Maiatzaren 17a, Lesbo-Gay-Transfobiaren aurkako Eguna. 1990eko maiatzaren 17an, gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen homosexualitatea Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori izan zen lehen urratsa, sexu-joera eta -identitatea onartuak izaten has zitezen, gizarteen berezko aniztasunaren baitako gisa. Ildo horretatik aldaketa eta aurrerapen ugari gertatu badira ere, transexual, lesbiana, gay, bisexual eta intersexualek —LGTBI ere deitu ohi zaien horiek— diskriminazioa, estigmatizatzea eta bortizkeria jasaten jarraitzen dute. Aurten, M17a ospatzeko, hitzaldi bat eta zine erakuskaldia antolatu dugu, HEGOAK erakundearen laguntzarekin. Horrela, Berdintasun Zerbitzuak LGTBfobiaren kontrako borrokan ahaleginak egiteko asmoa du, kultura, hezkuntza, entretenimendua eta ezagutza baliatuz aniztasunarekiko errespetua galdatzeko. |