Asexoria - Gazteak - Ohiko galderak

1.  Nolako da lehenengo ginekologia azterketa?
Kontsultara lehen aldiz joaten zarenean, ginekologoak galdera batzuk egingo dizkizu (historia klinikoa) zure datuak jasotzeko: adina, osasun-aurrekariak, hilekoa zein adinetan etorri zitzaizun, hilekoak nolakoak izan diren eta nolakoak diren, etab. Zure harreman erotikoen, antikontzepzioaren, haurdunaldien eta ginekologia arazoen gaineko informazioa eskatuko dizu.

Datu horiekin, gaixotasun jakinei aurrea hartzeko edo horiek diagnostikatzeko lan gehien non egin behar duen jakingo du, gutxi gorabehera.

Miaketa ere egingo dizu. Biluztu ostean, miaketa besaulkian esertzeko eskatuko dizu. Bertan, hankak banatu eta igo, eta orpoak euskarri batzuen gainean jarriko dituzu. Postura ez da oso erosoa, baina hori da genitalak eta bagina ikusteko eta umetoki-lepoa ikusteko miaketa egiteko tresna (espekulua) sartzeko modu bakarra.

Lasai bazaude, miaketak ez du zertan mingarria edo deserosoa izan behar. Espekulua itxirik sartzen da baginan, eta umetoki-lepora iristen denean, ireki egiten da.

Kontsulta batzuetan, espekulua baginan sarturik dagoela aprobetxatuz, bagina-zitologia egiten da: baginako eta umetoki-lepoko zelula batzuk hartzen dira. Zelulok mikroskopioarekin behatzen dira. Bagina-zitologia minbiziaren diagnosi goiztiarra egiteko froga izaten ahal da.

Espekulua itxi eta atera ondoren, ginekologoak bagina-ukipena egingo digu: baginan behatzak sartuko ditu eta beste eskuarekin abdomenean presioa egingo du eta umetokiaren kokapena, forma, egoera, arazoren bat duen eta mingarria den aztertuko du. Obarioak ez dira beti ukitzen.

Azterketak bular-miaketa ere barne hartu behar du eta hobe da hilekoa amaitu ostean egitea. Bularrak berdinak diren behatuko du; azalean eta titiburuetan alteraziorik dagoen...

Inork ez du emakume baten bularra berak baino hobeto ezagutuko. Horregatik, bularrak emakumeak berak automiatzea gomendatzen da, eta aldaketarik antzemanez gero ginekologora joatea. Anima zaitez eta galde iezaiozu bular-miaketa modu egokian nola egin.

Ez dezagun ahaztu diagnosi eta tratamendu egokia izatea medikuaren eta gure buruaren esku dagoela. Erantzukizun partekatu horrek gure ongizatearen eta osasunaren partaide bihurtzen gaitu.
2.  Normala al da mutil batek erakartzea mutila bazara?
Pertsonoi beste sexukoak edo gure sexu berekoak erakar diezagukete.

Norberak, bere bizitzan barna, batez ere zein pertsona motak erakartzen duen aurkitzen du. Batzuei beraien sexu berekoek bakarrik iruditzen zaizkie erakargarriak. Horiek homosexualak dira (gay eta lesbianak). Erakartzen dietenak beste sexukoak badira, berriz, heterosexualak.

Desira horietako edozein normala da; pertsona, sentimendu eta gustuen aniztasunaren isla.

Hala ere, gure gizarteak ez duenez homosexualtasuna ontzat hartzen, agian, batzuei, homosexualak direla sentitu arren, beren burua eta desirak onartzea zail egiten zaie. Kasu horretan, Asexorian aurrez aurreko kontsultarako gunea ere eskaintzen dugu.

Kezka sexu bereko pertsona zehatz batekin ligatzea bada, jakin beharreko lehen kontua zure moduan sentitzen duen eta zurekin harreman erotikoak izan nahi dituen da. Aintzat hartu behar da mutil bat gay izateak ez duela esan nahi munduko gizon guztiek erakartzen dutenik, batzuek baizik (berdina gertatzen da neska lesbianekin eta pertsona heterosexualekin). Zurekin harreman erotikoa izan nahi duen jakiteko proposamen argia eta errespetuzkoa egin beharko zaio, beldurrarazi gabe, eta ezezko erantzuna jasotzeko prest egon beharko gara.
3.  Zenbat aldiz jarraian hartu daiteke hurrengo eguneko pilula?
Ahal bezain gutxi erabili behar da eta, sekula ez bitan baino gehiagotan, hilekoaren ziklo beraren barnean. Izan ere, konposatu hormonal gogorra denez, puntualki erabiltzea gomendatzen da, haurdun geratzea nahi ez denean.

Hurrengo eguneko pilula edo koitoaren osteko tratamendua deiturikoa ez da antisorgailu bat, urgentziazko metodo bat baizik, beste metodo batzuek huts egitean soilik erabili behar dena (koitoan antisorgailua hausten denean, esaterako). Babes gabeko koitoa gertatu eta ondorengo 48 orduetan hartu behar da, eta osasun arloko langileek errezetatuta, betiere.

Beraz, badakizu, sekula ez du antisorgailua ordezkatu behar eta ez aipatu dugunagatik bakarrik, baita transmisio genitaleko gaixotasunei aurrea hartzeko balio ez duelako ere.
4.  Maitasuna egiten den aldiro min ematen al du?
Erraza da koitoa egitean mina edo erresumina izatea, neska kitzikaturik ez badago edo ez bada bagina lubrifikatu. Mina ematen badu, aguantatu ordez, hobe da sarketa alde batera utzi eta beste gauza batzuk egitea, une batean zein harreman guztian barna.

Neska askorentzat, sarketa ez da praktika kitzikagarrienetakoa; sarketaren aurretik beroturik egoten ahal dira eta gero, sarketa harremana luzaroan luzatuz gero, kitzikagarritasuna galdu eta lubrifikazioa txikitzen da. Zenbait bikotek, nahiago dute koitoa neskak orgasmoa sentitu ostean praktikatzea. Horrela lubrifikatuago egoten da eta zakila hobeto sartzen da. Estimulazio orala ere ez da txarra; izan ere, listuak bulba gehixeago lubrifika dezake.

Garrantzitsuena harremanean uneoro gustura egotea da. Pentsa ezazu une horretan sarketarako gogorik duzun edo ez, eta horren ordez atsegina eta laketgarria den zer egiten ahal duzun.
5.  Nola has gaitezke institutuan sexu-hezkuntza lantzen?
Sexu-hezkuntzaren inguruan esku-hartzeren bat modu antolatuan egitea erabaki izana oso interesgarria da. Izan ere, zuen eguneroko hezte lanean, gaztetxoekin kontaktuan, balioak eta jarrerak helarazten dizkiezue eta, agian, baita sexuen eta sexualitateen inguruko ezagutzak ere. Hala ere, eskolan sexu-hezkuntzako programa bat abiarazi aurretik, interesgarria izango litzateke zuek oinarrizko prestakuntza jasotzea. Kontua ez da sexologia-aditu bihurtzea, prestakuntza horren bitartez ezagutza jakin batzuk izatea baizik, eta baita sexu-hezkuntza lantzean norbere jarrerak izaten ahal duen garrantziaren gainean hausnartzea ere. Hala ere, badakizue Asexorian jarraitu beharreko pausuen orientatzen ahal dizuegula eta prozesua ere zuekin batera egin dezakegula.
6.  Zer egin beharko nuke alabaren tiraderan antisorgailua aurkituko banu?
Neskaren adina jakitea garrantzitsua da. Aukera hori berarekin hitz egiteko aprobetxatzea gomendatzen da. Garrantzitsua da ez zenuela muturra bere intimitatean sartu nahi ulertaraztea, baina ezin zenuela ezikusiarena egin. Hitz egiteko aukera ona izaten ahal da. Antisorgailua tiraderan arrazoi asko eta askogatik izan dezakeela aintzat hartu, eta ez jada koito harremanak izaten ahal dituelako soilik. Ez bazarete sekula sexualitatearen inguruan jardun, agian, zuri lotsa emango dizu. Baina ziur aski, baita berari ere. Has zaitez zure beldur eta zalantzak aitortuz, uste duzunari buruz hitz eginez. Garrantzitsua da berak ez diozula errietarik egingo edo erretolikarik botako sentitzea, eta entzuteko prest zaudela jakitea. Egiaz koito harremanak mantentzen baditu, egitea desira badu, bere harremanekin gustura badago eta antisorgailuak modu egokian erabiltzen baditu, hartu lasai arnasa.

Lotutako informazioa

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: