
Olarizuko baratzeak 1998. urtean egokitu ziren, nekazaritzako lur sailez, larre degradatuz eta kontrol gabeko isurketez betetako ingurunea eraldatuz. Jende orori irekitako udal gunea da, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) diseinatu eta kudeatzen duena eta ingurumenari loturiko heziketarako, sentsibilizaziorako eta aisialdirako gune gisa sortua.

Eraikin hori arkitektura bioklimatikoaren irizpideei jarraituz eraiki dute; hau da, natur baliabideei (eguzkia, klima, erliebea, lurzorua) etekinik handiena ateratzen zaie, argi, bero, aire eta ur beharrizanak asetzeko. Eraikina baratzeak erabiltzen dituztenei laguntzeko egina dago, eta armairuak, aldagelak, komunak eta nekazaritzako eta basogintzako makinak eta tresnak gordetzeko biltegia ditu. Halaber, jendeari laguntzeko bulegoa eta meteorologia estazioa ere baditu. Estazioak tenperatura, prezipitazioa, haizea, hezetasuna eta eguzki erradiazioari buruzko informazioa eskaintzen du denbora errealean.
Vitoria-Gasteizko eta Arabako zenbait landare espezie autoktono hazteko, mantentzeko eta girora moldatzeko erabiltzen da. Ehunetik gora zuhaitz eta zuhaixka espezie daude, horien artean gure natur sistemetako garrantzitsuenak: pagoak, haritzak, lizarrak, arteak, sahatsak, haltzak…

Bertan erabiltzen diren lurra lantzeko teknikek produkzio ekologikoa eta jasangarria dute helburu. Beren oinarrian baliabideak aurreztea eta iraupen handiko materialak edo material biodegradagarriak eta ongarri organikoak erabiltzea bezalako ideiak daude. Mintegia hainbat ataletan banatuta dago: berotegiak, sustrai hutsetan landaturiko laboreen lur sailak, hazkuntzarako baratze mailakatuak, girotze itzaltegiak, eta substratu biltegiak.

Baratze ingurua praktikak taldeka egiteko baratzeez, banaka aritzeko lur sailez eta ureztatzeko uraskez osaturik dago. Bertan nekazaritza ekologikoko programa eskaintzen zaie lanbide jarduerarik ez duten 55 urtetik gorako pertsonei. Programa honetan baratzezaintza ekologikoko ikastaro teoriko eta praktikoak eskaintzen dira, eta gero, lursailak lagatzen zaizkie parte hartu dutenei. Jarduera hau, batetik, aisialdirako eta gizarteratzeko aukera bat da, eta bestetik, ingurumenari kalterik egiten ez dioten eta osasuntsuagoak diren teknikak sustatzen ditu.

Frutarbolen sailetan hainbat espezie landatzen da: sagarrondoak, madariondoak, gereziondoak, mertxikondoak, aranondoak, pikondoak, irasagarrondoak, intxaurrondoak, mahastiak, mugurdiondoak, andere mahatsak… Frutarbolak ekologikoki zaintzen dira, eta aipagarria da erabiltzen duten ureztatze sistema. Horren bidez, urari etekinik handiena ateratzen zaio, tantaka tantaka ureztatuz.

Urmaelaren gainean oso nabarmen geratzen da kristalezko berotegia. Berotegira iristeko uraren gainetik doan egurrezko pasabide bat dago. Berotegia irizpide bioklimatikoak jarraituz eraiki da, eta garaian garaiko landareen bilduma izaten du. Bisitatzeko leku interesgarri eta atsegina da.

Urmaelaren eta berotegiaren aurrean landare bizikorrak eta iraunkorrak dituen harritza sortu da. Oro har lur gutxi behar duten eta muturreko baldintzetan bizirik irauten duten espezieak dira. Horizontalki garatzen dira eta tapiz lana betetzen dute. Askok lore ikusgarriak dituzte; beste batzuek baratzeetako polinizaziorako oso onuragarriak diren landare lurrintsuak dira, eztia sortzen duten intsektu espezieak erakartzen baitituzte.
Olarizuko baratzeetako esparru osoan sakabanatuta Vitoria-Gasteizko jatorrizko basoen hainbat lagin dago: hariztia, ibaiertzerako basoa, urkidia, artadia, erkameztia, pagadia eta baso mistoa. CEAk horiek guztiak ikusteko ibilbide autogidatu interesgarri bat diseinatu du.
Azken eguneratzea: 2008/04/15
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



