikuspegia

Gure hirian ondorio zuzenak dituen mundu-mailako arazoa

Klima-aldaketa planeta osoaren ingurumen-erronkarik premiazkoena da. NBEren Klima-aldaketari buruzko Gobernuarteko Adituen Taldeak (IPCCk) baieztatu duenez, gizakiaren jarduerak eragin du XX. mendearen erdialdetik gertatzen ari den atmosferaren berotze globala. Azken 150 urteotan, munduko tenperatura 0,8 gradu zentigradu inguru igo da, eta ildo beretik jarraituko duela aurreikusten da. Klimaren aldaketa horiek ondorio zuzenak ari dira eragiten sektore guztietan.

Zenbait ikerlanen arabera, Vitoria-Gasteiz da ondorio horiek pairatzeko arriskurik handiena duen euskal hirietako bat. Ereduen bidez aurreikusitakoaren arabera, tenperatura kontinentearen batez bestekoaren gainetik igoko da, prezipitazioak gutxitu egingo dira, ibaietako urteko emaria eta laborantza-produktibitatea murriztu egingo dira, heriotza-tasak gora egingo du bero-boladen eraginez eta abar. Klima-aldaketaren aurkako 2050erako Euskal Autonomia Erkidegoko Estrategian jasotako aurreikuspenen arabera, mende honetan, gure ingurunean, batez besteko tenperatura 2,5 gradu zentigradu igo daiteke neguan, eta 5,5 eta 7 gradu zentigradu artean udan. Era berean, bero-boladen iraupena % 150 luza daiteke mende-bukaerarako.

Zer egiten ari gara horri aurre egiteko?

2020ra arte

Vitoria-Gasteizek 2006an ekin zion klima-aldaketaren aurkako borrokari, Klima Aldaketa Prebenitzeko Vitoria-Gasteizko 2006-2012 Estrategiaren bidez (egun ez dago indarrean). 2012rako CO2 isurtzeak urtean 300.000 tona murriztea zen helburu nagusia, eta, epe luzera, Vitoria-Gasteiz «karbonoan neutroa» den hiri bihurtzea.

2009an Europako Alkateen Ituna(Beste leiho batean irekiko da) sinatu ondoren, Vitoria-Gasteizek 2006an baino % 20 CO2 gutxiago isurtzeko eta Klima-aldaketaren aurkako plana lantzeko konpromisoa hartu zuen. 2010eko uztailaren 23an, Udaleko Gobernu Batzarrak Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko 2010-2020 aldirako Plana onartu zuen. Plan horrek 2006ko Estrategiaren eta 2007-2012 aldirako Energiaren Tokiko Planaren helburuak eta ekintzak batu eta eguneratu zituen, Europako Alkateen Itunean jasotako konpromisora egokitzeko. Hala, planaren helburua zen berotegi-efektuko gasen isurtzea % 25,7 murriztea 2020rako.

Vitoria-Gasteizko Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko 2010-2020 Planaren esparruan egindako ekintzak:

  • Karbono gutxiago erabiltzen duen energia-eredu baten aldeko apustua
    • Udal-eraikinen energia-eskakizunak, instalazio termikoak eta barruko argiztapena (LED) hobetzea.
    • Udal-instalazioetan energia kudeatzeko sistemak jartzea.
    • Hiriko argiteriaren eta semaforo-argien efizientzia hobetzea.
    • Energia termiko eta elektriko berriztagarria ekoiztea udal-instalazioetan.
  • Etxebizitzen eta eraikin tertziarioen energia-errendimendua hobetzea
    • Inguratzailearen eta lehendik dauden etxebizitza-eraikinen instalazio termikoen birgaitze energetikoa.
    • SmartEnCity proiektua Koroatzearen auzoan.
    • Etxeetan eta zerbitzuen sektorean energia-kontsumoa murriztea.
    • Zerbitzuen sektoreko enpresetan energia aurrezteko ekimenak martxan jartzea, Itun Berdearen esparruan.
    • Etxebizitzetan eta eraikin tertziarioetan energia termiko eta elektriko berriztagarria ekoiztea.
  • Hirian mugikortasun jasangarria bultzatzea
    • Garraio publikoa hobetzeko ekintzak: linea berriak, autobus-erraiak eraikitzea, 10 autobus hibrido berri ekartzea (elektrizitatea eta diesela erabiltzen dutenak), autobus elektriko adimenduna eraikitzea (gaitasun handiko mugikortasun elektrikoko proiektua) eta tranbia unibertsitate-campuseraino iristea.
    • Bizikleta bidezko mugikortasuna hobetzeko ekintzak: bidegorri berriak, bizikleta-aparkalekuen sarea jartzea, 30eko eremu gehiagorekin trafikoa baretzea eta abar.
    • Oinezkoen mugikortasuna hobetzeko ekintzak: superetxadiak ezartzea eta kaleak berritzea oinezkoen mugikortasuna hobetzeko, Erdi Aroko hirigunerako irisgarritasun bertikala hobetzeko proiektua eta abar.
  • Hiri-zerbitzuen eskaintzaren efizientzia hobetzea
    • Eremu publikoan eta eraikinetan esku hartzeko ekintzak, hirian efizientzia eta erresilientzia hobetzeko: Gasteiz hiribidea eraberritzea, Europa Biltzar Jauregia berritzea (fatxada berdea sartzea) eta eraikinaren isolamendu termikoa eta efizientzia energetikoa hobetzea, Zabalganako gizarte-etxeko estalki berdea eta abar.
  • Uraren zikloaren kudeaketa hobetzea
    • Udal-sarean jaso, tratatu eta banatutako ur-kantitatea (eta, ondorioz, horri lotutako energia-kontsumoa) murrizteko ekintzak.
    • Araztegian sartzen den hondakin-uren emaria (eta, ondorioz, elektrizitate-kontsumoa) murrizteko ekintzak.
    • Uraren etxeko kontsumoa murriztea (biztanle eta eguneko 117 litrotik 106 litrora).
    • Ur-eskaera kudeatzeko ekintzak: Futura plana.
  • Udal-hondakinen kudeaketa hobetzea
    • Tratatu gabeko hondakinen efizientzia eta berrerabilera handitzea, eta zero isurtze lortzeko bidean aurrera egitea.
    • Hondakinetatik energia berriztagarria ekoiztea.
  • Herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea
    • Herritarrak sentsibilizatzeko jardunaldiak, kanpainak eta ikastaroak antolatzea: Europako mugikortasun-asteak, energia eta hondakinak, Etxe Berdeen programa, udal-kanpainak, modu efizientean gidatzeko ikastaroak eta abar.
  • Gobernantza hobetzea
    • Udal-zerga batzuetan (kontsumoaren gaineko zergan, ondasun higiezinen gainekoan, trakzio mekanikoko ibilgailuen gainekoan eta ekonomia-jardueren gainekoan) ingurumen-hobariak sartzea.
2020tik aurrera

Vitoria-Gasteizko Klima eta Energia Jasangarrirako 2021-2030 Plana prestatzeko prozesua abian jartzea: planaren lanketa bukatzear da eta bi ekintza-plan biltzen ditu:

  • Energia Trantsiziorako Ekintza Plan Integratua, berotegi-efektuko gasen isurtzeak gutxitzeko eta hiriaren energia-trantsizioan aurrera egiteko helburuarekin.
  • Klima Aldaketara Egokitzeko Ekintza Plana, udalerria klima-aldaketara egokitzeko estrategia lantzeko eginkizun nagusia duena.

Hauek dira helburu nagusiak:

  • Vitoria-Gasteiz karbonoan neutroa bihurtzea 2050erako.
  • Udal-mugartean berotegi-efektuko gasen isurtzeak % 55 murriztea, gutxienez, 2030ean (2006koekin alderatuta), isurtze-eskubideen salerosketan sartuta ez dauden sektoreetan (etxebizitzak, zerbitzuak udala barne, barruko mugikortasuna eta lehen sektorea).
  • Udalerriaren erresilientzia-gaitasuna areagotzea, klima-aldaketaren eraginetara egokituz (zaurgarritasuna eta klima-arriskua murriztea).
  • Udalaren energia-kontsumoa % 35 gutxienez murriztea, 2030erako.
  • Udal-eraikinetan energia berriztagarrien erabilera % 32 handitzea, 2030. urtea baino lehen.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Izartxoarekin markatutako eremuak derrigorrezkoak dira.