Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2007ko maiatzaren 28 - 28. zenbakia

Ekainaren lehen astean 2007ko Ingurumenaren Mundu Eguna izango da
2007ko Ingurumenaren Mundu Eguna aitzakiatzat hartuz, CEAk hainbat jarduera antolatu ditu hirian barrena. Besteak beste, Agenda 21aren inguruko lanak aurkeztuko dira eta aisialdiari eta hezkuntzari lotutako hainbat ekintza gauzatuko dira.

Vitoria-Gasteizko Udala "Atzerako kontaketa 2010. Salbatu biodibertsitatea" ekimenari atxiki zaio
Atxikimendu honen bitartez, Udalak bere esparruko biodibertsitatea hobetzeko ekintzak sustatu eta garatzeko konpromisoa hartu du.

Jada irekita dago Vitoria-Gasteizko II. Paisaiaren Hiri Foroan izena emateko epea
Foro hau uztailaren 4, 5 eta 6an ospatuko da Hiri berdeagoak izenburupean. Bertan hiriak eta naturak jasangarritasun testuinguru batean eduki behar luketen harremanaz hitz egingo da eta plangintza, diseinu eta kudeaketa teknika aurreratuenak erakutsiko dira hiri eta eskualde esparruetan natur ondarea eta biodibertsitatea babestu eta hobetzeko.

Dibertsitate Biologikoaren Mundu Eguna

Pasa den apirilaren 18an Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren Hiritar Ituna sinatu zen

Armentiako parkeak behin-behineko sarbide berriak dauzka

Hasi dira Urarteko (Abetxuku) baratze ekologikoen jarduerak

Ekainaren 3an Eraztun Berdeko 4. Itzulia egingo da

Uztailaren 15ean Eraztun Berdeko 3. mendiko bizikleta martxa herrikoia egingo da

Olarizuko etxaldeko erakusketa berriak klima aldaketak Lurrean duen eragina erakutsiko du

Ekaineko Hiri Ekologiaren Gelak Jorge Riechmann izango du hizlari eredu energetikoen eta gizarte ereduen arteko harremana azaltzeko

2007an bizikleta maileguko zerbitzuak aurreko urtean baino 2.250 inskribatu gehiago ditu

Gasteizko Bizikleteroak elkarteak Vitoria-Gasteizko kaleetan bizikleten aparkalekuak kokatzeko proposamen bat prestatu du
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak

Ekainaren lehen astean 2007ko Ingurumenaren Mundu Eguna izango da

2007ko Ingurumenaren Mundu Eguna aitzakiatzat hartuz, CEAk hainbat jarduera antolatu ditu hirian barrena. Besteak beste, Agenda 21aren inguruko lanak aurkeztuko dira eta aisialdiari eta hezkuntzari lotutako hainbat ekintza gauzatuko dira.

Lehen jarduera ekainaren 1ean egingo da eta egitaraua ekainaren 5ean, Ingurumenaren Mundu Egunean alegia, bukatuko da.

Egitarau osoa ondoko helbidean kontsulta daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/603.shtml

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizko Udala "Atzerako kontaketa 2010. Salbatu biodibertsitatea" ekimenari atxiki zaio

Atzerako Kontaketa 2010 (Countdown 2010) ekimenak biodibertsitate galera murrizten laguntzea espero du 2010. urterako.

Nazioarte mailan hedatuta dagoen sare honek bi helburu ditu: alde batetik, jendearen arreta piztea 2010erako biodibertsitatea kontserbatzeko erronkaren inguruan, eta bestetik, gai honen inguruan dauden konpromisoak sustatzea eta bultzatzea eta eragile gakoak ekimenaren partaide bihurtzea.

Atxikimendu honen bitartez, Udalak bere esparruko biodibertsitatea hobetzeko ekintzak sustatu eta garatzeko konpromisoa hartu du. Konpromiso hau gauzatzeko bide nagusia, egun, "Vitoria-gasteizko biodibertsitatearen ikerketa, kontserbazio eta hobekuntzarako estrategia" izeneko lanaren prestaketa da.

Informazio gehiago (ingelesez):
http://www.countdown2010.net

Aurkibidera igo

Jada irekita dago Vitoria-Gasteizko II. Paisaiaren Hiri Foroan izena emateko epea

Foro hau uztailaren 4, 5 eta 6an ospatuko da Hiri berdeagoak izenburupean. Bertan hiriak eta naturak jasangarritasun testuinguru batean eduki behar luketen harremanaz hitz egingo da eta plangintza, diseinu eta kudeaketa teknika aurreratuenak erakutsiko dira hiri eta eskualde esparruetan natur ondarea eta biodibertsitatea babestu eta hobetzeko.

Jardunaldien osagarri, eremu honetan aitzindari izan diren hainbat hiri eta eskualderen adibide praktikoak erakutsiko dira.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/docs/ceac/2forourbanopaisaje/indexEusk.html

Aurkibidera igo

Dibertsitate Biologikoaren Mundu Eguna

Nazio Batuen Batzar Nagusiak maiatzaren 22a ezarri du Dibertsitate Biologikoaren Mundu Eguna ospatzeko egun gisa. Egun honen xedea gizateriarentzako hil ala bizikoa den esparru honi lotutako kontuen inguruko ulermena eta sentsibilizazioa handitzea da. Aurten egun honen gaia "klima aldaketa eta dibertsitate biologikoa" da.

Gai honi lotutako zenbait ekimen martxan jarri direla aprobetxatuz, CEAk jarduera egitarau zabal batean parte hartu zuen egun hori ospatzeko. Besteak beste, ondoko ekintzak egin ziren:

  • UICN (Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasuna) erakundeko biodibertsitate politikaren arduraduna den Annika Vogt-en hitzaldi bat Countdown 2010 ekimenaren inguruan

  • mustelido erdiurtarren kontserbazioari buruzko jardunaldi teknikoak UPV/EHUko Farmazia Fakultatean

  • UNESCOren Gizakia eta Biosfera programaren espezialista nagusi ohia den John Celecia aditu beteranoaren hitzaldia hiri biodibertsitatearen inguruan

  • ibilbide botanikoa Salburuko parkean zehar, botanikan aditua den Jaime Ortíz de Urbinaren eskutik

  • saguzaharrei buruzko hitzaldia eta haiek hurbilagotik ezagutzeko ibilbide zoologikoa, gai honetan aditua den Juan Tomás Alcalderen eskutik. Pertsona hau Saguzaharren Kontserbazio eta Ikerketarako Espainiako Elkartearen kidea da

Aurkibidera igo

Pasa den apirilaren 18an Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren Hiritar Ituna sinatu zen

Agiri hau Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foroaren partaide diren gizarte eragileek idatzi dute. Foro hau mugikortasun alorrean herritarren partehartzea sustatzeko plataforma bat da. Agiria kontsentsu bidez onartu da eta bere xedea mugikortasun eredu berri bat erdiesteko markoa definitzea da. Hiri eredu berri honetan hiri barruko joan-etorriek ez dute mehatxatuko osasuna, bizi kalitatea, hiriko ingurumena eta tokiko ekonomiaren garapena, orain arte bezala.

CEAk aukera hau aprobetxatu nahi du, aldizkari honetatik bere eskerrona adierazteko Hiritar Foroan parte hartu duten lagun guztiei, dokumentu honen sinadura ekarri duen prozesu partehartzailean zehar erakutsi duten konpromiso, ardura eta ideiengatik.

Dokumentua kontsultatzeko, jo web helbide honetara (PDF, 126 KB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/wb002/docs/movilidad/PCMS_eu.pdf
edo eskatu kopia bat CEAri 945 162696 telefonoaren bidez.

Ituna sinatzeko interesa dutenek udal erregistroan, 010 telefonoan, ceaadmin@vitoria-gasteiz.org posta elektronikoan edo 945 162695 faxean egin dezakete.

Aurkibidera igo

Armentiako parkeak behin-behineko sarbide berriak dauzka

Armentiako sektore berrien hiritartze lanen ondorioz, Armentiako parkeko sarbideak aldaketak jasan dituzte. Lanek irauten duten bitartean sarbide berri bat eratu da bertara joateko.

Irudian berdez ageri dena lanak egiten ari diren tokia da, gorriz segurtasun hesia eta laranjaz Armentiako parkera sartzeko behin-behineko bide berriak.

Aurkibidera igo

Hasi dira Urarteko (Abetxuku) baratze ekologikoen jarduerak

Pasa den maiatzaren 9an Vitoria-Gasteizko alkate Alfonso Alonsok eta ingurumen zinegotzi Idoia Garmendiak karneta eman zieten Urarteko baratzeeak erabiltzeko baimena erdietsi duten lehen hartzaileei.

Hain zuzen, adjudikaziodunak iaz baratzezaintza ekologikorako hastapen ikastaroa egin zuten 55 urtetik gorako 57 lagun dira. Aurten pertsona horiek Abetxuku auzoaren alboan dauden instalazio sortu berri hauei onura atera ahal izango diete. Lagun hauek beren 75 metro koadrotako lursailetan teknika ekologikoak erabiltzeko konpromisoa hartu dute.

Urarteko baratzeek, banakako lursailez gain, aldagelak eta biltegiak dauzkate, bai eta ureztatzerako uraskak, lorategidun egontokiak eta piknik eta jolas guneak ere.

Aurkibidera igo

Ekainaren 3an Eraztun Berdeko 4. Itzulia egingo da

Beste urte batez, Ingurumenaren Mundu Egunaren kariaz, Peña Karria Kirol Taldeak Eraztun Berdeko 4. Itzulia antolatuko du, CEAren laguntzarekin.

Martxa hau El Boulevard merkataritza gunetik abiatuko da goizeko 7:30ean, eta Salburua, Olarizu, Armentia, Zabalgana eta Zadorratik igaro ostean hasierako puntura itzuliko da. Antolatzaileek anoa puntuak prestatuko dituzte irteeran eta helmugan, Olarizuko zelaietan eta Zabalganeko parkean. Martxan parte hartzen duten lagun guztiek opari bat jasoko dute.

Izen emateak maiatzaren 14tik aurrera egin ahal izango dira Aldabe, El Pilar, Hegoalde, Iparralde, Judimendi eta Lakua gizarte etxeetan. Inskripzio kuota 6 eurokoa izango da Federazioaren fitxa dutenentzat eta 8 eurokoa fitxa ez dutenentzat. Martxan parte hartzeko gutxieneko adina 16 urtekoa da.

Informazio gehiago:
http://www.karria.com

Aurkibidera igo

Uztailaren 15ean Eraztun Berdeko 3. mendiko bizikleta martxa herrikoia egingo da

Ekintza hau Goiena Mendi Taldearen, Udalaren Kirol Sailaren eta CEAren lankidetzaren emaitza da. Aurreko urteetan bezala, martxa Olarizuko etxaldean hasiko da, ondoren Salburua, Alegría, Zadorra, Zabalgana, Armentia eta Lasarteko parkeak zeharkatuko ditu eta azkenik Olarizura itzuliko da.

Elkarri lotuta dauden hiringuruko parkeen sare gisa osaturik, Eraztun Berdeak baditu hainbat erronka oraindik. Alde batetik, sendotze prozesu bat behar du, eta bestetik, espazioen arteko konexio erreal eta funtzionalak lortu behar dira. Martxa hau antolatuz, gasteiztarrek Eraztun Berdearen ikuspegi globala izan dezaten eta "egiten" ari den proiektua dela ikus dezaten nahi da. Mendiko bizikleta martxa honetan zehar azken urtean egin diren lanak erakutsiko zaizkio jendeari, bai eta hemendik aurrera egin beharrekoak diren lanak ere.

Eraztun Berdeko martxa honetan 300 lagunek soilik har dezakete parte. Interesa dutenek gizarte etxeetan eman ahal izango dute izena uztailaren 2tik aurrera.

Aurkibidera igo

Olarizuko etxaldeko erakusketa berriak klima aldaketak Lurrean duen eragina erakutsiko du

Maiatzaren 24an hasi eta uztailaren 1a arte, NorthSouthEastWest erakusketa zirraragarria ikusi ahal izango da Olarizuko etxaldean.

Erakusketa hau British Councilek eta CEOk (The Climate Group) ekoiztu dute, ZeroCarbonCity izeneko kanpainaren baitan. Kanpaina hau British Councilek jarri du abian jendeak kontzientzia har dezan klima aldaketaren ondorioz planetak dituen erronken inguruan.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/597.shtml

Aurkibidera igo

Ekaineko Hiri Ekologiaren Gelak Jorge Riechmann izango du hizlari eredu energetikoen eta gizarte ereduen arteko harremana azaltzeko

Ekainaren 15ean, Científicos para el Medio Ambiente (CIMA) elkarteko lehendakari Jorge Riechmannek egungo eredu energetikoari buruz eta eredu hori eragiten ari den krisi ekologiko-sozialaz hitz egingo du. Gero, sistema energetikoaren zein gizarte sistemaren aldaketan oinarritutako konponbide proposamen bat plazaratuko du.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/606.shtml

Horrez gain, jada prest dago martxoko Hiri Ekologiaren Gelari buruzko laburpena. Gela hartan Bartzelonako Bizikletaren Plan Estrategikoari buruz hitz egin zen. Laburpena ondoko helbidean eskura daiteke (PDF, 77 KB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/1699eu.pdf

Aurkibidera igo

2007an bizikleta maileguko zerbitzuak aurreko urtean baino 2.250 inskribatu gehiago ditu

2007. urtean bizikleta maileguen sistema martxoaren 30ean jarri da abian. Mailegua 11 tokitan eskaintzen da: Aldabe, Arriaga, El Pilar, Iparralde, Hegoalde, Judimendi eta Lakua gizarte etxeetan, Ariznabarreko kiroldegian, Mendizorrotzeko kiroldean eta El Boulevard merkataritza gunean. Maileguko puntu bakoitzean 15 eta 20 bizikleta artean daude eskuragarri.

Orain arte, zerbitzuak 18.000 mailegu baino gehiago erregistratu ditu, hau da, egunero 250 mailegu baino gehiago. Kopuru hauek, iazkoen antzekoak direnak, iaz hartu zen erabaki bat berresten dute, alegia, mailegu bakoitzerako denbora mugatzea zerbitzua jende gehiagorengana irits dadin.

Horrez gain, 2.250 lagun gehiagok eman dute izena zerbitzua erabiltzeko. Beraz, badirudi bizikleta mailegua erabiltzeko interesa mantendu egiten dela.

Aurkibidera igo

Gasteizko Bizikleteroak elkarteak Vitoria-Gasteizko kaleetan bizikleten aparkalekuak kokatzeko proposamen bat prestatu du

Vitoria-Gasteizko Udalak eta Gasteizko Bizikleteroak hiriko txirrindularien elkarteak sinatutako hitzarmenaren ondorioz, elkarte honek txosten bat prestatu du bizikletentzako aparkalekuen inguruan. Txostenaren izenburua "Los aparca-bicis en Vitoria-Gasteiz: recomendaciones y propuestas de ubicación" da eta CEAren webgunean kontsulta daiteke.

Txosten honetan gure hiriko bizikleta aparkalekuak inbentariatu eta ezaugarritu dira, aparkaleku ereduen inguruko balorazio eta gomendioak eman dira, eta erabilgarri dauden plaza kopuruaren eta kokapenaren inguruko hainbat proposamen egin dira.

Inbentario honetatik abiatuz eta hirian barrena azpiegitura hauetara iristeko dauden zailtasunak ikusiz, Gasteizko Bizikleteroek bizikletak aparkatzeko 350 puntu berri sortzea proposatu dute txirrindularien zirkulazioaren sorleku izan daitezkeen tokietan (farmaziak, osasun ekipamenduak, finantza erakundeak, dendak, hezkuntza ekipamenduak, kulturuneak, etab.)

Txostena ondoko helbidean dago (gaztelaniaz, PDF, 1,75 MB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/1708es.pdf

Aurkibidera igo

Beste tximeleta espezie bat aurkitu da Salburuan

Tximeleta espezie hau, Papilio machaon, Ibón de Olanok aurkitu du. Ikerlari honek 2005ean Salburuko tximeleten inguruan egin zuen ikerketan jada aipatu zuen espezie hau Salburuan egon zitekeela.

Salburuko lepidopteroei buruzko 2005eko ikerketa ondoko helbidean kontsulta daiteke (gaztelaniaz, PDF, 652 KB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/1370es.pdf

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografikoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://siam.vitoria-gasteiz.org

CEAren deialdiak
II. Paisaiaren Hiri Foroa

Egunak: 2007ko uztailaren 4, 5 eta 6
Tokia: Goiuri jauregia

Norentzat: Hiri plangintzan, paisaian eta arkitekturan interesa duten pertsonentzat
Izena emateko epea: 2007ko ekainaren 28a arte
Kuota: 90 euro (50 euro ikasleentzat)
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/foropaisajeurbano/index.html

Ingurumenaren Mundu Eguna

Egunak: 2007ko ekainaren 1etik 5era
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/603.shtml

Eraztun Berdeko 4. Itzulia

Eguna: 2007ko ekainaren 3an, 07:30ean
Tokia: Irteera El Boulevard merkataritza gunean

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.karria.com

Eraztun Berdeko 3. Martxa mendiko bizikletan

Eguna: 2007ko ekainaren 15
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat: Jende ororentzat

Hiri Ekologiaren Gela: "Eredu energetikoak, gizarte ereduak"

Eguna: 2007ko ekainaren 14
Tokia: Gure Chokoa, Frai Francisco ibilbidea 21

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/606.shtml

Erakusketa: "North South East West"

Egunak: 2007ko maiatzaren 24tik uztailaren 1era
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/597.shtml

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.