Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO ALDIZKARI DIGITALA

2008ko irailaren 15 - 34. zenbakia

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea eta Hiria nire autoa gabe! 2008 jardunaldia
Aurtengo leloa "Aire garbia denontzat" da. Aurten ekimenak garrantzi berezia dauka, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren lehen fasearekin bat egiten baitu.

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren 1. faseak protagonismo handiagoa ematen dio bizikletaren erabilerari
Bizikleta hiriko mugikortasunerako alternatiba gisa berriro kontsideratu nahi bada, hau modu planifikatuan egin beharko da, eta helburu hori betetzeko, Bizikleta bidezko Mugikortasunaren Plan Gidari bat garatuko da.

Zabalik dago ingurumen hezkuntzako jardueretan izena ematea 2008-2009 ikasturterako
Hirugarren urtez jarraian, Vitoria-Gasteizko Udalak "Vitoria-Gasteiz. Heziketarako Espazio" izeneko gida argitaratu du, kasu honetan 2008-2009 ikasturteari dagokiona. Gida honen bidez, Udalak eskola komunitatearentzako prestatzen dituen hezkuntza jarduerak ezagutzera ematen dira.

2002-2007ko Ingurumen Ekintzako Planaren behin-betiko berrikuspena egin da
Plana indarrean egon den tartea amaituta, bere garapen maila analizatzen duen behin-betiko ebaluazioa eta berrikuspena egin da.

Hiri Ekologiaren Gelaren iraileko jarduerek mugikortasuna izango dute ardatz

Urrian, 2008ko Hegaztien Mundu Eguna

Loreontzietako lorezaintza lantegietan izena emateko epea ireki da

Bizi ezazu Salburuko parkeko oreinen marrualdia

"MEDIOAMBIENTE VITORIA-GASTEIZ INGURUMENA" lehiaketaren 6. ekitaldira argazkiak aurkezteko epea irailaren 29an irekiko da

Erakusketa: "Naturaren argazkilariak, 2007. Wildlife Photographer of the year"

Abetxukuko idi larrea leheneratu da

CEAk koaderno didaktiko bat sustatu du Salburuko eta Ciénaga de Zapatako (Kuba) balioak erakusteko

Ekainaren 5ean 2008ko Agenda 21aren adierazleen buletina aurkeztu zen

2007-2008 ikasturteko Eskolako Agenda 21aren balantzea

Eraztun Berdearen oinezko eta bizikletazko biren balantzea
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak

Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea eta Hiria nire autoa gabe! 2008 jardunaldia

Vitoria-Gasteizko Udalak 2000. urtetik hartzen du parte irailaren 22an egiten den "Nire autoa gabe" egun europarrean.

Duela hainbat urtetik hona, gertakizun honi lotutako ekimenak ez dira irailaren 22ra mugatzen, eta beste zenbait egunetan ere jarduerak egiten dira, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea osatuz. Aurtengo leloa "Aire garbia denontzat" da. Aurten ekimenak garrantzi berezia dauka, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren lehen fasearekin bat egiten baitu.

Aste honetako jarduerak hemen kontsulta daitezke.

Aurkibidera igo

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren 1. faseak protagonismo handiagoa ematen dio bizikletaren erabilerari

Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planak modu globalean integratu eta analizatuko ditu herritarren mugikortasun premiak asetzeko erabiltzen dituzten garraiobideen hautaketa baldintzatzen dituzten alderdiak. Proposamen honetan bizikletari garrantzi handiagoa emango zaio eta automobila erabiltzeko joeraren gehikuntza murriztu eta alderantzikatu nahi da.

Bizikleta hiriko mugikortasunerako alternatiba gisa berriro kontsideratu nahi bada, hau modu planifikatuan egin beharko da. Helburu hori betetzeko, Bizikleta bidezko Mugikortasunaren Plan Gidari bat garatuko da. Plan honen bidez, joan-etorriak egiteko erabiltzen diren modua baldintzatzen dituzten dimentsio guztiak aztertuko dira hiriko mugikortasuna bizikletaren erabilerara zuzen dadin.

Plan Gidari honek hainbat erronka dauzka, besteak beste, txirrindularientzako sare berri bat garatzea orain existitzen diren tarteak sendotuz eta lotuz, baina baita, azpiegituretatik aparte, eguneroko joan-etorrietan bizikletaren erabilera sustatzera zuzendutako beste neurri batzuk ere. Azken hilabeteetan Plan Gidaria prestatzeko lanak egin dira eta lehen aurrerapena urtea bukatu baino lehen prest egotea espero da.

Plan Gidaria programa operatiboen bidez gauzatuko da: araudia, azpiegiturak, kudeaketa, komunikazioa, parte-hartzea, bizikleta publikoa... Programa hauek bizikletaren inguruko alde guztiak garatuko dituzte, azken helburu gisa bizikleta gure hiriko mugikortasunaren protagonista handia bihurtzea izanik.

Aurkibidera igo

Zabalik dago ingurumen hezkuntzako jardueretan izena ematea 2008-2009 ikasturterako

Hirugarren urtez jarraian, Vitoria-Gasteizko Udalak "Vitoria-Gasteiz. Heziketarako Espazio" izeneko gida argitaratu du, kasu honetan 2008-2009 ikasturteari dagokiona. Gida honen bidez, Udalak eskola komunitatearentzako prestatzen dituen hezkuntza jarduerak ezagutzera ematen dira. Udaletxeko sail eta erakunde guztietako informazioa zabaltzeko bide bakarra erabiliz, ikastetxeek modu errazagoan egin ditzakete jardueren kontsulta eta izen emateak. Era berean, natur eta ekonomia baliabideen erabilera asko murrizten da.

Gidak esparru askotako jarduerak biltzen ditu, hala nola haur hezkuntzakoak, lehen hezkuntzakoak, bigarren hezkuntza eta batxilergokoak, zein gurasoen, helduen edo irakasleen prestakuntza, informazio eta sentsibilizaziokoak ere.

2008-2009 ikasturtean bultzada berezia eman nahi zaio teknologia elektronikoen erabilerari izena emateak bideratzeko, bai udal webgunearen bidez bai posta elektronikoz. Horrela, pixkanaka paperezko gidaren argitaratzea murriztu nahi da, ingurumenaren hobekuntzan eta baliabideen erabileraren murrizketan lagunduz.

Gida kontsultatzeko eta izena emateko, sartu hemen.

Aurkibidera igo

2002-2007ko Ingurumen Ekintzako Planaren behin-betiko berrikuspena egin da

1995ean Vitoria-Gasteizek Jasangarritasunaren aldeko Europako Herri eta Hirien Aalborgeko Gutuna sinatu zuen, garapen jasangarrirako eredu batera iristeko konpromisoa onartuz eta Vitoria-Gasteizko Agenda 21aren prozesua abian jarriz.

Garapen honen konpromiso gisa, 2002an Vitoria-Gasteizko Udalaren osoko udalbatzak aho batez onartu zuen Agenda 21aren Ingurumen Ekintzako Plana, Agenda 21ean onartutako jasangarritasun helburuetara hurbiltzeko Udalaren Ingurumen Arloak 2002-2007 tartean aurrera atera beharko zituen lanak zehaztuz.

2008an, Plana indarrean egon den tartea amaituta, bere garapen maila, bai eta bere prestaketa, garapen eta segimenduan jarraitutako prozesua ere, analizatzen duen behin-betiko ebaluazioa eta berrikuspena egin da. Berrikuspen honek Plana idatzi zuten teknikarien parte hartzea izan du. Berrikuspenaren ondorioz egin den txostena oinarri gisa erabiliko da hurrengo Ekintza Plana prestatzeko, bere idazketarako hainbat jarraibide eta irizpide ateratzeko erabiliko baita.

Berrikuspen dokumentua ondoko helbidetik deskarga daiteke (gaztelaniaz, PDF, 533 KB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/2022eu.pdf

Aurkibidera igo

Hiri Ekologiaren Gelaren iraileko jarduerek mugikortasuna izango dute ardatz

Mugikortasunaren Europako Astearen markoan, Hiri Ekologiaren Gelak hainbat jarduera antolatu ditu herritarrek hirian abian jarri nahi den Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana hobeto ezagutu dezaten.

Irailaren 16tik 18ra, hainbat udal sailetako teknikariek Planak espazio publikoaren, aparkalekuaren, garraio publikoaren eta bizikletaren alorrean egiten dituen proposamenak azalduko diztuzte. Egitarau osoa ondoko helbidean kontsulta daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/683.shtml

Saio informatibo hauen ondoren, irailaren 22an parte-hartze saio bat egingo da. Bertan Planaren proposamenaren inguruko ekarpenak eta eztabaidak egin ahal izango dira. Informazio gehiago ondoko helbidean:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/684.shtml

Aurkibidera igo

Urrian, 2008ko Hegaztien Mundu Eguna

2008ko Hegaztien Mundu Egunaren kariaz, CEAk, Arabako Foru Aldundiak eta beste erakunde publiko eta herritar batzuk jarduera sorta bat antolatu dute urriaren 4 eta 5erako. Jendeak hegaztien eta beren habitaten arazoen berri izan dezaten da helburua.

Aurten SEO/BirdLife erakundeak ahate gorrizta (Netta rufina) hautatu du Urteko Hegazti gisa, Espainiako hegazti akuatikoen eta bizilekutzat dauzkaten hezeguneen ikurtzat hartu baita. Ekosistema zaurgarri hauek uren kalitate galera handia ari dira pairatzen (askotan erabateko lehortzea ere bai), akuiferoetako urak laboreak ureztatzeko gehiegikeriaz erabiltzeagatik. Hezeguneen kontserbazio egoera ona izatea ezinbestekoa da inguru honetan ugaltzen eta negua igarotzen duten espezie guztientzako, baita ahate gorriztarentzako ere.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/378.shtml

Aurkibidera igo

Loreontzietako lorezaintza lantegietan izena emateko epea ireki da

Hamar urteko esperientziaren ondoren, lantegien edukia apaindurako lorezaintzaren joera aldakorretara moldatuz joan da. Aurten, berriro ere, loreak, lorategiko landare zurkarak eta landare erabilgarriak landatzen ikasteko aukera interesgarri hau antolatu da.

Lantegiak Olarizuko baratzeetan egingo dira, nahiz eta saioren bat edo beste Olarizuko etxaldean egin daitekeen, eguraldiaren arabera. Ordutegiak eta egunak ondoko hauek dira: astelehen eta asteazkenetan, 11:00etatik 12:30era edo 16:00etatik 17:30era.

Lehen lantegia urriaren 8a eta abenduaren 17a artean egingo da eta terraza eta balkoietako loreontzietarako neguko loreen (idi-bihotzak, lilipak, hiazintoak, udaberri-loreak, pentsamenduak, etab.) landaketa erakutsiko da.

Izena emateko epea irailaren 23tik urriaren 3ra izango da. Olarizuko etxaldean eman behar da izena.

Aurkibidera igo

Bizi ezazu Salburuko parkeko oreinen marrualdia

Irailaren azkenean Salburua hots asaldatuz betetzen da. Marrualdia hasten da: orein arrek beren adarrak altxatzen dituzte, lau haizetara orru eginez, ernaltzeko prest dauden emeen arreta pizteko. CEAk, Vital Kutxaren laguntzarekin, bisita gidatuak antolatuko ditu irailaren 23an eta urriaren 3an herritarrek Salburuko parkeko oreinen marrualdia ikus dezaten.

  • Egunak: 2008ko irailaren 26 eta urriaren 3

  • Ordutegia: 19:30etik 21:30era

  • Parte-hartzaile kopurua: 15 lagun gehienez

  • Oharrak: eraman berokia, zira eta aterkia

  • Izen emateak CEAn: 945 162696

Aurkibidera igo

"MEDIOAMBIENTE VITORIA-GASTEIZ INGURUMENA" lehiaketaren 6. ekitaldira argazkiak aurkezteko epea irailaren 29an irekiko da

CEAk beste urte batez antolatu du "MEDIOAMBIENTE VITORIA-GASTEIZ INGURUMENA" argazki lehiaketa. Jarduera honek ingurumen gaien beste ikuspuntu bat, argazkiena alegia, jorratu nahi du. Oraingoan gaia "Landa ingurunea: paisaiak eta hango jendeak" da.

Lanak aurkezteko epea irailaren 29tik urriaren 10era izango da, Olarizuko etxaldea irekitzen den ordutegian.

Argazkigintzan ospea duten pertsonek osatutako epaimahai batek 12 lan hautatuko ditu saria emateko.

Ondoren, lehiaketara aurkeztutako lanen hautaketa bat Olarizuko etxaldeko erakustaretoan erakutsiko da 2008ko abenduaren 18tik 2009ko urtarrilaren 11ra. Gainera, saritutako 12 argazkiak egutegi bat egiteko baliatuko dira.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/665.shtml

Aurkibidera igo

Erakusketa: "Naturaren argazkilariak, 2007. Wildlife Photographer of the year"

Erakusketa hau osatzen duten argazkiak Wildlife Photographer of the Year lehiaketako epaimahaiak urtero urrian ematen dituen sari eta aipamen berezietatik atera dira. Sari hau Naturako argazkilaritzaren alorrean dagoen lehiaketarik handien eta entzutetsuena da, 1964an sortu zenetik. Antolatzaileak Natur Historiaren Museoa (Britsih Museum) eta BBC Wildlife Magazine dira.

Erakusketa hau urriaren 8tik abenduaren 9ra ikusi ahal izango da Olarizuko etxaldean.


Regis Cavignauxen argazkia

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/685.shtml

Aurkibidera igo

Abetxukuko idi larrea leheneratu da

XX. mendearen erdialdean, Abetxuku baino apur bat beherago Zadorra ibaiaren eskuinaldean zegoen harizti interesgarri bat moztu eta luberritu zen. Gune hau Abetxuku herriaren idi larrea zen, hau da, usadioz herriko azienda larria bazkatzen zen lekua. Harizti hau mozteak ingurumenarentzako galera handia izan zen, bai baso komunitate botanikoen ikuspuntutik bai Zadorra ibaitik hurbil egoteagatik suposatzen zituen inpaktuengatik.

Berriki lursail hauek udal jabegokoak izatera igaro dira hirian uholdeak saihesteko egin diren ekintzen barruan. Honi esker, interes ekologiko berezia zuen baso hau leheneratzeko aukera sortu da. Ekimen honen bitartez udalerrian mehatxatuenen dagoen baso mota, hariztia alegia, hedatu nahi da, eta bestalde, Zadorra ibaiak korridore biologiko eta esteka gisa betetzen duen lekua sendotu nahi da.

Lanen esparrua 8,8 hektareatakoa izan da. Joan den neguan eta udaberrian egin diren lanak honako hauek izan dira:

  • Nekazaritzako erreten bateko ura aprobetxatuz, urmael txiki bat sortu da basoan.

  • Gunea N-1 eta N-622 errepideetatik isolatzeko, begi-inpaktua murriztuko duen pantaila bat osatu da.

  • Lerro-formako heskaiak eratu dira basoa leheneratu den sailen artean.

  • Harizti basatiaren, angioaren eta ibaiertzeko sastrakadien zaharberritzea sustatu da.

Guztira neurri handiko 190 zuhaitz eta neurri txikiko 16.450 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira. Orain itxaron egin beharko da urteen joan-etorrien ondorioz eskualdeak aspaldiko distira berreskura dezan.

Aurkibidera igo

CEAk koaderno didaktiko bat sustatu du Salburuko eta Ciénaga de Zapatako (Kuba) balioak erakusteko

Gasteizko Udalaren Ingurugiro Gaietarako Ikastegia eta Matanzasko Centro de Recursos Ambientales (Kuba) delakoak Humedales, albergues de biodiversidad: las balsas de Salburua y la Ciénaga de Zapata izeneko eskola koadernoa lantzen ari dira. Argitalpena udazkenerako egongo da prest. Ohiko ohar koadernoa da, irudiz hornitua, zeinean hezeguneen biodibertsitatea eta garrantzia erakusten baita, haien balio ekologikoa eta betetzen dituzten zeregin eta zerbitzuak nabarmenduz. Horretarako, bi lekuetako ekosistema heze adierazgarrienak deskribatzen ditu: Salburua, Gasteizen, eta Ciénaga de Zapata, Matanzasen.

Argitaratzen diren aleen erdia Kubara bidaliko da, eta beste erdia Arabako Hiriburuko liburu-dendetan salduko. Koaderno didaktikoaren salmentaz lortutako irabaziak Varaderoko "Casa Promotora de la Cultura Ambiental" deritzona finantzatzeko erabiliko dira. Ekipamendu horrek Matanzas probintziako ingurumen komunikazio, hezkuntza eta parte-hartzerako programa garatzeko oinarria izango da.

Aurkibidera igo

Ekainaren 5ean 2008ko Agenda 21aren adierazleen buletina aurkeztu zen

Ingurumen zinegotzi Alba Cañadasek Agenda 21aren adierazlerik nabarmenenak azaldu zituen eta emaitzak hobetzen joateko eta iraunkortasunerantz aurrera egiten jarraitzeko 2007an zehar egin diren ekintzak aletu zituen.

Agenda 21aren adierazleen buletina ondoko helbidetik deskarga daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/1986eu.pdf

Aurkibidera igo

2007-2008 ikasturteko Eskolako Agenda 21aren balantzea

2007-2008 ikasturtean Eskolako Agenda 21ak ura eta ibaiak aztertu zituen. Ekimen parte-hartzaile honetan 25 ikastetxek eta 16.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte.

Ikasturtean zehar parte-hartzaileek uraren egoera zein den aztertu dute, bai ikastetxean zein eskolaren ingurunean eta etxean ere; udaleko sistema akuatikoen, ibaien eta hezeguneen egoera ezagutu dute; eta ur zikinen eta edateko uren arazketa nola egiten den ikasi dute. Berariaz prestatutako hainbat material eduki dituzte lan hauek egiteko.

2008-2009 ikasturtean 29 ikastetxek hartuko dute parte Eskolako Agenda 21ean. Datorren ikasturteko gaia energia eta klima aldaketa izango dira.

Aurkibidera igo

Eraztun Berdearen oinezko eta bizikletazko biren balantzea

Eraztun Berdeak aurrera darrai, proiektuz proiektu, hiriaren errealitate berri eta aldakorretara moldatuz eta apurka natur espazioen sarea osatuz hirigunearen inguruan. Etengabe gainditu behar den erronketako bat oinezkoek eta txirrindulariek Eraztuneko parke batetik bestera igarotzeko bide sendoak eratzea da. Zentzu honetan, hobekuntza asko egin dira, eta egiten ari dira: pasabide jasoen sorrera, sakagailua daukaten semaforoen instalazioa eta espaloietako ertzen beherapena, esaterako.

Eraztun Berdea aire zabaleko kirol jarduerak egiteko gune gisa sustatu nahi den heinean, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Peña Karria kirol elkartearekin lankidetzan Eraztun Berdeko oinezko V. martxa antolatu du, eta Goiena mendi taldearekin batera Eraztun Berdeko BTTko 4. Bira antolatu du.

Lehena ekainaren 8an egin zen eta 184 lagunek hartu zuten parte. Bigarrena uztailaren 13an egin zen eta 300 parte-hartzaile eduki zituen.

Aurkibidera igo

Bi ur-ipurtats ume jaio dira Salburuan espezie horretako populazioa indartzeko proiektu pilotuaren barruan

Ur-ipurtatsa, katamotz iberiarrarekin batera, Europan galtzeko arrisku handiena duen haragijalea da. Duela urte gutxi artean, espezie horrek populazio multzo garrantzitsua zuen Salburuko hezeguneeetan eta inguruetan. Larrugintzarako haztegietatik ihes egindako bisoi amerikarrek, ordea, ia desagerrarazi egin du bisoi europarra, kanpoko espezie hori oso erasokorra eta inbasiboa baita.

Ingurumen eta Nekazaritza zein Itsas Inguruneetako Ministerioak, Bisoi Europarraren Elkarteak eta espeziea bizi den autonomia erkidegoek proiektu pilotu bat jarri dute martxan ur-ipurtatsa berriro sartzeko teknika bat probatzeko.

Proiektua 2008an abiarazi da: CEAk bi kaiolatzar eraiki zituen Salburuko hezeguneetan, eta hara udaberrian bi eme ernari eraman. Jaiotako umeak txikitatik ingurune berrira egokitzea da helburua, behin hazitakoan, udazkenean, familia osoa askatzeko asmoz. Lana ez da hor bukatuko: zenbait hilabetez aleei —irrati emisorez hornituak baitaude— jarraipena egingo zaie naturan nola egokitzen diren eta arazorik dagoen jakiteko, hurrengo ekimenetan arazo horiek zuzentzearren.

Udan kaiolatzarretan zeuden emeen ugalketa berrikusi zen eta umeen azterketa osoa egin zen. Emeetako batek —Krispiñak— ez zuen kumerik egin, baina besteak —Arandak— bi kume sortu zituen. Irailaren hasieran ale guztiak Salburuan askatu ziren, Pont de Suert-eko (Lleida) itxian hazteko zentrotik ekarritako beste eme bat eta bere kumearekin batera. Horrela, lehen pausoa eman zen gure faunaren harribitxi natural horren beharrak hobeto ezagutu eta aurrerantzean lagundu ahal izateko.

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografikoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://siam.vitoria-gasteiz.org

CEAren deialdiak
Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astea eta Hiria nire autoa gabe! 2008 jardunaldia

Egunak: 2008ko 15etik 22ra
Tokia: Hiriko hainbat puntutan
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/mugikortasunastea

Hiri Ekologiaren Gela: mugikortasun iraunkorra eta espazio publikoa

Egunak: 2008ko irailaren 16tik 18ra
Ordua: 19:00
Tokia: Artium

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/683.shtml

Hiri Ekologiaren Gela: Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren inguruko parte-hartze lantegia

Egunak: 22 de septiembre de 2008
Ordua: 18:30
Tokia: Artium

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/684.shtml

Hegaztien Mundu Eguna 2008

Egunak: 2008ko urriaren 2tik 5era
Tokia: Salburuko parkea eta Olarizuko etxaldea
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/378.shtml

Loreontziko lorezaintza lantegia: neguko loreak

Egunak: 2008ko urriaren 8tik abenduaren 17ra
Orduak: Astelehen eta asteazkenetan, 11:00etatik 12:30era edo 16:00etatik 17:30era
Tokia: Olarizuko baratzeak

Norentzat: Jende ororentzat
Izena emateko epea: 2008ko irailaren 23tik urriaren 3ra

"MEDIOAMBIENTE VITORIA-GASTEIZ INGURUMENA" 6. argazki lehiaketa

Gaia: Landa ingurunea: paisaia eta hango jendeak
Norentzat: Jende ororentzat
Lanak aurkezteko epea: 2008ko irailaren 29tik urriaren 10era, Olarizuko etxaldean
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/665.shtml

Erakusketa: "Naturaren argazkilariak 2008"

Egunak: 2008ko urriaren 4tik azaroaren 9ra
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/685.shtml

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.