
GMES Urban Services (GUS) Europako Espazio Agentziak sustatu duen proiektua da, eta bere xedea da udal, erregio, nazio zein Europa mailako agintariei hirietako plangintza estrategikoak modu eraginkorrean eta ingurumen arazoak kontuan hartuz antolatzeko orientabideak ematea, horretarako satelite irudiak eta tokiko datuak konbinatuz.
Proiektuaren garapena Indrak lideratzen duen 10 bazkide europarren partzuergo baten esku dago. Produktuen zorroak ondokoak eskaintzen ditu: bereizmen handiko lur erabileren mapak, aldaketen detekziorako mapak, eraikin berrien identifikazio puntuala, hirien 3D ereduak, termografia, zarataren behaketarako mapak, arrisku mapak, etab.
GMES Europako Espazio Agentziaren eta Europako Batzordearen baterako ekimena da. 2001eko azaroan ESAko Ministro Kontseiluak GMES Service Elements (GSE) deritzon 5 urterako programa berri bat onetsi zuen. GSEk azken erabiltzaileen politiketarako nabarmenak diren zerbitzuak banatuko ditu, batez ere (baina ez ezinbestean) Urruneko Behaketako iturrietatik lortutakoak. GMES proiektuko elementu gakoetako bat da GSE, izan ere honen bidez azken erabiltzaileak lurraren behaketarako egungo sateliteen eboluziorako eragile garrantzitsu bihurtuko baitira eta ingurumenerako eta segurtasun globalerako beharrezko informazioa emango duten etorkizuneko sistema europarrak definitzen lagunduko baitute.
GMES proiektuari esker, Vitoria-Gasteiz hiriak Herbeeretako RIKS institutuak (Research Institute for Knowledge Systems) garatutako tresna informatikoak erabili ahal izan ditu udalerriko lur erabileren dinamiken ereduak sortzeko. Teknika mota hauen azken xedea lurralde plangintzaren alorrean erabakiak hartzea erraztea da, Plangintza Laguntzeko Sistemak deritzenetan oinarrituz
Aplikatutako eredua Metronamica deitzen da. Metronamicak lurraldearen baldintza fisikoak eta tokian bertan zein eskualdean jada existitzen diren plangintza proposamenak hartzen ditu oinarritzat udalerrian gerta daitezkeen etorkizuneko garapenak analizatzeko. Hartara, garapen hauetako bakoitzak aurretiaz ezarritako irizpide edo helburuetara nola egokitzen den aztertu daiteke. Era berean, erabaki hartzeen ondorioz lurraldean gertatzen diren aldaketa eta eboluzio prozesuak hobeto ulertzen laguntzen dute, eztabaidak sustatzen dituzte eta plangintzan inplikatutako eragileen arteko komunikazioa errazten dute.
Metronamica ereduak aldagai sozioekonomiko zein fisikoak uztartzen ditu, eta Vitoria-Gasteizko udal esparruko iksupegi integratua eskaintzen du 100 metroko bereizmena erabiliz. Sistemak lur erabileren eta haien aldaketen mapa dinamikoak sortzen ditu, etorkizuneko politika eta alternatibak sortu eta ebaluatzea eta iraganeko lurralde politikak aztertzea ahalbidetuz.