06/10/24 - 3.200 hegazti baino gehiagori eraztuna jarri zaio Salburuan
Salburuan, laugarren urtez jarraian, udazkeneko migrazioan hezeguneak baliatzen dituzten hegazti txikien inguruko azterketa egin da. Horretarako, abuztuaren hasieratik irailaren erdialdera bitartean eraztunketa estazio zientifikoa jarri zen bertan.
35 lan egunez 3.213 hegazti hartu ziren, 53 espezietakoak, behin eraztuna jarri ondoren, inolako kalterik gabe berriro ere askatu zirenak. Horretaz gain, lehenago ikertzaile taldeak eraztuna jarria zien 423 hartu ziren. Bukatzeko, atzerrian eraztuna jarri zieten 12 hegazti kontrolatu ziren.
2005ean hartu zirenen aldean kopurua txikiagoa da, izan ere, horretaz arduratzen zen boluntarioen kopurua jaitsi baita, hegazti gripearen brotea dela eta, ondorioz baita tranpa kopurua ere. Aldeko datu gisa, esan, ur-benarritz gehiago harrapatu direla (9ri jarri zaie eraztuna). Horrek, aurreko urteetan bezala, egiaztatzen du Salburuak desagertzeko zorian dagoen hegazti horren migrazioaren garapenean duen garrantzia.