Guztira neurri handiko 190 zuhaitz eta neurri txikiko 16.450 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira. Orain itxaron egin beharko da urteen joan-etorrien ondorioz eskualdeak aspaldiko distira berreskura dezan.
XX. mendearen erdialdean, Abetxuku baino apur bat beherago Zadorra ibaiaren eskuinaldean zegoen harizti interesgarri bat moztu eta luberritu zen. Gune hau Abetxuku herriaren idi larrea zen, hau da, usadioz herriko azienda larria bazkatzen zen lekua. Harizti hau mozteak ingurumenarentzako galera handia izan zen, bai baso komunitate botanikoen ikuspuntutik bai Zadorra ibaitik hurbil egoteagatik suposatzen zituen inpaktuengatik.
Berriki lursail hauek udal jabegokoak izatera igaro dira hirian uholdeak saihesteko egin diren ekintzen barruan. Honi esker, interes ekologiko berezia zuen baso hau leheneratzeko aukera sortu da. Ekimen honen bitartez udalerrian mehatxatuenen dagoen baso mota, hariztia alegia, hedatu nahi da, eta bestalde, Zadorra ibaiak korridore biologiko eta esteka gisa betetzen duen lekua sendotu nahi da.
Lanen esparrua 8,8 hektareatakoa izan da. Joan den neguan eta udaberrian egin diren lanak honako hauek izan dira:
Nekazaritzako erreten bateko ura aprobetxatuz, urmael txiki bat sortu da basoan.
Gunea N-1 eta N-622 errepideetatik isolatzeko, begi-inpaktua murriztuko duen pantaila bat osatu da.
Lerro-formako heskaiak eratu dira basoa leheneratu den sailen artean.
Harizti basatiaren, angioaren eta ibaiertzeko sastrakadien zaharberritzea sustatu da.