Hiriko parke eta soropiletan konposta gehitzearen proiektua
Laburpena
Gasteizeko hiriak gune berde eta lorategi publiko asko ditu, guztira 654ha hiri barruan eta 758ha eraztun berdean, hau da, biztanleko 27m2 hiri barnean eta 31m2 eraztun berdean (guztira 58m2 biztanleko). Gune hauek kudeatzea lan handia da, batez ere udan: segak, kimaketak, ureztaketak, landaketak etab. Parke eta lorategiak ureztatzeko modua anitza da, tantaka egitetik eskuz egitera edota ureztatu gabe uztea ere. Ongarritzeari dagokionean, hiri barneko eta kanpoaldeko zuhaitzak ongarritzen badira ere, soropilak eta larreak ongarritzeko ohiturarik ez dago.
Gune berde hauen kudeaketan hainbat tona biohondakin sortzen dira (belarra, kimaketak, zuhaitz hilak...) gaur egun kudeatzen zailak direnak. Beste alde batetik, 2017. urtean konposta sortzeko hainbat ekimen berri sortu dira Gasteizen. Hala nola Udaleko Haztegian belarra eta inausketen arrastoak konpostatzen hasi dira, eta bestalde, Salburuko auzoan ere euren hondakinak konpostatzen hasi dira auzo-konposteretan.
Egoera honetan sortzen da proiektu esperimental berri hau, soropiletan bi konpost mota hauen aplikazioarekin lortuko diren onurak ikertuko dituena alegia. Hortaz, alde batetik egungo hiriko lurtzoruen estrukturan eta konposizioan hobekuntzak lortu nahi dira (egungo zoruek %2,8ko materia organikoa eta %0,15eko nitrogeno kopurua dute) eta landare eta belarretan udako lehorteei aurre egiteko gaitasuna hobetzea bestetik. Proiektu honen bitartez hirirako hondakin organikoen kudeaketa on bat ere lortu nahi da, gertuko eta kalitatezko konpostajea lehenetsiko zuena.
Konposta lurrean aplikatzeak eta sortze-prozesuak berak ekosistema-zerbitzuetan eragin ditzaketen onurak ere ikertuko dira proiektu honetan. Horretarako ingurumen-zerbitzuak eta gizarte-zerbitzuak ikertuko dira, hala nola, gertuko ezagutza ekologikoa, ingurumen hezkuntza, gizarte-kohesioa eta jabetasun kontzeptua.
Lankidetza
Proiektu honetan IGIk (Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak) eta EHUk (Euskal Herriko Unibertsitateak) hartuko dute parte, Master edo Gradu Amaierako Lanak egiten ari diren ikasleen partehartzea sustatuz.
Kontuan hartuta lurzoruen hobekuntza ez dela egun batetik bestera ematen, eta epe ertain edo luzeak behar izaten direla horretarako, esperimentu hau 2 edo 3 urtetan errepikatzea proposatzen da. Modu honetan, diseinua bestelako hiri edo herrietan errepikatzeko aukera aurkezten da, baita kanpo-finantzaketa bat lortzeko aukera ere.
Proiektuaren kokapena
Guillermo Elio Molinuevo kalean kokatutako rotondaren soropilean egingo da esperimentua.
Berriak
Proiektuaren inguruko berriak, kronologikoki ordenatuak:
If the information on the page does not match your information requirements, please apply via the Citizens' mailbox.