Vitoria-Gasteizko Udala
OK
Hizkuntza-hautapena:
imagenCabecera
Menú secundario.Ir a la zona de contenidos.

Página de inicio del CEAVITORIA-GASTEIZKO UDALEKO
INGURUGIRO GAIETARAKO IKASTEGIKO
ALDIZKARI DIGITALA

2005eko urriaren 14 - 20. zenbakia

Nazio Batuek laguntza emango du GEO Vitoria-Gasteiz ingurumen txostena egiteko
CEA lanean ari da 'Vitoria-Gasteiz udalerriko ingurumen egoeraren eta jasangarritasunaren inguruko txosten-diagnostikoa' prestatzeko. Ikerketa hau PNUMAk (Ingurumenerako Nazio Batuen Programak) hirien ingurumena ebaluatzeko sustatu duen GEO Hiriak ekimenaren barruan sarturik dago. Vitoria-Gasteizi buruzko txostena Europan ezaugarri hauekin egiten den lehena izango da eta, hortaz, esperientzia pilotua izango da GEO Hiriak metodologia Europan aplikatzeko.

Hiriaren etorkizun 'jasangarriari' buruzko tailer partehartzaile bat ospatu zen urrian Vitoria-Gasteizen
'Vitoria-Gasteiz udalerriko ingurumen egoeraren eta jasangarritasunaren inguruko txosten-diagnostikoa' prestatze prozesuaren baitan, hiriko hainbat teknikari, politikari eta jende xehek hiriak dituen arazo eta mehatxu nagusien gainean eztabaidatu dute eta etorkizunerako zenbait ideia aurkeztu dituzte 3 egunez iraun duen tailer partehartzaile batean.

Batticaloari (Sri Lanka) laguntzeko egitasmoaren bigarren fasea hasi da
'Lagundu Batticaloari' Vitoria-Gasteizko Udalak Munich hiriarekin batera sortu duen proiektua da. Bigarren fase honetan iazko lurrikarak suntsitu zituen hainbat azpiegitura konpontzera zuzenduko dira lanak.

Garapen iraunkorrerako sareei eta klima aldaketaren aurkako borrokari buruzko lehen topaketak
Azaroko 28, 29 eta 30ean 'Garapen iraunkorrerako sareei eta klima aldaketaren aurkako borrokari buruzko lehen topaketak' ospatuko da Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Topaketa hau 'Klimaren aldeko Espainiako hirien sareak' (duela gutxi FEMParen baitan sortu denak) eta Vitoria-Gasteizko Udalak antolatu dute, Ingurumen Ministerioaren laguntzaz.

Eskolako 21 Agendaren konpromiso akta sinatu da Udaletxean

MILES proiektuaren taldeak ingurumen informazioko sistemen inguruko mintegi birtual bat antolatu du

CEAk Salburuko konektagarritasun ekologikoari buruzko ikerketa bat sustatu du

Bertako landareak sustatu eta zabaltzeko kanpaina berria abenduan hasiko da

'Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin' kanpainak hamargarren urteurrena betetzen du aurten

Abenduan 3. ingurumeneko zinemaren erakusketa ospatuko da

Prest daude jada iraila eta urriko Hiri Ekologiaren Gelaren laburpenak

Argitaratu da 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena' lehiaketaren emaitza

Vitoria-Gasteiz EUROSITE sarearen kide da pasa den irailetik

Mundu osoko adituak bildu dira Europako mendikateen arteko korridore ekologikoak sustatzeko
 

CINDAko bibliografi berriak
Deialdiak


Nazio Batuek laguntza emango du GEO Vitoria-Gasteiz ingurumen txostena egiteko

CEA lanean ari da 'Vitoria-Gasteiz udalerriko ingurumen egoeraren eta jasangarritasunaren inguruko txosten-diagnostikoa' prestatzeko. Ikerketa hau Aalborg+10 adierazpena sinatzean hartutako konpromisoen ondorio da, eta egungo udal kudeaketa hobetzen lagunduko du.

Ikerketa hau PNUMAk (Ingurumenerako Nazio Batuen Programak) hirien ingurumena ebaluatzeko sustatu duen GEO Hiriak ekimenaren barruan sarturik dago. Vitoria-Gasteizi buruzko txostena Europan ezaugarri hauekin egiten den lehena izango da eta, hortaz, esperientzia pilotua izango da GEO Hiriak metodologia Europan aplikatzeko.

Nazio Batuen GEO proiektua 1995ean sortu zen eskala ezberdinetan (globala, nazionala, erregionala, lokala) ingurumen ebaluazio integralerako metodologiak diseinatzeko. Metodologia hauek esperientzia handiko talde teknikoek prestatu dituzte eta Latinoamerikoako hainbat herrialdek eta nazioarteko agentzia entzutetsuk eratu dituzten tailerren bermea dute. GEO proiektua dagoeneko 40 hiritan aplikatu da, 12tan lehen fasean eta 28 baino gehiagotan 2003. urtetik hona, guztiak Latinoamerikan eta Karibean.

Aurkibidera igo

Hiriaren etorkizun 'jasangarriari' buruzko tailer partehartzaile bat ospatu zen urrian Vitoria-Gasteizen

GEO Hiriak egitasmoaren baitan gauzatzen ari den 'Vitoria-Gasteiz udalerriko ingurumen egoeraren eta jasangarritasunaren inguruko txosten-diagnostikoa' deritzonaren prestatzeak partehartze publikoko fase bat dauka hasieran. Fase honetan hirigintza teknikariak, ingurumen alorrekoak, irakasleak, GKEak, enpresa alorrekoak eta sektore publikokoak parte hartuko dute, sektore arteko elkarrizketa oparoa osatuz. Helburua hiriko giza ehunaren lehentasun, ikuspuntu eta premiak diagnostiko teknikoan txertatzea da eta, aldi berean, ikerketan sortuko diren ekimen eta ekintzak abian jartzeko prozesuan beren inplikazioa sustatzea.

Xede hau betetzeko, txostenaren prestatze lanak abian jartzeaz batera, lehen tailer partehartzailea osatu zen urriaren 24tik 26ra. Tailerrak PNUMAren (Ingurumenerako Nazio Batuen Programa) behatzaileen partehartzea izan zuen.

Tailerra garatzeko EASW metodología erabili zen. Metodologia honen bitartez partehartzaile guztiek (teknikariak, erabaki politikoak hartzen dituztenak, mundu akademiko eta ekonomikoko ordezkariak, gizarte antolatua eta jede xehea) gure hiriak paira ditzakeen arazo eta mehatxuen inguruan eztabaidatu zuten, 'hiri desiratu' bat hitzartu zuten eta berau erdiesteko neurriak adostu zituzten.

Tailerraren ondorioak diagnostikoaren prestatze prozesu teknikoan jasoko dira. Ondorio hauek kontsultatu nahi duenak, ondoko helbidean ditu (momentuz soilik gaztelaniaz, PDF formatua, 161 Kb):
tallerEASW05c.pdf

Aurkibidera igo

Batticaloari (Sri Lanka) laguntzeko egitasmoaren bigarren fasea hasi da

'Lagundu Batticaloari' proiektuak bere bigarren faseari ekin dio. Fase hau garatzeko AMVISAk eskaini duen dirua eta pasa den martxoan antolatu zen elkartasunezko spinning maratoian bildutakoa erabiliko da. Guztira 32.600 €-ko diru kopurua erabiliko da autobus geltokia, udal aparkalekua eta Thuraiyappako zubia berreraikitzeko.

Ekintza hauek Batticaloan bertan kudeatzeko, Giza Asentamentuetarako Nazio Batuen Programa (UN-HABITAT) erakundearen laguntza edukiko da. Osagarri gisa, Seelamunairako errepidea berreraiki eta hobetuko da. Batticaloa hiriak kale honi Vitoria-Gasteiz kalea deitzea erabaki du, gure hiriak beren komunitatea berreraikitzeko eman duen laguntzagatik eskerrona adierazteko.

Ekimen honen webgunea ondoko hau da:
http://batticaloa.geo.ar.tum.de/index.pl/eu

Aurkibidera igo

Garapen iraunkorrerako sareei eta klima aldaketaren kontrako borrokari buruzko lehen topaketak

Azaroaren 28, 29 eta 30ean 'Garapen iraunkorrerako sareei eta klima aldaketaren kontrako borrokari buruko lehen topaketak' ospatuko dira  Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Topaketa hau 'Klimaren aldeko Espainiako hirien sareak' (duela gutxi FEMParen baitan sortu denak) eta Vitoria-Gasteizko Udalak antolatu dute, Ingurumen Ministerioaren laguntzaz.

Topaketen helburuetako bat Espainian zein nazioartean mota honetako sareek izan dituzten esperientziak elkartrukatzea izango da. Testuinguru honetan, sareok garapen jasangarria lortzeko bidean eta klima aldaketaren aurkako borrokan betetzen duten lana analizatu eta eztabaidatuko da. Analisi horretatik abiatuz, tokiko gobernuek, Aalborg sinatzean eta Kiotoko protokoloa berrestean hartutako konpromisoak kontuan hartuta, datozen urteetan sustatu beharko dituzten ekintzak aztertuko dira.

Topaketen egitarauari buruko informazioa, FEMParen webgunean.

Aurkibidera igo

Eskolako 21 Agendaren konpromiso akta sinatu da Udaletxean

Akta hau alkateak eta jarduera honetan parte hartzen duten ikastetxeetako ordezkariek sinatu zuten azaroaren 14an. Aurten zazpi ikastetxe izan dira bere sinadurarekin Eskolako Agenda 21 proiektuarekiko atxikimendua onartu dutenak: Calasancio Escolapias, Sagrado Corazón de Carmelitas, Sagrado Corazón de Corazonistas, San Ignacio, Vera Cruz, Olabide eta Francisco de Vitoria.

Ekitaldian parte hartu zuten Vitoria-Gasteizko alkateak eta hainbat zinegotzik, ikastetxeetako zuzendariek, hainbat irakaslek eta ikastetxe bakoitzeko ikasleen ordezkaritza batek. Ikasleek testu bat irakurri zuten aurten egingo duten proiektuaren inguruan. 2005-2006 ikasturteko Eskolako Agenda 21aren gaia mugikortasun jasangarria da.

Subir al índice

MILES proiektuaren taldeak ingurumen informazioko sistemen inguruko mintegi birtual bat antolatu du

MILES proiektuaren baitan, Munich eta Vitoria-Gasteiz hiriek eta Sri Lankako Tokiko Gobernurako Institutuak (SLILG) mintegi birtual bat antolatu dute Interneten software libreak eta geoinformatikak maila lokaleko ingurumen kudeaketan izan dezakeen tokia aztertzeko.

MILES Europako Batasunak finantzatutako proiektua da, eta bere helburua Sri Lankako udal esparruan ingurumen baldintzak hobetzea da. Proiektua hirietako ingurumen informazioko sistemen (EMIS) alorrean transferentzia teknologikoa sustatzen ari da eta bere xede nagusietako bat teknikarien prestakuntza eta formakuntza da.

Mintegia azaroaren 7an jarri zen abian eta abenduaren hasiera arte luzatuko da. Bere helburua ingurumen informazioko sistemen alorreko nazioarteko eztabaida sustatzea da. Mintegiaren atal publikoan mundu osoko hainbat adituk esparru honetan izan dituzten esperientziak azaldu dituzte.

Mintegian izena emateko ez da ordaindu behar. Izena eman nahi izanez gero, hartarako espresuki diseinatu den webgunean egin daiteke, ondoko helbidean:
http://www.miles.geo.ar.tum.de/virtualseminar

Aurkibidera igo

CEAk Salburuko konektagarritasun ekologikoari buruzko ikerketa bat sustatu du

Salburuko hezeguneen leheneratzea hasi zenetik, ezinbesteko ikusi zen balio handiko urmael hauek inguruko ekosistema naturaletatik isolatuta gera ez zitezen saihestea. Inguruko errepide sarea eta hirian eraikitzen ari diren auzo berriak hesi handiak bihur daitezke Salburuko basa animalien populazioek Gasteiz mendietan edo Zadorra ibaian bizi direnekin harremanetan jar daitezen. Epe ertainean honek zenbait espezieren iraungitzea eragin dezake, batez ere mehatxurik handiena jasaten dutenena eta oztopo hauek hegan gainditzeko gai ez direnena (ugaztun lurtarrak, etab.) Espezierik mehatxatuenetakoen artean bisoi europarra dago: azken urteetan gutxienez 10 ale harrapatu eta hil dituzte autoz.

Hori dela eta, 2005. urtean zehar Salburuko hezeguneek bere inguruko naturguneekin duten konektagarritasun ekologikoa aztertzeko ikerketa bat egin da. Lanak erakusten duenez, datozen urteetan Errekabarri eta Zerio errekek eta Baltsaren Kanalak zeregin garrantzitsua izan dezakete konektore gisa, Santo Tomás eta Errekabarri errekek hiriak ekialdean izango dituen auzo berriez inguraturik geratzen direnean beren potentzialaren zati handi bat galduko baitute. Ikerketan hainbat jarduera planteatu dira naturguneak elkarlotzeko, autoek fauna harrapatu dezaten saihesteko eta eskualdeko ibilguetan, baso uharteetan eta heskaietan landaredia hobetzeko.

Aurkibidera igo

Bertako landareak sustatu eta zabaltzeko kanpaina berria abenduan hasiko da

CEAren bertako landareen baso mintegiak kanpaina bat egiten du urtero, interesa duen edozein erakunde, elkarte, talde edo banakoen artean landareak doan banatzeko. Landare espezieak hautatzeko lagungarri gisa, urtero argitalpen bat prestatzen da, 'Bertako landareen baso katalogoa 2005' deitzen dena. Aurtengo argitaraldia laister egongo da prest jendeak kontsultatu ahal izan dezan, bai paperean bai CEAren webgunean.

Era berean, CEAko teknikariek aholkuak emango dituzte bertako landare espezieen ezaugarriak ezagutzeko eta toki bakoitzerako egokienak direnak hautatzeko. Horrez gain, laborantza ekologikoari eta landatze teknikei buruzko azalpenak emango dira.

Landareak Olarizuko baratzeetan banatuko dira, 2005eko abenduaren 12tik 2006ko otsailaren 10a arte (abenduaren 26tik 30era eta jaiegunetan salbu). Astelehen, asteazken eta ostiraletan ordutegia 12:00etatik 13:30etara izango da eta astearte eta ostegunetan 16:00etatik 17:30etara (itxaronaldi luzeak saihesteko hobe da hitzordua aurretiaz jartzea 945 162696 telefonora deituz).

Aurkibidera igo

'Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin' kanpainak hamargarren urteurrena betetzen du aurten

Kanpaina hau CEAk antolatu zuen ingurumen hezkuntzako lehen ekimen iraunkorra da. Ekimen honi esker, ikasle zein herritar askok 14.000 zuhaitz eta zuhaiska baino gehiago landatu dituzte Zabalganan, Armentian eta Salburuan.

Aurten Atxako parke berria hautatu da landatzea egiteko. Parke hau berriki sortu da eta etorkizunean Zadorrako parkea izango denaren barruan dago. Lehengoratu den arte, urte askoz gune hau hondakinez eta zaborrez estalita egon da.

Urtero bezala, kanpainak bi jomuga ditu: ikastetxeak eta herritar guztien multzoa. Oraingoan 18 ikastetxetako 1.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte eskoletako kanpainan, eta jende orori zuzendutako kanpainan 2.000 ale banatzea espero da. Aurten udalerriko ibai eta erreken ertz eta uholde lautadetan ugariak ziren espezieak banatuko dira: haritza, espezie nagusi gisa, eta hariztiei loturiko hainbat espezie laguntzaile.

Landare banaketa abenduaren 22an egingo da, Plaza Berrian, dagoeneko ohitura bihurtu den Gabonetako nekazaritza azoka aprobetxatuz. Landareak goizez hamarrak eta ordu biak artean eta arratsaldez laurak eta zazpiak artean jaso ahal izango dira.

2006ko martxoaren 19an, igandez, Atxako parkera joateko txango bat prestatu da landareak Zadorra ibaiaren alboan landatu, babestu, ongarritu eta ureztatzeko. Egun honetan jolasak eta aisialdiko jarduerak antolatuko dira partehartzaile guztiontzat.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial05/adopta0506.html

Aurkibidera igo

Abenduan 3. ingurumeneko zinemaren erakusketa ospatuko da

CEAk antolaturik, 2005eko abenduaren 12, 14, 19 eta 21an 3. Ingurumeneko Zinemaren Erakusketa proiektatuko da Montehermoso Kulturunearen Miguel Gómez Iñiguez de Betolaza aretoan.

Erakusketa honek 'Festival Internacional de Cinema del Medi Ambient de Catalunya' festibalean erakutsitako film sorta bat jaso du. Festibal honen gai nagusia ingurumena eta gizakiak bere natur, giza eta kultur ingurunearekin duen harremana da, bai eta gai hauen inguruko ikusentzunezko materialak sustatzea ere.

Sarrera librea eta doan izango da gelaren edukiera bete arte.

Informazio gehiago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial05/cineamb05.html

Aurkibidera igo

Prest daude jada iraila eta urriko Hiri Ekologiaren Gelaren laburpenak

Iraileko Gelak umeen mugikortasuna hirietan nola guzatzen den aztertu zuen. Laburpena ondoko web helbideaen dago eskuragarri (PDF, 76 Kb):
haurmug05e.pdf

Urrian konpostajeari buruz hitz egin zen, 'Etxe-konpostajea: gure hondakin organikoen birziklatzerik onena' izenburupean. Laburpena ondoko helbidean dago (momentuz soilik gaztelaniaz, PDF formatuan, 87 Kb):
compostaje05c.pdf

Aurkibidera igo

Argitaratu da 'medioambiente Vitoria-Gasteiz ingurumena' lehiaketaren emaitza

Epaimahaiak aurkeztutako lanen kalitate artistiko eta teknikoa baloratu du, baita lanen originaltasuna, mezua edo proposatzen duten irakurketa ere. Horrez gain, aintzat hartu da ura bizitzarako ondasun ezinbestekoa dela baloratzeko balio duten gogoetagaiak planteatzeko gaitasuna.

Abenduaren 2tik 30era erakusketa bat paratuko da Olarizuko etxaldeko erakustaretoan saritutako 12 argazkiak eta aurkeztutako gainerako lanen lagin bat erakusteko. Erakusketaren ordutegia ondokoa izango da:

  • 16:00etatik 18:00etara asteartetik ostiralera.

  • 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara asteburuetan eta jaiegunetan.

Lehiaketaren epaitzaren emaitza ondoko helbidean dago:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/novedades/historial05/argazkilehiaketa05.html

Subir al índice

Vitoria-Gasteiz EUROSITE sarearen kide da pasa den irailetik

Pasa den irailean Vitoria-Gasteiz EUROSITEren partaide aktibo bilakatu zen. EUROSITE Europan natura zaintzera zuzendutako erakunde sare handiena da: bertan Europako 21 herrialdetako 80 erakunde baino gehiagok (erakunde publikoak, erakunde pribatuak eta gobernuz kanpoko erakundeak) hartzen dute parte.

Talde honek naturguneak hobetzeko eta babesteko egiten du lan. Hortaz, Vitoria-Gasteizek natur espazioen kudeaketarako ezagutza, esperientzia, prestakuntza eta proiektu ezberdinak ezagutu ahal izango ditu eskarmentu handiko profesionalen eskutik. Hau gure lurraldeko bioaniztasun baldintzak hobetzeko oso lagungarria izan daiteke.

EUROSITEri buruzko informazio gehiago www.eurosite.org webgunean.

Aurkibidera igo

Mundu osoko adituak bildu dira Europako mendikateen arteko korridore ekologikoak sustatzeko

Europako eta Amerikako 8 herrialdetako 40 aditu bildu dira Kataluniako Pirinioetan, Vitoria-Gasteizen eta Kantauriar mendikatean urriaren 24tik 31ra ospatu den Kongresu batean, Europako mendikate nagusien artean korridore ekologiko handien sorrera sustatu eta eztabaidatzeko. Nazioarteko topaketa hau Caixa Catalunyaren Gizarte Ekintzako Fundació Territori i Paisatge erakundeak eta Natura Babesteko Nazioarteko Batasunak (UICN) antolatu dute, eta CEAren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza izan du.

Eztabaidagaien artean nagusiena, Europa mendebaldeko mendikate nagusiak lotzeko 1.300 km-ko luzera eta 201.400 km2-ko azalera izango dituen korridore zabal baten sorrera izan da. Korridore honek Espainiako Kantauriar Mendiak, Pirinioak, Frantziako Erdialdeko Mendigunea eta mendebaldeko Alpeak (Mont Blanc-a arte) konektatu nahi ditu, mendiotako ekosistemen bioaniztasuna kontserbatzeko eta normal funtziona dezaten laguntzeko.

Nazioarteko biltzar honetako ondorio eta proposamenak partehartzaile guztien artean hitzartu den adierazpen batean bildu dira. Ekimen honekiko interesa duten erakundeak edozein momentutan adieraz dezakete adierazpenarekiko atxikimendua.

Adierazpena ondoko web helbidean jaso daiteke (momentuz soilik gaztelaniaz, PDF formatua, 70 Kb):
declarson05c.pdf

Aurkibidera igo

2005eko Hegaztien Mundu Egunaren balantzea

Urriaren 1 eta 2an CEAk, Naturaren Arabako Institutuak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Paisaia Zerbitzuak Hegaztien Mundu Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu zituzten.

CEAk urriaren 2rako Salburuko parkean bultzatu zituen jardueren artean, arrakastatsuenak hegaztien identifikazioa eta digiscoping tailerra izan ziren. Lehenean, bisitariak hegaztiak behatu ahal izan zituzten behatokietatik, eta bigarrenean, argazki digitalak atera ahal izan ziren teleskopioa erabiliz. Jarduera hauetan guztira 130 lagun bildu ziren eta 520 argazki atera ziren.

Argazkiak, siluetak eta txioak identifikatzeko lehiaketan 138 lagun ibili ziren, eta horietatik 20k 'Salburua, ura eta bizitza' liburua irabazi zuten.

Haurrentzako papiroflexia eta puzzle tailerrek ere harrera ona izan zuten, batez ere eskoletako taldeen eta familien aldetik.

Eraztunak jartzeko gunean 12 espezietako 70 hegaztiri jarri zitzaien eraztuna eta 42 txinbo kaskabeltz ale harrapatu ziren. Jarduera honek interes handia piztu zuen, normalean mukerrak diren hegaztiak hurbiletik ikusteko aukera eta umeek hegaztiok askatzeko aukera eduki baitzuten. Jarduera honen baitan hegaztien ezaugarri biologiko, ekologiko eta etologikoei buruzko azalpenak eman ziren.

Aurkibidera igo


CINDAko bibliografi berriak

CEAko Ingurumen Informazio eta Dokumentazioko Zentroak (CINDA) bere datubase bibliografkoa kontsultatzeko aukera eskaintzen du ondoko web helbidean:
http://www.vitoria-gasteiz.org/ceae/siam

CEAren deialdiak
MILES proiektuaren mintegi birtuala

Data: 2005eko azaroaren 7tik abenduaren 2ra
Webgunea: http://www.miles.geo.ar.tum.de/virtualseminar

Norentzat: GISetan eta ingurumen informazioko sistemetan interesa duten teknikarientzat

Bertako landareen sustatze eta zabaltzerako kanpainaren baitako landare banaketa

Datak: 2005eko abenduaren 12tik 2006ko otsailaren 10era
Tokia: Olarizuko baratzeak
Norentzat: Jende ororentzat

'Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin' kanpainaren 10. edizioaren landare banaketa

Data: 2005eko abenduaren 22
Tokia: Plaza Berria

Norentzat: Jende ororentzat

Beste deialdi batzuk
'Primer Encuentro de Redes de Desarrollo Sostenible y de lucha contra el Cambio Climático'

Antolatzaileak: FEMP, Vitoria-Gasteizko Udala eta Ingurumen Ministerioa
Data:
2005eko azaroaren 28, 29 eta 30
Tokia: Europa Biltzar Jauregia
Informazio gehiago: FEMParen webgunea

'Latinoamerikako Biosfera Erreserben eta UNESCO Katedren 1. Topaketa'

Antolatzailea: Eusko Jaurlaritza, UNESCO Etxea, EHU/UPV, Urdaibaiko Biosferako Erreserba
Datak:
2005eko azaroaren 22, 23, 24 eta 25
Tokia: Gernika-Lumo
Informazio gehiago: UNESCO Etxearen webgunea

'Euskal Hiria Kongresua 2005'

Antolatzailea: Eusko Jaurlaritza, Metrópoli Fundazioa
Datak:
2005eko azaroaren 23 eta 24
Tokia: Villa Suso Jauregia
Informazio gehiago: Eusko Jaurlaritzaren webgunea

Eusko Ikaskuntzaren XVI. Kongresua: 'GARAPEN IRAUNKORRA – IT. etorkizuna

Antolatzailea: Eusko Ikaskuntza
Datak:
Azaroaren 29tik abenduaren 1era
Tokia: Euskalduna Jauregia, Bilbo
Norentzat: Jende ororentzat
Informazio gehiago: http://www.eusko-ikaskuntza.org/eu/congresos

Aurkibidera igo


Aldizkari digital hau edo CEAko webgunea diseinu aldetik hobetzeko edozein ideia edo iradokizun baldin baduzu, edo aldizkarira harpidetu nahi baduzu, bidal iezagugu posta elektroniko bat siam@vitoria-gasteiz.org helbidera.

Oharra: aldizkari honetan ageri diren irudi eta estekek CEAren webgunean kokaturik dauden elementuei loturik dauge. Posta elektronikoko zenbait aplikaziok arazoak izan ditzakete elementu horiek ikusteko.

© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Olarizuko etxaldea, z/g, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tfnoa.: 945 16 26 96  E-posta:
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jakinarazten dizu, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, ematen ari zaren xehetasunak erakunde honek dituen datu pertsonalen fitxategi automatizatuetan sartuko direla. Fitxategi horien helburua Udal kudeaketak bere eskumenen alorrean dituen zereginak ahalbidetzea da. Zure eskubideez baliatu nahi baduzu –dagozkizun datuak ikusi, aldatu, ezeztatu edo kontra agertu–, jo ezazu goian ageri den helbidera.
Orri-oina.