Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2006ko urtarrilaren 16 - 21. zenbakia

Vitoria-Gasteizko Iraunkortasun Behatokia aurkeztu da
Behatoki honen helburua ingurumenaren babesa eta garapen iraunkorra esparru lokalean sustatu eta bultzatzea da. Organo berri hau maila lokaleko iraunkortasun plan eta egitasmoak koordinatzeaz arduratuko da eta gaikako alor ezberdinetan gauzatzen diren ekimen eta esperientziak lotuko dituen eragilea izango da.

Ataria eraikinak aurrekontua du dagoeneko
Azpiegitura hau eraikitzea azken urteotan oztopatu duten finantzazio arazoak konpondu dira jada. Ataria Eraztun Berdeko hezkuntza eta prestakuntza ekipamendu nagusia izango da, eta erakusketa gelak, ikastaroak, mintegiak... eskainiko ditu. Horrez gain, Salburua zein hiringuruko gainerako parkeak ezagutarazteko jarduerak bilduko ditu, bai eta udalerriko landa eta natur ingurunea ezagutzera emateko jarduerak ere.

Eraztun Berdeak beste komunikazio kanal bi izango ditu: webgune berritu bat eta dibulgazioko hiruhilabetekari bat
Bai webguneak bai dibulgazioko buletinak Eraztunaren egunerokotasunari buruzko informazioa eman nahi dio jendeari. Bi komunikabide hauek Eraztun Berdeko ekipamenduak eta zerbitzuak, paseoak eta ibilbideak, landaredia eta fauna nabarmena, etab. ezagutzera emango dituzte.

Abetxuku auzoaren eta Altuberako errepidearen artean dagoen Basaldea eremuko leheneratze lanak hasi dira

Azterlan botaniko batek Gasteiz mendien natur balioak nabarmendu ditu

45 herrialde baino gehiagoko 350 lagun inguruk hartu dute parte MILES proiektuaren mintegi birtualean

Batticaloa hiriaren leheneratze lanek aurrera darraite Indiar ozeanoan gertatu zen itsasikararen lehen urteurrenean

Erakusketa bat antolatu da tsunamiaren biktimei laguntzeko arabarrek sortu dituzten laguntza proiektuak erakusteko

Bizikleten mailegu zerbitzuaren erabiltzaile kopurua % 80 emendatu da

Otsailean 'Urdaibai, biosfera irudiak' erakusketa ikusi ahal izango da Olarizuko etxaldean

2005eko urriko, azaroko eta abenduko Hiri Ekologiaren Gelen laburpenak argitaratu dira

Hiri Ekologiaren Gelaren 2006. urteko egitasmoa aurkeztu da

CEAren aldizkari digitalak 4 urte bete ditu
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak


Vitoria-Gasteizko Iraunkortasun Behatokia aurkeztu da

Behatoki hau abenduaren 19an aurkeztu zen. Bere helburua ingurumenaren babesa eta garapen iraunkorra esparru lokalean sustatu eta bultzatzea da. Organo berri hau maila lokaleko iraunkortasun plan eta egitasmoak koordinatzeaz arduratuko da eta gaikako alor ezberdinetan gauzatzen diren ekimen eta esperientziak lotuko dituen eragilea izango da.

Behatokiak jorratuko dituen alor tematikoak garapen iraunkorraren ingurumen alderdiaz haratago doaz. Alde sektorialak aztertuko dira, hala nola naturaren eta bioaniztasunaren kontserbazioa, baina baita izaera integralagoa duten beste batzuk ere, esaterako lurraldearen eta mugikortasunaren kudeaketa, bai eta gizarte gaiak ere, esaterako osasuna eta kontsumoa, gizarte kohesioa eta garapen ekonomikoa.

Helburu hau betetzeko hainbat lan lerro finkatuko dira. Oinarri gisa, informazioa, diagnosia eta ebaluzioa, berrikuntza, eta herritarrentzako prestakuntza, hezkuntza eta dibulgazioa erabiliko dira.

Erakunde berri honen lan dinamikak funtsezkotzat izango du elkarlanean aritzea lurralde esparru guztietako (tokikoa, erregionala, nazioartekoa) beste erakunde batzuekin, hiri sareekin, ikerketa zentro eta institutu publiko eta pribatuekin, unibertsitateekin eta gobernuz kanpoko elkarteekin.

Behatokiaren aurkezpen agiria ondoko web helbidean eskuratu daiteke (PDF, 137 Kb):
iraunbehat05e.pdf

Aurkibidera igo

Ataria eraikinak aurrekontua du dagoeneko

Natura interpretatzeko Zentro hau sortzeko proiektuak aurrerapauso garrantzitsua eman du, bere eraikuntza zenbait urtez atzeratu duen finantzazio arazoa konponduta baitago. Eraikin berritzaile hau Salburuko 15. sektorean egingo da eta 5,2 milioi euroko kostua izango du. Lanak Ingurumen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak ordainduko dituzte.

Ataria Eraztun Berdeko hezkuntz eta prestakuntz ekipamendu nagusia izango da. Erakustaretoak, ikastaroak, mintegiak, etab. izango ditu, eta Salburuko parkea zein hiringuruko gainerako parkeak ezagutzera emango ditu, bai eta udalerriko natur eta landa eremuak ere.

Proiektuari buruzko informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/cea/proyectos/2004/ataria04.html

Aurkibidera igo

Eraztun Berdeak beste komunikazio kanal bi izango ditu: webgune berritu bat eta dibulgazioko hiruhilabetekari bat

CEAren webgunea berritze prozesuan dago, eta eguneratu den ataletako bat Eraztun Berdeari dagokiona da. Webgune honek bisitariari zuzendutako informazio praktikoa du: parkeen kokapena, ekipamendu eta zerbitzuak, paseoak eta ibilbideak, landaredia eta fauna nabarmena, argitalpenak... Informazio teknikoagoa ere ematen du, batez ere parkeen kudeaketari eta egokitze lanei buruzkoa eta aldizka egiten diren ikerlanei buruzkoa.

Webgunearen helbidea ondoko hau da:
http://eraztunberdea.vitoria-gasteiz.org

Bestalde, urtarrilaren 28an +Verde izeneko informazio buletinaren lehen zenbakia argitaratuko da. Buletina hiruhilabetero aterako da eta Eraztun Berdeari buruzko egunerokotasuna zabalduko du. Argitalpen berri hau udal kazetaren gehigarri gisa banatuko da, eta baita formatu digitalean ere, Eraztun Berdeko webgune berrian.

Aurkibidera igo

Abetxuku auzoaren eta Altuberako errepidearen artean dagoen Basaldea eremuko leheneratze lanak hasi dira

'Zadorra ibaia Vitoria-Gasteizko tartean hidraulikoki egokitzeko eta ingurumenaren aldetik leheneratzeko plana' izenekoaren atal gisa, pasa den azaroan Udalaren jabego diren eta legezkanpoko baratzez okupaturik dauden Basaldeko lurrak ekologikoki eta paisajistikoki leheneratzeko lanak hasi ziren. Baratze hauek Zadorra ibaiaren eskuinaldean daude, Abetxuku auzoaren eta Altuberako bidearen (N-622) artean dagoen zatian.

Ekintza honetan baimenik gabeko 24.672 m2 baratzeren garbiketa selektiboa egin da, eta erabilera honi lotutako 39 etxola eraitsi dira. Garbiketa lanen ondorioz 60.000 kg hiri hondakin solido eta erabilitako 80 pneumatiko jaso dira. Zaborrak Gardelegiko zabortegira eraman dira eta pneumatikoak baimendutako tratamendu instalazio batean utzi dira.

Orain atal hau bukatzeko lanak ari dira egiten: alde batetik, zoruaren itxura orokorra biribiltzeko lanak, eta bestetik, hainbat zuhaitz eta zuhaiska espezieren landatzeak. Azken honi dagokionez,  Zadorra ibaian berezkoak diren espezieen 2.600 ale gazte, hariztietakoak diren espezieen 4.518 ale gazte eta 49 ale heldu landatuko dira. Lanak urtarril bukaeran amaitzea espero da, larrea ereitea salbu, azken hau sasoi egokian egingo baita.

Aurkibidera igo

Azterlan botaniko batek Gasteiz mendien natur balioak nabarmendu ditu

Gure esparru geografikoko natur balioak ezagutzera zuzendutako lanen artean, lehentasuna eman zaio Gasteiz mendietako landarediari buruzko ezaugarriak analizatzeari. Beraz, Euskal Herriak duen botanikari onenetako bati, Pedro MŞ Uribe-Echebarriari alegia, txosten bat egin dezan eskatu zaio. Botanikari honek beste abantaila bat du: ikerketagune den eskualdea oso ondo ezagutzen duela, iraganean beste azterketa batzuk egin baititu bertan.

Txostenak islatzen duenez, Gasteiz mendietan badaude Europako Batasunaren arabera babesgai diren hainbat baso mota, hala nola karraskadiak, erkameztiak, ameztiak, hariztiak, urkidiak, pagadiak edo lizardiak. Kasurik nabarmenena, hala ere, Pagogan mendiaren barrenetan hedaturik dagoen hagin multzoa da, Europan baso mota hauek hain bakanak izanik kontserbaziorako interes berezia baitu.

Haatik, ez dira basoak balio aipagarriak dituzten bakarrak. Zenbait txilardi, ipurudi edo mendiko larre ere gero eta bakanagoak dira eta, beraz, arreta berezia merezi dute babestu nahi badira. Hauen artean orkideetan aberatsak diren larreak aipatu behar dira, Europa mailan lehentasuneko babesa baitaukate.

Espezie zehatzei dagokienez, EAEn desagertze arriskuan dauden 8 landare daude, besteak beste Europa mailan kontserbaziorako interesa duen Narcissus asturiensis motako nartzisoa, edo Iberiar penintsulan banaketa eremu oso txikia duen Genista eliassennenii espezieko otabera.

Ikerlana ondoko helbidean eskuratu daiteke (PDF, 730 Kb):
montvitbot05c.pdf

Aurkibidera igo

45 herrialde baino gehiagoko 350 lagun inguruk hartu dute parte MILES proiektuaren mintegi birtualean

2005eko azaroan zehar ospatu zen mintegi honen helburua ingurumen informazioko sistemen alorrean nazioarteko esperientzia berriak elkartrukatzea izan zen. Mintegia garatzeko webgune bat eraiki zen, hizlariek beren ideiak PDF dokumentuen bidez erakutsi zezaten eta ondoren parte hartzaileek aipatu ponentziei buruzko galderak, zalantzak eta iradokizunak plantea zitzaten.

Informazioa 3 bloke tematikotan banatu zen: geografi informazioko sistema libreen esparruan azken aldian egindako aurrerapenak, tokiko administrazioetan garatutako ingurumen informazioko sistemen esperientzia praktikoak, eta aipatu sistemak sortzeko laguntza mekanismoak. Mintegian mundu osoko 45 herrialde baino gehiagoko 350 lagunek parte hartu zuten.

Topaketa honetan sortutako informazioa eskuragarri dago oraindik, ondoko helbidean:
http://www.miles.geo.ar.tum.de/virtualseminar

Aurkibidera igo

Batticaloa hiriaren leheneratze lanek aurrera darraite Indiar ozeanoan gertatu zen itsasikararen lehen urteurrenean

Indiar ozeanoaren ertzeko eskualde handiak suntsitu zituen itsasikararen lehen urteurrena bete da. Lehen unetik Vitoria-Gasteizek, Munichekin batera, Sri Lankan dagoen Batticaloa hiriari laguntzeko ekimen bat jarri zuen abian. Batticaloan biztanleen erdia etxerik gabe geratu zen.

Laguntza hiru fasetan antolatu da. Lehen fasea larriadiko eta berehalako ekintzak egitera zuzendu zen, bizirik iraun zutenak eta hondamendiaren eraginez lekualdatutakoak erreskatatu, artatu, janariz hornitu eta ostatatzeko (eskoletan, herri-zentroetan eta kanpalekuetan). Era berean, fase honetan izurriteen prebentzioa, hondakinak kentzea eta garbiketa, oinarrizko zerbitzuen leheneratzea... egin ziren. Egun bigarren fasea dago martxan, epe ertaineko berreraikuntzara zuzendutakoa. Fase honetako lan garrantzitsuena azpiegituren berreraikuntza da: autobus geltokia, udal aparkalekua, Thuraiyappako zubia... Hirugarren fasean, berriz, epe luzeko lanak egingo dira eta hondamendiak kudeatzeko protokolo bat ezarriko da alerta goiztiarreko nazio mailako sistema batekin loturik.

Proiektuaren webgunea ondoko helbidean dago:
http://batticaloa.geo.ar.tum.de/index.pl/eu

Aurkibidera igo

Erakusketa bat antolatu da tsunamiaren biktimei laguntzeko arabarrek sortu dituzten laguntza proiektuak erakusteko

Otsailaren 3tik 26ra Amarika aretoa 'Elkartasun uhina' izeneko erakusketaren egoitza izango da. Jarduera honen bidez jendeak hurbiletik ezagutu ahal izango ditu Asiako hegoekialdea astindu zuen 2004ko abenduko hondamendiak utzitako suntsipenaren ondoren Arabako gizartearen laguntzari esker abian jarri ziren berreraikitze lanak.

Erakusketan Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Caja Vital Kutxak sustatutako elkartasun fondoari esker finantzatutako lanak erakutsiko dira. Fondo hau hainbat erakundek erabili dute: Munduko Landaguneak, Gurutze Gorriak, karmeliten La Obra Máxima GKEak, OSCARTEk, UNICEFek eta ACNURek, baita CEAk berak ere. Fondoak Arabako gizartearen laguntza handia jaso zuen.

CEAk Batticaloan (Sri Lanka) egindako lanak ordaintzeko erabili du dirulaguntza.
http://batticaloa.geo.ar.tum.de/index.pl/es

Subir al índice

Bizikleten mailegu zerbitzuaren erabiltzaile kopurua % 80 emendatu da

Bizikleten mailegu zerbitzua maiatzaren 31n jarri zen martxan eta azaroaren 30a arte egon zen indarrean. Mailegua 11 puntutan eskaini da, gehienak gizarte etxeak. Puntu bakoitzean 5 eta 25 bizikleta artean jarri dira eskuragarri, toki bakoitzean ikusi den eskariaren arabera.

Bigarren urtez, sistemak arrakasta handia izan du bai erabiltzaile kopuruari dagokionez bai zerbitzuaren erabilera egokiari eta herritarren gogobetetze mailari dagokienez. Mailegu aldia bukatu ondoren, 19.543 erabiltzaile erregistratu dira, hots, aurreko urtean baino % 83 gehiago. Era berean, 49.099 mailegu egin dira, 2004an baino %93 gehiago. Bitxikeria gisa, esan daiteke 14 lagunek zerbitzua 100 aldiz baino gehiagotan erabili dutela, eta lagun batek zerbitzua 157 aldiz erabili duela.

Aurkibidera igo

Otsailean 'Urdaibai, biosfera irudiak' erakusketa ikusi ahal izango da Olarizuko etxaldean

2006ko Hezeguneen mundu egunaren kariaz, CEAk argazki erakusketa bat programatu du otsailerako. Erakusketaren izenburua: 'Urdaibai, biosfera irudiak'.

Erakusketak espazio honen natur aberastasuna eta ikuspegi poetikoa uztartu nahi ditu, gogoetagune bat sortuz bazter hauen edertasunaren, ingurumen edukien eta iraunkortasunerako bidean doan garapen kontzeptu baten adibide gisa duen balioen inguruan. Argazki eta testu lirikoen baturak mundu hauskor, eder batean sartzen utziko digu. Arriskuan dagoen mundua da, garapenaren eta gure baliabideen kontserbazio iraunkorraren arteko oreka egoerara iritsi nahi badugu gure etorkizuneko eginbidearen eredu izan behar duen bizimodu baten isla dena.

  • Egunak: otsailaren 2tik martxoaren 12ra

  • Tokia: Olarizuko etxaldeko erakustaretoa

  • Norentzat: jende ororentzat

  • Ordutegia:

    • Asteartetik ostiralera: 16:00-18:00

    • Asteburuetan: 11:00-14:00 eta 16:00-18:00

Aurkibidera igo

2005eko urriko, azaroko eta abenduko Hiri Ekologiaren Gelen laburpenak argitaratu dira

Urriko Ekologiaren Gelak, ekitaldi berezi batean, Arabako lurralde historikoko eta Vitoria-Gasteizko paisaiaren eta konektagarritasun ekologikoaren inguruan eztabaidatzeko balio izan zuen. Laburpena ondoko helbidean kontsulta daiteke (PDF, 92 Kb):
paiskonekt05e.pdf

Azaroan klima aldaketaren prebentzioaz hitz egin zen, San Frantzisko hiriko (Kalifornia) esperientziaren bitartez. Laburpena ondoko helbidean dago (PDF, 60 Kb):
klimaaldak05e.pdf

Abenduko Ekologiaren Gelak iraunkortasun behatokien gaia aztertu zuen. Gela bukatu ondoren Vitoria-Gasteizko Iraunkortasun Behatokia aurkeztu zen. Laburpena ondoko helbidean kontsulta daiteke (momentuz gaztelaniaz, PDF, 127 Kb):
obssostacto05c.pdf

Aurkibidera igo

Hiri Ekologiaren Gelaren 2006. urteko egitasmoa aurkeztu da

Hona hemen Hiri Ekologiaren Gelak 2006erako proposatzen digun gaien multzoa. Hileko programak definitzen diren heinean, informazio zehatzagoa emango da CEAren webgunean, Ekologiaren Gelaren atalean.

  • Urtarrila: Biodibertsitatea eta paisaia babestea eta hobetzea. Baso kudeaketa jasangarria

  • Otsaila: XXI. mendeko lorategi botanikoak

  • Martxoa: Uraren erabilerak eta hiri ereduak

  • Apirila: Garapenerako kooperazioa. Ur hornidura eta saneamendua

  • Maiatza: Askotariko hiria: urbano, herritar eta naturala

  • Ekaina: Bide berdeak: mugikortasuna, aisia eta natura babestea

  • Iraila: Hiri mugikortasun iraunkorra

  • Urria: Nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoa

  • Azaroa: Erosketa publiko berdea. Iraunkortasuneko irizpideak administrazio publikoekin kontratuak egiterakoan

  • Abendua: Iraunkortasuna: kontzeptu kritikoa

2006ko egitarauari hasiera emateko, urtarrilean baso kudeaketa iraunkorraz hitz egingo da. Gela Olarizuko etxaldean ospatuko da urtarrilaren 25ean, 17:45etatik aurrera. Bi adituk Moncayoko parke naturaleko eta Nafarroako pagadietako baso kudeaketa azalduko dute, eta esperientzia hauek oinarritzat hartuz gure mendietako basoak kudeatzeko egokienak izan daitezkeen proposamenen inguruko gogoeta eta eztabaida piztu nahi da.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial06/aula2006a.html

Aurkibidera igo

CEAren aldizkari digitalak 4 urte bete ditu

Aldizkari hau 2002ko otsailean argitaratu zen lehen aldiz, CEAk parte hartzen dituen jardueren berri emateko asmoz. Urte hauetan zehar sarritan agertu diren gaiak egon dira, hala nola 'Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin' kanpaina, Hiri Ekologiaren Gela edo Agenda 21, CEAren lan esparru ohikoak direnez gero. Beste gai batzuk behin bakarrik agertu dira, baina batzuetan garrantzi handia eduki dute, esaterako CEAk Caja Vital Kutxarekin ingurumen hezkuntzaren alorrean sinatutako lankidetza hitzarmena, edo udalerriaren Hegoaldearen hiri antolamenduari buruzko analisi dokumentuaren aurkezpena.

Egun aldizkariak 757 harpidedun ditu, horien artean ingurumen dokumentazioko zentroak, ikastetxeak, ikasleak, teknikariak, politikariak, etab.

Aurkibidera igo

Betońuko urmaela inguratzen duen ibilbidea leheneratu da

Ibilbide hau duela gutxi ireki da berriro, hondatuta zegoen egurrezko zaldain bat ordezkatzeko lanak egin behar izan baitira. Zaldain berria 180 metro luze eta 3 metro zabal da, eta lehen zegoena baino apur bat gorago eraiki da, urmaelaren ur maila bidea moztu gabe kota altuenera iritsi dadin ahalbidetzeko. Bestalde, hezegunearen Hegoaldean dagoen bidea hobetu eta zabaldu da, aipatu zaldainetik hasi eta parkeak Salburuko zelaietatik lehen zeukan sarreraraino. Lan hauek Salburuko 8. sektorearen hiritartzearen baitan integraturik daude eta, beraz, bertako konpentsazio batzordeak ordaindu ditu.

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografkoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/siam

CEAren deialdiak
Erakusketa 'Urdaibai, biosfera irudiak'

Data: 2006ko otsailaren 2tik martxoaren 12ra
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat
: Jende ororentzat

Erakusketa  'Elkartasun uhina'

Data: 2006ko otsailaren 3tik 26ra
Tokia: Amarika aretoa

Norentzat
: Jende ororentzat

Hiri Ekologiaren Gela: 'Biodibertsitatea eta paisaia babestea eta hobetzea. Baso kudeaketa jasangarria'

Data: 2006ko urtarrilaren 25
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat
: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/novedades/historial06/aula2006a.html

Jarduera 'Zatoz eta behatu baso-igel jauzkaria Salburuan'

Data: 2006ko urtarrilaren 26
Tokia: Salburuko parkea

Norentzat
: Jende ororentzat
Informazio gehiago: 945 162696, ceaadmin@vitoria-gasteiz.org

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.