Eraztun Berdeko lanetako batzuk amaitzen ari diren honetan, beste batzuk laster hasiko dira.
2006an Atxa-Landaberdeko tartea, Forondako atearen eta Zorrostea kalearen artean dagoena, leheneratu zen Zadorrako parkearen proiektuaren baitan. 2007an, berriz, aipatu tartetik Zadorra ibaian gora eta behera dauden zatietan egin dira lanak, ibaiaren egokitze ekologiko eta paisajistikoa erdiesteko. Lan hauen bidez Abetxukuko zubitik Aztegietako zubirainoko tarte osoa egokitu da, beraz.
Lehen lana baimenik gabeko baratzeak ezabatzea eta hondakinak kentzea izan zen. Ondoren landare lurra erabili zen Alibarra kalearen parean muinoen multzo bat sortzeko, ibilgailuen zirkulazioak parkean sortzen dituen ikusizko eta entzunezko inpaktuak murriztu asmoz. Gero 4 kilometro luze den oinezkoentzako zagorrezko bide bat eratu zen parkea ekialdetik mendebaldera zeharkatzeko, eta azkenik ereite eta landatze lanak egin ziren 20.000 landare inguru erabiliz. Horrez gain, zenbait obra berezi egin ziren, hala nola sarbide plaza bat Gobeuko zubiaren parean, aparkaleku bat herri horren sarreran eta ibaiaren gaineko begiratoki bat Lopida parean.
Bestalde, pasa den uztaileko CEAren Kontseilu Zuzentzaileak Abetxukuko zubi zaharraren eta zubi berriaren azpitik pasabide bat egokitzeko eta inguruko egokitze ekologiko eta paisajistikoa gauzatzeko obrak kontratatzea onartu zuen. Esku hartze honek oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna erraztuko du Zadorra ibaiaren ezkerraldean, duela gutxi sortu den ibilbideari jarraikortasuna emanez eta laster Abetxukuko zubiaren eta Gamarra Nagusiko zubiaren artean eratuko denarekin konektatuz.
Salburua eta Alegria ibaiaren korridorea lotzeko lanak ere hasi dira: oinezkoentzako eta txirrindularientzako bideak prestatu eta ekologia eta paisaia aldetik egokitu egingo da. Azkenik, Zabalganako parkea eta Zadorra ibaiaren arteko lotura hobetzeko lanei ere berehala ekingo zaie, hartara, hiriaren mendebaldeko berdeguneen sarea osatu egingo delarik.
Olarizuko etxaldea, 01006 Vitoria-Gasteiz
Tel: (+34-945) 162696 / Fax: (+34-945) 162695
ceaadmin@vitoria-gasteiz.org
© Ingurugiro Gaietarako Ikastegia



