Oposizioen eta hizkuntza eskakizunen inguruko ohiko galderak

Zein oposiziotara aurkez naiteke?
Hori hainbat faktoreren araberakoa da, adibidez, lanpostua, exijitutako baldintzak, ikasketa mailak, hizkuntza eskakizunak, etab. Normalean, Administrazioak 5 taldeko sailkapena egiten du:
  • A Taldea: Lizentziatura
  • B Taldea: Diplomatura
  • C Taldea: Goi Mailako Batxilergoa, LH II edo Goi Mailako Modulua
  • D Taldea: Eskola Graduatua edo DBH
  • E Taldea: Lehen Mailako Ikasketen Ziurtagiria
Nola lor dezaket oposizio bateko ikasgai zerrenda?
Lizentziatu eta diplomatuen kasuan, ez da ikasgai zerrenda garatu bat egoten, eskaintza askoko oposizioetan izan ezik, esaterako, irakaskuntzan. Gainerako lanpostuetarako ikasgai zerrenda ondorengo toki hauetan lor daiteke:
  • Liburu-dendetan: oposizioetarako ikasgai-zerrenda orokorrak argitaratzen dituzte.
  • Sindikatuen bidez. Afiliatuentzako ikasgai-zerrenda garatuak izaten dituzte.
  • Akademia espezializatuetan.
  • Fotokopia-dendetan.
Nola izan dezaket administrazio desberdinetako oposizioen deialdien berri?
Herri administrazioek lan eskaintzak ezagutzera emateko, inguruan gehien saltzen diren egunkarietan iragarkiak sartzen dituzte, baita beren webguneetan ere. Ia administrazio guztiek dauzkate enplegu publikoko atariak izapidetzen ari diren lanpostuen deialdiak kontsultatu ahal izateko. Horrez gain, interneten enplegu publiko nazionaleko nahiz nazioarteko lanpostuetan espezializatutako atariak daude. Hemen informazio gehiago aurkituko duzu: Lanbide – Euskadiko Enplegu Zerbitzua(Beste leiho batean irekiko da), Eusko Jaurlaritzaren gazte informazioa(Beste leiho batean irekiko da) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE).(Beste leiho batean irekiko da)
Zer dira hizkuntza eskakizunak?
Hizkuntza eskakizuna euskararen gaineko ezagutzen ziurtagiria da, hau da, euskara gramatikoki nahiz ahoz zein mailatan menderatzen den adierazten duen ziurtagiria. Beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko herri administrazioetako lanpostu jakin batzuk lortu ahal izateko. Autonomia Erkidegoan hizkuntza eskakizunak ziurtatzeko gaitasuna duten erakundeak honakoak dira: Ertzaintza, Osakidetza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila Iraleren bidez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE)(Beste leiho batean irekiko da) eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea (HABE).(Beste leiho batean irekiko da)
Zer desberdintasun dago derrigorrezko hizkuntza eskakizun baten eta derrigorrezkoa ez den hizkuntza eskakizun baten artean?
Hizkuntza eskakizuna terminoa herri administrazioarekin lotutako lanpostuei (oposizioak) buruz hitz egiteko erabiltzen da nagusiki. Derrigorrezko hizkuntza eskakizuna ezinbestekoa da lanpostu bat lortzeko eta normalean, ezinbestekoa izaten da baldintza hori egun jakin baterako (sarritan eguna igarota egoten da) beteta izatea. Beraz, lanpostu hori lortzeko ezinbestekoa da hizkuntza eskakizuna izatea edo deialdiak dirauen bitartean lortzea. Hizkuntza eskakizuna ez bada derrigorrezkoa, oposiziogilearen euskara mailak azken nota igortzeko balioko du. Hemen informazio gehiago lortuko duzu: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE)(Beste leiho batean irekiko da), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lurralde Ordezkaritza eta HABE(Beste leiho batean irekiko da).
Zer da EGA?
EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) sortutako agiri bat da eta Europako Hizkuntzen alorreko Erreferentziazko Esparru komuneko C-1 mailaren baliokidea da (erabiltzaile trebea). EGA lortzeko azterketarako deialdi bi egiten dira urtero, bata otsailean eta bestea irailean. Hala ere, titulua lortzeko hiru probak (atariko proba, idatzizkoa eta ahozkoa) lau hilabeteko epean egiten dira. Euskadin bi motatako deialdiak egiten dira: bata librea eta bestea euskaltegietako ikasleentzako soilik. Deialdi libreetara 17 urte baino gehiagoko herritar guztiak aurkez daitezke eta horretarako, beharrezkoa da tasa bat ordaintzea. Hemen informazio gehiago lortuko duzu: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE)(Beste leiho batean irekiko da), Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Lurralde Ordezkaritza eta HABE(Beste leiho batean irekiko da).

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.