Ohiko galderak - Ondare erantzukizuna erreklamatzea

Zer da Udalaren ondarearen gaineko erantzukizuna?
Udal zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz pertsona fisiko edo juridikoren bati juridikoki zertan jasan ez duen lesio edo kalterik eraginez gero Udalari dagokion erantzukizuna da, betiere tartean ezinbesteko arrazoirik egon ez bada.
Zeinek eska dezake ondarearen gaineko erantzukizuna?
Udalaren zerbitzu publiko baten funtzionamenduaren ondorioz bere ondasun eta eskubideetan kalteren bat izan duten pertsona fisiko edo juridikoak
Zein epe dago Udalari ondarearen gaineko erantzukizunarengatiko kalte-ordaina eskatzeko?
Urtebete, kalteak gertatzen direnetik kontatuta. Pertsonei kalte fisiko edo psikikoak eginez gero, sendatzen direnetik edo kalte horien ondorioak zehazten diren egunetik hasiko da kontatzen epea.
Zein baldintza bete behar du kalteak kalte-ordaina jaso ahal izateko?
Kalteak zehatza izan behar du, egiaztagarria, diru aldetik balioztagarria, eta pertsona edo pertsona-talde batera mugatua. Hainbat kalterengatik ezin da kalte-ordainik jaso: kalteak partikularren utzikeria edo arduragabekeriak eraginak badira, hirugarrenek parte hartu badute, ordenamendu juridikoak justifikatzen baditu edo gizarte tolerantziaren mugen barruan badaude. Ezin da kalte-ordainik jaso kalteak gertatzen direnean une horretako zientziaz zein teknikaz baliatuz ezin baziren aurretiaz ikusi edo saihestu.
Zer egin behar dut administrazioaren erantzukizuna eskatzeko?
Prozedura abiarazteko kalte-ordaina erreklamatzeko eskabidea aurkeztu behar duzu herritarrei laguntzeko bulego batean. Egiaztagiri digitalik baduzu, dosierra abiarazteko eskabide orokorraren bitartez erregistratu dezakezu erreklamazioa.
Ezinbestekoa da erreklamazioan datu hauek agertzea:

  • Erreklamatzailearen datuak (izen-deiturak, edo sozietatearen izena pertsona juridikoen kasuan, eta jakinarazpenetarako helbidea).
  • Gertatutakoaren kontaketa, eguna, ordua eta lekua argi eta garbi zehaztuz.
  • Izandako lesio edo/eta kalteen deskribapena
  • Lesioen eta zerbitzu publikoaren arteko kausalitate harremana.
  • Froga-proposamena
  • Kalteen balioztapen ekonomikoa aurkeztea (faktura, lesioen balorazioa...).
  • Gertaera berarekin lotuta bestelako kalte-ordainik jaso den ala ez zehazten duen aitorpena, eta baiezkoan, horren zenbatekoa.
  • Gertakari berberengatik beste inolako erreklamaziorik abiarazi ez dela adierazten duen zinpeko aitorpena.


Garrantzitsua da eskabidea zuzen betetzea eta adierazten den informazioa eta agiriak ematea, hartara dosierra azkar tramitatuko dela bermatzen baita.
Lesio fisikoa bada, zein agiri aurkeztu behar da?
Goian adierazitako agiriez gain, medikuaren senda-agiria aurkeztu beharko duzu, eta laneko baja eta alta agiriak, halakorik bada.
Ez duzu zertan lesioen argazki edo erradiografiarik aurkeztu, baina bai lesio eta eragindako ondorioen balioztapen ekonomikoa.
Zer egin behar dut balioztapena erreklamazioarekin batera aurkezterik ez badut?
Ondarearen gaineko erantzukizunerako prozedurako araudiak xedatzen duenez, erreklamatzaileek kalteen balioztapen ekonomikoa aurkeztu beharra dute. Beraz, eskabidearekin batera aurkezterik ez bada, egoera hori adierazi egin beharko da, eta dosierrari amaiera eman baino lehen aurkeztu.
Zer da kausalitate erlazioa?
Udalaren zerbitzu publikoen funtzionamenduaren eta salatzen den kalte edo lesioaren arteko kausa-efektu erlazioa.
Nola izapidetzen da eskabidea?
Erreklamazio eskabidea aurkeztutakoan, aurkeztu diren datuak aztertu eta egiaztatuko ditu Ondare Erantzukizunaren Atalak. Beharrezkoa bada, akatsak zuzentzeko edo eskabidea hobetzeko eskatuko du, eta horretarako 10 eguneko epea emango.

Erreklamazioa onartzen denean dosierra abiarazi eta horren instrukziori ekingo zaio. Ondare Erantzukizunaren Atalak zer gertatu den ikertu eta zehazteko beharrezkotzat jotzen dituen ekintzak burutuko ditu, eta interesdunek egokitzat jotzen dituzten alegazioak eta agiriak aurkeztu ahal izango dituzte.

Instrukzioa amaitu ondoren dosierrerako sarbidea emango zaio interesdunari.
Nola bukatzen da prozesua?
Dosierra zenbait modutan buka daiteke:
  • Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariaren ebazpenaz. Entzunaldiaren izapidea egin ondoren (horretan interesdunari dosier osoa ikusteko eta alegazioak aurkezteko aukera ematen zaio), Ogasun Arloko zinegotzi ordezkariak ebazpena emango du, erreklamazioa onetsi edo ezesteko.
  • Adostasunez. Entzunaldiaren izapidearen aurretik, prozeduraren edozein unetan eta instruktoreak hala eskatuta, eskumena duen organoak prozedura itunaren bidez bukatzea adostu dezake eskatzailearekin, kalte-ordainerako akordio baten bidez.
  • Bertan behera utzi dela ebatziz. Udalak zerbait zuzendu edo hobetzeko eskatzen duenean interesdunak 10 eguneko epean erantzuten ez badu.
  • Iraungi dela ebatziz. Prozedura erreklamatzaileari egotz dakiokeen arrazoiren batengatik gelditzen bada, Udalak aldez aurretik ohartarazita.
  • Erreklamatzaileak borondatez uko egin edo bertan behera utzi duelako
Zein arrazoi dela eta ezetsi daitezke ondarearen gaineko erantzukizunaren erreklamazioak?
Hauek dira ezesteko arrazoi ohikoenak:
  • Kausalitate erlaziorik ez izatea.
  • Gertaeren eta kalteen arteko lotura nahiko frogatuta ez geratzea.
  • Erreklamatzailearen beraren edo besteren baten esku hartzeak kalteetan eragina izatea.
  • Kaltetzat jotzeko bete beharreko baldintzaren bat ez betetzea: benetan gertatua izatea, ekonomikoki balioztagarria, eta pertsona edo pertsona-talde batera mugatua.
  • Ezinbesteko arrazoia egotea.
Ebazpena emateko gehienezko eperik ba al dago?
Bai. Ondarearen gaineko erantzukizunarekin lotutako dosierrak sei hilabeteko epean ebatzi beharko dira. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, ezetsitzat jo ahalko da erreklamazioa, Udalak berariazko ebazpena emateko duen betebeharra gorabehera.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.