Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2006ko azaroaren 20 - 25. zenbakia

Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foroak aurrera darrai
Hainbat hilabete dira jada Vitoria-Gasteizek Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren prestaketa abian jarri zuenetik. Mugikortasun Plan batek herritarren artean duen garrantzia ikusirik, funtsezkoa da Planak kontuan har ditzan hiriko gizarte eragileek hasierako faseetatik bertatik egin ditzaketen ekarpenak. Hori dela eta, ekainean Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foro bat eratu zen, Planaren gidalerro nagusiak definituko dituen Mugikortasunaren Hiritar Ituna kontsentsu bidez erdiesteko.

Arabako Foru Aldundiak Gasteiz mendietako natur parkearen mugak hedatzea proposatu du
Pasa de uztailean parkearen eragina jasango luketen udalerriek egin zuten proposamena aintzat hartuz, Arabako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuak balizko Gasteiz mendietako parke naturalaren mugak hedatzea planteatu du.

Vitoria-Gasteizek VIII. CONAMAn (Espainiako Ingurumen Biltzar Nazionalean) parte hartuko du
Espainiako Ingurumen Biltzar Nazionalak gero eta oinarri sendoagoak ditu. Urtez urte, ingurumen arazoez eta garapen iraunkorraz hitz egin eta eztabaidatzeko topagune nabarmena bilakatu da.

Olarizuko arboretumaren I. fasearen proiektua prest dago
"Europako basoak" izeneko arboretum hau etorkizunean egin nahi den Olarizuko lorategi botanikoaren funtsezko ataletako bat izango da. Arboretumak Europako eskualde bakoitzeko zuhaitz eta zuhaiska multzoen lagin adierazgarriak sortu nahi dira.

Urarteko baratzeen bigarren fasea eraikitzeko lanak kontratatu dira

Hobetzeko obra berriak Zadorran, Abetxukutik Aztegietara bitartean

Larreganaren aintziraren gaineko hiru pasabide berri

Abenduan Ingurumeneko Zinemaren IV. Erakustaldia ospatuko da

Erosketa publiko berdea, azaroko Hiri Ekologiaren Gelaren protagonista

Gabonetan "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin" kanpainaren 11. ekitaldia hasiko da

Eskura itzazu bertako landareak zure lorategian landatzeko

Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik

CEAk hitzarmen bat sinatu du Caja Vital Kutxaren Mejora Fundazioarekin 55 urtetik gorako lagunek ingurumenari lotutako jarduerak egin ditzaten

Global Action Plan egitaraua Vitoria-Gasteiza iritsi da

2006ko Hegaztien mundu egunaren balantzea

Iraungi da Salburuan topatu zen hegazti gripearen agerraldia

CEA erakusketa bat laguntzen ari da "Periscopio" prentsa argazkilaritzaren jaialdian
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak

Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foroak aurrera darrai

Hainbat hilabete dira jada Vitoria-Gasteizek Mugikortasun Iraunkorrerako Planaren prestaketa abian jarri zuenetik. Plan honek honako helburu hauek ditu:

  • Automobila gero eta gehiago erabiltzeko joera alderantzikatzea

  • Automobila erabiltzen duen jendeak garraio publikoa eta bizikleta erabil dezan lortzea

  • Mugitzeko premiak murriztea

  • Oinezkoentzako eta bizikletentzako sare funtzionalak sortzea

  • Zirkulazioa espazio publikotik ateratzea, hiriko jendearentzat kalitatezko ingurunea berreskuratzeko

Mugikortasun Plan batek herritarren artean duen garrantzia ikusirik, funtsezkoa da Planak kontuan har ditzan hiriko gizarte eragileek hasierako faseetatik bertatik egin ditzaketen ekarpenak. Hori dela eta, ekainean Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foro bat eratu zen, Planaren gidalerro nagusiak definituko dituen Mugikortasunaren Hiritar Ituna kontsentsu bidez erdiesteko.

Foroa ekainaren 11n aurkeztu zen, eta urriaren 4an berriro bildu zen. Ekitaldi hartan mugikortasun iraunkorraren kontzeptua azaldu eta kokatu zen, Mugikortasun Plana zein egoeratan zegoen jakinarazi zen, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Ituna definitu zen eta mugikortasunari buruz prestatu den txosten sektoriala aurkeztu zen (txosten hau "GEO Vitoria-Gasteiz" deituriko iraunkortasun eta ingurumen egoeraren txosten diagnostioaren atal bat da). Bukatzeko, solasaldi bat egon zen.

Hiritar Foroaren hurrengo hitzordua azaroaren 21 eta 29an izango da, Montehermoso Kulturunean, 19:00etan. Ekitaldi berri honetan 2020. urteko Vitoria-Gasteizek zein hiri mugikortasun eduki beharko lukeen definituko da eta egoera berri hau erdiesteko zein helburu eta gidalerro finkatu behar diren eztabaidatuko da. Eztabaidaren emaitzak Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Itunean sartuko dira.

Plan honek herritarren ahotsa eta iritzia kontuan hartu nahi izan ditu hasieratik bertatik. Eztabaidan parte hartzeko beste bide bat, Vitoria-Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren Planak sarean duen webguneko eztabaida foroa da:
http://www.vitoria-gasteiz.org/foros

Mugikortasun Planari buruzko informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/mugikortasuna

Aurkibidera igo

Arabako Foru Aldundiak Gasteiz mendietako natur parkearen mugak hedatzea proposatu du

Pasa de uztailean parkearen eragina jasango luketen udalerriek egin zuten proposamena aintzat hartuz, Arabako Foru Aldundiko Mendien Zerbitzuak balizko Gasteiz mendietako parke naturalaren mugak hedatzea planteatu du, ekialdeko muga Azazetako portuaren inguruetaraino zabalduz. Proposamen hau arrazoitzeko ingurumenaren kontserbazioa eta finken jabegoa aipatu dira.

Hortaz, parkeak Trokoniz, Burgelu, Ixona, Añua eta Egiletakoak diren hainbat mendi publiko hartuko lituzke barnean, eta Vitoria-Gasteizko Udalak egin zuen proposamenean jasotzen ziren 6.171 hektareak 7.106 izatera igaroko lirateke. Era berean, Aldundiak babeseko zona periferikoa ere hedatzea proposatu du, mugatzat Lizarrarako errepidea hartuz. Beraz, azken zona hau 2.678 hektarea edukitzetik 2.815 edukitzera igaroko litzateke.

Arabako Foru Aldundiak parkearen eragina jasango duten bost administrazio batzarrak kontsultatu ditu eta parke naturala izendatzeak ekarriko lituzkeen ondorio nagusiak azaldu dizkie, Eusko Jaurlaritzari behin-betiko proposamen bat bidali aurretik beren iritzia eman dezaten.

Aurkibidera igo

Vitoria-Gasteizek VIII. CONAMAn (Espainiako Ingurumen Biltzar Nazionalean) parte hartuko du

Espainiako Ingurumen Biltzar Nazionalak gero eta oinarri sendoagoak ditu. Urtez urte, ingurumen arazoez eta garapen iraunkorraz hitz egin eta eztabaidatzeko topagune nabarmena bilakatu da. Zortzigarren ekitaldi honetan, Biltzarrak 10.000 parte hartzaile baino gehiago izango ditu, eta azaroaren 27tik abenduaren 1era, egunerokotasun handiko gaiak aztertuko ditu: energia eta klima aldaketa, landa garapena eta naturaren kontserbazioa, hondakinak, ekonomia iraunkorra...

Vitoria-Gasteizko alkate eta FEMPeko Ingurumen Batordeko presidente den Alfonso Alonsok Tokiko Topaketa izeneko espazioaren inaugurazio ekitaldian parte hartuko du. Gune berri hau maila lokalean interes gehien sortzen duten gaietan sakontzeko sortu da.

Vitoria-Gasteizek partehartze tekniko eta instituzional oso nabarmena izango du Biltzarraren topaketa, mahainguru eta jardunaldi teknikoetan. Horrez gain, Vitoria-Gasteizek 45 metro koadroko erakustoki bat prestatu du Arabako Foru Aldundiarekin batera, hiriak iraunkortasunaren alorrean dituen proiektu nagusiak erakusteko, hala nola, Tokiko Agenda 21, Iraunkortasun Behatokia, Eraztun Berdea, Ingurumen Informazioko Sistema, garapen iraunkorrerako ingurumen sentsibilizazio eta hezkuntza programa, Bide Berdeen Plana, etab.

Aurkibidera igo

Olarizuko arboretumaren I. fasearen proiektua prest dago

"Europako basoak" izeneko arboretum hau etorkizunean egin nahi den Olarizuko lorategi botanikoaren funtsezko ataletako bat izango da. Arboretumak Europako eskualde bakoitzeko zuhaitz eta zuhaiska multzoen lagin adierazgarriak sortu nahi dira, horrela landaredi mota guzti hauen inguruko dibulgazio eta kontserbazioari lagundu nahi baitzaio hiritik hurbil dagoen espazio publiko batean.

Arboretumaren proiektu orokorra 5 fasetan garatuko da:

  • baso mediterranearrak

  • hostozabal zimelkorren basoak

  • hostozabal hostoerorkorren basoak

  • koniferoen baso mistoak

  • hostozabalak eta baso borealak

Lanen lehen fasea, baso mediterranearrak gaitzat hartuko dituena, proiektatu da dagoeneko. Hasteko, Europako eskualde mediterranearreko baso nagusiak ordezkatuko dituzten zuhaitz, zuhaiska, mulu eta lianak landatuko dira. Gero, lursailak egokituko dira bilduma instalatu eta bisitak eta mantenimendua errazteko. Lehen fase honetan erabiliko den gunea Olarizuko parkearen ekialdean dagoena da, eta 7,26 hektarea inguru betetzen ditu (arboretumak guztira 48 hektarea izango ditu).

Lanak negu honetan hasiko direla aurreikusi da.

Aurkibidera igo

Urarteko baratzeen bigarren fasea eraikitzeko lanak kontratatu dira

Urrian Urarteko (Abetxuku) baratzeen lehen fasea sortzeko lanei ekin zitzaien. Orain proiektuaren bigarren fasea kontratatu da, ekipamendu hau datorren udaberrian guztiz osaturik egon dadin. Bigarren fasean banakako 150 lursail sortuko dira, bakoitza 75 metro koadrokoa. Baratze hauek 5 egonlekuren inguruan antolatuta egongo dira, eta egonleku bakoitzak 30 lursaili emango dio zerbitzua. Guztira, lehen fasean sortutako 80 lursailak kontuan hartzen badira, ekipamenduak 230 baratze edukiko ditu. Egonleku bakoitza uraska-iturri batez horniturik egongo da, tronaduraz akabatuta egongo da, zurez estalitako pergola bat ere edukiko du, bai eta banku jarraitu bat ere.

Honez gain, beste hainbat elementu ere eraikiko dira: lursailetara sartzeko bideak, perimetroko itxitura, 46 ibilgailuk aparkatzeko lekua, barruko bide eta zidorren sarea eta urez, drenaiaz eta argiz hornitzeko instalazioak. Azkenik, ibaiertza oihaneztatuko da eta bide ertzetan dauden lore asketan zuhaiskak eta landare usaintsuak landatuko dira.

Aurkibidera igo

Hobetzeko obra berriak Zadorran, Abetxukutik Aztegietara bitartean

Makinak eta langileak Zadorraren ur-bazterrera itzuli dira. Urrian jarri ziren martxan ibaia Gasteiztik pasatzen den zatiko inguruaren leheneratze ekologiko eta paisajistikorako jarduera berriak. Hobetzeko obra horiek zortzi hilabetetan burutuko dira eta Abetxukutik Aztegietara bitarteko zatian dauden bi sektoretan egongo dira banatuak.

Lehen esku-hartzean Atxa-Landaberde parkea Aztegietarantz handituko da, momentu honetan degradatua dagoena hondakin kopuru handiaren eta legez kanpoko baratzeen eraginez. Proiektuaren barruan honakoak sartzen dira: garbiketa, hondakinak kentzea eta beharrezko diren landare trataerak egitea, baita oinezko zein txirrindularientzako ibilbide berriak egitea, 2,8 kilometrokoak, hain zuzen. Halaber, atseden gunea sortuko da Gobeun eta ibai alderako behatokia jarri, Lopida aurrean.

Aurreikusitako bigarren jardueran Forondako atea eta Abetxukuko zubi berria lotuko dituen oinezkoentzako ibilbideak egokituko dira.

Proiektu bi horiek amaitutakoan Abetxukutik Aztegietara bitartean doan Zadorraren ezkerraldeko bazterretik lau kilometroko paseoa egin ahalko da.

Aurkibidera igo

Larreganaren aintziraren gaineko hiru pasabide berri 

Arkautiko aintzira inguratzen duen ibilbideak, Salburuan, hiru pasabide berri ditu, Larreganeko aintzira zeharkatzen duen zatian. Egurrezko plataformek 87,5 metroko luzera eta 2,5 metroko zabalera dute, baita 35 zentimetroko altuerara dagoen baranda ere.

Pasabidea Larregana gainean

Larreganeko aintziraren alde batetik bestera oso puntu estutik pasatzen da ura, horrek eragiten duela ur lamina goratzea eta batzuetan bidearen gainetik pasatzea. Pasabideak jarrita arazoa konpontzen da, gainera paseatzen ari direnentzako erakargarriak dira.

Aurkibidera igo

Abenduan Ingurumeneko Zinemaren IV. Erakustaldia ospatuko da

Ingurumeneko zinemaren erakustaldi hau Catalunyako Cinema del Medi Ambient nazioarteko jaialdian erakutsitako filmen hautapen bat da. Jaialdi honek bi gai nagusi ditu:  ingurumena eta gizakiak bere natur, gizarte eta kultur ingurunearekin dituen harremanak, alde batetik, eta ikusentzunezko bitartekoak sustatzea, bestetik.

CEAk antolaturik, Ingurumeneko Zinemaren Erakustaldiaren 4. ekitaldia 2006ko abenduaren 11, 13, 18 eta 20an ospatuko da, arratsaldeko zortzietan, Ignacio Aldecoa Kultur Etxean.

Erakustaldiaren egitaraua ondoko helbidean kontsulta daiteke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/574.shtml

Aurkibidera igo

Erosketa publiko berdea, azaroko Hiri Ekologiaren Gelaren protagonista

Administrazio publikoek kontsumitzaile talde garrantzitsua osatzen dute. Erosketak egiterakoan ingurumena begirunez tratatzen dituzten produktu eta zerbitzuak aukeratzen badituzte, garapen iraunkorraren aldeko ekarpen esanguratsua egingo dute. Azaroaren 23an ospatuko den Hiri Ekologiaren Gelak gai hau aztertuko du.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/209.shtml

Bestalde, CEAk argitaratu du jada aurreko Ekologiaren Gelaren laburpena. Gela hau baratzeetako labore elkarteek eragiten dituzten onurak eta kalteak erakutsi ziren. Ondoko helbidean jaitsi daiteke (PDF formatua, 60 Kb):
http://www.vitoria-gasteiz.org/w24/documentos/1614eu.pdf

Aurkibidera igo

Gabonetan "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin" kanpainaren 11. ekitaldia hasiko da

Aurten ere CEAk "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin" kanpaina gauzatuko du, oraingo honetan Salburuko parkean Errekaleor ibaiaren ertzak leheneratzeko asmoarekin. Beti bezala, kanpainak bi hartzaile ditu: ikastetxeak, alde batetik, eta jendea orokorrean, bestetik. Aurten 15 ikastetxetako 800 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte, eta jendeari orokorrean zuzendutako kanpainan 2.000 landare banatzea aurreikusi da.

Aurten haritza izango da banatuko den espezie nagusia. Honekin batera, udalerriko ibai eta erreketako ertzetan eta uholde gunetan arruntak ziren hariztietako beste hainbat espezie ere banatuko dira.

Jende ororentzako banaketa abenduaren 21ean egingo da, Plaza Berrian, Gabonetako Nekazaritza Azokaren egun berean.

Aurkibidera igo

Eskura itzazu bertako landareak zure lorategian landatzeko

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bertako zuhaitzen mintegiak, Olarizuko baratzeetan dagoenak, landareak banatzeko kanpaina egiten du urtero. Hain zuzen ere, dohainik ematen zaizkie landareak hala eskatzen duten erakunde, elkarte, talde nahiz pertsona guztiei.

Landareak eskuratzeko, lehenengo landareak aukeratu dira eta eskaera orria bete behar da. CEAko teknikariek aholkuak ematen dizkiete landarea eskuratu nahi duten guztiei, zein landare espezie autoktono erabil dezaketen jakin dezaten, beren ezaugarriak ezagutu ditzaten eta landaketa gunearekiko izan dezaketen egokitze mailaren jakitun izan daitezen. Horrez gain, laborantza ekologikoari eta landatze teknikei buruzko informazioa ematen zaie. Azkenik, landareak eskatzaileei ematen zaizkie.

Kanpaina hau Olarizuko baratzeetako baso mintegian egingo da, 2006ko abenduaren 1etik 2007ko otsailaren 28ra, astelehen, asteazken eta ostegunetan 16:00etatik 17:30etara, eta astearte eta ostiraletan 11:00etatik 12:30etara.

Ekimen honetan parte hartzeko, hitzordua aurretiaz adostu behar da, 945 162696 telefonora deituz, azaroaren 20tik aurrera. Bertako landareen katalogoa ondoko helbiean jaso daiteke (PDF formatua, 900 Kb):
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/documentos/1595eu.pdf

Aurkibidera igo

Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik

Ekimen honek Olarizuko baratzeetan egiten diren jarduerak ezagutzera eman nahi ditu. Bisitaldi hauetan ibilbideak, hitzaldiak eta lantegiak egingo dira eta hainbat gai aztertuko dira, hala nola etnografia, frutazaintza ekologikoa, fruta eta barazkien artisau kontserbazioa, sendabide fitoterapeutikoen prestaketa eta aplikazioa, lorategietako landareak, Arabako bertako basoak, etab. 

Jarduerak asteartero gauzatuko dira, oporretan ezik, 16:00etatik 17:30etara, Olarizuko baratzeetan.

Izena ematea doan da. Lantegi bakoitzean gehienez 15 lagun onartuko dira. Plazak esleitzeko izena ematearen ordena jarraituko da.

Hiruhileko honetako egitaraua ondokoa da:

  • azaroaren 14
    Árboles y arbustos autóctonos de Álava: Las plantas arbustivas

  • azaroaren 21
    Curiosidades botánicas. Comportamientos curiosos y "records" que se dan en el mundo de las plantas

  • azaroaren 28, abenduaren 5, abenduaren 12 eta abenduaren 19
    Plantas hermosas y útiles en nuestro jardín. Las plantas silvestres

  • urtarrilaren 9
    Jardinería ecológica: diseño del jardín, la topografía y el suelo, enmiendas y correcciones, selección de plantas, el césped

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/304.shtml

Aurkibidera igo

CEAk hitzarmen bat sinatu du Caja Vital Kutxaren Mejora Fundazioarekin 55 urtetik gorako lagunek ingurumenari lotutako jarduerak egin ditzaten

Hitzarmen hau urriaren 24an sinatu zen, CEAren eta Mejora Fundazioaren elkarlanaren hasiera gisa. Hitzarmenaren ondorioz egingo diren jardueretan, adinekoek ingurumenaren garapen, kontserbazio eta sustapenean parte har dezaten bilatuko da.

Hitzarmenaren hasierako proiektua, Ibilaldiak Vitoria-Gasteizko Eraztun Berdean zehar izeneko gidan ageri diren 13 ibilbideak egitea da. Hurrengoa "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin" kanpainan parte hartzea izango da: parte hartzaileek landatze gune berezi bat edukiko dute beraien zuhaitzak landatzeko.

Lankidetza hau herritarren parte hartzean eta ingurumen alorreko borondatezko lanean oinarrituta dago. Etorkizunean ekimen hau Eraztun Berdeko beste espazio batzuetara heda liteke.

Aurkibidera igo

Global Action Plan egitaraua Vitoria-Gasteiza iritsi da

Global Action Plan (GAP) egitasmoa –Ekintza Plan Globala-, Nazio Batuen Ingurumen Programak (NBIP) babestutako ekimen bat da. Bere helburua pertsonen bizi baldintzak hobetzea da, eta horretarako etxetik bertatik egin daitezkeen ekintza multzo bat proposatzen ditu, betiere ingurumenean eragiten den inpaktua murriztuz.

EAEn Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak sustatu du GAP egitaraua, udalerriekin elkarlanean. Programa honen esperientzia pilotua 2004an egin zen Urdaibain eta Debabarrenean, eta arrakasta handia eduki zuen. Orain poriketu hau EAEko gainerako udalerrietara hedatu nahi da. 2004ko esperientzian edukiontziak gehiago erabiltzea, etxean energia aurreztea, garraioaren CO2 igorpenak asko jaistea eta egunerko ur asko aurreztea lortu zen.

Informazio gehiago Euskadiko GAP egitarauaren webgunean:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net/r49-564/eu/contenidos/
informacion/gap/eu_gap/indice.html

Aurkibidera igo

2006ko Hegaztien mundu egunaren balantzea

Urriaren 7an eta 8an hainbat ekimen gauzatu ziren Araban zehar Hegaztien Mundu eguna ospatzeko. Jarduera hauek antolatzaileak Arabako Naturaren Institutua, Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen eta Paisaia Zerbitzua eta CEA izan ziren.

CEAk Salburuko parkean antolatu zituen bere jarduerak. Bisitarien artean arrakasta gehien izan zutenak hegaztien behaketa  eta digiscoping lantegia (teleskopioaren bidezko argazkigintza) izan ziren. Azken honetan ehunka pertsona bildu ziren eta argazki sorta eder bat atera zuten.

Hegaztiei eraztuna jartzeko estazioa ere egun horretako arretagune nagusietakoa izan zen. Hemen ikusmin handia eragin zuen harrapatutako hegaztiek umeen eskuetatik hegan egiten ikustea. Gune honetan, harrapatutako txorien ezaugarriei buruzko azalpenak ere eman ziren.

Aurkibidera igo

Iraungi da Salburuan topatu zen hegazti gripearen agerraldia

Uztailaren 7an hegazti gripearen Espainiako lehen kasua baieztatu zen, Salburuan murgil handi bat arrazoi horregatik hilik aurkitu zenean. Birusa H5N1 anduikoa zela egiaztatu ondoren, indarrean dauden albaitaritza protokoloetan aurreikusita dauden neurriak jarri ziren martxan heriotza gehiago detektatzeko eta gaixotasunaren hedatzea saihesteko.

Neurri hauen ondorioz, handitu egin ziren Salburuan 2005etik, Europako lehen kasuak topatu zireneatik alegia, basa hegaztietan egiten ari ziren segimendu eta kontrol lanak. Era berean, etxeko hegaztiak kutsatuak izan zitezen saihesteko, hezeguneen inguruan bizi ziren hegaztietan eta beren salerosketan hainbat kontrol arau aplikatu ziren.

Hilabetez zainketa intentsiboa egin arren, ez zen hegazti gripez hildako ale gehiagorik aurkitu eta, beraz, agerraldia amaitutzat eman zen abuztuaren 7an. Hala ere, zainketa lanak ez dira bukatutzat eman, aldizkako kontrolak egiten jarraitzen baita Salburuko ingurunean, are gehiago Arabako Foru Aldundiak "arrisku bereziko gunetzat" hartu zuenetik. Edonola ere, Eraztun Berdeko bisitariek kontuan izan behar dute hegazti hilik topatzen badute, hobe dela ez dezaten eskueta erabili eta agintariak jakinaren gainean jarri behar dituztela lehenbailehen 112 edo 010 telefonoen bidez.

Aurkibidera igo

CEA erakusketa bat laguntzen ari da "Periscopio" prentsa argazkilaritzaren jaialdian

Urriaren 19a eta abenduaren 3a artean prentsako argazkien jaialdi bat ospatzen ari da Vitoria-Gasteizen. Bere izenburua: "Periscopio, prentsa argazkilaritzari begirada". Proiektu honen baitan zortzi erakusketa antolatu dira aldi berean hiriko hainbat lekutan.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak erakusketa hauetako bat laguntzea erabaki du, hain zuzen "Natura haserretuta" deitzen dena eta kazetaritza grafikoaren jaialdi honetan ingurumen dimentsioa ere garrantzitsua dela agerian jarri nahi duena. Erakusketa San Prudentzio kaleko 30. zenbakian dagoen "Hiria gunea " erakustaretoan ikus daiteke.

"Natura haserretuta" erakustetan, France Presse agentziako (AFP) erreportariek beren kamerekin jaso dute gizakiok maila guztietan izan dugun garapena nola egin den ingurumenarekiko inolako begirunea eduki barik. Haatik, iaz Asiako kostaldean gertatu zen itsasikara bezalako fenomenoek gogora ekartzen digute natura ez dela erraz menperatzen eta elementuek gainditu egin gaitzaketela.

AFPren proposamena aipatu errealitatetik abiatzen da: argazkietan lurra, ura eta sua landaredia eta faunarekin nahasten dira. Ingurune horretan, argazkilariek nabarmen uzten dute gizakiak muturreko biziraupen baldintzak jasateko duen moldatze ahalmena, batzuetan eskuzabala eta beste baztuetan kontrolaezina den izadiaren aurrez aurre jartzen denean. Erakusketak gogoetagai izan nahi du planetaren handitasunaz eta bertan bizi diren gizakien txikitasunak konturatu gaitezen.

Informazio gehiago (gaztelaniaz soilik):
http://www.periscopiovitoria.com/index.html

Aurkibidera igo

"medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena" argazki lehiaketak irabazleak ditu jada

Argazki lehiaketa honetako emaitza urriaren 19an eman zen ezagutzera. Aurten lehiaketa "Hiri paisaiak" gaitzat harturik antolatu da.

Aurtengo deialdian hiri iraunkorraren inguruko gogoeta egiteko eskatu zaie parte hartzaileei. Hiri iraunkorrak hiri ireki, anitz eta multifuntzionala izan behar du, zerbitzuen eta jardueren eskaintza ziurtatuko duena, konpatua, hurbila, bilbe jarraitukoa, gizarte aldetik kohesionatua dagoena eta kalitatezko espazio publikoa duena, kale bizi, abegitsu eta bizikidetzaren aldekoa izango dituena.

Aurten 151 egileren 382 lan jaso dira. Epaimahaiak lehen saria Llorenç Melgosa Alonsori eman zion, Después de la batalla izeneko lanagatik.

Gainerako sariak ondoko helbidean kontsulta daitezke:
http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/8/517.shtml

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografikoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://siam.vitoria-gasteiz.org

CEAren deialdiak
Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Hiritar Foroaren 2. ekitaldia

Egunak: 2006ko azaroaren 21 eta 29
Tokia: Montehermoso Kulturunea

Norentzat
: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/mugikortasuna

Ingurumeneko Zinemaren IV. Erakustaldia

Egunak: 2006ko abenduaren 11, 13, 18 eta 20
Tokia: Ignacio Aldecoa Kultur Etxea

Norentzat
: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/574.shtml

Hiri Ekologiaren Gela: erosketa publiko berdea

Egunak: 2006ko azaroaren 23
Ordua: 9:00etatik 12:00etara
Tokia: Hiria Gunea aretoa, San Prudentzio kalea, 30

Norentzat
: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/20/209.shtml

XI. kanpaina "Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin"

Landareak jasotzeko lehen eguna: 2006ko abenduaren 21
Norentzat: Jende ororentzat
Tokia: Espainia Plaza

Olarizuko baratzeak, zuretzat zabalik

Egunak: Astearteetan, oporretan salbu
Tokia: Olarizuko baratzeak
Norentzat: Jende ororentzat
Izena ematea: Olarizuko etxaldea
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/eu/html/3/304.shtml

Prentsa argazkilaritzaren "Periscopio" jaialdia: "Natura haserretuta"

Egunak: 2006ko urriaren 19tik abenduaren 3ra
Tokia: Hiria Gunea aretoa, San Prudentzio kalea, 30
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.vitoria-gasteiz.org/cea/eu/html/8/518.shtml

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.