

Ingurumenari buruzko informazioaren ezaugarrietako bat askotarikoa izatea da, gaiei, denborari zein espazioari dagokienez. Horietatik, hirugarren osagaia da datu bankua benetan egituratzen duena, eta horregatik, berariazko tresnak erabili behar dira, hala nola, Geografia informazioko Sistema.
Geografia Informazioko Sistema (GIS) informatika tresna bat da, espazioa erreferentziatzat duten datuak kudeatu eta osotara aztertzeko balio duena. Datu baseak kudeatzeko sistema bat eta informazio espaziala lantzeko berariazko tresnak elkartzen dituzten baliabideak dira, eta horiei esker bestela nekez egin litezkeen eragiketak burutu ditzakegu: kontsultak, datuak gurutzatzea, mapak sortzea, estatistikak, txostenak, lurralde eredu konplexuak, etab.
GISaren bidez, beraz, udal lurraldearen ikuspegi osoa dugu, bai gaiei bai espazioei dagokienez. Datu bankuan bildutako informazioa oinarri hartuz, sistemak lurralde bateko ingurumen arazoen eta ondoren gerta daitekeenaren azterketa konplexu, sakon eta sendoak egin ditzake, erabakiak hartzeko moduko eskala egokian. Kudeatzailearentzat oso tresna baliagarria da, geroko esku hartzeak irudikatzeko edo lurraldean aurreikusita dauden eskua hartzeetan egokiak izan daitezkeen jokamoldeak zehazteko aukera ematen baitu.

Abian jarri zenez geroztik, SIAMak lurraldea aztertzeko eskaini dituen moduek udal antolamendurako lan ugari egitea ahalbidetu dute hainbat arlotan: nekazaritza eta baso eremuak antolatzea, Vitoria-Gasteizko hirigunearen hazkundea, Eraztun Berdea garatzea, azpiegitura berriak kokatzea, ? Esate baterako,
SIAMa, bere GISaren bitartez, ezinbesteko tresna izan da zenbait azterketari heltzeko garaian (mendiak antolatzeko plan berezia, aisialdiko jarduerak antolatzeko plana, eremu hondatuak leheneratzeko planak,?) eta zeregin garrantzitsua izan du Hiri Antolamenduko Plan Nagusi berriaren baitako lurzoru urbanizaezinaren kategoriak berrikusteko garaian.
Laburbilduz, GISa oinarrizko osagaia da Ingurumen Informazioko Sisteman, gaikako datuak eta geografi datuak jagoteaz gain horiek kontsulta, azkerketa edo kudeaketarako beste aplikazio batzuekin partekatzen baititu, udal intraneten edo interneten bitartez.