Udalaren enplegu eskaintzari buruzko ohiko galderak

Aurkez al ditzaket hizkuntza-eskakizuna edo bestelako merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak, kontratazio-zerrenda sortzeko/zabaltzeko deialdiaren ebazpena eman ondoren?
  • Aukeran dago hizkuntza-eskakizunaren dokumentua besterik ez aurkeztea, edo eskatzea egiazta dadin Euskara Tituluen eta Ziurtagirien Erregistro Bateratuan (ETZEB).
  • Horrek aukera emango du hizkuntza-eskakizuna eduki beharreko eskaintzetan sartzeko, baina ez du aldaketarik eragingo, ez deialdian lortutako guztizko puntuazioan, ez zerrendako hurrenkeran.
Zer da "zuzeneko hautaketa"?
Arrazoi jakin bat dela-eta langile bat ordeztu eta ordeztea eragin zuen egoera amaitu ondoren beste zerbaitengatik lanpostura itzultzen ez bada, lanpostua aldi baterako betetzen ari dena aukeratuko da zuzenean lan horretarako, baldin eta kontratazio berria egin behar bada; ordezko langile hori ezingo da aldi baterako ezintasun egoeran izan.
Bitarteko funtzionario baten izendapena bukatzen denean berriro zerrendan lanerako prest egoeran izatera pasatzen da pertsona hori?
Ez automatikoki. Beharrezkoa da alta / prest dagoela adieraztea. Hori hainbat unetan adieraz daiteke: amaiera-data duen eskaintza bat jasotzen denean, amaiera-data zein den jakitean edo hura amaitu ondoren pertsonak jakinarazi nahi duenean prest dagoela.
Zer da "kontratu hobekuntza"?
Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak kudeatzeko sistemaren barruan, prozedura horren bidez, plaza hutsak edo sei hilabetetik gorakoak izatea aurreikusten diren programak eskaintzen zaizkie kontratazio-zerrenda batean egon arren libre ez dauden edo antzeko kontratazioak egiten ari diren pertsonei. Aldi baterako kontratazioetarako zerrendak kudeatzeko Araudiaren (2014-06-18ko ALHAO, 68 zk.) 19. (Beste leiho batean irekiko da) artikuluan araututa dago.
Non kontsulta ditzaket betetzen dudan lanpostuak dituen ezaugarriak: betekizunak, titulazio-taldea, eskala, azpieskala eta klasea?
Udalaren webgunean, eskuineko alboko menuan, “Lanpostu-zerrenda”.
Nola eguneratu dezaket nire dosier pertsonala?
(*) Karrerako funtzionarioen kasuan bakarrik
  • Posta elektronikoz (procesos.selectivos@vitoria-gasteiz.org): Egiaztatutako euskara-maila, IT ziurtagiriak —gako publikoa barne—, betetzen ari den lanpostuak eskatzen dituen titulazioak (baliozkotze elektronikoa badute), beste titulazio batzuk (*), Udaletik kanpoko ikastaroak (*)
  • Herritarrei laguntzeko bulegoen bidez. Egiaztatu nahi den dokumentazioaren jatorrizko aleak eraman behar dira: Betetzen ari den lanpostuak eskatzen dituen titulazioak (baliozkotze elektronikoa badute), beste titulazio batzuk (*), Udaletik kanpoko ikastaroak (*)
  • Giza Baliabideen Saileko Hautaketa Atala – San Martineko Bulego Teknikoak - . Aurretiaz hitzordua eskatuta. Egiaztatu nahi den dokumentazioaren jatorrizko alea eta haren fotokopia eraman behar dira.
Non kontsulta dezaket nire dosier pertsonala?
Minfowebeko Informazio pertsonala atalean alderdi hauekin lotutako informazioa eskura daiteke, identifikazio digitala baliatuz: prestakuntza dosierra, dosier pertsonala, egiaztatutako hizkuntza-eskakizuna eta IT txartelak.
Hautaketa-prozesu baten deialdian parte hartzen badut Udalak aurretik dituen merezimendu eta betekizunei buruzko agiriak aurkeztu behar ditut?
Udalean egindako zerbitzuak eta dosier pertsonalean bildutako merezimendu eta betekizunei buruzko agiriak ofizioz aurkezten dira. Hala ere, nahitaezkoa da interesdunak aldez aurretik adieraztea zein dosierretan dagoen jasota dokumentazio hori.
Zein betekizun bete behar dira zerbitzu-eginkizunetarako deialdietan parte hartu ahal izateko?
Zerbitzu-eginkizunetarako deialdietan parte hartu ahal izateko, karrerako funtzionarioek zerbitzu aktiboan egon behar dute. Zerrenda osatzeko deialdia bada, zerbitzu aktiboan ez daudenak ere aurkez daitezke. Deialdiak berak ezarriko ditu lanpostuarekin lotutako betekizunak (titulazioa, IT txartelak...) eta betetzeko baldintzak (eskala mugarik dagoen, zein talde sar daitekeen...).
Barne-sustapenerako deialdietako zein lanpostutara aurkez naiteke?
Prozedura horretan deitzen diren guztietara, baldintza hauek betez gero:
  • Lanposturako eskatzen diren betekizunak betetzea.
  • Karrerako funtzionarioa izatea eta gutxienez bi urteko antzinatasuna izatea eskalan eta azpieskalan.
  • Eskuratu nahi den lanpostua norberarenaren eskala berekoa edo beheragoko hurrengo titulazio-taldekoa izatea, edo beste eskala batekoa bada, titulazio-talde berekoa edo beheragoko hurrengokoa izatea.
Hornikuntza-deialdiko zein lanpostutara aurkez naiteke?
Karrerako funtzionario izateaz gain, betekizun hauek bete beharko dira deialdiko lanpostu bat eskuratzeko:
  • ESKALA ETA AZPIESKALA. Bete nahi den lanpostura sartzeko onartutako eskala eta azpieskala batean egon beharko du funtzionarioak.
  • SAILKAPEN TALDEA EDO MAILA. Funtzionarioak eskuratu nahi duen lanpostuaren titulazio-talde berean (A, B, C, D edo E) egon behar du, edo hainbat mailatakoak onartzen badituzte, horietako batean. Titulazio-talde bateko kide izateak talde horretan sartu zela adierazten du, nahiz eta langileak duen titulazioa taldeari dagokiona baino altuagoa izan.

Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuko funtzionario batek parte har dezake udaleko beste sail batzuetako lanpostuetako hornikuntza eta sustapen prozesuetan?
Apirilaren 27ko 1/2017 Legegintzako Dekretuak -Larrialdiak Kudeatzeari buruzko Legearen testu bateratua onesten du- 48. artikuluan ezartzen du suteen prebentzio eta itzaltze eta salbamendu zerbitzuen egitura profesionala. Eskala bi azpieskalatan egituratzen da: TEKNIKOA (inspektore eta inspektoreordea) eta OPERATIBOA (ofiziala, ofizialordea, sarjentua, kaboa eta suhiltzailea).
Azpieskala horietara atxikitako pertsonak udalaren barruko beste azpieskala batzuetako lanpostuetara aurkez daitezke barne-sustapeneko prozeduraren bidez, baina ezin dute hornikuntza-prozesuetan parte hartu beren kategorietatik kanpo.
Udaltzaingoko funtzionario batek parte har dezake udaleko beste sail batzuetako lanpostuetako hornikuntza eta sustapen prozesuetan?
Ez. Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/ 1992 Legearen 118. artikuluko egituraketaren arabera, berariazko hiru polizia eskala daude: teknikoa (komisario eta komisariordeak), ikuskaritza (ofizial eta ofizialordeak) eta oinarrizkoa (lehen agente eta agenteak). Hori dela eta, Udaltzaingoko kideek ez dute beste eskala batzuetako lanpostuetara aurkezterik eta eskala horietan hutsik dauden lanpostuak ez dira eskala horietatik kanpo eskaintzen hornikuntza-prozeduren bidez (lekualdatze lehiaketa).
Gasteizko Udalean edo udal enpresa batean mugarik gabeko lan-kontratu baten bidez lanean ari den langile batek parte hartu ahal du hornikuntza, sustapen edo zerbitzu-eginkizunetarako prozesuetan?
Ez. Prozesu horiek Gasteizko Udaleko karrerako funtzionarioei erreserbatuta daude, beraz, baldintza hori betetzen ez dutenek ezin dute parte hartu.
Parte har dezakete bitarteko funtzionarioek hornikuntza, sustapen edo zerbitzu eginkizunei dagozkien prozesuetan?
Ezin dute hornikuntza eta sustapen prozesuetan parte hartu, horiek karrerako funtzionarioei erreserbatuta daudelako.
Lanpostuak zerbitzu-eginkizunen bidez betetzeko prozeduretan ere ezin dute parte hartu, karrerako funtzionarioei mugatuta daudelako.
Non argitaratzen dira hautatze-prozesuen deialdietako zerrendak eta emaitzak?
Lanpostuak betetzeko deialdien zerrendak eta emaitzak iragarki-taula digitalean eta udalaren web-orrian (www.vitoria-gasteiz.org/hautatzeprozesuak) argitaratzen dira.
Nola eskura dezaket lanpostuak betetzeko deialdiei buruzko informazioa?
Lan-eskaintza publikoak aldizkari ofizialetan argitaratzen dira: ALHAO, EHAA eta/edo BOE.
Orobat, www.vitoria-gasteiz.org/hautatzeprozesuak web-orrian jarraitu daitezke prozesu horiek.
Deialdi berriei buruzko informazioa jaso nahi izatera, bada harpidetza libreko buletin bat, zeina hautatze-prozesuen orritik eskuratu baitaiteke.
Zein alde dago eskaintza publiko libre, barne sustapen, hornikuntza eta zerbitzu-eginkizunaren artean?
Eskaintza publiko librea bada, Europako Batasuneko edozein herritar aurkez daiteke lanpostura, baldin eta lanpostuaren betekizunak betetzen baditu. Oposizioa edo oposizio-lehiaketa izan daiteke hautatze-prozedura.
Barne sustapenean udaleko karrerako edozein funtzionario aukez daiteke, baldin eta lanposturako eskatzen diren betekizunak betetzen baditu, eta eskala berekoa eta titulazio talde berekoa edo beheragokoa bada, edo beste eskala batekoa izanik titulazio talde berekoa bada. Oposizioa edo oposizio-lehiaketa izan daiteke hautatze-prozedura.
Hornikuntzan, udaleko karrerako edozein funtzionario aukez daiteke, baldin eta lanposturako eskatzen diren betekizunak betetzen baditu, lanposturako mugatuta ez dagoen eskala eta azpieskala batekoa ez bada, eta titulazio talde berekoa bada. Merezimendu-lehiaketa izan ohi da hautatze-prozedura.
Zerbitzu-eginkizunak, aurrekoak ez bezala, lanpostuak karrerako funtzionarioekin behin-behinean betetzeko prozedura dira.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.