Gasteizko suhiltzaileen ohiko galderak
Nola jakin dezaket zein den nire lantokia dagoen eraikina ebakuatzeko modurik onena suterik izanez gero?
Zentro bat ebakuatzeko planek Larrialdi Planean jasota egon behar dute, eta hori zentroaren jabetzaren eskumena da. Suhiltzaileok horiek landu eta ezartzeko aholkuak ematen ditugu, ez besterik. Proposatutako ebakuazioa egokia den egiaztatzeko modurik onena ezarritako simulakroak egitea da.
Duela gutxi suhiltzaileek erlaitz bat zurkaiztu behar izan zuten nire eraikinean. Zenbat denbora daukagu bizilagunok konpontzeko?
Gasteizko Udaleko Suhiltzaile Zerbitzuak hamabost egunez uzten du doan larrialdi batean segurtasuna bermatzeko jarritako material guztia. Epe hori igaro eta arazoa konpondu ez bada, etxejabeen elkarteak ordenantza fiskalean ezarritako tasa ordaindu beharko du materiala erabiltzegatik.
Duela hilabete istripua izan nuen eta nire ibilgailuko erregaia galtzadara isuri zen. Atzo suhiltzaileen ordainagiria iritsi zitzaidan, garbiketa dela eta. Ordaintzera behartuta nago? Zein tasak arautzen du zerbitzu hori?
Bai, ordaindu beharra duzu. Suhiltzaileen zerbitzu gehienak doakoak izan arren, batzuk kobratu egiten dira, eta hauxe da horietako bat. Presazko esku-hartzea beharrezkoa gertatuz gero, tasaren %99ko hobaria eman ahal izango da, salbu eta esku-hartze hori eragin duen ezbeharrak sortutako kalteak estaltzen dituen segurua hitzartuta dagoenean.
Bada suhiltzaileei eskatzerik prebentzioaren alorreko prestakuntza edo aholkularitza?
Gasteizko suhiltzaileek hainbat prestakuntza eta aholkularitza jarduera eskaini ohi dute, enpresa, ikasle eta elkarteentzat, bereziki. Suterik izanez gero nola jokatu eta norbera nola babestu ikastea da helburu nagusia, eta itzaltzeko tresnak erabiltzen ikastea. Zerbitzuak doako ikastaroak eskaintzen ditu, su itzalgailuak erabiltzen eta suteetan nola jokatu behar den ikasteko; baldintza bakarra 15-20 pertsonako taldea osatzea da. Zerbitzu hori eskatzeko 945 16 16 16 telefonora (3285 luzapena) deitu behar da.
Badut informazioa eskatzerik babes sistemen proiektuei buruz?
Suhiltzaile Zerbitzuko inspektoreordeekiko elkarrizketa eskatu behar da, Prebentzio bulegoaren bitartez 945 16 16 16 telefonoa
Nire ustez, ezagutzen dudan establezimendu batek ez ditu segurtasun baldintzak betetzen. Badut eskatzerik suhiltzaileak ikuskatzera joan daitezen?
Bai. Sute arrisku posible bati buruz ikuskapena eskatu edo kexa aurkezteko, 112 telefonora deitu, larria bada; bestela, 945 16 11 00 edo 010 telefonora deitu, edo zuzenean suhiltzaileen etxera.
Badut eskatzerik esku-hartze bati buruzko txostenaren kopia? Zenbat balio du?
Eragindako pertsonek Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuaren esku-hartzearen txostena eska dezakete Udaleko erregistro bulegoetan edo gizarte etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan; horretarako esku-hartzea zein egun-orduetan izan zen zehazten duen eskabidea aurkeztu behar da. Ordenantza fiskalean zehaztutako tasa ordaindu behar da.
Komenigarria da etxean su itzalgailu bat edukitzea?
Su itzalgailu bat eskura izatea komeni da, su txiki bat sute handia bilakatzea eragotz baitezake. Leku ikusgarri eta eskuragarrian eduki behar da, eta beteta dagoela eta funtzionatzen duela egiaztatu. Gasteizko suhiltzaileok gomendatzen dugu etxejabeen elkartea ardura dadila su itzalgailuez, eta horiek solairu bakoitzeko eskailera-buruetan jar daitezela, edozein bizilagunek erabiltzeko moduan. Hartara, elkarteak berak aginduko dio enpresa ziurtatu bati su itzalgailuen mantentzeaz arduratzeko. Su itzalgailua egoki erabiltzeko, suaren behealderantz bideratu behar da, eta batetik bestera mugituz bota.
Web orrialde honetan erakutsitako informazioak zeure informazio-beharrak betetzen ez baditu, eskatu behar dituzun argibideak Herritarren Postontziaren bidez.