Eraztun Berdeko guneak diseinatu, kudeatu, mantendu eta egokitzerakoan ondoko printzipio edo irizpideak jarraitzen dira, besteak beste: eraginkortasun ekologikoa, baliabideen aurreztea, egokitze paisajistiko eta morfologikoa, erabilera publikorako funtzionaltasuna... Horiekin guztiekin, dirua aurrezteaz gain, abantaila ekologikoak ere erdietsi nahi dira.

Jarraian, irizpide horiek nola aplikatu diren eta nola aintzat hartu diren erakusten duten adibide batzuk aipatuko dira. Irizpide hauek edozein gauzatarako erabiltzen dira, bai ekipamenduak diseinatzeko bai landaretza zaintzeko edo beste edozein alorretarako.
Eraztun Berdeko parkeek ezaugarri bereziak dituzte: ez dute argi artifizialik, zoru gehienak lurrezkoak dira, eraikitze elementuak (zaborrak biltzeko guneak, informazio zentroak, aparkalekuak eta iturriak) parkeetako sarreretan edo hiria ukitzen duten zatietan baino ez daude... Laburbilduz, hiri parke izaera saihestu nahi izan da, erabiltzaileei natura zaintzearen aldeko jarrera harrarazteko.

Altzariak eta ekipamenduak egiteko harria, altzairua eta egurra erabili dira gehien bat. Diseinatzeko irizpide gisa materialaren zintzotasun espresiboa, baliabideak ekonomizatzea, iraunkortasuna eta mantentzeko erraztasuna hartu dira aintzat. Halaber, material horiek ingurumena babesteko inguruko arauekin bat egitea eta energiaren aldetik eraginkorrak izatea ere kontuan hartu da.
Parkeetan erabiltzen diren landareak bertakoak dira, gehienak Eraztun Berdean bertan dagoen baso mintegian hazitakoak. Mintegi honek irizpide ekologikoak erabiltzen ditu landareak hazteko. Halaber, landareen kalitatea zehazteko orduan ezaugarri biologikoak eta genetikoak estetikoei gailentzen zaizkie.
Landatzeek oinarri ekologikoak dituzte kokalekuari, banaketari eta zuhaixkak eta landareak tartekatzeari dagozkienez. Hau da, landatzeen ezaugarriak zehazteko orduan helburua ez da paisaia zehatz bat sortzea, baizik eta ondo egokitzea tokiko ekosistema espezifikoari eta haren ahalmenei. Landatzeak atontzeko orduan kontuan hartzen diren arrazoi nagusiak bi dira: toki hondatuak oneratzea eta landare komunitateak sortzeko prozesu naturalak bultzatzea.
Larreak leheneratzeko erabiltzen den soropila astiro hazten da, eta ez du ur askorik behar. Bestalde, belar hazien nahasteek soiltasuna bilatzen dute, alde batetik, eta izurriteei eta eremuko baldintza klimatiko bereziei aurre egiteko ahalmena bestetik.
Landareen lehen hazkuntzari laguntzeko erabiltzen diren ongarriak naturalak dira. Ongarriok sortzeko parkeetan bertan sastrakak kendu, inausi eta moztu ondoren sortzen diren hondarren konposta erabiltzen da. Halaber, toki zehatzetan ureztatzeak landatzeetan hutsegite gutxien egotea ahalbidetzen du.
Inaustea ez da modu sistematikoan egiten, eta haren helburua ez da efektu apaingarriak lortzea. Segurtasun edo osasun arrazoiak oinarri hartuta inausten da. Jendeak erabiltzen dituen belar eremuak baino ez dira mozten, eta maila ezberdinetan mozten da gehien babestutako eremuen eta gehien erabiltzen direnen artean. Urteko belar mozketa kopurua, egiten den kasuetan, hiriko beste eremu berdeetan egiten direnen erdia da. Belar eremuak ez dira ureztatzen eta hortaz, soropilaren egoerak urtaroen joan etorria eta belar espezieen ziklo naturala islatzen ditu.
Eraztun Berdea mantentzeaz arduratzen den zerbitzu iraunkorra dago, haren zeregina parkeen landare estalkiaren egoera ona bermatzea delarik. Besteak beste, honako lan hauek egiten ditu: soropilak eta larre zuhaizdunak moztea, ureztatzea, aitzurketa, ongarriztatzea, jorratzea, soilguneak berriztatzea, ereitea, landatzea eta horiei lotutako beste hainbat lan.

Eraztun Berdeko ekipamenduaz eta seinaleez arduratzen den beste zerbitzu bat ere bada. Zerbitzu honek aipatu osagaiak egoera onean daudela bermatzen du, hondatutako ekipamendua (erabileragatik, istripuak izan direlako edo nahita hondatu dituztelako) konpondu, berriztatu eta ordezkatuz.
Bestalde, garbiketa sistema orokorra dago Eraztunaren mantentze integrala osatzeko. Haren lanen artean honako hauek dira aipagarrienak: ertzak garbitzea ibaiek gainezka egiten dutenean, zaborra biltzea, ekipamenduan eta seinaleetan egiten diren pintadak garbitzea, eta abar.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



