Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2007ko martxoaren 26 - 27. zenbakia

Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako eta Espazio Publikorako Planaren aurrerapena aurkeztu da
Azterketa hau Vitoria-Gasteizko Udaleko zerbitzu teknikoek eta Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziako teknikariek egin dute elkarlanean, eta bere garapenerako modu paraleloan gauzatzen ari den hiritarren parte-hartzerako prozesuan ekoiztu diren emaitzak kontuan hartu ditu.

Mugikortasun Iraunkorarren aldeko Hiritar Foroak Mugikortasunaren aldeko Hiritar Itunerako zirriborro bat prestatu du
Urtarrilaren 25ean Foroa berriro bildu zen, Hiritar Itunaren filosofia eta printzipio nagusiak jasotzen zituen lan dokumentu baten balorazioa egiteko. Hiritar Foroa berriro bilduko da Aste Santuaren ondoren, Hiritar Itunaren behin-betiko dokumentua sinatzeko.

Uztailaren 4, 5 eta 6an Vitoria-Gasteizko II. Paisaiaren Hiri Foroa ospatuko da
Foro hau bi gertaeraz egongo da osaturik: Jardunaldiak eta Lantegia. Bere xedea, ekologiak eta hirigintzak hiriaren eta bere lurraldearen planifikazioan bete beharko luketen lekuaz eztabaidatzea da, eta horretarako bertako zein atzerriko adituak, tokiko eragileak eta herritarrak daude gonbidaturik.

Urtarrilaren 5ean gasolio isurketa bat gertatu zen Salburuan

Vitoria-Gasteizko Udalak lorategi komunitarioen egitasmo bat bultzatuko du

Udaberrian CEAk loreontziko lorezaintza lantegien beste ikastaro bat antolatuko du

2007an aisialdiko baratzezaintza ekologikoko ikastaroen aro berri bat hasiko da

"Zu, bizikleta... eta zerbait gehiago", bizikletari buruzko zazpigarren jardunaldiak Aldabe gizarte etxean

Aurten mailegu puntu bat gehiago egongo da Udalak sustatzen duen bizikleta maileguen sisteman

Maiatzean klima aldaketaren ondorioz planetak dituen erronka berrien inguruko erakusketa bat antolatuko du CEAk

Haize energia eztabaidagai izan zen "Energía eólica y conservación de la naturaleza" izeneko jardunaldietan

Senegalen harrapatu da Salburuan eraztuna jarri zitzaion uhalde-enara bat

Zikoinek bigarren urtez egin dute habia Salburuan

Vitoria-Gasteizek Fòrum Ambiental fundazioak ematen duen Hiri Iraunkorraren Saria jaso du
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak

Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako eta Espazio Publikorako Planaren aurrerapena aurkeztu da

Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren aurrerapena otsailaren 21ean aurkeztu zuten Vitoria-Gasteizko alkate Alfonso Alonsok, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko teknikari Mónica Ibarrondok eta Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziako zuzendari Salvador Ruedak.

Azterketa hau Vitoria-Gasteizko Udaleko zerbitzu teknikoek eta Bartzelonako Hiri Ekologiaren Agentziako teknikariek egin dute elkarlanean, eta bere garapenerako, modu paraleloan gauzatzen ari den hiritarren parte-hartzerako prozesuan ekoiztu diren emaitzak kontuan hartu ditu.

Planaren helburuak honako hauek dira:

  • Vitoria-Gasteizko mugikortasunaren eta espazio publikoen irisgarritasunaren egungo egoera diagnostikatzea

  • Jokaleku desberdinak analizatzea, hiriaren etorkizuneko proiekzioa kontuan hartuz

  • Vitoria-Gasteizko hiri mugikortasunerako eredu ahalik eta jasangarriena sortzea, espazio publikoaren erabilera, igorpenak atmosferara, zarata eta energia kontsumoa bezalako alderdiak kontuan hartuz

  • Baliabide eta energia kontsumo txikiagoa eragingo duen mugikortasun sare berri baten konfigurazioa definitzea

  • Adierazle sorta bat eskaintzea kudeatzaileei, hiriko espazio publikoaren kalitatea gehitzea ahalbidetuko duten erabakiak hartu ahal izateko

Planaren aurrerapenaren dokumentua Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren webgunean ikusi daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/mugikortasuna

Agiri hau gizarte etxeetako liburutegietan ere kontsulta daiteke, hain zuzen, Abetxuku, Aldabe, Judimendi, Iparralde, Hegoalde, Lakua, El Pilar eta Arriagan.

Aurkibidera igo

Mugikortasun Iraunkorarren aldeko Hiritar Foroak Mugikortasunaren aldeko Hiritar Itunerako zirriborro bat prestatu du

Urtarrilaren 25ean Foroa berriro bildu zen, Hiritar Itunaren filosofia eta printzipio nagusiak jasotzen zituen lan dokumentu baten balorazioa egiteko. Ekitaldi honetako beste zeregina, Itunak zein gizarte eragileen sinadura eta babesa jaso beharko lukeen identifikatzea izan zen.

Lan saio honetan ateratako ondorioak baliatuz, Hiritar Itunaren lehen zirriborro bat prestatu zen. Dokumentu hau Hiritar Foroaren kide guztiei helarazi zitzaien. Agiria hiriko gizarte eragileen ekarpenak jasotzeko prest dago, hartarako prestatu diren bideak erabiliz (010, posta elektronikoa, webgunea).

Hiritar Foroa berriro bilduko da Aste Santuaren ondoren, Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunaren behin-betiko dokumentua sinatzeko.

Itunaren zirriborroa ondoko helbidean kontsulta daiteke (gaztelaniaz, PDF, 46 KB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/wb002/docs/movilidad/1_borrador_PCMs.pdf

Aurkibidera igo

Uztailaren 4, 5 eta 6an Vitoria-Gasteizko II. Paisaiaren Hiri Foroa ospatuko da

Foro hau bi gertaeraz egongo da osaturik: Jardunaldiak eta Lantegia. Bere xedea, ekologiak eta hirigintzak hiriaren eta bere lurraldearen planifikazioan bete beharko luketen lekuaz eztabaidatzea da, eta horretarako bertako zein atzerriko adituak, tokiko eragileak eta herritarrak daude gonbidaturik.

Paisaiaren Hiri Foroaren II. Jardunaldiak uztailaren 4tik 6ra izango dira Goiuri Jauregian. 'Hiri Berdeagoak' izenburupean, hiriaren eta naturaren arteko harremanek jasangarritasun marko baten baitan izan behar duten izaerari buruzko eztabaida proposatzen dute. Bertan, natur ondarea eta tokiko bioaniztasuna hiri eta eskualde plangintzarekin koherentea den modu batean hobetuko duten plangintza eta diseinu tekniken azterketa sustatuko da.

Jardunaldien osagarri gisa, hiri esparruetako plangintza eta kudeaketa ekologikorako teknikak aplikatzeko bidean aitzindari izan diren zenbait hiri eta eskualderen kudeaketari buruzko kalitatezko informazioa eskaini dezaketen zenbait adibide emango dira.

  • Asteartea, uztailaren 4
    PENTSATU hiriaren eta naturaren, gizakiaren, biosferaren arteko harremana

  • Osteguna, uztailaren 5
    PENTSATU, PLANIFIKATU… hiriaren eta naturaren, gizakiaren, biosferaren arteko harremana

  • Ostirala, uztailaren 6
    PENTSATU, PLANIFIKATU, KUDEATU… paisaia eta bioaniztasuna hiri esparruetan

Uztailaren 7an landa bisita bat egingo da Vitoria-Gasteizko eta Arabako hiria-lurraldea konexioa aztertzeko.

Honez gain, Jardunaldiek aztertuko duten gaiaren inguruko erakusketa bat paratuko da Olarizuko etxaldean (uztailaren 4an hasiko dena), eta "Vitoria-Gasteizko I. +Verde Saria" emango da Gure Txokoan (Frai Francisco Vitoria iblibidea, 23C) uztailaren 5ean.

Foro honi buruzko informazio gehiago hemen (momentuz, Foroaren lehen ekitaldiari buruzko informazioa ematen da soilik):
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/forourbanopaisaje

Aurkibidera igo

Urtarrilaren 5ean gasolio isurketa bat gertatu zen Salburuan

Isurketa Arkautiko urmaelera doan ubide batean gertatu zen, hau da. Salburuko parkeko nagusiena den urmealean. Seguruenik isurketa asteburuan gertatu zen, baina oharkabean igaro zen astelehenean parkeko langile batek aurkitu zuen arte. Ordurako isuriaren zati bat urmaelean zegoen, baina hala ere, orain arte egin diren ohiz kanpoko zainketek ez dute eragin kaltegarririk aurkitu (arrainen heriotzak, hegazti zikinduak, etab.).

Isurketa gertatu zenetik detektatu zen arte hainbat egun igaro zirenez, ezinezkoa izan zen ihesaren erantzulea nor izan zen zehaztea. Seguraski, ubidearen buruan egiten ari diren herrilanetako batek eragindakoa izan zen.

Isurketaren aurkako lehen neurria hesiak jartzea izan zen, erregaiak Arkautiko urmaelera aurrera egin zezan saihesteko. Ondoren, material kutsagarria tanga-kamioien bitartez kendu zen, eta gainerako gasolioa material berezien bidez xurgatu zen. Bi astez lan egin ondoren, erregaiaren parterik handiena kentzea lortu zen.

Hala ere, kontuan izan behar da gasolioa ertzetan eta landaredian itsatsita geratu dela eta apurka-apurka askatzen ari dela. Hori dela eta, denbora igaro ahala erregai multzoak sortzen dira ur azalean. Hondakin hauek garbitzeko, hesi xurgatzaileetan eta ur gainean geratu diren materialak banatzeko gailuetan oinarritutako zainketa sistema bat jarri da abian.

Antzeko gertaera bat egongo balitz, eskertuko genuke Salburua bisitatzen duen edozein herritarrek abisua pasatuko balie larrialdi zerbitzuei edo CEAko teknikariei.

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizko Udalak lorategi komunitarioen egitasmo bat bultzatuko du

Proiektuaren funtsa Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatutako ekimen partehartzaile bat da, gai honetan interesa duten lagunek erabilera publikoko zenbait lorategi pribatu diseinatu, eraiki eta mantendu ahal izan ditzaten. Udalak prestakuntza eta laguntza tekniko eta ekonomikoa eskainiko du.

Egitasmoaren helburuak hauek dira:

  • Herritarrak hurbilen duten hiri ingurunearen diseinu, mantenimendu eta zainketan inplikatzea.

  • Hiriko ingurumena begirunez tratatzeko premiaz ohartaraztea eta lorezaintza iraunkorraren teknikak eta funtsak ezagutzera ematea.

  • Hiriko ingurunea hobetzea narriatze zantzuak dituzten auzoetan, lorezaintza komunitarioko ekimenak sustatuz.

Egitasmoan zehar prestakuntza aldi bat eskainiko da Hegoalde gizarte etxean, partehartzaileen artean botanikari eta lorezaintzari loturiko gaiak ezagutzera emateko.

Lorategiak sortu ondoren, egitasmoan parte hartzen dutenek eguneroko mantenimendua egingo dute, Udalaren zerbitzuen laguntzaren babespean.

Aurkibidera igo

Udaberrian CEAk loreontziko lorezaintza lantegien beste ikastaro bat antolatuko du

Loreontziko lorezaintza lantegiak aukera interesgarria dira loreak, lorategiko landare zurkarak eta landare erabilgarriak landatzen ikasteko aire zabaleko ingurune natural batean. Udaberriko lantegia Olarizuko baratzeetan eta Olarizuko etxaldean egingo da apirilaren 16tik ekainaren 25era.

Lantegian udako loreak aztertuko dira, bai eta landare konposizioak, landare usaintsuak, sukaldaritzan erabilgarriak direnak eta sendabelarrak, besteak beste.

Lantegi honetan izena emateko epea martxoaren 26tik apirilaren 13ra artekoa da. Izena ematea Olarizuko etxaldean zuzenean egin daiteke, edo 945 162696 telefonora deituta.

Aurkibidera igo

2007an aisialdiko baratzezaintza ekologikoko ikastaroen aro berri bat hasiko da

Aisialdiko baratzezaintza ekologikoen jarduera 1998ko udaberrian hasi zen Olarizuko baratzeetan. Egun ekimen hau aisialdi modu iraunkorra da 55 urtetik gorako 150 lagunentzat eta prestakuntza eta astialdi alternatiba bat bihurtu da beste jende askorentzat.

2007an proiektu honen aro berri bati ekingo zaio Abetxuku alboan dauden Urarteko baratzeetan. 55 urtetik gorakoei zuzendutako "Adinekoentzako aisialdiko baratzezaintza ekologikoa" izeneko ikastaroaz gain, baratzezaintza ekologikoko beste ikastaro bat eskainiko da 18 eta 55 urte arteko jendearentzat. Ikastaro honen izena "Baratze ekologikoak: zure topagunea" da.

Ikastaro hauek 60 ordu iraungo dute eta astelehenetik ostiralera egingo dira, maiatzaren 7tik uztailaren 13ra. Ikastaroa bukatu ondoren, partehartzaileek Urarteko baratzeetako lursailtxo bat erabiltzeko aukera izango dute denbora tarte batez.

Bestalde, Olarizuko baratzeetan "Baratzezaintza ekologikoko lantegia" izeneko jarduera gauzatuko da. Lantegi honetan 16 urtetik gorako 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Lantegiaren iraupena 60 ordukoa izango da eta astelehen eta asteazkenetan egingo da, 18:00etatik 20:00etara, maiatzaren 7a eta uztailaren 11 bitartean.

Jarduera hauetako edozeinetan izena emateko epea martxoaren 12tik apirilaren 13ra da.

Aurkibidera igo

"Zu, bizikleta... eta zerbait gehiago", bizikletari buruzko zazpigarren jardunaldiak Aldabe gizarte etxean

Aurten ere CEA lankidetzan arituko da Aldabe eta Landatxo gizarte etxeekin eta Gasteizko Bizikleteroak elkartearekin batera jardunaldi hauek antolatzeko.

Testuinguru honetan, eta Hiri Ekologiaren Gelaren baitan, CEAk "Bizikleta hirietako mugikortasunerako alternatiba gisa: Bizikletaren Plan Estrategikoa Bartzelonan" izeneko hitzaldia prestatu du. Ekitaldi hau martxoaren 29an izango da, 20:00etan, Aldabe gizarte etxean.

Bartzelonako Bizikletaren Planaren aurkezpena, Oinezkoen eta Bizikletaren Batzorde Zibikoaren lehendakariorde eta Bartzelonako Udaleko zinegotzi den Ricard Martínezek egingo du.

Plan honek Bartzelonako udalerriaren errealitatea analizatzen du, ikuspegi estrategikoa planteatzen du eta sustapen neurriak eta azpiegiturak sortzea proposatzen du hiriko mugikortasun sistemaren baitan bizikletaren erabilera normalizatzeko.

Hitzaldiari buruzko informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/eu/html/20/592.shtml

Bartzelona hirian bizikletak mugikortasun alternatiba gisa duen tokiari buruzko informazio gehiago, ondoko web helbidean:
http://www.bcn.es/bicicleta/es/index.html

Bestalde, Bartzelonan bertan, bizikletan oinarritutako banakako garraio publikoko sistema bat abian jarriko dute laster, "bicing" deitu dutena. Informazio gehiago, hemen.

Aurkibidera igo

Aurten mailegu puntu bat gehiago egongo da Udalak sustatzen duen bizikleta maileguen sisteman

Vitoria-Gasteizko Udalak 2006an eskaini zuen bizikleten mailegu zerbitzuak arrakasta handia eduki zuen: 25.000 petsonak eman zuten izena zerbitzua erabiltzeko eta 85.000 mailegu egin ziren. 2007an, zerbitzua martxoaren 30ean jarriko da abian eta azaroan amaituko da. Zerbitzuak 220 bizikleta izango ditu 11 mailegu puntutan banaturik.

Berrikuntza nagusi gisa, aurten beste mailegu puntu bat egongo da, Ariznabarreko kiroldegikoa. Horrez gain, oraindik aurrera bizikleta bereziak (tandemak eta trizikloak) aurretiaz eskatu beharko dira, eta urritasunak dituzten pertsonekin lan egiten dituzten erakundeek eskatu ahal izango dituzte soilik, eta betiere noizbehinka erabiltzeko.

Zerbitzuan izena eman nahi duten lagunek mailegu puntuetako batera joan beharko dute: Arriaga, Lakua, Aldabe, Iparralde, El Pilar, Judimendi eta Hegoalde gizarte etxeak, Medizorrotzeko frontoiak, Ariznabarreko kiroldegia, Turismo bulegoa eta El Boulevard merkataritza gunea. Aurreko urteetan izena emana duten lagunek ez dute berriro egin beharko.

Ekimen honen azken helburua Vitoria-Gasteiz hirian bizikleta ohiko garraiobide bihurtzea da.

Aurkibidera igo

Maiatzean klima aldaketaren ondorioz planetak dituen erronka berrien inguruko erakusketa bat antolatuko du CEAk

Maiatzaren 24ean hasi eta uztailaren 1a arte, "North South East West" erakusketa ikusi ahal izango da Olarizuko etxaldean. Erakusketa hau British Councilek eta CEOk (The Climate Group) ekoiztu dute.

Erakusketa hau ZeroCarbonCity izeneko kanpainaren baitan sortu da. Kanpaina hau British Councilek jarri du abian jendeak kontzientzia har dezan klima aldaketaren ondorioz planetak dituen erronken inguruan.

Bitartean, apirilaren 8a arte "Irudikatuz" proiektua bisitatu daiteke leku berean. Erakusketa hau José Luis Pina argazkilari gasteiztarrak ateratako argazki sorta batez osaturik dago.

Erakusketa honi buruzko informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/581.shtml

Aurkibidera igo

Haize energia eztabaidagai izan zen "Energía eólica y conservación de la naturaleza" izeneko jardunaldietan

Urtarrilaren 24 eta 25ean Euskadin Haize Energia Arrazionalki Ezartzearen aldeko Plataformak "Energía eólica y conservación de la naturaleza" izeneko jardunaldiak antolatu zituen Vitoria-Gasteizen. CEA aipatu jardunaldien antolaketan laguntzaile izan zen. Urtarrilaren 24ean hainbat hitzaldi eta lantegi antolatu ziren, eta 25ean txango bat egin zen Gasteiz mendietara, hain zuzen 12 aerosorgailuz osatutako zentral eoliko bat instalatu nahi den tokira.

Hizlarien artean Iberiar Penintsulako ordezkari asko egon ziren, bai eta Alberto Vázquez-Figueroa idazlea ere. Toki askotatik etorritako 126 pertsonak eman zuten izena jardunaldietan parte hartzeko, baina bertaratzea doanekoa zenez, zenbait hitzalditan 180 lagun baino gehiago bildu ziren. Era berean, hedabide askok, bai idatzizkoek zein irratiek edo telebistek, garrantzi berezia eman zieten jardunaldiei.

Jardunaldietan atera ziren ondorioetan industria eolikoaren ezarpen arrazionalaren aldeko jarrera nagusitu zen, betiere estrategia energetiko bakarra ez den heinean (esaterako, aurrezpena eta eraginkortasun energetikoa gehiago sustatu beharko liratekeela esan zen), eta lurralde antolamenduaren eta naturaren kontserbazioaren printzipio logikoen aurka ez doan neurrian.

Aurkibidera igo

Senegalen harrapatu da Salburuan eraztuna jarri zitzaion uhalde-enara bat

2003. urtetik, basa hegaztiei eraztuna jartzeko estazio bat egiten da Salburuan urtero. Orain arte, ekimen honek 60 laguntzaile desinteresatu baino gehiago izan ditu. Estazioak xede nagusi bat du: mundu mailan iraungitze arriskuan dagoen Europako txori txiki bakarrak, ur-benarrizak alegia, zona hau nola erabiltzen duen ezagutzea.

Urte hauetan zehar 56 espezietakoak diren 14.150 hegaztiri jarri zaie eraztuna, erregetxo txikitik hasi eta gabiraia bezalako harrapariak arte. Gero, markatutako hegaztiak berriro harrapatzen dira, urtean zehar nondik nora ibiltzen diren jakiteko. Salburuan, esaterako, jada eraztuna zeukaten 50 hegazti harrapatu dira, horietatik 33 Espainiatik kanpokoak.

Salburuan eraztuna jarri zitzaion aleetako bat, hain zuzen uhalde-enara bat (enara txiki bat), Tiguet (Senegal) izeneko herriko hezegune batean harrapatu zen pasa den urtarrilaren 26an. Salburuan hegazti honen udaberriko lehen behaketak martxoaren 15a inguruan gertatzen dira, eta beraz, iparraldeko umatze areetara egiten duen udaberriko bidaian egongo da une honetan.

Aurkibidera igo

Zikoinek bigarren urtez egin dute habia Salburuan

2006an zikona zuriek lehen aldiz hazi zituzten kumeak Arkautiko urmaeleko zuhaitz idor baten gaineko habi artifizial batean. Aurten bikote bera hasi da jada materiala (abarrak, makilatxoak...) habi berean sartzen. Dena ongi badoa, laster bere umatzearen ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu.

Habia ederki ikusten da "Las Zumas" behatokitik. Zikoinak ikusi nahi duten bisitariek isilik eta gelditu gabe hurbildu beharko lukete behatokira, zikoinen umatzea ez kaltetzeko.

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizek Fòrum Ambiental fundazioak ematen duen Hiri Iraunkorraren Saria jaso du

Sari honen arrazoi nagusiak, "Udalak onartutako iraunkortasun printzipioak praktikan jartzeko asmoz azken urteetan Tokiko Agenda 21aren baitan garatu den ekintza sorta zabala, eta iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde duen ibilbide luzea" dira.

Fòrum Ambiental fundazioak bosgarren urtez antolatu du HIRI IRAUNKORRAREN SARI hau, iraunkortasun globalari eta esparruz esparrukoari (hondakinen kudeaketa, uraren kudeaketa, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak...) gehien lagundu dioten hirien lana aitortzeko asmoz.

Fòrum Ambiental fundazioa erakunde publikoz eta pribatuz osatutako irabazi asmorik gabeko erakundea da. Bere helburua enpresen, Administrazioen eta gizartearen arteko eztabaida eta lankidetza plataforma bat eratzea da, egungo garapena baino jasangarriagoa izango den eredu bat sortu eta aplikatzeko.

Vitoria-Gasteizez gain, beste hainbat hirik ere saria jaso dute: Santader, León, Bartzelonako El Prat de Llobregat eta Sabadell, A Coruñako Miño eta Oviedoko Tineo. Udalerriz gaindiko erakundeen kategorian, Arabako Foru Aldundiak ere sari bat jaso du, kasu honetan Añana Gesaltzako haran gaziaren leheneratze osorako ekintzak bultzatzeagatik.

Aurkibidera igo

Hezeguneen Mundu Egunaren balantzea

Urtero bezala, otsailaren 2an Hezeguneen Mundu Eguna izan zen, eta urtero bezala, CEAk jarduera sorta zabala antolatu zuen egun honen inguruan. Ekintza hauen xedea jendeak hezeguneen balioen eta gizarteari ekartzen dizkioten onuren inguruan duen sentsibilizazioa handitzea izan zen.

Aurtengoan, hezeguneei buruzko Ramsar Itunak hezeguneen eta arrantzaren arteko harremanen inguruan antolatu zuen egun hau. CEAk, hezeguneen dimentsio hori ezagutarazteaz gain, ibaiei garrantzi berezia ematea erabaki zuen, kontserbazio arazo gehien dituzten ekosistemen artean baitaude.

Ospakizun honetako egitaraua hainbat jarduera motaz osaturik egon zen: arrantzari eta ibaiei buruzko film emanaldiak, Zadorra ibaiak pasa den mendeko 50eko hamarkadatik izan duen eboluzioari buruzko argazki-hitzaldia, bisita gidatuak Zadorra ibaira eta gaueko ibilaldiak Salburuko parkera baso igel jauzkaria ikusteko. Azken jarduera honek nahiko arrakasta izan zuen eta jakinmin handia piztu zuen gasteiztarren artean.

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografikoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://siam.vitoria-gasteiz.org

CEAren deialdiak
II. Paisaiaren Hiri Foroa

Egunak: 2007ko uztailaren 4, 5 eta 6
Tokia: Goiuri jauregia

Norentzat: Hiri plangintzan, paisaian eta arkitekturan interesa duten pertsonentzat
Izena emateko epea: 2007ko ekainaren 28a arte
Kuota: 90 euro (50 euro ikasleentzat)
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceac/foropaisajeurbano/index.html

Loreontziko lorezaintza lantegia

Egunak: 2007ko apirilaren 16tik ekainaren 25era
Tokia: Olarizuko baratzeak eta Olarizuko etxaldea

Norentzat: Jende ororentzat
Izena emateko epea: Martxoaren 26tik apirilaren 13ra
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/74.shtml

Adinekoentzako aisialdiko baratzezaintza ekologikoa

Egunak: 2007ko maiatzaren 7tik uztailaren 13ra
Tokia: Urarteko baratzeak

Norentzat: 55 urtetik gorakoentzat
Izena emateko epea: Martxoaren 12tik apirilaren 13ra
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/73.shtml

Baratze ekologikoak: zure topagunea

Egunak: 2007ko maiatzaren 7tik uztailaren 13ra
Tokia: Urarteko baratzeak

Norentzat: 18 eta 55 urte artekoentzat
Izena emateko epea: Martxoaren 12tik apirilaren 13ra
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/73.shtml

Baratzezaintza ekologikoko lantegia

Egunak: 2007ko maiatzaren 7tik uztailaren 11ra
Tokia: Olarizuko baratzeak

Norentzat: 16 urtetik gorakoentzat
Izena emateko epea: Martxoaren 12tik apirilaren 13ra
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/73.shtml

Jardunaldiak:  "Zu, bizikleta... eta zerbait gehiago"

Egunak: 2007ko martxoaren 26tik 29ra
Tokia: Aldabe gizarte etxea

Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/geeki

Erakusketa; "North South East West"

Egunak: 2007ko maiatzaren 24tik uztailaren 1era
Tokia: Olarizuko etxaldea

Norentzat: Jende ororentzat

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.