Diru hornidurak esleitzeko deialdiaren oinarriak. Gazte Informatzaileen Sarea programa 2019/2020

Gazteria Zerbitzua

2018ko abenduaren 28an onetsi zituen Tokiko Gobernu Batzarrak Gasteizko Udalaren diru-laguntzen deialdiak arautzen dituzten oinarri orokorrak. 2019ko otsailaren 13ko ALHAOn —19. zk.— argitaratu ziren oinarri orokor horiek, eta Udalaren webgunean kontsulta daitezke www.vitoria-gasteiz.org, baita herritarrei laguntzeko bulegoetan ere. Aurreikusitako diru-laguntzen ildoetako bat hau da, Gazte informatzaileen sarea 2019-2020 programako diru-hornidurena.

Deialdi honetara aurkeztu nahi duten entitateek oinarri orokor horietara jo beharko dute honako hauen ingurukoak jakiteko: instrukzioa eta ebazpena; ebazteko eta jakinarazteko epea; berriro formulatzea; uko egitea; diru-laguntzaren ordainketa; onuradunak diru-laguntzaren publizitatea egitea; arau-hausteak eta zigorrak; interpretazioa eta aplikatzekoa den araudia, eta abar.

Lehena.- Diru laguntzen ildoa

Irakaskuntza Ertainetako gazte informatzaileei laguntzea.

Bigarrena . Deialdiaren xedea

Gasteizko ikastetxeetan —Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta Erdi Mailako nahiz Goi Mailako Lanbide Heziketa eskaintzen duten ikastetxeetan—, 2019-2020 ikasturtean, gazte informatzaileen sarea kudeatu eta dinamizatzeko diru-hornidurak emateko modua arautzen da deialdi honen bitartez.

Gazteei beren garapen pertsonalerako informazio esanguratsua eskuratzeko erraztasunak ematea da deialdi honen helburua, eta, funtsean, informazio hori bildu eta gazteen artean zabaltzeko orduan berak protagonista izatea.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Udalaren IV. Gazte Planaren bitartez ezarri ditu gazteen arloan jarduteko ardatz nagusiak —berrikuntza, protagonismoa, partaidetza, zeharkakotasuna—. Gazte informatzaileen sarearen programa honek gazteen presentzia eta partaidetza ahalbidetzen ditu hartzaile diren politiketan.

Hirugarrena . Proiektuaren azalpena

Gazte informatzaileen sarea zer den: programa horren bitartez, koordinatu egiten da ikasleen parte-hartzea, beren eguneroko eta etorkizuneko jardunerako informazio garrantzitsua jaso eta zabaltzeari dagokionez: hirian gazteentzat dauden zerbitzu eta baliabideak, prestakuntza, beka eta diru-laguntzak, lehiaketa eta deialdiak, enplegua, aisialdia eta abar. Horretarako, informazio-lekuez hornitzen ditu Gazteria Zerbitzuak parte hartzen duten ikastetxeak.

Informazio-leku bakoitzak honako hauek ditu:

1.- Informazio taula bat.

2.- Harremanetarako, informaziorako eta komunikaziorako espazio birtual bat.

3.- Gazte informatzaileak, ikastetxeko ikasleak.

1. Informazio-taula proiektu honetarako eta ez bestetarako izango da, eta gazteentzat interesgarrienak izan litezkeen berri eta argibideak jarriko dira bertan. Batetik, Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoko informazio hautatu eta eguneratua, eta bestetik, eta gazte informatzaileek berek ikastetxean nahiz auzoan jasotzen duten informazioa eskainiko dute informazio-taulek.

2. Espazio birtuala: programaren eta parte hartzen duten gazteen beharretarako egoki diren harreman-, informazio- eta komunikazio-espazioak sortuko dira, webgunearen www.vitoria-gasteiz.org/redinformadores eta sare sozialen bitartez (twitter: @VG_juventud / @VG_gazteria eta facebook: OMIJ - Informazio Gaztea).

3. Informazio-lekua dagoen ikastetxeko 15 eta 25 urte bitarteko ikasleak izango dira gazte informatzaileak. Bi lagun izan daiteke zeregin horietan jarduteko kopururik egokiena.

Ikastetxeak berak aukeratuko ditu gazte informatzaile horiek, egokitzat jotzen dituen hautaketa-irizpideak baliatuz. Beren ikastetxean programa dinamizatzeko proposamen bat egiteaz arduratuko dira gazte informatzaile horiek.

Oinarri hauen hamargarren puntuan adierazten den baremoa baliatuz baloratuko ditu Gazteria Zerbitzuak egiten diren proposamenak, eta ikastetxeak eta parte-hartzaileak aukeratuko.

Gazte informatzaileek ez dute inolako lan- edo merkataritza-harremanik izango Udalarekin; besterik gabe, diru-hornidura baten onuradun izango dira.

- 2019ko urritik 2020ko maiatzera artekoa izango da funtzionamendu-aldia.

- Diru-hornidurak: deialdi honen bitartez, gehienez 20 diru-hornidura esleituko dira gazte informatzaileen sarea dinamizatzeko. Ikastetxe bakoitzeko, 500,00 eurokoa izango da diru-hornidura, bertako ikasleek egiten dituzten dinamizatze lanen ordainetan.

Proiektuei bermea ematen dieten ikastetxeen zeregina izango da —deialdi honen barruan hautatuak suertatzen direlarik— diru-hornidura kudeatzea, esan nahi baita hura jaso eta gazte informatzaileei helaraztea.

Hain zuzen ere, ikastetxearen banku kontuan sartuko da diru hornidura hori, bi zatitan. Ikastetxea arduratuko da ikasleei ordaintzeaz, diru-horniduraren jasotzailea den aldetik.

Ordainketa bakoitza justifikatzeko, ziurtagiriak bidali beharko ditu ikastetxeak Gazteria Zerbitzura (IV. eranskina).

Laugarrena . Baliabide ekonomikoak

Deialdi honen haritik ematen diren laguntzak Gazteria Zerbitzuaren 2019ko aurrekontuko 2019/ 0116. 2371.48936 partidako 10.000,00 euroko aurrekontu-kreditutik ordainduko dira.

Bosgarrena . Ikastetxearen zereginak, Gazte Informatzaileen Sarea dela eta

Hauxe eskatzen zaio informazio-leku bat eduki nahi duen ikastetxeari:

1_ Gazte informatzaileen sarearen programari zabalkundea ematea ikasleen artean, gazte informatzaileen zereginak beren gain hartuko dituzten ikasleak hautatzea, eta haien dinamizatze-proposamenari bermea ematea (III. eranskina). Gainera, erreferentziazko pertsona bat aukeratu beharko dute —bai gazte informatzaileentzat, bai Gazteria Zerbitzuarentzat—.

2_ Proiektua balioztatzeko prozesuan Gazteria Zerbitzuari laguntzea.

3_ Bertako gazteek ongi ikusteko lekuan informazio-taula jartzeko leku bat uztea ikastetxean, gazte informatzaileek eta ez bestek erabiltzeko.

4_ Gazte informatzaileei informazio-lekua ezagutarazteko erraztasunak ematea, bai ikastetxean bertan, bai gazte informatzaileen sareak baliatzen dituen sare sozialen bitartez.

5_ Informazio-lekua kudeatzeko lanak errazte aldera, ikastetxeko zenbait baliabide erabiltzen uztea: bulegoko materiala, fotokopiagailua, ordenagailua, telefonoa...

6_ Horretarako jasotako diru-hornidura ikastetxeko gazte-informatzaileei helaraztea, eta ordainketa horiek behar bezala justifikatzea. Ikastetxeak ezingo du inolaz ere atxiki diru-hornidura gazte informatzaileen sarearen programaz kanpoko kontzeptuak direla eta.

7_ Proiektuaren jarraitutasuna bermatzea, ezarritako aldi osoan, behar izanez gero gazte informatzaile berriak izendatuz, baldin eta lehendik zeudenek ikastetxea uzten badute edo hurrengo puntuan adierazten diren zereginak betetzen ez badituzte, edo bestelako pisuzko arrazoiren bat egokitzen bada.

Seigarrena . Gazte informatzaileen zereginak

Deialdi honetan beren proposamena hautatua egokitzen delarik, zeregin hauek hartu beharko dituzte beren gain gazte informatzaileek:

1_ Astean behin Gazteen Argibideetarako Bulegora joatea, bertan prestatutako informazioa jasotzera, eta ikastetxeko ikaskideentzat interesgarritzat jotzen duten beste edozein informazio bildu eta prestatzea.

2_ Informazio-lekuko informazio-taula kudeatzea —eguneratua eta ordenatua eduki beharko dute, eta Gazteen Argibideetarako Bulegoan eskuratutako informazioa nahiz berek lortzen dutena bertan jarri, bulego horretatik ematen dizkieten irizpide teknikoen arabera antolatuta—.

3_ Gazte informatzaileen sarearen programarako lehendik sortutako nahiz berritik sortzen diren sare sozialak kudeatzen eta horiei zabalkundea ematen modu aktiboan parte hartzea, informazio-edukiak sortuz eta horiek beren ikastetxeetako gazteen artean zabalduz.

4_ Gazteria Zerbitzuak deitzen dituen koordinazio-, jarraipen- eta prestakuntza-bileretara joatea:

· Nahitaez joan beharreko prestakuntza-bilerak:

¾ Prestakuntza-bilera teorikoa: urriaren 19an, larunbatez (4 orduko saioa, goizez)

¾ Sare sozialen inguruko prestakuntza-bilera praktikoa: azaroaren 20an (2 orduko saioa, arratsaldez)

¾ Jarraipen-bilera, ikastetxean bertan, urtarrilean edo otsailean (30 minutu, gutxi gorabehera).

5_ Ebaluazio-topaketak, 2020ko maiatzean (elkarrizketa pertsonalak).

6_ Proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-datuak biltzeko Gazteen Argibideetarako Bulegoarekin elkarlanean jardun eta ikasturtean zehar informatzaile gisa egindako lanaren azken oroitidazkia aurkeztea. Alderdi hauek baloratuko dira oroitidazki horretan: alde batetik, gazte informatzaileen eta erabiltzaileen asebetetze-maila; bestetik, sare sozialetan egindako lana —jarraitzaile-kopurua, partekatu eta igotako berrien kopurua, eta abar—, eta, azkenik, informatzaile gisa egiten duten lana ezagutzera emateko erabilitako estrategiak. Ezinbesteko betekizuna izango da azken oroitidazki hori aurkeztea diru-horniduraren bigarren epea kobratzeko.

7_ Funtzionamendu ezegokirik ikusiz gero, Gazteen Argibideetarako Bulegoak kontrol- eta ebaluazio-sistemak ezarri ahal izango ditu, beti ere dinamika behar bezala bideratu eta programako helburuak betetzera zuzendurik.

Zazpigarrena . Gazteria Zerbitzuaren zereginak

Konpromiso hauek hartuko ditu bere gain Gazteria Zerbitzuak:

1_Proiektuaren arduradun bat izendatzea, ikastetxe eta informatzaileekiko harremanetarako.

2_ Ikastetxe bakoitza informazio-taula batez hornitzea.

3_ Gazte informatzaile bakoitzari informazio-taula eguneratzeko behar duen informazio-materiala eta dokumentazioa ematea, eta halaber ikastetxean nahiz sarean informazioa bilatu eta zabalkundea emateko prestakuntza.

4_ Gazte informatzaileei informazio-lekuak kudeatzeko aholkuak eta laguntza ematea —banakako jarraipena egingo du, ikastetxeetara bisitak eginez—.

5_ Prestakuntza jasotzea eta behar diren bilerak egitea, eta, kasuan kasu, informazio-panelen eta espazio birtualen funtzionamendu onerako egokien diren kontrol- eta ebaluazio-sistemak ezartzea.

6_ Proiektuari buruzko datuak bildu eta ebaluatzeko tresnak eskaintzea.

7_ Ikastetxeei esleitutako diru-hornidurak ordaintzea, deialdi honetan adierazten diren epeetan eta moduan.

8_ Programa hau dela eta, gazte informatzaileek sortzen dituzten proposamen, ekintza eta berriei laguntza ematea.

Zortzigarrena . Parte hartzeko eska bidea

1.- Gazte informatzaileen sarean parte hartu nahi duten Gasteizko udalerriko ikastetxeek —Bigarren Hezkuntza, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Batxilergoa eta Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketa—, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1_ Bosgarren atalean adierazitako konpromisoak beren gain hartzeko prest agertzea.

2_ Gasteizko Udalari laguntza ekonomikoa eskatzea.

3_ Ikastetxeak parte hartzeko eskabidea aurkeztea (I. eranskina), hautagai diren ikasleen eskabideekin (II. eranskina) eta gazte informatzaileen sarearen barruan ikastetxea dinamizatzeko horien proposamenarekin batera (III. eranskina), baita parte hartzeko eta sare sozialak eta beraien irudia gazte informatzaileen sarearen programaren barruan egokiro erabiltzeko baimena ere (V. eranskina), deialdi honen bederatzigarren puntuan adierazten diren epeetan eta moduan.

2.- Deialdi honetan parte hartu nahi duten ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1_ Proiektua zein ikastetxetarako den, bertan matrikulatuta egotea. Baldin eta ikasturtean zehar praktikarik egin behar bada ikastetxetik kanpo, ikasleak egiteko konpromisoa hartua duen zereginak egingo dituela bermatu beharko da. Ikasturteko edozein unetan ikastetxean baja emanez gero, gazte informatzailea izateari utziko dio dena delako ikasleak, eta orobat galduko du artean jaso gabeko diru-hornidura.

2_ 15 urtetik 25era bitarteko adina edukitzea. Ikasturtean zehar bete beharko da baldintza hori. Gainera, DBHko 4. maila, Batxilergoa edo Lanbide Heziketako zikloren bat egiten aritu beharko da.

3_ Eskabidea aurkeztea (II. eranskina), beren ikastetxean, eta eskatzen diren egiaztagiriak eranstea.

4_ Gazte informatzaileen sarearen barruan ikastetxea dinamizatzeko proposamena egitea. III. eranskineko gidoia —galdetegia— baliatu ahal izango da horretarako.

5_ Parte hartzeko eta sare sozialak eta ikastetxearen irudia gazte informatzaileen sarearen programaren barruan egokiro erabiltzeko baimena aurkeztea (V. eranskina), sinatuta.

6_Gehienez ere bi ikasturtez parte hartu ahal izango du ikasle bakoitzak programan, matrikulatuta dagoen ikastetxea edozein delarik ere.

7_ Seigarren atalean zehaztu diren informatzaile-zereginak beren gain hartzea.

Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoak aholkularitza eskainiko die programaren inguruko edozein zalantza argitu nahi duten ikasleei, eta eskatzen diren eranskinak betetzen lagunduko. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da, 945 16 13 30 telefonoan.

Bederatzigarrena.- Iragarkia eta aurkezteko epea

1.-Argibideak eta agiriak

ALHAOn eta Udalaren webgunean www.vitoria-gasteiz.org/omij argitaratuko da deialdia, eta Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoan —Espainia plaza— eskatu ahal izango da oinarrien kopia.

2.-Izapideak

Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahalko dira, herritarrei laguntzeko bulegoetan, edo Gasteizko Udalaren egoitza elektronikoan (https://egoitzaelektronikoa.vitoria-gasteiz.org), nahiz legez aurreikusitako gainerako moduetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.

Proposamenak aurkezteko epea: 2019ko irailaren 24ko 23:59ak arte.

Eskabideak egiteko udalaren web-orrian dagoen eredua baliatu beharko da (vitoria-gasteiz.org/subvenciones) ; (vitoria-gasteiz.org/dirulaguntzak).

Eskabide bakoitzarekin batera aurkeztu beharko dira oinarri hauetan eskatzen diren agiriak:

- I. Eranskina. “Gazte informatzaileen sarea” programan parte hartzeko eskabidea.

- II. Eranskina. Ikasleen eskabidea, Gazte informatzaileen sareko gazte informatzailea izateko.

- III. Eranskina. Gazte informatzaile izan nahi duten ikasleek egin behar duten proposamenerako gida.

-V. Eranskina. Irudiak argitaratzeko eta “Gazte informatzaileen sarea” programan gizarte sareak modu egokian erabiltzeko baimena.

iru-laguntzaren eskabidea zuzen formalizatuta ez badago edo daturen bat falta bazaio, edo eskatutako agiriren bat aurkezten ez bada, entitate eskatzaileari akatsa konpontzeko eskatuko zaio, eta adieraziko zaio hala egin ezean eskabidea beste barik artxibatuko dela.

Hamargarrena.- Balioespen-irizpideak

Gazte informatzaileen sarearen barruan ikastetxea dinamizatzeko proposamena idatzi beharko dute gazte informatzaileek. III. eranskineko gidoia —galdetegia— baliatu ahal izango da horretarako.

Gazteria Zerbitzuko teknikariek hautatuko dituzte proposamenak, irizpide hauek aintzat harturik:

1. Tabla: Proposamenaren balioespena
Proposamenaren balioespena
Egiazko informazioa, egiaztatua eta erabilgarria edukitzearen garrantziaren inguruko gogoeta. 10 puntu gehienez
Proposatutako metodologia: zereginen banaketa, gainerako ikasleekin lan egiteko moduak, ikastetxeko tutorearekiko eta zuzendaritzarekiko koordinazioa. 10 puntu gehienez
Informazio-panela eta beren gisakoentzat interesgarri diren edukiak ezagutzera emateko estrategiak: informazio-bilerak, bisitak klaseetara, komunikazioa transmititzeko euskarriak, webgunea, sare sozialak eta abar. 10 puntu gehienez
Informatzaileen merezimenduak
Gazte elkarte edo talde bateko kide izatea (egiaztatu egin beharko da) 2 puntu gehienez
Aisialdiarekin, animazioarekin eta gazteentzako informazioarekin zerikusia duten ikastaroak egin izana (egiaztatu egin beharko da) 2 puntu gehienez
Ordezkapen organoetako kide izatea (eskola kontseilua, lan batzordeak...) (egiaztatu egin beharko da). 2 puntu gehienez
GUZTIRA 36 Puntu

Aurkezten diren eskabideak baino diru-hornidura gehiago badago, bat baino gehiago eman ahal izango da ikastetxe bererako. Horregatik, beren instalazioetan informazio-leku bat baino gehiago jarri nahi luketen ikastetxeek:

  • Eskabide bana aurkeztu beharko dute, eta berariazko dinamizazio-proposamen bana.
  • Proiektu bakoitzak bere gazte informatzaileak eta arduraduna eduki beharko ditu.

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuko teknikariak izango dira instrukzio-egile.

Hamaikagarrena.- Esleipenaren berri ematea eta ordaintzeko modua

Diru-horniduren esleipenari buruzko jakinarazpena idatziz helaraziko zaio ikastetxeari, 10 eguneko epean, Gobernu Batzarrak erabakia hartzen duen egunetik kontatuta.

Esleipendun diren ikastetxeen kontu korronteetan ordainduko dira diru-hornidurak, bi epetan. Lehen zatia, 2019ko abendutik aurrera, eta bigarrena, berriz, 2020ko maiatzetik aurrera.

Diru-hornidurak jasotzeko, ikastetxeek ordainduta eduki beharko dituzte Gasteizko Udalarekiko zerga-betebeharrak —ofizioz egiaztatuko du hori Gazteria Zerbitzuak, baldin eta Gasteizko Udalari laguntza ekonomikoa eskatzeko eskabidean horretarako baimena eman bada—. Baimen hori eman ez bada, zerga-betebeharrak nahiz Gizarte Segurantzako Diruzaintzarekikoak beteta daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak aurkeztu beharko dira 2019ko urrian.

Informatzaile gazteek proiektuaren amaierako oroitidazkia aurkeztu beharko dute Gazteen Argibideetarako Bulegoan, adierazten zaien datan. Gazteria Zerbitzuak eta ikastetxeak hori ontzat eman ondoren, diru-horniduraren bigarren zatia ordainduko zaie informatzaile gazteei.

Informatzaile gazteek beren zereginak modu egokian bete ez badituzte, bertan behera utziko da diru-horniduraren ordainketa, ikastetxeari eta interesdunei behar bezala jakinarazi ondoren. Ordainketa egina balego, ikastetxeak diru hornidura itzuliko lioke Udalari.

Hamabigarrena.- Diru hornidura justifikatzea

Deialdi honen baitan gazte informatzaileen sarea dinamizatzeko diru-hornidura baten onuraduna den ikastetxeak diru-hornidura hori informatzaileei helarazi diela erakusten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu (IV. eranskina): 2020ko urtarrilaren 31 baino lehen, lehen ordainketari dagokiona, eta 2020ko uztailaren 31 baino lehen, bigarren ordainketari dagokiona.

ERANSKINAK

GASTEIZKO UDALARI DIRU-LAGUNTZAK ETA LAGUNTZA ECONOMIKOAK ESKATZEKO ORRIA

I.ERANSKINA "Gazte Informatzaileen Sarea 2017-2018" programan parte hartzeko eskabidea

II.ERANSKINA Ikasleen eskabidea, Gazte Informatzaileen Sareko Gazte Informatzailea izateko

III.ERANSKINA Gazte Informatzaile izan nahi duten ikasleek egin beharreko

ANEXO IV: Gazte Informatzaileen Sarearen ordainagiria

V.ERANSKINA Irudiak argitaratzeko eta "Gazte Informatzaileen sarea" programan gizarte sareak modu egokian erabiltzeko baimena

  

Zure iritziak axola digu

Lagun iezaguzu hobetzen. Informazio hau baliagarria gertatu zaizu?            

Nahi baduzu, iruzkinak egin ditzakezu.
Nahitaezkoa da identifikatzea.

Gaia publikoa izatea aukeratzen baduzu, gainontzeko herritarrek zuk idatzitakoa eta udalak emandako erantzunak irakurri ahalko dituzte; baita iruzkinak egin ere. Gaia pribatutzat jotzen baduzu, zuk bakarrik izango duzu gai horretarako sarbidea eta udalak emandako erantzunak irakurtzeko aukera. Gaia idaztean identifikazio kodea emango zaizu.

Aldartea

Harremanetarako beste kontaktu bat: