
|
|
|
|
Atxa-Landaberde, parke berria Eraztun Berderako
Vitoria-Gasteizko udalerrirako bioaniztasun adierazle berri bat diseinatu da
'Autoan elkarrekin', aurreztu dirua eta zaindu
ingurumena
CEAk txosten
bat prestatu du 'Tres Santos' deitu duten auzoarteko Barne Erreformako Plan
Berezia (BEPB) aztertzeko |
Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik Hastear dago aisialdiko baratzezaintza ekologikoko egitasmo berria Loreontziko lorezaintzari buruzko 2006ko udaberriko lantegia: barlasai, balkoi eta terraza loretsuak Bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua: 2006. urteko kanpaina hastear dago Negu honetan 45.000 zuhaitz eta zuhaiska landatu dira Eraztun Berdean Hiri Ekologiaren Gela: apirileko programa eta martxoko laburpenak Vitoria-Gasteizko Udalak basogintza iraunkorreko ziurtagiri baten aldeko adierazpen bat onartu du Eraztun Berdeari buruzko dibulgazio kanal berri bat sortu da: +Verde |
|
CINDAko bibliografi berriak Deialdiak |
|
Atxa-Landaberde, parke berria Eraztun Berderako Atxa-Landaberde deritzon parkea osatzeko lanak bukatu dira jadanik. Lanen helburua gune honen ekologia eta paisaia egokitzea eta erabilera publikoa ahalbidetzea izan da. Parke berria Ibaiondo auzoaren alboan dago, Zadorra hiribidearen eta ibaiaren ezkerraldearen artean, eta bere azalera 170.000 m2-koa da. Lanen lehen fasean baimenik gabeko baratzeak ezabatu ziren eta 900 tona hondakin solido eraman ziren zabortegira. Eremu honetan 22.000 zuhaitz eta zuhaiska baino gehiago landatu dira eta 40.000 m2 baino gehiago belarrez erein dira. Bestalde, 2.200 m bide eraiki dira parkean zehar. Bide hauek Zadorra ibaiaren paretik doan Eraztun Berdeko bidea luzatzeko erabili dira, eta Ibaiondora hiritik iristen diren bidegorri eta hirizidorrekin lotu dira. Autoz hurbildu nahi dutenentzat aparkaleku bat egokitu da parkeko ate nagusian, Wellingtongo dukearen kaleko biribilgunean. Proiektu honen %50 Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzak finantzatu du, gabeziak dituzten hirialdeak gizarte eta ekonomia mailan biziberritzeko eta lurraldetasunari begira berpizteko asmoz sortutako IZARTU egitasmoaren baitan.
Informazio gehiago Atxa-Landaberdeko parkeari buruz: Aurkibidera igo |
Vitoria-Gasteizko udalerrirako bioaniztasun adierazle berri bat diseinatu da Hegaztiak adierazle bikainak dira ekosistemen kontserbazio egoera ikuskatzeko eta, beraz, aldizkako azterketa eta segimenduen bitartez, oso informazio baliotsua eman dezakete udal esparruko bioaniztasunaren eredu orokorren eta joeren gainean. Helburu hau erdiesteko, 2005. urtean zehar hegaztietan oinarritutako bioaniztasun adierazle bat diseinatu da. Horrez gain, metodologia entseatu da eta lehen emaitzak eskuratu dira. Datu hauek urtero erdietsi nahi direnez, udalerriko natur giro bakoitzean sakabanaturik egongo diren kontrol estazioak sortu nahi dira. Horri esker, hegazti talde bakoitzaren populazio joerak behatuko dira eta, zeharka, naturgune bakoitzean gertatzen ari diren aldaketak interpretatu ahal izango dira. Metodologia bera beste esparru geografiko batzuetan ere erabiltzen ari da eta, beraz, Vitoria-Gasteizko udalerriko datuak antzeko beste eskualde batzuetako datuekin alderatu ahal izango dira, ondorio komunetara iritsiz. Aurkibidera igo |
'Autoan elkarrekin', aurreztu dirua eta zaindu ingurumena Iraunkortasunaren erronkak egungo mugikortasun eredua berriro planteatzea inplikatzen du, honek eragiten dituen arazoak (auto pilaketak, istripuak, poluzioa eta espazio publikoaren okupazioa) konponduko badira. Arazoa konpontzeko eskura dugun aukeretako bat autoa partekatzea da. Gure mugikortasun premiei irtenbidea emateko, garraiobide moduen banaketa orekatuagoa bilatu behar dugu. Egun joan-etorri gehienak oinez egiten diren arren, garraiorako eraiki diren azpiegituren %70 automobilak erabili ditzan sortu dira. Azken hamarkadetan, hiriak automobilarentzako eskalan diseinatu dira; orain ahalegin itzela egin behar dugu espazio publikoa berreskuratzeko, kaleak berriro topaleku eta harremanetarako gune bihur daitezen. Derrigorrezkoa bihurtzen ari da hurbileko mugikortasun eskaria modu eraginkorragoetara (garraio publikoa eta bizikleta) zuzendu dadin. Eskura dugun aukeretako bat gure autoa beste herritar batzuekin partekatzea da aldizka egiten ditugun joan-etorrietarako. Aukera hau sustatzeko, Vitoria-Gasteizko Udalak 'Autoan elkarrekin' zerbitzua eskaintzen hasi da, ibilbideren bat egiteko autoa partekatu nahi duten lagunen arteko harremana erraztu asmoz. EAEko iazko datuak erakusten dutenez, sistema honi esker 157.000 € baino gehiago aurreztu dira eta 163.748 litro erregai gutxiago kontsumitu dira. Beraz, 180 tona CO 2 gutxiago igorri dira. Horrez gain, kontuan hartu behar da beste zenbait alorretan ere gauzak hobetu direla, hala nola bideen okupazioan, segurtasunean eta osasunean.'Autoan elkarrekin' webgunera sartzeko: |
CEAk txosten bat prestatu du 'Tres Santos' deitu duten auzoarteko Barne Erreformako Plan Berezia (BEPB) aztertzeko Txosten honetan 'Tres Santos' deitu duten gunearen Barne Erreformako Plan Bereziaren garapenak bere aplikazio eremuan eta inguruko auzoetan izan dezakeen ingurumen eragina ebaluatu da. Txostenaren abiapuntua da 'Tres Santos' gunean egin nahi den hirigintza lanean hiriaren kanpoaldeko auzoak erdigunearekin lotu nahi direla eta, beraz, hiri konpaktuago eta irisgarriagoa eraikitzeko bidean aurrerapauso bat kontsideratu daitekeela printzipioz, lurzorua hobeto aprobetxatzen baita eta etxebizitza dentsitatea hiri iraunkortasunaren parametroetatik hurbilago jartzen baita. Hala ere, txostenak zalantzan jartzen du planak bideria alorrerako egiten duen proposamena, eta ingurabide zaharreko iragazkortasuna, bai zeharkakoa zein luzekakoa, hobetzeko neurri zehatz eta eraginkorrak aztertzea proposatzen du, batez ere txirrindularien eta oinezkoen zirkulazioa errazteko. Horrez gain, txostenak "larritzat" hartzen du BEPBak egungo berdeguneetan sortzen duen eragina. Hori dela eta, egun existitzen den landaredia lekuz aldatu eta berrerabiltzeko ekimen zorrotzak aholkatzen ditu, batez ere alerik nabarmenen kasuan. |
|
Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik Apirilean zehar basalandareen erabilgarritasuna erakutsiko duten hainbat jarduera antolatuko dira Olarizuko baratzeetan. Jarduera hauetan prestakin kosmetikoak eta sendatze gaitasuna dutenak sortuko dira. Baratzeak apirilaren 20 eta 27an zabalduko dira 10.30etatik 12.00etara, eta egun bakoitzean 15 lagunek parte hartuko dute. Izena emateko, CEAre deitu behar da, 945 162696 telefonora. Informazio gehiago: Aurkibidera igo |
Hastear dago aisialdiko baratzezaintza ekologikoko egitasmo berria Jarduera hau 1998. urtean sortu zen Olarizuko baratzeetan. Egun aisialdiko aukera iraunkorra da 55 urtetik gorako 90 lagun baino gehiagorentzat, eta prestakuntza eta astialdirako eskaintza alternatibo ederra jende xehearentzat. Aurten proiektu honen aro berri bati ekingo zaio, Abetxukun dauden Urarteko baratzeak abian jarriko baitira. Hortaz, alde batetik, Urarteko baratzeetan 'Adinekoentzako aisialdiko baratzezaintza ekologikoa' izeneko ikastaroa eskainiko zaie 55 urtetik gora duten 60 lagunei. Bestalde, Olarizuko baratzeetan 16 urtetik gorako lagunek 'Baratzezaintza ekologikoko lantegia' izeneko ikastaroan parte hartuko dute. Izena emateko epea 2006ko apirilaren 12a arte egongo da zabalik.
Informazio gehiago, Eraztun Berdeko webgunean:
|
Loreontziko lorezaintzari buruzko 2006ko udaberriko lantegia: barlasai, balkoi eta terraza loretsuak Loreontziko lorezaintza lantegiak aukera aparta dira loreak, lorategiko landare zurkarak eta landare erabilgarriak zaintzen ikasteko aire zabaleko ingurune natural batean. Urtean zehar 3 lantegi antolatzen dira, parte hartu nahi duen edozeinentzat, 90 laguneko taldeak osatu arte. Lantegiak Olarizuko baratzeetan eta Olarizuko etxaldean izaten dira. Apirilaren 24a eta uztailaren 3a artean 2006ko udaberriari dagokion lantegia egingo da, loreontziko lorezaintzakoa alegia. Lantegiak udako loreak, landareen konposizioak eta landare lurrintsuak, sukaldekoak eta sendabelarrak aztertuko ditu, besteak beste. Izena emateko epea apirilaren 3tik 21era da, Olarizuko etxaldean edo 945 162696 telefonora deituz. |
'Ura, gure altxorrik handiena' erakusketak jendeak ura modu arduratsuagoan erabili dezan lortu nahi du Marxoaren 22an, Uraren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Ura Aurrezteko Osoko Planaren (UAOP) testuinguruan sortu den erakusketa bat aurkeztu zen Olarizuko etxaldean. Erakusketa honek gure etxeetan ura modu eraginkorragoan erabiltzeko jarraibideak eskaintzen ditu. Erakusketa Olarizuko etxaldean egongo da martxoaren 31 arte, eta ondoren hiriko gizarte etxeetan ikusi ahal izango da.
|
Bizikletak maileguan hartzeko zerbitzua: 2006. urteko kanpaina hastear dago Vitoria-Gasteizko Udalak 2005ean bizikletak maileguan hartzeko eskaini zuen zerbitzuak arrakasta handia eduki zuen: 19.000 lagun baino gehiagok eman zuten izena zerbitzua erabiltzeko eta 49.000 mailegu baino gehiago egin ziren. 2006an berriro jarriko da abian zerbitzua. Izena ematen duen orok bizikleta bat eskuratu ahal izango du, bai paseatzeko bai hirian barrena alde batetik bestera joateko. Zerbitzuak 200 bizikleta eskainiko ditu hamar mailegu puntutan barreiaturik eta apiriletik azarora arte egongo da indarrean. |
Bertako landareak sustatzeko 2005-2006 ikasturteko kanpainan aurreko urtean baino %30 eskari gehiago egon dira Urtero Olarizuko baratzeetako baso mintegian egiten den kanpaina hau otsailaren 10ean bukatu zen. 2005eko abenduaren 12tik 2006ko otsailaren 10era landareak eskuratzeko 207 eskari jaso ziren (iaz baino %30 gehiago). Eskaririk gehienak norbanakoek egin zituzten (%92), eta gainerakoak CEAtik bertatik egin ziren edo beste erakunde publiko batzuek egin zituzten. Eman diren landare kopuruei dagokienez, azkenean 8.844 ale banatu ziren, hau da, mintegian dagoen guztiaren %36. Eskatzaile nagusia CEA izan da (4.565 ale), eta ondoren norbanakoak (3.532 ale) eta beste erakunde batzuk (697 ale). |
Negu honetan 45.000 zuhaitz eta zuhaiska landatu dira Eraztun Berdean Neguan landaketa kanpaina handia egin da Eraztun Berdean. Guztira espezie askotako 45.000 ale inguru erabili dira. Lanik aipagarriena, Zabalganeko parkeko hegoaldeko mugatik N-102 errepidera arte dagoen lur zerrenda batean egin den ingurumen leheneratzea izan da. Lursail hau, 8 hektareatakoa, udal jabegokoa da. Leheneratze honetan erkameztian berezkoak diren 18.640 zuhaitz eta zuhaiska ale erabili dira: erkametza, astigar arrunta, elorri beltza, marmaratila, elorri zuria, hesilaharra eta arkakaratsa. Era berean, Ibaiondo alboan dagoen Atxa-Landaberdeko parke berrian erkamezti, harizti, haltzadi eta elordietan agertzen ohi diren hainbat espezietako 9.030 ale gazte landatu dira, bai eta 263 zuhaitz heldu (erkametzak, makalak, arteak, gurbeak, haginak, gorostiak eta gereziondoak). Salburuko eta Olarizuko parkeetan ere landaketak egin dira, bai eta Alegría ibaiaren parkean, Gamarrako parkeko uholdeetarako ubide berrian eta Abetxukuko Basaldea gunean ere. |
Hiri Ekologiaren Gela: apirileko programa eta martxoko laburpenak Martxoaren 2an Ekologiaren Gelak 'Uraren kudeaketa Perun eta Araban' izeneko jardunaldiari laguntza eman zion. Jardunaldi hau 'Eztabaidaren begian' ekimenak antolatu zuen, Vitoria-Gasteizko Udaleko Garapenerako Lankidetzaren Kontseilu Sektorialaren baitan. Martxoaren 14an 'XXI. mendeko lorategi botanikoak' izeneko jardunaldia ospatu zen Olarizuko etxaldean. Egun honetan Gijongo Lorategi Botaniko Atlantikoko zaintzaileak esparru honetan duen eskarmentua azaldu zuen. Hurrengo Hiri Ekologiaren Gela 'Uraren erabilerak eta hiri ereduak' izenburupean ospatuko da, apirilaren 6an (osteguna), Olarizuko etxaldean, 17:45etatik aurrera. Oraingo honetan hiri konpaktuen eta hiri lausoen ur kontsumok dituen ezberdintasunak aztertuko dira. Alde batetik, Bartzelonako eskualde metropolitarreko adibidea ikusiko da, eta bestetik, Katalunian ura aurrezteko prestatu duten ordenantza azalduko da. |
Vitoria-Gasteizko Udalak basogintza iraunkorreko ziurtagiri baten aldeko adierazpen bat onartu du Basoak lurreko CO2 hustuleku nagusiak dira eta, beraz, klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko betekizuna dute. Hain zuzen ere, zuraren ekoizpena da zuhaitzek konposatu hau finkatzeko erabiltzen duten bidea. Hortaz, zurak, ondasun berriztagarria izateaz gain, aipatutako abantaila hori du, merkatuan duen balioaz gain balio osagarria ematen diona. Hori guztia dela eta, basoak kontserbatu eta zabaltzea lehen mailako helburua izan behar da berotze globalaren aurkako borrokan. Basoen suntsitzea saihesteko, duela 10 urte inguru mendi zuhaizdunen kudeaketan praktika onak sustatzeko ekimen bat abiatu zen, beren kontserbazioa, egoera ekologikoa eta gizarte onurak ziurtatzeko. Zuraren ziurtagiria, hortaz, baso praktiken ikuskaritza eta basotik ateratzen diren produktuen segimendua konbinatzen dituen ekimen bat da. Berme bat da kontsumitzailearentzat, hau da, erosten dituen produktuak ekonomi, gizarte zein ingurumen ikuspuntuetatik ondo kudeatutako basoetatik atera direla ziurtatzen duena. Vitoria-Gasteizko Udalak, otsailaren 24ko osoko bilkuran, aho batez onartu zuen BASOGINTZA IRAUNKORREKO ZIURTAGIRIARI BURUZKO ERAKUNDE ADIERAZPENA. |
'Vitoria-Gasteizerako etorkizun posibleak' izeneko lantegi partehartzailearen ondorioen agiria aurkeztu da L2005eko urrian ospatu zen lantegi honen behin-betiko agiria prest dago jadanik. Lantegia ingurumenaren eta iraunkortasunaren egoeraren txostena prestatzeko prozesuan burutu den lehen zatia da. 'GEO Vitoria-Gasteiz' deituko den txosten honen prestaketa 2005eko erdialdean abiatu zen. Lantegiak xede nagusi bat izan zuen: hiriko gizarte ehunaren lehentasun, ikuspuntu eta premiak jasotzea eta txostenean biltzea, eta jendearen inplikazioa sustatzea txostenetik aterako diren ekimen eta ekintzak abian jartzeko prozesuan. Maiatzaren bukaeran bigarren lantegi bat ospatzea espero da herritarrek txosteneko emaitzak balidatu eta egiaztatu ditzaten. |
Eraztun Berdeari buruzko dibulgazio kanal berri bat sortu da: +Verde Eraztun Berdearen web atariaren osagarri gisa, urtarrilaren amaieran Eraztun Berdeari buruzko aldizkari berri bati hasiera eman zitzaion. Aldizkari hau +Verde deitzen da eta hiru hilabetean behin argitaratuko da, jendeari Eraztun Berdeko egunerokotasunari buruzko informazioa emateko (proiektuak, prestakuntza jarduerak, lantegiak, bisita gidatuak...) +Verde paperean eta formatu digitalean banatzen da, lehena Udal Kazetaren bitartez eta bigarrena Eraztun Berdearen webgunearen bitartez. Horrez gain, argitalpen independente gisa ere zabaltzen da hiriko hainbat informazio puntutan. Argitalpen hau etxean jasotzeko interesa duen edonork, bai paperean bai formatu digitalean, CEAn egin dezake eskaria. Buletina formatu digitalean
eskuratzeko: |
Salburuko anfibioen kopurua jaitsi egin da 2005. urtean zehar ikerketa bat egin da Salburuan bizi diren anfibio espezieak (igelak, apoak eta uhandreak) zein egoeratan dauden ezagutzeko. 1999an egin zen animalia talde honen inguruko azken azterketa. Oso interesgarria da talde honen egoera ezagutzea, anfibio espezie asko hezeguneen egoeraren adierazleak baitira. Gainera, horietako batzuk, baso igel jauzkaria esaterako, iraungitze arrisku larrian daude. 1999an eta orain egindako azterketen arteko ezberdintasun nagusia, bakoitzean detektatu den ale kopurua da. Itxura batean, ale gutxiago daude orain espezie guztietan (uhandre marmolairearen kasuan salbu), bai gazte zein helduetan. Hortaz, badirudi Salburuan orain 1999an baino anfibio gutxiago daudela, nahiz eta gazteen kasuan esan behar da emaitzak tentuz hartu behar direla, urte guztiak ez baitira onak espezie hauen umaldientzako. Dena dela, parkea asko aldatu da urte hauetan, eta hainbat urmael leheneratu eta landaketa ugari egin diren arren, Salburuko auzo berria eraikitzeko lanak ere hasi dira, zenbait arazo sortuz: gaueko argiztatzea handitu egin da, autoek harrapatuta hiltzeko arriskua handiagoa da, gauez parketik dabilen jendea gehiago da, etab. Horrez gain, badaude 1999an existitzen ez ziren beste bi faktore negatibo: oreinek hariztiko basopean duten eragina eta kanpoko espezie harraparien handitzea (karramarro amerikarra, arrainak, etab.) Egoera hau hobetzeko, ikerlanean kontserbaziorako hainbat neurri proposatu dira. Besteak beste, kanpoko espezie inbaditzaileen kontrola, baso igel jauzkariaren erruteak babestea, harizti atalak oreinak eraginetik babestea eta ur putzu txikiak sortzea proposatu da. Era berean, ezinbestekoa da populazioen jarraipena maiztasun handiagoz egitea, urtero edo gutxienez bi urtean behin, beren eboluzioa fidagarritasun handiagoz ezagutzeko. Bestalde, 2005ean detektatu diren espezieak 1999an topatu ziren berak dira, apo pintatu iberiarra salbu. Egun daudenak honakoak dira: uhandre marmolaire eta palmatua, ur igel arrunta, baso igel jauzkaria, apo pikarta, zuhaitz igel arrunta, txantxikua eta apo arrunta. |
Salburuan habia egiten duten hegaztien 2005eko erroldak hezegune honek EAE mailan duen garrantzia erakutsi du 2005eko umatze garaian jaitsi egin da apur bat habia Salburuan egitea erabaki duen hegazti akuatikoen bikote kopurua. Guztira 228 bikote sartu dira 2005eko erroldan (2004an 253 izan ziren). Jaitsiera hau eskualdean gehien ageri den espezie ugaltzaileari, kopetazuri arruntari alegia, dagokio. Gainerako espezieen kopuruak egonkor mantendu dira edo apur bat igo dira. Kasu batzuetan gehikuntza nabarmena izan da, esaterako basahatearen kasuan. Datu hauek Araba osoan jaso diren datuekin alderatuz gero, 2005eko denboraldian urmaeletako ugaltze multzoa probintzia osoan dagoenaren laurdena da. Hortaz, Salburua EAEko bigarren hezegunerik garrantzitsuena da hegazti mota honi dagokionez, Uribarri-Ganboako urtegiaren atzetik. Espezieen ikuspuntutik, hegazti akuatikoen 14 espezie ugaldu dira Salburuan aurten. Aurreko urtearekin konparatuz gero, aurten ez dute habiarik egin ez murgilari mottodunak ez txirritxo txikiak. Alde positibotik, zankaluze arruntak berriro kolonizatu du eskualdea eta gutxienez 8 habia egin ditu. Aurreko urteetan bezala, EAE mailan amiltxori txikiak eta udako zertzetak habia egiteko erabiltzen duten leku bakarra Salburua da. Mehatxatutako hegaztiei dagokienez, iberiar penintsulan kontserbazio egoera kaskarrean dauden hainbat espeziek hemen ugaltzen jarraitzen dutela nabarmendu behar da: multzo honetan daude ipar-ahatea, ahate mokozabala eta bereziki udako zertzeta, 'Espainiako hegaztien liburu gorria' deiturikoan 'Zaurgarri' kategorian sartuta dagoena. |
Salburuak eguneko tximeleten komunitate aberatsa du CEAk udal lurraldearen bioaniztasuna ezagutzeko abian duen ikerketa egitasmoaren baitan, 2005. urtean zehar Salburuko hezeguneetan bizi diren eguneko tximeleta espezieak ezaugarritzeko ikerlana egin da. Lanaren egilea, iberiar penintsulako tximeleten alorrean aditu handienetakoa den Ibon de Olano da. Ikerlari hau Entomologiako Euskal Elkarteko eta Arabako Natur Zientzien Museoko kide ere bada. Urte osoan zehar 36 irteera egin dira Salburura, parkeko sektore guztiak zeharkatuz bakoitzean zeuden eguneko tximeletak identifikatzeko. Datu hauei aurreko urteetan eskualdea bisitatu zuten hainbat entomologok bildutakoak erantsi behar zaizkie. Emaitzak ikusita, nabarmen geratu da toki honek eguneko tximeleten aberastasun handia duela. Guztira 55 espezie zenbatu dira, horietako batzuk iraungitze arriskuan daudenak bai esparru iberikoan zein Europa mailan. Hezegune hauetako komunitate aberatsaren ideia bat egiteko: Salburuko 216 hektareatan Urkiolako parkeko 6.000 hektareatan bezainbeste espezie daude ia (Urkiolan 57 daude). Bestalde, ikerlanak zenbait neurri aipatzen ditu intsektu hauek bizirauteko arazorik eduki ez dezaten eta beren bizi baldintzak hobetu daitezen. Besteak beste, inguruko nekazaritza lurretan pestizida gutxiago erabiltzea, labore lursailen artean dauden heskai zatiak errespetatzea edo parketik hurbilen dauden auzo berrietan argi horidun farolak ipini ordez argi zuridunak jartzea aipatzen dira.
|
| CINDAko bibliografi berriak |
CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase
bibliografkoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean: |
| CEAren deialdiak |
| Bisitak Olarizuko baratzeetara: 'Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik' |
Datak: 2006ko apirilaren 20 eta 27 |
| Aisialdiko baratzezaintza ekologikoa: 'Adinekoentzako aisialdiko baratze ekologikoak' eta 'Baratzezaintza ekologikoko tailerra' |
Datak: 2006ko maiatzaren 15etik ekainaren 19ra |
| Loreontziko lorezaintza lantegiak: 'Barlasai, balkoi eta terraza loretsuak' |
Datak: 2006ko apirilaren 24tik uztailaren 3ra |
| Erakusketa: 'Ura, gure altxorrik handiena' |
Datak: 2006ko martxoaren 22tik 31ra Olarizuko
etxaldean eta 2006ko apirilaren 1etik azaroaren 15era hiriko gizarte
etxeetan |
| Hiri Ekologiaren Gela: 'Uraren erabilerak eta hiri ereduak' |
Data: 2006ko apirilaren 6 |
|
Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo
iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta
elektroniko bat
siam@vitoria-gasteiz.org
helbidera. Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko. |
|
© Ingurugiro Gaietarako
Ikastegia,
Olarizuko etxaldea, z/g,
01006 Vitoria-Gasteiz Tfnoa.: 945 16 26 96 E-posta: ceaadmin@vitoria-gasteiz.org |
| Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera. |