Izen-emateak gizarte etxeetan eta kirol-instalazioetan - Ohiko galderak

1.  Nola eman dezaket izena jardueretan?
ZOZKETA DUTEN JARDUERAK
Badaude jarduera batzuk zozketaren bidez lortzen direnak. Zozketa eta gero tokia lortu bada, izen-ematea formalizatu behar da.
Zozketak hurrengo jarduertarako egingo dira:
-Gizarte etxeak eta Kirol Instalazioak: izen-emate epea uztailaren erdialdetik irailaren hasierara doa. -Ingurugiro gaietarako ikastegia (CEA): denboraldiro zozketa bat egiten da. -Adinekoentzako zentro kulturalak: izen-emateak irailaren lehenengo hamabostaldian egiten da. Behin-betiko datak egiaztatu Zentro ezberdinetan (gizarte etxeak, adinekoentzako zentroetan, kiroldegiak...), irritaren harrerarako bulegoetan edo 010 telefonoan.

ZOZKETARIK GABEKO JARDUERAK
Izena ematea zuzenean formalizatzen da. Lekuak ez dira zozketaren bidez esleitzen, iritsi ahala baizik. Edonoiz eman daiteke izena leku guztiak bete arte, kultur jardueretan izan ezik. Horrelakoetan izena eman behar da ikastaro hasi baino lehen (leku hutsik geratuz gero, epea lehenengo astea izango da).
2.  Nola jakin dezaket zein zenbaki daukadan zozketarako?
Herritarrei laguntzeko bulego batean izena eman baduzu, ziurtagiri bat emango dizute, zozketaren zenbakia duena.
Izena Internet bidez eman baduzu, agiria inprima dezakezu.
Izena telefonoz eman baduzu, ahoz esango dizute zein zenbaki daukazun zozketarako, eta nahi izanez gero, agiri hori posta bidaltzeko eska dezakezu.

Egiaztatu, mesedez, agirian agertzen diren datuak zuzenak direla.
3.  Non eman dezaket izena jardueretarako?
• Udaleko webgunean: kontsulta eta izen-ematea.
• Telefonoz: 010 (945 161 100 udalerritik kanpo).
• Gizarte etxeetako eta kiroldegietako argibide eta kontrol zerbitzuetan.
• Herritarrei laguntzeko bulegoetan.
4.  Lekurik egokitu bazait, izen-ematea dagoeneko eginda dago?
Ez, horretarako izen-ematea formalizatu egin behar da: hau da, kuota ordaindu behar duzu zehaztutako epean. Horrela egin ezean, lekua galduko duzu. Lekuak formalizatzeko epea zozketa izaten denetik astebetera izaten da gutxi gorabehera.
5.  Zozketan lekurik egokitu ez bazait edo parte hartu ez badut, izena emateko aukerarik badut?
Bai, hainbat pertsonak zozketan esleitutako lekuari uko egin diotelako, ez baitute prezioa ordaindu. Horrelakoetan izena emateko beste epe bat egoten da leku huts horiek betetzeko, iritsi ahala esleituko direnak.
6.  Beste pertsona batekin edo batzuekin eman dezaket izena?
Gehienez ere hiru laguneko taldeek eman dezakete izena. Horrelakoetan, elkarren segidan dauden zenbakiak emango zaizkie zozketarako; hala ere, ezin zaie bermatu taldeko guztiek lekua izango dutela.
7.  Nola jakin dezaket zein izan den zozketaren emaitza?
Zozketaren emaitza argitaratuko da gizarte etxe eta kirol instalazio guztietan. Era berean informazio hori eskuragarri egongo da Interneten (www.vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz (010 Vitoria-Gasteizen, 945 161 100 udalerritik kanpo).
8.  Itxaron zerrenda batean izena eman dezaket, leku libreak daudenean niri deitzeko?
Oro har, ez da itxaron zerrendarik sortzen ez kudeatzen jarduerak beteta daudenean; hala ere hurrengo salbuespenak badadude: 3. adinekoentzako igeriketa ikastaroak 1.maila (igeriketan ikasi) eta Senidegune.
Itxaron zerrenda batean sartzea nahi baduzu, jarduera egin nahi duzun kirol instalazioan edo Senidegune programan eskatu beharko duzu. Leku libreak geratzen diren neurrian deitu egingo dute.
9.  Ikastaldia bukatu ondoren, hurrengo ikastaldirako izena eman dezaket?
Jarduera batzuetan berriro izena eman daiteke, hau da, aurreko ikastaldia egin duenak lehentasuna du hurrengo ikastaldian izena emateko. Hala era, jarduera guztietan ezin da berriro izenik eman. Gizarte Etxeetako eta Kirol Instalazioetako Jarduera Programan, gizarte etxeetan, kirol instalazioetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan kontsulta egin dezakezu.
10.  Aurreko ikastaldian egin ez badut ere, jarduera batean izena eman dezaket?
Bai, leku hutsik egonez gero eta ezarritako epeak errespetatuz gero. Hasitako ikastaroetan jende berriak sartzeak egokitzealdia ekar dezake, erritmora ohitzeko, ezaguerak eta trebetasunak arian-arian eskuratzeko eta aldi berean, sortuta zegoen taldean jende berria integratzeko.
11.  Beste pertsona baten edo batzuen izena ere eman dezaket?
Bai, lagun-kopuruan, hala ere, muga egon daiteke etxean edo kirol instalazioan jende gehiagok izena eman nahi badu. Horrelakoetan, pertsona bakoitzak gehienez ere, lau izen eman ditzake txanda bakoitzean. Izen gehiago eman nahi izanez gero, berriro ilararen bukaeran jarri beharko du.
12.  Aukera daukat lekua beste norbaiti uzteko?
Ez, inola ere ez. Lekuak izendunak eta besterenezinak direnez gero, ezin zaizkio inola ere beste pertsona bati utzi.
13.  Nola ordain ditzaket jarduerak?
Jarduerak izena ematea formalizatzerakoan ordaintzen dira, sei hilabete edo urtebete irauten duten jarduera artistikorako hastapen ikastaroetan izan ezik. Horrelakoetan hiruhileko bakoitzaren hasieran ordaindu behar izaten da. Gizarte Etxeetako eta Kirol Instalazioetako Jarduera Programa izeneko liburuxkan zehazten diren kuotak hiruhileko bakar bati dagozkio eta sailak adierazten dituen epeetan ordaindu behar dira.
14.  Non ordain dezaket kuota?
Gizarte etxeetan eta kiroldegietan kreditu edo zordunketa txartelaren bidez.
Udalaren Webgunean (www.vitoria-gasteiz.org), ordainketa elektronikoaren bidez kreditu txartelaz.
Banku erakunde laguntzaileetan, dirua sartuz (edozein bulegotan edo Interneten). Beharrezkoa da ordaintzeko agindua. Bertan zehazten dira erreferentzia eta ordaindu beharreko zenbatekoa. Agindu hori gizarte etxeetan eta kiroldegietan lor dezakezu edo udaleko webgunean, izena ematen duzunean. Bi bide hauetako bat erabiliz ordainduz gero, ez duzu gizarte etxe batera joan behar ordainketa frogatzera.
15.  Jardueraren kuotaren barnean materialak al daude?
Udaleko webgunean eta zenbait ikastarori buruzko argibideak izeneko liburuxkan, jarduera artistikorako hastapen ikastaroen atalean hain zuzen ere, adierazten da gutxi gorabehera izena eman duten pertsonek zenbat gastatuko duten materialean. Gastu kopuru hori ez dago kuotaren barruan. Jarduera egingo duenak norberaren lanabesak eta berritzeko gaiak erosi behar ditu bakarrik, erabilera komuneko materialak udalak berak ordaintzen baititu.
Ekintza osagarrien gastuak ere ez daude kuotaren barruan, hala nola ikuskizunak, erakusketak, bisitak, txangoak eta antzekoak.
16.  Jarduera batean baja eman dezaket?
Bai, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan kuota itzultzeko eskubiderik izango duzunik. Zure leku hutsik geratuko da interesdun batek jarduera egin dezan (izena emateko epe barruan baldin badago).
17.  Jarduera batean baja eman ahal didate?
Oro har, erakundeak jarduera batean izena eman dutenei ez die baja ematen, hala ere, maiz joan ez diren pertsonei ez die uzten hurrengo ikastaldirako izena ematen.
Salbuespenak: ludoteketara hilabete batez arrazoitu gabe ez joateak berekin baja dakar zuzenean eta ez da kuota itzultzeko eskubiderik egongo. Horrelakoetan, gazteria Zerbitzuak idatziz bajaren berri emango du. Senidegune, lantegiko lau saiotara joaten ez bada, eta horretarako justifikaziorik ez badago, automatikoki baja emango da. Itxarote zerrendan dagoen lehen pertsonari deituko zaio orduan.
18.  Baja ematen badut, badaukat eskubiderik kuota itzultzeko?
Ordaindutako kuota itzuli egingo zaizu, kontu korrontean sartuz, bajaren berri ikastaldia hasi baino lehen ematen baduzu baina ordaindutako zenbatekoaren % 15 atxikiko da, kudeaketa gastuengatik.
Ikastaldia hasi bada, ez daukazu eskubiderik kuota kobratzeko ez osorik ez zati bat.
19.  Jarduera batean izena ematen badut, bertan behera gera daiteke jarduera hori?
Antolatzaileek ikastaro bat bertan behera utz dezakete jende gutxiegik ematen duenean izena. Horrelakoetan, izena eman duten pertsonei abisua emango zaie hurrengoetarako:
jarduera bertan behera geratu dela jakinarazteko.
Antzeko ikastaro bat eskaintzeko, horrelakorik balego. Kasu horietan, izena eman duen pertsonak, nahi izanez gero, matrikula lekuz alda dezake.
Kuota itzultzeko izapideak hasteko, matrikula lekuz aldatu ezean.
20.  Nola itzultzen didate kuota? Zer datu eman behar ditut?
Kuota beti dirua kontu korrontean sartuz itzultzen da.
Ikastaroa bertan behera geratu delako itzuli behar badizugu kuota, geu jarriko gara zurekin harremanetan behar diren datuak eskatzeko. Eta kuota osoa itzuliko da.
Zeuk eskatzen baduzu kuota itzultzeko (hasi gabeko ikastaroetan borondatezko baja), dirua itzultzeko orria bete behar duzu. Orri hori edozein gizarte-etxetan edo kirol-instalaziotan emango dizute. Kasu horretan, ordaindutakoaren %15a gordeko da kudeaketaren gastuengatik.
Kasu guztietan, dirua itzultzeko datu hauek beharrezkoak dira:
Oinarrizko datu pertsonalak.
Jardueraren datuak.
Kontu korrontearen datuak: 20 digituak eta kontuaren jabea.
21.  Jarduera batetik beste batera aldatzeko eska dezaket?
Hutsik geratutako tokien eskaintza eta formalizazioa pasa ondoren, jarduera batetik beste batera aldatzeko eska dezakezu, biak hasi gabe badaude eta leku hutsik badaude.
Leku aldaketa automatikoa da eta ez da baja eta lehenengo jardueraren kuota itzultzeko eskatu behar.
Bi jardueren prezioak kontuan hartuko dira kuota doitu beharko balitz, bai aldea ordaintzeko bai kuotaren zati bat itzultzeko.
22.  Txandaka lan eginez gero, ikastarora hainbat ordutegitan joan naiteke?
Jarduera batera ordutegi desberdinetan joan daiteke honelakoetan:
Jarduera eta instalazioa berbera izan behar dira; egunak eta ordutegia, desberdinak.
Interesdunak eskabidea idatziz aurkezteaz gain, frogatu behar du ezin dela jarduerara beti ordutegi berean joan. Horretarako enpresako ziurtagiria aurkeztu behar du, txandaka lan egiten duela adierazten duena.
Antolatzaileek eskabide bakoitza banan-banan aztertuko dute eta aldaketa posiblea den ala ez adieraziko dute.

Gurasoentzako euskara ikastaroek trataera berezia daukate. Horrelakoetan, txandaka lan egiten dutenek, izena ematerakoan, bi taldeak aukeratu beharko dituzte lanaldiaren arabera.
23.  Non lor dezaket jardueren gaineko informazioa?
Herritarrei laguntzeko bulegoetan
- Gizarte etxeetako eta kiroldegietako argibide eta kontrol zerbitzuetan.
- 010 informazio telefonoaren bidez.
- Udaleko webgunean.
- Gizarte Etxeetako eta Kirol Instalazioetako Jarduera Programa izeneko liburuxkan (gizarte etxe eta kirol instalazioetan egoten da).
- Zenbait ikastarori buruzko argibideak izeneko liburuxkan

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.