Udalaren eta SPRILUR, S.A. enpresaren arteko hitzarmena sinatzeari onespena ematea, "VIAP" deritzon eremuaren garapen eta kudeaketa urbanistikorako

Argitalpen Data
19.01.2011
Jatorria
021101Planeamiento y Gestión Urbanis
Oharrak

Vitoria-Gasteiz.

Hirigintza eta Plangintza

Plangintza eta Hirigintzaren Kudeaketa

Udalaren eta SPRILUR, S.A. enpresaren arteko hitzarmena sinatzeari onespena ematea, "VIAP" deritzon eremuaren garapen eta kudeaketa urbanistikorako.

Hauxe erabaki zuen Tokiko Gobernu Batzarrak 2010eko abenduaren 3an egindako ohiko bilkuran:

Lehena: Gasteizko Udalaren eta SPRILUR, SA baltzuaren arteko hirigintza hitzarmenari hasierako onespena ematea, erabaki proposamen honi erantsi zaion hitzarmenaren agirian jasota dauden xedapenekin bat etorriz; "VIAP" deritzon eremuaren garapen eta kudeaketa urbanistikoa ahalbidetuko du, erabakiarekin bat aurkeztutako hitzarmenak jasotzen duen agirian jasotakoaren arabera.

Bigarrena: Erabaki hau hogei egunez jendaurrean jartzea, udaletxeko iragarki-taulan eta ALHAOn osorik argitaratuz, edonork egokitzat jotzen dituen alegazioak aurkezterik izan dezan.

Hirugarrena: Erabakiaren berri ematea hitzarmenean esku hartu duten alderdi guztiei.

Laugarrena: Denbora-tarte horretan alegaziorik aurkeztuko ez balitz hitzarmena onesteko erabakia behin betikotzat jo dadila erabakitzea.

Bosgarrena: Gasteizko Udaleko alkate lehendakariari ahalmena ematea erabaki hau gauzatzeko hartu behar diren erabakiak hartu eta sinatu behar diren dokumentu publiko edo pribatuak sina ditzan, bai eta zuzendu ditzan ere, beharrezkoa bada.

Dosierra Hirigintza Sailaren bulegoetan egongo da ikusgai (San Prudentzio kalea, 30 - 3. solairua, Gasteiz), adierazitako epean.

Vitoria-Gasteizen, 2010eko abenduaren 9an. Alkate lehendakaria PATXI LAZCOZ BAIGORRI

HITZARMENAREN TESTUA

Vitoria-Gasteizen, ....................................

BILDURIK

Alde batetik, P. L. B. jauna, Gasteizko alkate lehendakaria, zeinen datu pertsonalak ez baitira adierazten duen kargua dela eta jarduten baitu.

Eta bestetik, , adinez nagusia eta hitzarmen honen ondorioetarako honako helbidea duena:

JARDUTEN DUTE

P.L.B. jauna Gasteizko Udalaren izenean eta hura ordeztuz; helbidea: Gasteiz (Araba), Espainia plaza, z. g. (udaletxea); IFZ: P0106800F. Bere karguaren zereginetan dihardu, Gobernu Batzarrari Laguntzeko Organoko Titularraren (M. V. I. M. P. anderea) laguntza duela, 2010eko abenduaren 3an ohiko/aparteko bilkuran hartutako erabakiz ekintza honetarako berariazko eskumena eman zaiolarik.

jauna, SPRILUR SA baltzua ordeztuz, ko elkargoko notario-ahalordearen bidez -eguna: ; protokolo zenbakia: - ekintza honetarako ahaldundua.

Alderdi biek aitortu diote elkarri ordezteko gaitasuna, ez inpugnatzeko konpromisoa hartzen dute eta honakoa

ADIERAZTEN DUTE

Lehena.- SPRILUR, SA baltzua erakunde publikoa da, izaera, sorrera, gobernu organo eta administrazio zein Ogasun Publikoa arautzen duten printzipioen betebeharrari dagokionez, baina era berean, zuzenbide pribatuaren menpe dago, berezko nortasun juridikoa du eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailera atxikia dago.

Ekimen publikotik bideratzen diren ekonomia jardueretarako baliatuko diren lurzoruak aurkitu, garatu, sustatu, kudeatu eta urbanizatzea du zeregin, besteak beste.

Bigarrena.- Hirigintza plangintza eta indarrean dagoen sektoreko legeriak ezarri dutenez, Gasteiz barruan, Zaia ibaiaren ezkerraldearen eta aireportuko (Foronda) egungo instalazioen artean dauden lurrak ekonomia jardueretarako eremu garrantzitsua garatzeko baliatuko dira.

Horrela sailkatu eta kalifikatu da berariaz indarrean den Gasteizko Hiri Antolakuntzarako Plangintza Orokorrean, zeinak bi alde bereizten baititu: bat -3. eranskinean I eta IIa izenez aipatzen dena- aireportuko plan zuzentzailearekin (2001eko uztailaren 17ko Sustapen Ministerioaren Agindua) eta bera garatzen duen plan bereziarekin (2006ko uztailaren 28an behin betiko onetsitakoa, urriaren 25eko ALHAOn -123 zk. agertua-) lotua; eta bestea -3. eranskinean IIb izenez aipatzen dena- aireportuetako atxikipen juridiko horretatik kanpo, baina, funtzioei dagokienez, oso lotua aurretik aipatu aldearekin (sailkapena: ekonomia jardueretarako lurzoru urbanizagarria, sektoretan banatu gabea, "zehaztapenik gabeko lurzoru urbanizagarria, ekonomia jardueretarako lurzoruaren erreserba, lurzoruaren ondare publikoak").

Gainera, 3. eranskinaren IIb alde horretan, erdialdeko Arabako lurraldeko plan partzialak ekoizpen-logistika plataformaren kokapena jasotzen du, zentro logistikoa bere barruan hartuko duena, bai eta aeronautikarekin lotutako jarduerak garatzeko gunea, biltegirakoa, zama zatikatzeko gunea zabaltzea, jardueretarako parkea eta zerbitzugunea ere. Bukatzeko, ekonomia jardueretarako eta merkataritza ekipamenduetarako lurzorua sortzeko ekimen publikoaren sektoreko lurralde planak berariazko proposamena egiten du, hain zuen, honakoa sortzeko: "Forondako aireportuaren inguruan enpresei zerbitzua emateko eta jarduera berritzaileen parkea".

Hirugarrena.- SPRILUR, SA baltzuak eskumena duten beste administrazio edo erakunde publikoekin sinatu nahi ditu hitzarmenak, enpresa parkea -VIAP izenekoa- sortu ahal izateko, beharrezko bada, egungo aireportuaren eremua berriro definituz, aireportuak garatzen duen jarduera sendotzeko, bere espezializazioa -merkantzien zama- aprobetxatuta, aeronautikaren sektorearekin lotutako industria eta logistika jarduerak erakartzeko asmoz.

Ekonomia jardueren eremu horrek -VIAP-, 3. eranskineko IIa eta IIb aldeak hartzen dituenak, gutxi-gorabehera, berrogeita zortzi (48) hektareako azalera gordina izango du.

Laugarrena.- Alderdiek elkarrekin sortu nahi dute enpresa parke hori - VIAP - Forondako aireportuko berrabiadarako ezin garrantzitsuago izan baitaiteke, bai eta udalerrirako, lurralde historikorako zein autonomia erkidegorako balio erantsi altuko enpresa ehuna sortzeko ere.

Indarrean dauden legeak, bereziki hirigintzari buruzkoak aintzat harturik, interesa duten operadoreek haien proiektuak garatu ahal izateko lurzoruak azkarrago eta era eraginkorragoan eskura izan ditzaten landu beharreko prozedurak erabakitzeko ados jarri dira alderdiak, haien proiektuak denbora tarte ahalik eta txikienean gauzatu daitezen.

Bosgarrena.- Proiektuak garatu ahal izateko lurzorua eskatzen duten operadoreei erantzuna emateko orduan berehalakotasun hori ahalbidetzeko, eta VIAP enpresa parkearen bideragarritasun ekonomikoa zein merkataritzakoa bermatzeko, aireportuko plan zuzentzailearen eta plan bereziaren eremukoak izanik, haren titulartasun pribatukoak diren lurzoruen garapen zein kudeaketara joateko aukera ere aurreikusi du SPRILUR baltzuak.

Aurretik aipatutakoak kontuan harturik, bildutakoek, zeinek bere ordezkapenaren arabera, hirigintza hitzarmen hau izenpetzea erabaki dute, ondoren datozen xedapenekin:

HITZARTUTAKOAK

LEHENA.- Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian araututako hitzarmenen hirigintza izaerakoa da honakoa.

Aipatu zazpigarren xedapen gehigarri horretan araututakoen artetik, honakoak hirigintza antolakuntzaz zein gauzatzeaz jarduten du.

BIGARRENA.- Gasteizko Udalaren eta SPRILUR, SA baltzuaren arteko harremana arautzea du helburu hitzarmenak, "VIAP" izeneko eremua erabat garatu zein haren hirigintza kudeaketarako; lurzoruen gaineko jardueraren eta kalifikazioaren xede dira sustapen edo interes publikoko ekonomia jarduerak ezartzea, ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 16.2 artikuluak xedatutakoarekin bat, eta zehatzago izanik, aeronautikaren sektorearekin loturiko industria zein logistika jarduerak.

Hitzarmenak jasotzen dituen aipatu jardueraren datuak, aurreikuspenak eta zehaztapenak jarraibide posibleak baino ez dira, eta aldatu ahalko dira hirigintza erabilera edo xede hobeak, edo eragiketaren bideragarritasun ekonomikoak horrela egitea gomendatzen badute.

Bildutakoen nortasun zein izaera eta hitzarmenaren xedea zein eragindako lurzoruetarako aurreikusitako erabilera aintzat harturik, interpretatzeko zein aplikatzeko ondorioetarako, harekin gauzatu nahi den jarduera interes publiko eta orokorrekoa dela aitortzen da.

HIRUGARRENA.- Antolakuntza eta kudeaketa tresnei dagokienez, zeinen aldaketa eta/edo izapidetzea eta/edo onespena beharrezko baita aipatu eremuan jarduteko, Gasteizko Udalak, bere eskumenen baitan, honako betebeharrak hartzen ditu bere gain:

a.- 3. eranskineko IIb aldea sektoretan banatzeko plana izapidetu dadin bultzatuko du, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 93. eta 94. artikuluek xedatutakoaren ildotik.

Aipatu sektore berriak 3. eranskinean adierazten diren erabilera zein hirigintza zehaztapenak izango dituen ekonomia jardueren eremua osatuko du. Erabilera zein zehaztapen horiek aldatu ahalko dira, aurretik horretarako arrazoi teknikoak emanik eta sinatzaileen adostasunez, legeek ezarritako izapidetzearekin bat.

Lurzoru horien xedea, indarrean dagoen plangintzarekin bat, aeronautikaren sektorearekin loturiko ekonomia jarduera, industriala eta logistikoa izango da.

Jarduteko sistemari, kudeatzeko modalitateei eta, kasua denean, desjabetzearen onuraduna izendatzeari dagokienez, honako hitzarmenaren bosgarren estipulazioan aurreikusitakoa bete beharko da.

b.- Eskumena edo horretarako ahamena duen administrazio edo erakunde publikoak aireportuko plan zuzentzailearen eta, kasua denean, plan bereziaren muga aldatzeko agiriak aurkeztuko balitu udalaren aurrean, VIAP eremu berriarekin bateratzeko xedez, udalak -dagokionaren arabera- horiek izapidetu edo aldakuntzari atxiki daitezen bultzatuko du.

c.- Sistema orokor biak udal plangintzan sartuko ditu, eskumena duten administrazioek ebazpena eman ondoren: hau da, hidraulikoa Zaia ibaiaren ezkerraldean eta bidekoa Gasteiztik Mendozarako errepidean, 3. eranskinean deskribatutakoarekin bat, eta VIAP eremu berrira atxikiko du, bai eta kasu bakoitzean indarrean dagoen aireportuko plan berezira.

d.- Oro har, hitzarmenaren xede diren eremuko lurzoruak urbanizatzeko prozesuan sartzeko beharrezko diren hirigintza tresnen behin betiko onespenerako burutu beharreko administrazio izapideak berehala burutuko ditu.

e.- Obrak abiarazteko behar diren garatzeko, kudeatzeko edo urbanizatzeko behar beste plangintza tresna aurkeztuko du, udalak behin betiko onesteko, posible bada teknikoki aurretik doanarekin batera.

Horrela, Udalak eskatzen zaizkion urbanizatzeko proiektu eta azterlan xeheen inguruko izapideak bultzatuko ditu, hain zuzen, egun aireportuko plan zuzentzailearen eta/edo plan bereziaren barruan dauden lurzoruei dagokienez (3. eranskinaren I eta IIa aldeak), kontuan hartu gabe titulartasun publiko edo pribatukoak diren.

Hirigintza tresna horiek indarrean dagoen aireportuko plan bereziaren araudiko 2.2.2. eta 2.2.4. ataletan xedatutako eduki eta helburuak izango dituzte.

f.- Kasu bakoitzean antolakuntzako tresnek ezartzen dituzten hitzarmen, lankidetza edo desjabetzeko dosierrak izapidetu daitezen bultzatuko du, era arduratsuz eta ezarritako prozedurarekin bat.

g.- Desjabetzeko sistemara jo behar izanez gero, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 182. artikuluak xedatutako salbuespenezko inguruabarrak batera badira horrela aitortuko du, baimena emateko ondorioetarako.

h.- SPRILUR, SA baltzua administrazio publikoaren erakundetzat joko du, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legean zein hura garatu eta osatzen duen araudian xedatutakoaren ondorioetarako.

i.- Aireportuko plan zuzentzailean eta/edo plan berezian sartzen diren urbanizazio proiektu zein azterlan xehea behin betiko onetsi ondoren, eta SPRILUR baltzuaren ekimenez, plangintza orokorraren aldakuntza izapidetu dadin bultzatuko du; horretarako 3. eranskineko IIa aldearen barruan sailkatutako lurzoruak, finkatu gabeko hiri lurtzat joko ditu (hiri lurra eremuko erregimenean, indarrean dagoen HAPOko araudiaren 4.03.03 artikuluko terminologiaren arabera) MOA -Eremuko antolakuntza mantentzea- erregimenarekin, eta desjabetzeko gauzatze publikoaren sistema baliatuko du kudeatzeko, hitzarmen honen bosgarren estipulazioak xedatutakoarekin bat, bai eta aireportuko eremuaren barruan jarraitu izan balu egokituko litzaizkiokeen hirigintza zehaztapen berberekin.

Aireportuko plan zuzentzailearen eta/edo plan bereziaren baitako lurzoruak urbanizatzeko proiektua eta azterlan xehea behin betiko onetsi ondoren eta aurreko paragrafoan aurreikusitako plangintza orokorraren aldakuntza behin betiko onetsi aurretik, operadore batek SPRILUR baltzuarenak diren eta 3. eranskineko IIa aldean dauden lurzoruetan jartzeko interesa agertuko balu, dagozkion obra eta/edo jarduera lizentziak izapidetuko ditu Gasteizko Udalak, zeina urbanizazio obrak gauzatzearen eta plan bereziaren araudiko 2.3.3. artikuluaren 5. atalean -hirugarrenek sustatutako obrak- aurreikusitako baimena lortzearen menpe baino ez baitira izango, edo hura behar ez dela dioen jakinarazpenaren menpe.

j.- Hirigintza prozedura, dosier edo tresnak -egun indarrean daudenak edo etorkizunean proposatuko direnak- lantzeko eta/edo izapidetzeko eta/edo behin betiko onesteko laguntza -betiere aplikatu beharreko legeek diotenarekin bat- emango du, horiek ahalbidetuko badute berehalakotasunaren helburua bete dadin lurzoruak operadoreen eskura jartzeari dagokionez, hitzarmen honetako adierazpenetako laugarrenaren bigarren paragrafoan adierazitakoarekin bat.

k.- SPRILUR, SA. baltzuak, honako hitzarmenean jasotakoari jarraiki, bere gain hartzen dituen betekizunak betetzeko, udalaren agiri, txosten eta zerga erregistroak lortu edo horiek ikus ditzan erraztuko du Udalak, betiere, Datu pertsonalei buruzko datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege organikoan xedatutakoarekin bat.

l.- Egun 3. eranskineko IIb aldearen baitan dauden eta, indarrean dagoen HAPOrekin bat, "zehaztapenik gabeko lurzoru urbanizagarriak, ekonomia jardueretarako lurzoruen erreserba, lurzoruaren ondare publikoak" sailkapena duten lurzoruei dagokienez, horiek nahitaez lortzeko administrazio dosierra abiaraziko du Udalak, legeak xedatzen duen moduetako edozein baliatua, SPRILUR baltzuaren ondarera biltzeko, berak eskatua, bera baita izapidetuko den desjabetzearen onuraduna.

Ekintza hori estipulazio honetako "a" atalean xedatzen denarekin batera burutu ahalko da.

m.- Plangintza orokorraren hurrengo berrikusketan VIAP enpresa parkea aireportuetako sektorearekin lotutako ekonomia jardueraren, industrialaren eta logistikoaren eremu bakar gisa sartzeko izapideak burutzea, hirugarren adierazpenean xedatutako konfigurazio fisikoan .

Laugarrena.- SPRILUR, SA. baltzuak honako betebeharrak hartzen ditu bere gain lankidetza hitzarmen honi dagokionez:

a.- 3. eranskineko IIb aldea sektoretan banatzeko planaren dosierrak izapidetzeko beharrezko diren agiriak behar bezala idatzi eta Udalaren aurrean aurkeztuko ditu, bai eta eranskin bereko IIa aldeko udal plangintza orokorraren aldakuntza ere. Era berean, plangintza xeheari, urbanizatzeko jardueraren programari, kudeatzeko eta berdinbanatzeko proiektuei, urbanizatzeko eta desjabetzeko proiektuei dagozkienak.

b.- Udalak eskatzen dizkion izapideak arretaz beteko ditu.

c.- Jardueraren sustatzaile eta, kasua denean, eremuaren baitako lurren jabe den aldetik, indarrean dagoen hirigintza araudia beteko du

d.- Udalaren alde egingo dituen lagapenei eta urbanizatzeko obrak gauzatzeari, bai eta, kasua denean, horien mantentze lanei dagokienez, indarrean dagoen hirigintza araudia beteko du.

e.- Ahalik eta laguntzarik handiena emango dio Gasteizko Udalari, horretarako komunikazio bide errazak eta honako hitzarmena dela eta sor daitezkeen zalantzak aztertu zein argitzekoak ezarriko ditu; eta jardunean aritutako urteek ematen duten esperientziagatik duen ezagutza ere partekatuko du, industrialdeen izapidetze eta kudeatzeari dagokionez.

f.- Hirigintza esparru guztietan indarrean dagoen hirigintza araudia zorrotz beteko du . Plangintza, kudeaketa eta diziplinari dagokienez, bai eta honekin lotuta bete beharko den bestelako araudiei dagokienez.

g.- 3. eranskineko IIb aldearen baitan dauden lurzoruak desjabetzeko dosierra zuzen izapidetzeko behar diren administrazio agiriak zein teknikoak landu eta Udalera bidaliko ditu, eta desjabetzearen onuradun izateagatik beharrezko diren bestelako jarduerak bere kontura egingo ditu. Indarrean dagoen HAPOrekin bat, "zehaztapenik gabeko lurzoru urbanizagarriak, jarduera ekonomikoetarako lurzoru erreserba, lurzoruaren ondare publikoak" sailkapena dute lurzoru horiek.

h.- Adiskidetasunez edo Gasteizko Udalak izapidetuko duen desjabetzearen onuradun gisa, zuzenean eskuratuko ditu 3. eranskineko IIa eta IIb aldeetako lurzoruak.

Bosgarrena.- Beharrezko balitz, orotariko tasazioaren bidezko desjabetzea baliatuko da. Urbanizatzeko jarduera programan zehaztuko da desjabetzea kudeatzeko modua, Eusko Jaurlaritzaren ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 174 artikuluko 3. atalean xedatutakoen artetik.

Era berean, eta bere xedea soziala izateagatik, ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 29. artikuluko 4. atalean xedatutakoarekin bat, SPRILUR, SA. baltzua izango da desjabetzearen onuradun.

Jarduteko sistema hori aldatzea edo beste batez ordeztea, bai eta onuraduna aldatzea ere ezingo da egin Udalaren eta SPRILUR baltzuaren arteko adostasunik gabe.

Seigarrena.- Hirigintza jarduerak sortutako gainbalioei dagokienez, eremuko irabazi asmoa duen aprobetxamenduaren ehuneko 15 emango zaio Udalari, nahitaezko eta doako lagapenagatik, komunitateko parte-hartzaile gisa, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27. artikuluan xedatutakoarekin bat. Izapidetzen den kudeaketa proiektuaren behin betiko onespenarekin Lurzoruaren Udal Ondarea eratuko du.

Hasiera batean aurreikusi den jarduteko sistemarekin, lehen estipulazioan adierazitako jardueraren xedearekin, haren ondoriozko interes publiko zein sozial nabarmenarekin, SPRILUR baltzuaren eraketa eta akzionista kopuru erabat publikoarekin, zeinak hitzarmen honen ondorioetarako autonomia erkidegoko administrazio orokorraren erakunde jarduten baitu, ekintza horietan guztietan espekulazio edo irabazi asmoa ez egotearekin bat, bai eta lurzorua erosteko aurreikusitako prezioan zein SPRILUR baltzuak egin beharreko urbanizatzeko gastuan izango duen ondorio garrantzitsuarekin ere, eta 2/2006 Legearen 118.a artikuluan lurzoruaren ondare publikoaren ondasunak lagatzeko aukera berariaz aurreikusi denez, alderdi biek egoki dela adostu eta erabakitzen badute, aipatu artikulu horretan xedatutako inguruabarrak ematen direnean, SPRILUR, SA baltzuak adierazitako xede publikoak lortu eta gauza ditzan egoki diren mekanismoak ezarriko dira, laguntzeko eta bere zeregina errazteko.

Mekanismo horiek abian jartzea bidezko jotzen eta erabakitzen bada, dagokion dosierra izapidetu eta onetsi beharko da.

Zazpigarrena.- Gasteizko Udalak Gereñako eta Estarroako administrazio batzarrek SPRILUR, SA baltzuarekin ezartzen dituzten besterentzeak -borondatez edo, desjabetzea dosierraren barruan, adostasunez- baimenduko ditu, eskualdatze mota horretarako legeak xedatzen duen prozedura betetzen dela egiaztatu ondoren.

Zortzigarrena.- Aipatutako eremu horretan burutuko den jarduera SPRILUR baltzuarentzat ahalegin tekniko eta ekonomiko garrantzitsua dela jakin badaki Gasteizko Udalak. Horren helburua enpresen eskura nahiko lurzoru jartzea da, industria jarduera abian jarri edo dagoenarekin jarraitzeko. Era berean, Gasteizko Udalarentzat garatu nahi den industria eremua lagundu eta bultzatzea administrazio eta ekonomia ahalegina dela jakin badaki SPRILUR, SA baltzuak.

Bederatzigarrena.- Parte hartzaileen arteko gatazka edo ezadostasuna sortzen duten hitzarmenaren puntu edo edukien interpretazioa hitzarmenaren beraren izaera eta helburua aintzat harturik egingo da, bai eta gauzatzearekin asebete nahi den interes publikoa ere.

Hitzarmenaren interpretazio, gauzatze edo eraginei dagokienez, sinatzaileen arteko ezadostasunik egonez gero, haren xede eta helburuak bermatzeko beharrezko direnak jarriko dira abian, justifikaziorik gabeko atzerapenak edo jardueren etetea ekiditeko.

Eta, beren adostasunaren erakusgarri, hitzarmen honen lau ale izenpetzen dituzte alderdiek, adierazitako leku-egunetan.

Insertar aquí plano Anexo 3

Web orrian argitaratzen den informazioa, baldin eta datu pertsonalak jasotzen baditu, datu pertsonalak babesteko indarreko legeriarekin bat dator eta publikotasunaren, lehia askearen eta gardentasunaren legezko printzipioak betetzea du helburu bakartzat.

Zerrenda horietarako sarbidea ez da publikoa eta ezin izango dira erreproduzitu -ez osorik ez zatika-, ezta informazioa berreskuratzen duen sistema batez transmititu edo erregistratu ere, interesdunek horretarako baimena eman ezean.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren postontziaren bidez.