

Baliagarria izan dadin, informazioak kalitatekoa izan behar du, jatorri eta esanahi fidagarrikoa eta, gainera, teknikariek zein herritarrek eskuratzeko modukoa. Horrenbestez, datuen dokumentazio tratamendu egokia ezinbestekoa da ingurumen informazioko sistema baten funtzionaltasuna bermatzeko. Izan ere, datuen antolaketa errazten du eta inbertsioak amortizatzen laguntzen, eta teknikariei edo herritarrei informazioa eskuratzeko aukera emanda ahaleginak bikoiztea saihesten da.
Hori dela-eta, interesgarritzat jotzen diren datuak eta agiriak zehatz-mehatz katalogatzen dira. Horren emaitza da SIAMen ingurumenarekin lotuta aurki daitekeen dokumentazioaren orotariko katalogoa, sistemaz arduratzen diren teknikariek mantentzen dutena.

Ingurumen Arloari atxikitako sail eta zerbitzuek eguneroko jardunean askotariko formatuetan sortzen duten informazioa aurkitu, deskribatu eta eskuratzeko aukera ematen du katalogoak, udalaren barne sarearen zein Interneten bitartez. Hortaz, gai jakin batean interesa duen ezein erabiltzailek, ordenagailuko pantaila baten bitartez eta irizpide sorta bat zehaztuz, bilaketa eskaera xehea egin ahal izango du.
Katalogoan esleitutako ezaugarrien bitartez bilaketa egin ondoren, pantailan ikus daitezke horren emaitzak; horrekin batera, materialaren edo agiriaren deskribapen osoa izango dugu eskura eta, formatu egokian egonez gero, baita materiala bera ere.