07/06/04 - Beste tximeleta espezie bat aurkitu da Salburuan
Tximeleta espezie hau, Papilio machaon, Ibón de Olanok aurkitu du. Ikerlari honek 2005ean Salburuko tximeleten inguruan egin zuen ikerketan jada aipatu zuen espezie hau Salburuan egon zitekeela.
Aipatu espeziearen izen arrunta makaon edo, gaztelaniaz, “enara buztan” da. Azken izen hau hegoen atzealdean dituen bi buztani zor dizkio. Tximeleta eder hau ez da tropikoetan aurkitu daitezkeenak baino gutxiago. Bere irudia nahastezina da, oso handia (32-56mm-ko zabalera) eta kolore hori eta beltz distiraduna baita.
Makaonak ugaldu daitezen, ezinbestekoa da bere beldarrek jan ahal izango dituzten landareak egotea, batez ere mihilua eta mandaperrexila, nahiz eta unbeliferoen familiako beste espezie batzuk ere jan ditzaketen. Beldarrek kolore biziak dituzte, berdeak eta marra belzdunak dira, eta mehatxua somatzen dutenean usain bereziki mingots bat isurtzen dute buru atzetik ateratzen dituzten motots antzeko batzuetatik.
Makaonen banaketa zabala da, Japoniatik Iparramerikaraino eta Afrika iparralderaino hedaturik baitaude, Iberiar Penintsula barne. Hala ere, Europan gero eta urriagoa da, nekazaritza modernoak erabiltzen dituen pestizida kopuru handien ondorioz, eta Frantziako toki askotan, esaterako, desagertu egin da. Hortaz, albiste ona da espezie honek bere premietarako toki egokia bilatu izana Eraztun Berdeko parke honetan.