
1998an, lana eraginkorragoa izan zedin, ekintzak iraunkortasunaren ingurumen atalera mugatzea erabaki zen, eta osagai sozioekonomikoa geroko utzi zen. Hortaz, ingurumen zinegotzigoak prozesua gidatzeko ardura hartu zuen eta iraunkortasun estrategia aurrera ateratzeko lan esparru nagusiak finkatu ziren: hiri kutsadura, trafikoa eta garraioa, ura, energia, hondakinak, hirigintza, natura eta bioaniztasuna, osasuna eta ingurumen arriskuak, eta informazioa, heziketa eta herritarren partaidetza.
Lan esparrua finkatu ondoren, herritarren artean inkesta zabal bat egin zen jendearen iritzia prozesuan txertatzeko eta gaiak tratatu eta jarraitzeko lehentasunak erabakitzeko.
Azkenik, Vitoria-Gasteizko Agenda 21ak izango zuen egitura diseinatu zen. Sistema honetan 10 arlo tematikotan sailkatutako 21 adierazle sortu ziren, eta horiek erabiliz hiriaren eta udalerriaren ingurumen kontuak aztertu, ebaluatu, ezagutarazi eta hobetzeko prozesuak finkatu ziren.
Adierazleen hautatze prozesua ingurumen saileko teknikariek gidatu zuten. Lan honetan arestian aipatutako inkestako emaitzak kontuan hartu ziren eta bertako zein nazioarteko adituen multzo zabal baten laguntza eduki zen. Azkenean sortutako sistemak hainbat motatako adierazleak zituen (egoera-presioa-erantzuna), askotariko zehaztasun eta adierazgarritasun mailakoak.