Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2005eko irailaren 12 - 19. zenbakia

Tokiko Agenda 21aren buletina aurkeztu da
Urtero egiten den bezala, pasa den ekainaren 13an Tokiko Agenda 21aren 2005. urteko buletina aurkeztu zen jendaurrean. Dagoeneko zortzi dira 1998tik hiriaren eta udalerriaren ingurumen egoera eta jasangarritasun baldintza orokorrak aztertzen dituzten txostenak. Beti bezala, buletinak hainbat alor jorratzen ditu: hiri poluzioa, baliabideen kontsumoa, lur okupazioa, zirkulazio intentsitatea, etab.

'Garapen iraunkorrerako ingurumen heziketako jardueren katalogoa • Vitoria-Gasteiz eta Araba • 2005-2006 ikasturtea'
Inprimatu diren 1.800 aleak irailean zehar banatuko dira gai hauetan interesa dutenen artean. Guztira 800 jomugatara iritsiko da: irakasleak, ikastetxeak, informazio eta dibulgazio zentroak, ingurumenari eta garapen jasangarriari lotutako elkarte eta taldeak, administrazio eta enpresetako teknikariak eta esparru honetan interesa duten lagunak.

Mugikortasun jasangarriaren astea 2005
Vitoria-Gasteizko Udala 2000 urtetik ari da parte hartzen 'Hiria nire autoa gabe' Europako Eguna izeneko ekimenean. Hainbat urte dira gertakizun honi loturiko ekimenak ez direla irailaren 22ra bakarrik mugatzen. Denborarekin, jarduerak aurreko eta ondorengo egunetara hedatu dira, egun mugikortasun jasangarriaren astea deritzona osatu arte.

Vitoria-Gasteizek San Frantziskoko Hiri Berdeen Adierazpena eta Aalborg+10 Akordioak izenpetu ditu
Ingurumenaren Mundu Egunaren ekitaldi nagusiaren ospatzea dela eta, Vitoria-Gasteizek, munduko beste 60 hirirekin batera, 'Ingurumenaren Hiri Akordioak-Hiri Berdeen Adierazpena' izeneko ekimenaren agiria idazteko lantalde eta eztabaidetan eta hortik atera den agiriaren idaztean parte hartu du.

2004-2005 ikasturteko Eskolako Agenda 21aren emaitzak aurkeztu ziren uztailean

Ura Aurrezteko Osoko Planak urtea bete du

CEAk 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena' argazki lehiaketa antolatu du berriro, aurten 'Ura' gaitzat harturik

Hiri Ekologiaren Gelaren datozen lau hilabeteetako egitaraua prest dago jadanik

Vitoria-Gasteizko udalerriko lur erabileren dinamikak aztertzen dituen ereduaren lehen emaitzak aurkeztu dira

Erakusketa berria Olarizuko etxaldean: 'Naturaren Argazkilariak, 2005. Wildlife Photographer of the year'

Urriaren 1 eta 2an Hegaztien Nazioarteko Eguna 2005 ospatuko da

Aurten ere CEAk Loreontziko Lorezaintzaren Tailerrak antolatu ditu

Bukatu da Vitoria-Gasteizko I. Paisaiaren Hiri Foroa

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren 10. urtebetetzea ospatzeko ekitaldiaren laburpena

Mendi Korridore Handien inguruko nazioarteko biltzarra

Bilboko Arte Eder Museoko erakusketa batek Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak saritu dituen lanak gogoratu ditu

Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: 'GARAPEN IRAUNKORRA – IT. etorkizuna'

Sarbide berriak eraiki dira Zabalganeko parkera iristeko
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak

Tokiko Agenda 21aren buletina aurkeztu da

Urtero egiten den bezala, pasa den ekainaren 13an Tokiko Agenda 21aren 2005. urteko buletina aurkeztu zen jendaurrean. Dagoeneko zortzi dira 1998tik hiriaren zein udalerriaren ingurumen egoera eta jasangarritasun baldintza orokorrak aztertzen dituzten txostenak. Beti bezala, buletinak hainbat alor jorratzen ditu: hiri poluzioa, baliabideen kontsumoa, lur okupazioa, zirkulazio intentsitatea, etab.

Zortzigarren argitaraldi honetan, iaz onartu ziren 35 adierazleen sistema berria jaso du buletinak. Adierazleetako batzuen definizioa aldatu egin da pixka bat, zehatzagoa izan dadin, eta beste batzuk moldatu egin dira. Aldaketa hauen xedea errealitate edo arazo zehatzak hobeto adieraztea izan da.

Adierazleak analizatuz zera ikusten da, urteko aldaketak txikiak direla eta joerak ez direla nabarmenak; alabaina, esan daiteke alor batzuetan zentzu positiboan aurrera egiten ari garela. Airearen kalitatea hobetzean, esaterako, industriak ingurumen alorrean inplikazio handiagoa izateak asko lagundu du. Hondakinen birziklatzean, bestalde, jendearen partehartzea funtsezkoa izan da emaitza onak lortzeko.

Beste emaitza batzuk ez dira hain egokiak. Energi kontsumoak, adibidez, ez du gutxitzeko joera erakusten, kontrakoa baizik. Beraz, ezinbestekoa da kontzientziatze ahaleginak indartzea eta egungo kontsumo joerak aldatzera lagunduko duten neurriak hartzea.

Bai buletina bera bai adierazleak neurtzeko erabili diren metodologiak Tokiko Agenda 21aren webgunean eskuratu daitezke.

Aurkibidera igo

'Garapen iraunkorrerako ingurumen heziketako jardueren katalogoa • Vitoria-Gasteiz eta Araba • 2005-2006 ikasturtea'

Inprimatu diren 1.800 aleak irailean zehar banatuko dira gai hauetan interesa dutenen artean. Guztira 800 jomugatara iritsiko da: irakasleak, ikastetxeak, informazio eta dibulgazio zentroak, ingurumenari eta garapen jasangarriari lotutako elkarte eta taldeak, administrazio eta enpresetako teknikariak eta esparru honetan interesa duten lagunak.

Katalogo hau CEAk argitaratzen duen hamargarrena da eta, beraz, garrantzi berezia du guretzat, gure jarduera programaren sendotzea suposatzen baitu.

Agiri honen 10. urteurrenak bat egin du CEAk Vitoria-Gasteizko Udaleko Erakunde Autonomo gisa bete duen 10. urteurrenarekin eta Udalak Aalborg-eko Karta izenpetu izanaren 10. urteurrenarekin.

Katalogoa ondoko web helbidean eskura daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/publicaciones/download/2005/cat0506/cat0506e.htm

Aurkibidera igo

Mugikortasun jasangarriaren astea 2005

Vitoria-Gasteizko Udala 2000 urtetik ari da parte hartzen 'Hiria nire autoa gabe' Europako Eguna izeneko ekimenean. Hainbat urte dira gertakizun honi loturiko ekimenak ez direla irailaren 22ra bakarrik mugatzen. Denborarekin, jarduerak aurreko eta ondorengo egunetara hedatu dira, egun mugikortasun jasangarriaren astea deritzona osatu arte.

Aurten mugikortasun jasangarriaren astea irailaren 16tik 22ra luzatuko da eta ondoko gai hauek jorratuko dira:

  • irailaren 16: Garraio publikoaren sustatzea

  • irailaren 17 eta 18: Bizikleta hirian

  • irailaren 19 eta 20: Lanera nire autoa gabe

  • irailaren 19: Autoa partekatu

  • irailaren 20: Enpresak eta industriak

  • irailaren 21: Mugikortasun segurua ikasleentzat

  • irailaren 22: 'Hiria nire autoa gabe' Europako Eguna

Informazio gehiago:
Mugikortasun jasangarriaren astea 2005

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizek San Frantziskoko Hiri Berdeen Adierazpena eta Aalborg+10 Akordioak izenpetu ditu

Ingurumenaren Mundu Egunaren ekitaldi nagusiaren ospatzea dela eta, Vitoria-Gasteizek, munduko beste 60 hirirekin batera, Ingurumenaren Hiri Akordioak-Hiri Berdeen Adierazpena izeneko ekimenaren agiria idazteko lantalde eta eztabaidetan eta hortik atera den agiriaren idaztean parte hartu du.

Dokumentu honek 21 akzio praktiko jaso ditu zazpi kategoriatan (energia, hondakin murrizketa, hiri diseinua, hiri ingurumena, garraioa, ingurumen osasuna eta ura) sailkaturik. Alor hauetan lan egitea ezinbestekotzat jo da mundu mailako 'ingurumen garbi, osasuntsu eta segurua' lortzeko.

Azken agiria ekainaren 5ean berretsi zen San Frantzisko hirian, Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren Zuzendari Exekutibo Klaus Toepferrek parte hartu zuen ekitaldi handi batean. Vitoria-Gasteizekin batera, prozesuan parte hartu zuten eta konpromiso honekiko atxikimendua sinatu zuten hirien artean ondoko hauek nabarmen daitezke: Vancouver, Jakarta, New Delhi, London, Istambul, Kampala, Melbourne, Mosku, Rio do Janeiro, Islamabad eta Kopenhagen.

Bestalde, uztailaren 29an Udalbatzak Aalborg+10 Akordioak izenpetzea erabaki zuen. Europa mailan sortu den agiri honek jasangarritasuna hobetzera zuzendutako udal ekintzek jomugatzat izan behar dituzten 10 esparruak finkatu ditu.

Bi dokumentu hauek sinatzean, Vitoria-Gasteizek sendotu egin ditu gizarte, ekonomia eta ingurumenaren aldetik jasangarria izango den hiri eredua garatzeko bidean hartu dituen konpromisoa eta borondatea.

Agiri hauek ondoko helbideetan kontsultatu daitezke:
http://www.aalborgplus10.dk
urbanaccords05e.pdf

Aurkibidera igo

2004-2005 ikasturteko Eskolako Agenda 21aren emaitzak aurkeztu ziren uztailean

2004-2005 ikasturteko Vitoria-Gasteizko Eskolako Agenda 21aren baitan energiaren gaia aztertu zen. Ekimen honetan Jesús Obrero Ikastetxeak, Mendebaldea Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeak, Ursulinas Ikastetxeak, Presentación de María Ikastetxeak eta San Viator Ikastetxeak hartu zuten parte.

Udalak bere teknikarien laguntza eskaini zuen eta Eskolako Agenda 21aren diagnostikoa garatzeko enpresa bat kontratatu zuen. Proiektu honen baitan hainbat tokitako egoera energetikoa aztertu zen: ikastetxekoa, ikasleen etxeetakoa, hainbat udal eraikinetakoa eta zenbait enpresa eta dendatakoa. Horrez gain, inkesta bat egin zen kalean jendearen artean.

Ikastetxeetan jaso ziren ondorio, iradokizun eta proposamenak Eskolako Agenda 21aren Eskola Foroan eztabaidatu eta adostu ziren ikastetxe guztietako ikasleen parte hartzearekin.

Diagnostikoaren emaitzak Vitoria-Gasteizko alkateari aurkeztu zitzaizkion. Alkateak, bere aldetik, Udalaren Energi Plana izango denaren lerro nagusiak aurreratu zituen.

Datorren ikasturtean hamaika izango dira Eskolako Agenda 21ean parte hartuko duten ikastetxeak. 2005-2006an garatu den gaia mugikortasun jasangarria izango da.

Aurten egindako lanaren laburpen bat ondoko helbidean eskuratu daiteke (PDF formatuan, 64 Kb):
a21e0405e.pdf

Aurkibidera igo

Ura Aurrezteko Osoko Planak urtea bete du

Plan honek, eskariaren kudeaketa metodologietan oinarrituz, uraren erabilera eraginkorragoa eta Vitoria-Gasteizko kontsumitzaileen ur eskariaren murriztea planteatzen ditu. Plana lau urtez egongo da indarrean.

12 egitasmo operatibotan artikulaturik, UAOPak ondoko helburuak ditu: azpiegiturak hobetzea, uraren borondatezko aurreztea sustatzea, eraginkortasuna bultzatzea, baliabide alternatiboak (ur araztua, euri urak, tokiko akuiferoetakoak) erabili daitezkeen ikertzea, baliabide honi buruz dagoen informazioa antolatu eta kudeatzeko bideak hobetzea eta uraren erabilerarako araudiaren balizko aldaketa aztertzea.

UAOParen lehen lan urtean garatu diren ekintzak erakundeen eta komunikazioaren egitasmoetakoak dira.

Udalaren zentro eta eraikinetan izaten den ur kontsumoaren lehen bost ikuskaritzak egin dira (Aldabe, Judimendi eta Iparralde gizarte etxeetan, Mendizorrotzan eta San Prudentzio kaleko bulegoetan). Aurki ikuskaritza hauetako emaitzak aurkeztuko dira eta ikuskaritza gehiago egingo dira.

Komunikazio egitasmoari dagokionez, abenduan erakusketa baten bitartez egin zen Planaren aurkezpen ofizialaz gain, publizitate kanpaina bat diseinatu da 'Ura, gure altxorrik handiena' mezuaren bidez hiri osora iritsiko dena ikasturte honetan zehar.

Bestalde, kanilen eta saneamendu sistemen dendekin kontakuak egin dira ura aurrezten duten produktuen erabilera sustatzeko kanpaina bat zabaltzeko. Hitzarmen hau sinatu duten dendek konpromisoa hartu dute ura aurrezteko gailuak salgai jartzeko, produktu hauek modu egokian identifikatzeko eta teknologia hauek azalduz UAOParen baitan prestatu diren liburuxkak hedatzeko. Honez gain, fabrikatzaileekin egin diren kontaktuak erabiliz Produktu Aurreztaileen Katalogo bat prestatu da eta ur kontsumoarekin zerikusia duten sektore profesionalen artean banatuko da.

Bestalde, bi ikerketa tekniko jarri dira abian: batak ur iturri alternatiboen erabilera baloratuko du, eta besteak udaleko ur erabilera arautzen duen legedia eskariaren kudeaketako irizpideak sartuz aldatu ote daitekeen aztertuko du.

Planaren webgunea ondokoa da:
http://www.amvisa.org/piaa/eu/html/index.shtml

Aurkibidera igo

CEAk 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena' argazki lehiaketa antolatu du berriro, aurten 'Ura' gaitzat harturik

Ura funtsezko osagaia da bizitzarako eta bere kalitateak ona izan behar du naturak zein gizakiek osasuntsu bizi gaitezen. Jakina denez, Vitoria-Gasteiz hiriak Ura Aurrezteko Osoko Plan bat jarri du abian, bere Tokiko Agenda 21ean ageri den bezala baliabideen erabilera jasangarriaren alde baitago. Uraren erabilera egokiaren premia jendeari jakinarazteko erronka honen baitan hainbat jarduera antolatu dira. Horien artean, aurten 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena' argazki lehiaketaren gaia 'Ura' izan dadin erabaki da.

Gaia edozein ikuspuntutatik landu ahal izango da: natura, hiria, gizakia, ekologia, aisia, kirola, paisaia, kudeaketa...

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial05/argazkilehiaketa05.html

Aurkibidera igo

Hiri Ekologiaren Gelaren datozen lau hilabeteetako egitaraua prest dago jadanik

Udako etenaren ondoren, Hiri Ekologiaren Gela abian dago berriro hiriaren osotasunaren zati diren alderdi ezberdinen inguruko gogoeta eta eztabaida sortzen jarraitzeko. Irailetik abendura, izen handiko hainbat aditu, profesional eta ikerlarik ondoko gaiez duten ikuspegiaz gozatuko dugu:

  • Iraila: Eskola eta mugikortasuna

  • Urria: Nekazaritza eta baratzezaintza ekologikoa

  • Azaroa: Klima aldaketaren prebentzioa

  • Abendua: Espainiako jasangarritasunaren behatokia

Iraileko Gelaren egitaraua ondoko helbidean kontsultatu daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/novedades/historial05/aula2005f.html

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial05/defaultaula.html

Ekimen honi buruzko informazio eguneratua jaso nahi dutenek CEArekin harremanetan jarri daitezke telefono bidez (945 162696) edo e-posta erabiliz (galcala@vitoria-gasteiz.org).

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizko udalerriko lur erabileren dinamikak aztertzen dituen ereduaren lehen emaitzak aurkeztu dira

Europako Espazio Agentziaren (ESA) babespean gauzatutako proiektu honen barruan, gure hiria lurren okupazio dinamiken ereduak sortzeko saio baten kokalekua izan da. Teknika mota hauen azken xedea lurralde plangintzaren alorrean erabakiak hartzea erraztea da, Plangintza Laguntzeko Sistemak deritzenetan oinarrituz. Esperientzia hau uztailaren 14ko Ekologiaren Gelan azaldu zen.

Aplikatu den ereduak lurraldearen baldintza fisikoak eta tokian bertan zein eskualdean jada existitzen diren plangintza proposamenak hartzen ditu oinarritzat udalerrian gerta daitezkeen etorkizuneko garapenak analizatzeko. Hartara, garapen hauetako bakoitzak aurretiaz ezarritako irizpide edo helburuetara nola egokitzen den aztertu daiteke. Era berean, erabaki hartzeen ondorioz lurraldean gertatzen diren aldaketa eta eboluzio prozesuak hobeto ulertzen laguntzen dute, eztabaidak sustatzen dituzte eta plangintzan inplikatutako eragileen arteko komunikazioa errazten dute.

Proiektu honetan garatutako lanak beste bi ondoriotara eraman gaitu ingurumen informazioari dagokionez: Vitoria-gasteizko Ingurumen Informazioko Sisteman bildurik dagoen gaikako informazioa erabilera anitzekoa dela, eta oso garrantzitsua dela lurralde eta ingurumen informazioari dagokionez korporazio mailan integrazio politika sendoa garatzea.

Aurkibidera igo

Erakusketa berria Olarizuko etxaldean irailaren 22tik aurrera: 'Naturaren Argazkilariak, 2005. Wildlife Photographer of the year'

Erakusketa honen bidez izadiaren ikusgarritasun, aniztasun eta edertasunaz gozatuko dugu eta gure hiriak natura kontserbatzeko egiten duen ahalegina ulertzeko testuinguru egokia edukiko dugu. Erakusketak naturako argazkirik onenak bildu nahi ditu. Antolatzaileak Lurrean dagoen bizitza aniztasuna hedatu asmoz lanean ari diren bi erakunde dira, Natur Historiako Museoak eta BBC Wildlife Magazinek.

Izadiaren munduan ospatzen den lehiaketarik entzutetsuenetik hautaturik, lagin honetan sartu diren irudiak aurten 50 herrialde baino gehiagotatik iritsi diren 18.500 argazkietatik saria jaso dutenak dira. Irudi aparta hauek etorkizuneko argazkilari eta naturazaleen inspirazio iturri izan daitezen nahi da eta, aldi berean, mundu osoko jendeak naturaren miraria, distira, dramatismoa eta aniztasuna behatu ahal izan dezan.

Lehiaketaren webgunea ondoko helbidean dago:
http://internt.nhm.ac.uk/jdsml/wildwin/2004

Aurkibidera igo

Urriaren 1 eta 2an Hegaztien Nazioarteko Eguna 2005 ospatuko da

2005eko Hegaztien Nazioarteko Egunaren kariaz, urriaren 1 eta 2rako CEAk, Arabako Foru Aldundiak eta beste hainbat erakundek jarduera sorta bat prestatu dute hegaztiek eta beren habitatek jasaten dituzten ingurumen arazoei buruzko kontzientziazioa pizteko.

Aurten Espainiako Ornitologi Elkarteak (SEO/BirdLife) Bonelli arranoa hautatu du '2005 Urteko Hegaztia' bezala, espezie hau arriskuan dagoen hegazti gisa sailkatu baitute Espainiako Hegaztien Liburu Gorriaren argitaraldi berrian.

Jarduerak Salburuko parkean eta Garaio eta Mendixurko parkeetan garatu dira nagusiki. Salburuko parkeari dagokionez, urriaren 2an, igandean, jarduera sorta ederra antolatu da: begiralez lagundutako behaketak behatokietan, hegaztiei eraztuna jartzeko estazioa, silueten identifikatze lehiaketa, tailerren txokoa, kontsultarako material bibliografikoz hornitutako gunea, bisita gidatuak eta DIGISCOPY sisteman oinarritutako argazkiak ateratzea.

Aurkibidera igo

Aurten ere CEAk Loreontziko Lorezaintza Tailerrak antolatu ditu

Tailer hauek oso aukera interesgarria dira aire zabaleko ingurune natural batean loreak, lorategiko landare zurkarak eta landare erabilgarriak landatzen ikasteko. Tailerrak Olarizuko baratzeetan izango dira, nahiz eta, eguraldi txarra egiten badu, lan batzuk Olarizuko etxaldean egin ahal izango diren. Ordutegiak eta datak hauek dira: astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 11:30etara edo 16:00etatik 17:30etara.

Lehen tailerra urriaren 17tik urtarrilaren 16ra izango da eta terraza eta balkoietarako neguko loreontziak nola lantzen diren irakatsiko da. Hainbat lore mota ikusiko dira: idi-bihotzak, lilipak, hiazintoak, San Jose loreak, pentsmenduak...

Izena emateko epea irailaren 26tik urriaren 14ra izango da. Izen ematea Olarizuko etxaldean egin behar da.

Aurkibidera igo

Bukatu da Vitoria-Gasteizko I. Paisaiaren Hiri Foroa

'Periferiak: barrurantz, kanporantz' izenburupean ospatu diren I. Jardunaldi hauetan 150 lagun baino gehiago bildu ziren, maiatzaren 26tik 28ra. Nazioarteko adituen eskutik, lurralde antolamenduari, hirien hazkundeari eta hiri zein landa paisaiekin duten harremanari buruzko eztabaidak entzun ziren eta hainbat profesionalek paisaiaren alorreko proiektu berritzaileak aurkeztu zituzten.

Aldi berean, 'Hiri periferian egindako esku hartzeak' izeneko Ideia Lehiaketara aurkeztu ziren lanen erakusketa bat eratu zen. Jardunaldien itxiera ekitaldian lehiaketaren emaitza jakinarazi zen. 60 proposamen baino gehiago aurkeztuz lehiaketan parte hartu zuten unibertsitate ikasleen artean 14 lagun hautatu ziren.

Lehiaketaren irabazleek Paisaiaren Lantegi batean lan egin zuten uztailaren 8tik 15era, 'Zabalganeko hirizidorra' gaitzat harturik beren proposamenak lantzeko. Proiektu honen bidez Vitoria-Gasteizko hirigunea mendebaldeko auzo berriekin eta Jundiz industrialdearekin lotuko dituen oinezkoentzako eta txirrindularientzako zidor bat sortu nahi da eta, aldi berean, Armentiatik Zabalganeko parkerainoko lotura ekologikoak leheneratu nahi dira. Zenbait egunez gogor lan egin ondoren, ikasleek alkateari eta hedabideei aurkeztu zizkieten beren proposamenak. 

Paisaiaren Hiri Foroaren esperientzia onaren ondoren, gertakizun hau bi urtero ospatzea aurreikusi da.

Jardunaldien ondorioak eta Lantegiko emaitzak Foroaren webgunean eskura daitezke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/forourbanopaisaje

Aurkibidera igo

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren 10. urtebetetzea ospatzeko ekitaldiaren laburpena

Ekainaren 15ean Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren 10. urteurrenaren kariaz antolatu ziren jardueren ekitaldi nagusia ospatu zen Olarizuko etxaldean. Ekitaldira 150 pertsona inguru etorri ziren, haien artean kargu publikoak eta erakundeetako ordezkariak, Vitoria-gasteizko Udaleko sailetako eta beste erakunde batzuetako langileak, azken hamar urteetan CEAk laguntzailetzat izan dituen enpresa eta erakundeen ordezkariak, CEAk antolatutako jarduera eta programetan inoiz parte hartu duen jendea... 

Ekitaldia CEAren lehendakari Idoia Garmendiak eta Vitoria-Gasteizko alkate Alfonso Alonsok ireki zuten; ondoren Senatuko lehendakari eta CEA bere hasieran osatu zuen Udalbatzaren partaide izan zen Javier Rojok hitz egin zuen. Gero hitzaldi nagusia entzun zen Fundación Entorno, Empresa y Medio Ambienteren zuzendari nagusi eta Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (PNUMA) Espainiako ordezkari den Cristina García-Orcoyenen eskutik. Hitzaldiaren izenburua 'Próxima década: perspectivas de sostenibilidad urbana y territorial' izan zen. Bukatzeko, Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziaren zuzendari den Salvador Ruedak aurkeztu eta moderatutako solasaldi bat garatu zen.

Ekitaldiaren laburpena jasotzeko (gaztelaniaz, PDF formatua, 124 Kb):
cea+10e.pdf

Aurkibidera igo

Mendi Korridore Handien inguruko nazioarteko biltzarra

2005eko urrian 'International Mountain Corridors, Protecting the World’s Mountain Corridors and Peace Parks' biltzarra ospatuko da Pirinioetako Garapen Jasangarriko Zentroan, Les Planes de Sonen (Lleida). Topaketa hauek CMAP-UICNk, Europako Batasuneko XI. Zuzendaritza Nagusiak, Kontseilu Europarrak eta Fundació Territori i Paisatgek antolatuko dituzte.

Munduan garrantzi ekologiko handiko mendikatea asko daude: Kantauriar Mendiak, Pirinioak, Alpeak, Karpatoak, Apeninoak, Kaukasoko Mendiak edo Iparramerikako Mendi Harritsuak, etab. Biltzar honetan mendi sistema handi hauen bidezko konektibitate ekologikoa sustatzeko hainbat esparrutatik egiten ari diren ahaleginak eta ekimenak aztertuko dira. Honez gain, biltzarrean Kantauriar Mendiak - Pirinioak - Erdialdeko Mendigunea - Mendebaldeko Alpeak Mendiko Korridore Handia izeneko ekimena formalki aurkeztuko da.

Hitzaldien osagarri gisa, mintegi bat eta Kantauriar Mendietarako txangoak egingo dira. Txango hauen baitan konektibitate ekologikoan aditua den nazioarteko talde garrantzitsu batek Vitoria-Gasteiz bisitatuko du euskal erakundeak (Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak) sustatzen ari diren konektibitate estrategiak in situ ezagutzeko.

Informazio gehiago:
http://www.suportserveis.es

Aurkibidera igo

Bilboko Arte Eder Museoko erakusketa batek Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak saritu dituen lanak gogoratu ditu

Elkargo Profesional honen 75. urteurrena ospatzeko, erakunde honek 1960tik eman dituen sari guztiak biltzen dituen erakusketa bat apailatu zuen.

Erakusketan hiriaren eta bizigarritasunaren erronkei erantzun moderno eta zorrotzak eman dizkieten arkitekto euskaldunen lanak erakutsi ziren batez ere. Arkitekturaz landa dauden beste lan batzuk ere erakutsi ziren, besteak beste 'Hiria-Hirigintza eta Ekologia' kategorian 1996. urtetik emandako sarienak. Azken hauen artean, 1999an Vitoria-Gasteizi eman zitzaion saria aurkeztu zen. Sari hau hiriko garapen jasangarria sustatzeagatik eta urteetan zehar ingurumen kalitate handiko hiri ingurunea sortzera zuzendutako lanak egiteagatik eman zitzaion.

Aurkibidera igo

Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: 'GARAPEN IRAUNKORRA – IT. etorkizuna'

Azaroaren 29tik abenduaren 1era Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua burutuko da. Kongresu honen gaia Garapen Iraunkorra da. Hiru egunetan Euskal Herriko gizarte, ekonomia, ingurumen, berrikuntza eta teknologia eta administrazio publikoetako ordezkariak arituko dira erantzunen bila.

Kongresua hiru jardunalditan egin izango da:

  • Lehen jardunaldian Garapen Iraunkorrerako Diziplina askotariko Proiektu Berezia proiektuaren aurkezpena.

  • Bigarren jardunaldian hiriaren izaera aldakorra abiapuntu, gizabanakoek eta taldeek hiri ehunduran hartzen duten lekua erakutsi nahi da.

  • Hirugarren jardunaldian Berrikuntza eta Teknologiak eztabaidaren muinean izango dira eta Administrazio Publikoei dagokien eginkizunaz arituko dira.

Bestalde, Gazteek eta Unibertsitateetako ikasleek ere Kongresu honetan izango dute lekua hirugarren eguneko Gazteen Foro paraleloan.

Kongresuan komunikazio askeak aurkezteko epea ireki da. Komunikazioen inguruko informazioa (gaiak, arauak, datak...) webgune honetan aurki daiteke:
http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos/ds/comunicaciones
Eusko Ikaskuntzak komunikazio libreekin partehartzera animatzen zaituzte.

Kongresuaren informazio gehiago izateko:
http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos

Aurkibidera igo

Sarbide berriak eraiki dira Zabalganeko parkera iristeko

Zabalganeko parkera Zurrupitieta kaletik (Mercedesko lantegitik) iristeko sarbideak berritu egin dira. Lan hau 'Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdeko biraren lotura estrategikoen plana' deritzonaren baitan dago. Plan honek Eraztun Berdeko lotuneak diseinatu, paisaiaren aldetik egokitu eta urbanizatzea du helburutzat, eraztunaren jarraitutasunak baldintzarik egokienak izan ditzan bermatzeko.

Alde batetik, eskailera batzuk eraiki dira kalearen mailaren eta parkeko aparkaleku zaharraren artean dagoen malda gainditu ahal izateko. Bizikletak eta mugikortasun urriko lagunak ere parkera sartu ahal izan daitezen, malda baxuko sarbide zuzen bat sortu da biribilgunetik parkeraino. Bestalde, aparkaleku zaharretik abiatuta parkea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duen oinezko bide bat eratu da zagorrez. Bide hau Armentiara eta Zuhatzu Gasteizera joateko erabili daiteke.

Aurkibidera igo

Eraztun Berdearen inguruan egin diren oinezko eta bizikletazko martxen balantzea

Hiriko hainbat elkarte hasi dira dagoeneko Eraztun Berdeko espazioak erabiltzen beren kanpoko jarduerak egiteko. CEAk aisialdi eta kiroleko jarduera hauek lagundu eta bultzatu nahi ditu, eta horregatik, Udaleko Kirol Sailarekin eta zenbait kirol eta kultur elkarte eta talderekin batera, Peña Karria Kirol Elkartearen Eraztun Berdeko II. Biran (oinezkoa) eta Goiena Mendi Taldearen I. BTT Biran (bizikletazkoa) lagundu du. Lehena ekainaren 19an izan zen eta 160 lagunen partehartzea izan zuen. Bigarrena uztailaren 3an izan zen eta 300 pertsonek parte hartu zuten.

Egun CEA Eraztun Berdeko parkeen arteko loturak hobetzeko lanean ari da, Eraztuna oinez zein bizikletaz zeharkatu nahi dutenek ahalik eta modurik seguruenean egin dezaten. Egingo diren hobekuntzen artean, pasabide jasoak kokatzea, sakagailudun semoforoak jartzea eta zintarriak jaistea daude.

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografkoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/siam

CEAren deialdiak
Mugikortasun jasangarriaren astea

Data: Irailaren 16tik 22ra
Norentzat: Jende ororentzat

Argazki lehiaketa 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena'

Lanak aurkezteko epea: 2005eko urriaren 17tik 28ra
Tokia: Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz

Norentzat
: Argazkigintzan interasa duen edonor

Erakusketa 'Naturaren Argazkilariak, 2005. Wildlife Photographer of the year'

Datak: Irailaren 22tik urriaren 23ra
Norentzat: Jende ororentzat

Hegaztien Nazioarteko Eguna

Datak: Urriaren 1 eta 2
Tokia: Salburua, Garaio eta Mendixurko parkeak

Norentzat
: Jende ororentzat

Loreontziko Lorezaintza Tailerrak

Izen emate data: Irailaren 26tik urriaren 14ra
Tokia: Olarizuko baratzeak

Norentzat
: Jende ororentzat

Beste deialdi batzuk
Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: 'GARAPEN IRAUNKORRA – IT. etorkizuna

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza
Data:
Azaroaren 29tik abenduaren 1era
Tokia: Euskalduna Jauregia, Bilbo
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos

Mendi Korridore Handien Nazioarteko Biltzarra

Antolatzaileak: CMAP-UICN, Europako Batasuneko XI. Zuzendaritza Nagusia, Kontseilu Europarra eta Fundació Territori i Paisatge
Data:
Urriaren 24tik 31ra
Tokia: Planes de Son (Lleida)
Informazio gehiago: http://www.suportserveis.es

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.