Hirira etortzean, ezin duzu Arabar Errioxako ardo on bat dastatu gabe gelditu. Erromatarren aurretikoa da probintzian mahastizaintza. Araban, mahastiek 12.000 hektarea betetzen dituzte eta bertako ardoek -Rioja-Errioxa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen kontrolpean ekoiztutakoak- merezitako izen handia dute nazioarte mailan ere.
Egun, Arabar Errioxako Ardoaren Ibilbidea mamitzen ari da eta gutxi barru, honen bitartez, hamaika gauza egin eta ikusi ahal izango ditu bisitariak, esaterako: Erdi Aroko upelategietara jaitsi, instalazio abangoardistetan zehar ibili, eskualdean abentura-kirola praktikatu, mahastiez inguraturiko hoteletan ostatu hartu edo kultura eta astialdiko jarduera mordo batez gozatu.
Gainera, abenduro, Sortzez Garbiaren jaia heltzean, ardandegi-jabeak eurak dira hirira beren ardorik hoberenak ezagutaraztera bertaratzen direnak, eta hori guztia, Ardoaraba izeneko Nazioarteko Ardo Azokan. Hirigunean bost karpa jarri eta Arabar Errioxako ardo onenak eta pintxo-aukera zabala eta zaporetsua dastatzeko parada eskaintzen dute. Azokan, halaber, honako hauek antolatzen dira: ardo-dastatze bereziak, uztartzeak eta ardoaren kulturari buruzko hitzaldi eta ponentziak.