Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa - Galdera ohikoenak - Etxeko zerbitzuak

Zein datu agertu behar da fakturan?
Lana burututakoan, faktura bat eman behar digute, zeinean gure datuak, zerbitzu-emailearenak eta beste datu hauek agertu behar baitira:
  • Faktura zenbakia.
  • Egindako zerbitzuaren deskribapena.
  • Prezio osoa, zergak barne, aurrekontuko banakatzeari jarraituz.
  • Zerbitzuaren eta erabilitako materialen bermearen baldintzak, edukia eta iraupena, bai eta bermeari buruzko araudia ere.
  • Data eta zerbitzua ematen duenaren sinadura.
Fakturaren zenbatekoak eta kontzeptuek bat etorri beharko dute aurrekontuan jaso eta benetan gauzatutakoekin.
Lana egiteko erabili diren materialak ezin dizkigute inola ere publikoarentzako salmenta prezioa baino garestiago kobratu. Zerbitzu-emaileak materialen erosketa-fakturak eta prezioen tarifak gure eskura eduki behar ditu, egiaztatzerik izan dezagun.
Debekatuta dago pieza edo material erabiliak baliatzea, salbu eta aldez aurretik idatziz baimena ematen badugu. Horrelakoetan, erabiltzeko guztiz egoera onean egon beharko dute, eta merkatuan halakorik bada prezioak produktu berriarena baino merkeagoa izan beharko du.
Etxeko bainugela eraberritu nahi dut eta ez dut ezustekorik nahi fakturan. Nola itxi dezaket lanaren prezioa?
Zerbitzua egin aurretik idatzizko aurrekontua eskatzeko eskubidea dugu. Eskubide horri uko nahi badiogu, eskuz aurrekontuari uko egiten diot esaldia idatzi behar dugu, eta izenpetu.
Gure identifikazioa, zerbitzu-emailearena eta beste datu hauek zehaztu behar ditu aurrekontuak:
  • Eskatutako zerbitzuaren deskribapena, ezaugarriak, kalitateak eta azken emaitza zehaztuz.
  • Azken prezioa, zergak barne, erabili beharreko materialen ezaugarriak, unitate kopurua eta unitateko prezioa, lanaren prezioa eta joan-etorrien gastuak, banakatuta. Prezioa metro linealetan, , m2-tan edo m3-tan kalkulatzen bada, zenbatekoa eta ezaugarriak zehaztu beharko dira. Ordaintzeko era ere adierazi behar da.
  • Zerbitzuaren berme-aldia eta baldintzak.
  • Lana hasteko eta bukatzeko aurreikusten diren datak.
  • Aurrekontuan egindako eskaintzaren indarraldia.
  • Data eta zerbitzu-emailearen sinadura edo zigilua
Kasu hauetan aurrekontua aldatzerik izango da:
  • Lana egin ondoren matxurarik edo ezkutuko akatsik agertzen bada. Horrelakoetan, zerbitzuaren arduradunak horrek dakartzan aldaketak jakinarazi beharko dizkigu berehala, idatziz, eta guk ere idatziz eman beharko dugu onespena. Matxura edo akatsa larria bada eta kalteak eragozteko berehala konpondu behar bada, informazioa ahoz eman ahal digute, guk onartuz gero.
  • Lana eskatu ondoren eskaera aldatzen badugu; horrelakoetan idatziz jaso beharko da eta sinaduraz berretsi beharko dugu.
Aurrekontua egitea doakoa ez bada, zerbitzua ematen duenak agiri bidez horren kostua jakinarazi behar digu, egin aurretik.

Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.