Deskripzio laburra
Atxa-Landaberdeko tartea egitekoa den Zadorrako ibai parkearen barruan dago. Ibaiondo auzoaren iparraldean dago, Zadorra ibaiaren ezkerraldean, Ihurreko zubiaren eta Gobeuren artean. Zerrenda itxura nabarmena du; 170.000 m2-ko azalera eta 1.170 m-ko luzera du.

Hasierako egoera. Arazoak
Egokitu diren lurrek iparraldetik Zadorra ibaia bera eta hegoaldetik Ibaiondo auzoko eremua dituzte mugakide; zerrenda estu bat da, Zadorra ibaiak Mendiguren errekarekin bat egitean osatzen duen meandroan zabalagoa bada ere.
Lanei ekin aurretik, inguruak itxura penagarria zuen. Kota baxuenetik (ibaian) kota-lerro altueneraino (Landaberde eta Atxa tuparrizko muinoek mugatzen dute, errepidearen ondoan), legez kanpoko baratzeak zeuden ibaiertzetan, bai eta soro batzuk eta material geldoen zabortegiak ere muinoen oinetan. Gainera, kontrolik gabeko isurketak egiten ari ziren inguru osoan zehar, eta legez kanpoko txatartegi bat eta guzti zegoen.
Inbentariatutako 84 baratze eta haiekin lotutako txabolez zein obretako hondakin eta era guztietako zabor ugariez gain, inguru osoan zehar hainbat objektu zegoen barreiatuta: paletak, mailazoak, kableak, somierrak, xaflak, oholak, enbalajeak, plastikoak, bidoiak, kuboak, baldosak, etab., bai eta nekazaritzako hainbat lanabes ere.
Egokitze prozesua
Parkea egokitzeko lanak 2006ko hasieran bukatu ziren: landaredia eta paisaia lehengoratu eta erabilera publikorako egokitu zen eremua; azken batean, hiriaren inguruan parke berria sortzea izan zen helburua, egitekoa den Zadorra ibaiaren parkearen barruan nahiz Eraztun Berdearen parke-sarearen barruan kokatuz.
Egindako lanak
Geroko egoera
Ekologia eta paisaia lehengoratzerakoan hainbat giro eta paisaia sortu ziren. Tuparrizko muinoetako belardi eta pre-txilardiko eremuen ondoan, zeinetatik Gorbeia alderanzko ikuspegiak nagusitzen baitira, baso mistoko eremuak ageri dira muinoen mazeletan behera jaitsi eta ibaira hurbildu ahala. Ibaiertzean ur-bazterrek beren eremua berreskuratu dute, eta zabalerak ahalbidetzen duen lekuetan erkametz basoak eta belardi naturalak tartekatzen dira.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



