
Proiektuaren hasierako urratsetan Eraztun Berdearen barruan egongo ziren elementu nagusiak zehaztu ziren; haatik, etengabeko aldaketen mende dagoen eremua izaki, Eraztunari muga zehatzak jartzea ez zela egokia ikusi zen.
Oinarrizko irizpidea hiri inguruko naturguneen artean zegoen isolamendua ezabatzea izango zela erabaki zen. Horrela, lehenik haien arteko lotura fisikoa eta ekologikoa bultzatuko zen, eta bigarrenik, hiriko hainbat gune berderi eta probintziako beste eremu naturalei lotuko zitzaizkien.
Eraldatuko zen lur eremua aztertuta, funtsezkotzat jo zen iparraldeko Zadorra ibaia eta hegoaldeko Gasteiz mendiak lotzea, ekialdetik Salburuko hezeguneak eta Olarizuko zelaiak konektatuz eta mendebaldetik Zabalganeko mendia eta Armentiako basoa. Lotura hori modu egokian antolatutako eta oneratutako korridoreen bidez egingo zen, eta, hartara, hiriko bi naturgune nagusiak elkarri lotuta geratuko ziren.
Emaitza, bost parke nagusiz osatutako eraztuna da. Elkarri lotuta daude hainbat elementuren bidez, izan zuhaitzez hornitutako heskaiez eta ibaiertz zatiez edo izan oso hondatuta dauden guneez, esaterako, hondakindegiez, bertan behera utzitako legar hobiez edo erabilera zehatzik ez duten leku baztertuez.
2007an Eraztun Berdearen egokitzea gauzatzeko lanak oso aurreratuta daude. Hainbat gune sendoturik daude, eta horietako batzuk handitzeko lanetan dira. Halere, lehengoratzeke dauden eremu hondatu batzuk ere badira, adibidez Lasarteko legar hobia, Zadorra ibaiaren zati batzuk, Errekaleor errekaren ertzak eta Berroztegietako parkea. Egun Eraztunak 585 hektarea inguru ditu. Hau da, aurrez ikusitako azaleraren (1.010 hektarea) erdia baino pixka bat gehiago.
Azken eguneratzea: 2007/10/02
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



