Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa - Galdera ohikoenak - Laguntza Teknikoko Zerbitzuak (LTZ)

Zer da LZT ofizial bat?
Markaren LZT ofizialak dira ekoizlearen edo Espainian duen legezko ordezkariaren baimen idatzia dutenak. Ordezkatzen dituzten marka eta gamen etxetresnak konpontzera behartuta daude, non erosi den kontuan hartu gabe.
Zein informazio erakutsi behar dute LZTek?
LZTek datu eta ohar hauek jarri behar dituzte leku ikusgarri batean:
  • Lanean emandako denboraren araberako prezioak eta garraio edo joan-etorrien gastuak, halakorik bada. Eskaintzen dituzten beste zerbitzu batzuen prezioak eta premiazko edo lanalditik kanpoko zerbitzurik eskatuz gero ezartzen diren gain-karguak. BEZa prezioaren barruan dagoen ala ez eta zein tipo ezartzen den.
  • Konpondu aurretik aurrekontua eskatzeko eskubidea dugula eta onartuz gero hura ordaintzera behartuta gaudela.
  • Konpondu aurretik aurrekontua eskatzeko eskubidea dugula eta onartuz gero hura ordaintzera behartuta gaudela.
Etxean egiten diren zerbitzuetan, teknikariak aurreko datuak jasotzen dituen argibide-orri bat eraman beharko du.
Nola jakin dezaket zenbat balio duen etxetresna elektrikoaren konponketak?
Zerbitzua egin aurretik idatzizko aurrekontua jasotzeko eskubidea dugu. Eskubide horri uko eginez gero idatziz adierazi behar da.
Zein datu jaso behar du aurrekontuak eta zein epetan egon behar du prest?
Eskatzen dugunetik kontatzen hasita 5 laneguneko epean izan behar dugu eskura aurrekontua, eta bertan datu hauek agertu beharko dute gutxienez:
  • Gure identifikazioa nahiz dendarena.
  • Gailuaren marka, modeloa eta serie-zenbakia.
  • Konponketaren arrazoia.
  • Matxuraren diagnosia.
  • Ordaindu beharrekoa, erabili beharreko ordezko piezak aipatuz.
  • Gailua konponduta jasotzeko edo konponketa etxean egiteko aurreikusitako eguna.
  • Aurrekontuaren balio-aldia; jakinarazten digutenetik hasita gutxienez 30 egunekoa.
  • Data eta LTZren arduradunaren sinadura.
Etxetresna LTZren establezimendura eramaten dugunean, gordailu-egiaztagiria eman behar digute, hori aurkeztea beharrezkoa baita aurrekontua eskuratzeko nahiz tresna jasotzeko. Aurrekonturik bada, aldeek hura sinatu eta gordailu-egiaztagiriaren balioa izango du.
Gerta liteke aurrekontua kobratzea eta etxetresna elektrikoa ez konpontzea?
Aurrekontua onartzen ez badugu, tresna entregatu dugun egoera berean itzultzeko eskubidea dugu. Horrelakoetan aurrekontua egiteagatik ordainaraz diezagukete, gehienezko kopuru hauen arabera:
  • Tresna txikiak (zukugailuak, irabiagailuak, etab.): lanorduaren balioaren 15 minutu.
  • Linea zuria (ikuzgailuak, hozkailuak...): lanorduaren balioaren 30 minutu.
  • Linea marroia (telebistak, bideoak...): lanordu baten balioa.
Zein datu agertu behar da fakturan?
LTZk faktura eman behar digu; bertan, gure identifikazioa eta LTZrena agertuko dira, eta beste datu hauek:
  • Konpondutako tresnaren marka eta modeloa.
  • Tresnari egindako konponketak.
  • Prezioa, erabilitako ordezko piezei eta lanean emandako denborari dagokien kopurua zehaztuta, bai eta joan-etorriak, garraioa eta bestelakoak ere.
  • BEZ.
  • Data eta LTZren arduradunaren sinadura.
Fakturaren zenbatekoak eta aurrekontuan emandakoak halakorik eskatu badugu bat etorri beharko dute.
Konponketa etxean bertan egin bada, eta erraz konpontzeko moduko matxura izan bada, zenbateko hauek kobratu ahal dizkigute gutxieneko lan denboratzat, konponketak denbora gutxiago hartu badie ere:
  • Tresna txikiak: lanorduaren balioaren 15 minutu.
  • Lerro zuria: lanorduaren balioaren 30 minutu.
  • Lerro marroia: lanordu baten balioa.
LZTk etxean emandako zerbitzuetan, joan-etorrien gastuak behin baino ezin dizkigute kobratu, tresna bat baino gehiago eta joan-etorri bat baino gehiago badira ere.
Duela hilabete eraman nuen bideoa konpontzera eta astero esaten didate ez zaiela pieza iritsi. Noiz arte itxarotea komeni da?
Eskatzen dugun unetik, ordezko pieza oro 15 eguneko epean zerbitzatu behar da, salbu eta inportazioko tresna bada, orduan epea hilabetekoa baita.
LTZn esan didate ez dutela piezarik duela 3 urte erosi nuen telebista konpontzeko. Hori gerta liteke?
Modeloa fabrikatzeari utzi ondoren ere denbora batez ordezko piezak izateko obligazioa dute LTZ guztiek:
  • 60,10 eurotik gora balio duten tresnentzat: 7 urtez.
  • 60,10 eurotik behera balio duten tresnentzat: 5 urtez.
  • Apaingarrientzat: 2 urtez.
Teknikariak tresna konpontzeko pieza erabiliak jarriko dituztela esan dit. Legezkoa da hori?
Ordezko pieza guztiek berriak izan behar dute. Pieza erabiliak, berreskuratuak edo jatorrizkoak ez direnak erabili ahal izateko baimena idatziz eman behar dugu, eta erabilera horretarako egokiak eta berriak merkatuan egonez gero baino merkeagoak badira baino ez.
Aldatutako piezak entregatzeko eskatzea komeni da, konponketa tresnaren berme-aldian egiten denean izan ezik.
Etxetresna LTZren establezimendura eramaten dugunean, gordailu-egiaztagiria eman behar digute, hori aurkeztea beharrezkoa baita aurrekontua eskuratzeko nahiz tresna jasotzeko. Aurrekonturik bada, aldeek hura sinatu eta gordailu-egiaztagiriaren balioa izango du.
Zein berme dute konponketek?
LZT batek egindako konponketa orok 3 hilabeteko bermea du tresna entregatzen denetik. Egindako konponketaren bermea osoa dela jotzen da, eta sor ditzakeen gastu guztiei dagokie:
  • Konponketak eragiten dituen garraio gastuak.
  • Konponketa egiten duten langileen joan-etorria, aurreko fakturan ordaindutakoekin bat badatoz.
  • Ordezko piezak eta erabili beharreko gainerako materialak.
  • Eragiketari dagozkion zergak.
Beste matxura bat bada, ordea, ez dugu eskubiderik izango beste konponketa bat bermearen kargura egiteko.
Tresna LTZtik etxera eraman aurretik, edo teknikaria etxetik joan aurretik, tresna zuzen dabilela eta konponketa ondo egin dela egiaztatzea komeni da.
Erreklamaziorik egin behar badugu ere, agiri guztiak (aurrekontua, faktura eta abar) gordetzea komeni da.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.