Eraztun Berdea eratzeko ideia XX. mendeko 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen, Vitoria-Gasteizko ingurumariko arazoei eta eremu horrek, oro har, zuen degradazio egoerari konponbide bateratua eman ahal izateko.

Proiektua abian jarri zenean baziren hiriko kanpoaldean ekologiaren aldetik balio handia zuten eremuak, Armentiako eta Zabalganeko basoak kasu (higadura arazoak edo suteak pairatzen bazituzten ere, Vitoria-Gasteizko hiri eta industria zabaltzeari aurre egitea lortu zuten); bestalde, gelditzen ziren naturguneen biziraupen hauskorra mehatxatzen zuen hainbat legar hobi, zabortegi eta bestelako gune hondatu zegoen. Inguru honetako baldintzak kaskarrak ziren bai bertan egoteko bai inguruetatik paseatzeko; finean, hiria eta bere landa eremua lotzeko oztopo fisiko eta soziala zen.
Arazo hauei aurre egiteko eta hain modu nabarmenean gutxietsita zeuden gune hauek oneratzeko asmoz, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eskala handiko proiektu bat martxan jartzea erabaki zuen. Proiektu horrek hiriko kanpoalde guztia barne hartuko zuen, eta konponbidea emango zien bai esku hartze gehien jasaniko guneei bai naturguneei.
Funtsean, helburua hiri inguruko gune berdeen sare bat osatzea izan zen. Halaber, 1986ko Hiri Antolamenduko Planak ideia hori babestu eta gorpuztu zuen. Izan ere, plan horrek proposatu zuen hiriko gune berdeen sistema hiringuruko eremuetara ere zabaldu behar zela.
Azken eguneratzea: 2007/10/02
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



